108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, helduei 2017ko urtarriletik irailera bitarte euskara erakusteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, adierazten baitu helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei 2017ko urtarriletik irailera bitarteko aldian laguntzak arautzeko deialdia onetsi eta argitara emateko beharra.

Kontuan harturik Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, non adierazten baita euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela hizkuntza hori jakiteko eskubidea; ikusita, gainera, zer helburu ezarri zituen Euskararen I. Plan Estrategikoak (2016-2019), zeina Nafarroako Gobernuaren 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi baitzen, eta ulerturik deialdia bat datorrela helburu horiekin.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Helduei 2017ko urtarriletik irailera bitarte euskara erakusteko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30001-B3100-4819-322900 (E) Helduei euskara erakusteko laguntzak

2017

640.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 29an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko entitate juridikoek 2017ko urtarriletik irailera bitarte helduei euskara erakusteko egindako jardueretarako laguntzen deialdia arautzeko oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.

Deialdi honen xedea da helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate juridikoendako (euskaltegiak, gau-eskolak eta bertzelakoak) laguntzak arautzea, betiere entitate horiek Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badaude.

Hauxe hartuko da euskaltegitzat, gau-eskolatzat eta antzekotzat: giza baliabide eta baliabide materialen egitura, berariaz helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko sortua eta zuzendua, betiere halakotzat sailkatua eta inskribatua badago helduen irakaskuntzarako ikastegi diruz lagunduen fitxategian. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.

Diru-laguntzak 2017ko urtarriletik irailera bitarteko jarduerarako emanen dira.

Bigarren oinarria.–Irakaskuntza modalitateak.

Diruz lagunduko diren modalitateak honakoak izanen dira:

a) Aurrez aurreko irakaskuntzako talde arruntak: astean gutxienez 4 irakastordu izanen dituzte, eta, ikasturte osoa kontuan hartuta, 100 ordu gutxienez. Aurrez aurreko ikastaro trinkoek gutxienez 60 irakastordu izanen dituzte.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzak gutxienez ere 70 ordu izan behar ditu, eta haietarik gutxienez ere 60 irakastordu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: bakoitzak gutxienez ere 120 lanordu izan behar ditu, eta haietarik gutxienez ere 15 ordu mintzapraktikakoak (astean 6 ordu lan telematikoan eta ordu 1 mintzapraktikan).

d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa eta dauden eskaerei egokitua.

Hirugarren oinarria.–Aurrekontuaren erabilgarritasuna eta diru-laguntzen moduluak.

3.1. Deialdi honetarako dagoen zenbatekoa gehienez ere 640.000 euro da, “Helduei euskara irakasteko laguntzak” izeneko partidaren kargura.

3.2. Partida horretan dagoen diruaren araberakoa izanen da 2017ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarteko laguntzetarako ikasle-orduko erreferentzia-balioa, eta inoiz ere ez da izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak berak izanen dira diruz lagunduko direnak.

–Autoikaskuntza tutorizatu moduan, diruz laguntzen ahalko dira ikastetxeak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasle eta ikasturteko, betiere betetzen badituzte guztirako orduei buruz jarritako gutxieneko baldintzak eta, orobat, aurrez aurreko orduen gutxieneko proportzionaltasuna. Autoikaskuntza tutorizatuaren taldearen ikasle-ratioa 12tik gorakoa bada, taldearen konputua (orduak ikasleko) bider 0,6 eginen da.

–Barnetegi moduan, zazpi ordu laguntzen ahal dira diruz barnetegiko egun bakoitzeko.

3.3. Entitate bakoitzak eskaera eginen du 2017ko urtarriletik irailera bitarteko eperako. Eskabidean, ikastalde guztiei buruzko aurreikuspena eginen da, honakoak kontuan hartuta: ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastalde bakoitzaren ikasle-ordu kopurua eta entitatearen guztirako ordu kopurua epe horretarako (III. eranskina), ongi bereizirik zein diren autoikaskuntza tutorizatua eta zein diren gainerako modalitateak.

Ikastetxe bakoitzerako diru-laguntza kalkulatzeko erabiliko da aurreikuspen hori. Partidako diru guztia kontatutako ikasle-ordu guztien artean banatuta kalkulatuko da ordaindu beharreko modulua. Nolanahi ere, deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena betetzea izanen da kasu bakoitzeko diru-laguntza ordaintzeko baldintza.

Laugarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.

Borzgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Dokumentazioa Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztuko da, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuari jarraikiz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda, 27-1.a, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan, edo azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 38.4 artikuluak dakartzan tokietan. Euskarabideak ikastetxeen eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez osorik aurkezten ahal den dokumentazioa baliabide horren bitartez aurkezten ahalko da.

Eskaera postetxe batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki baten bidez eginen da, Postako langileak ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar diezazkion. Ez da baliozkotzat hartuko eskatzaileen irteera erregistroa. Mezu elektroniko bat ere bidaliko da euskarabidea@navarra.es helbidera, deialdian parte hartzeko asmoa adieraziz eta dokumentazioaren bidalketa agiria erantsita. Epea amaitu eta hurrengo 10 egun naturaletan ez bada dokumentazioa jaso, dokumentazio hori ez onartutzat jotzen ahalko da.

5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:

a) Ikastegiaren datuak, izena, helbidea, herria, IFZ.

b) Ikastegiko arduradunaren datuak.

c) Diru-laguntza eskaera, 2017ko urtarriletik irailera bitarteko eperako, hirugarren oinarriko 3.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eta III. eranskinetan agertzen diren fitxak, behar bezala beteak.

d) Zentroaren zuzendariaren edo arduradunaren erantzukizunpeko adierazpena, aurkeztutako datuei eta dokumentazioari buruzkoa. Hartan sartuko da Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari emandako baimena, behar diren neurriak hartu beharrez, egiaztatzeko entitate eskatzaileak eguneratuak dituela Foru Ogasunarekiko betebeharrak.

e) Eskaera aurkezteko ezarritako epeetan kotizazioaren egoerari buruzko ziurtagiria ere aurkeztuko da, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak luzatua, ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.

f) 2017ko urtarriletik irailera bitarteko aldiari dagozkion diru-sarrera eta gastuen aurrekontua (II. eranskina), bereizirik langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien gastuak, eta azken horietan bereizita, era berean, kanpoko zerbitzuak, gastu didaktikoak eta bertzelakoak.

Diru-sarrerei dagokienez:

–Diruz laguntzen den jarduerarako diru-sarrerak, bertze entitate publiko batzuetatik etorriak.

–Diru-sarrerak entitate pribatuen aldetik, diruz lagundutako jarduerarako.

–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Matrikula deialdiak aipatzen duen denbora tartea baino luzeragoko baldin bada, urtarriletik irailera bitarteko aldiari dagokion zatia kalkulatuko da. Ikastegian gordeko dira ikasleek ordaindutako matrikularen ordainagiriak edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.

g) Irakasleei dagokienez:

–Lan-egoera, titulazio akademikoa eta euskara titulua. Azken hau EGA edo titulazio baliokidea izanen da, gutxienez.

–Kontratazio berriko irakasleen euskarazko titulazioen fotokopiak (EGA edo titulazio baliokidea, gutxienez).

h) Ikastaldeei dagokien dokumentazioa (III. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagundu daitezkeen ikastaldeen gainean eskatzen diren datuak:

Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako irakastordu kopurua, ikastalde bakoitzeko ikasle kopurua eta ikasle-ordu kopurua eta ikastegiko ikasle-ordu guztiak. Uztail, abuztu eta iraileko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuetatik abiatuz.

i) Ikasleen gaineko dokumentazioa. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

Seigarren oinarria.–Frogagiriak.

6.1. Zazpigarren oinarriaren 7.3 puntuan adierazten diren epeetan dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

–Izandako diru-sarrera eta gastuak justifikatzeko kontu bat, ikastetxearen arduradunak edo horretarako legezko ahala duen pertsonak sinatua eta IV. eranskinaren arabera egina. Kontu horrek V. eranskinaren (gastuak), VI. eranskinaren (diru-sarrerak) eta VII. eranskinaren balantze-laburpen gisa balioko du, eta Excel formatu digitalean egin eta aurkeztu behar da.

6.2. Euskarabideak, bertzalde, egokiak iruditzen zaizkion egiaztagiriak eskatuko dizkie onuradunei, baita ordainagiriak ere, diru-laguntza egoki aplikatu delako zentzuzko froga gisara.

6.3. Hauek izan beharko dute langileen eta funtzionamendu-gastuen egiaztagiriak: nominak, TC inprimakiak, jatorrizko fakturak zein kopia soilak, eta ordainagiriak.

6.4. Justifikatzeko ezarritako epean gasturen bat ezin izan bada justifikatu ordainketa geroago egiteko akordioa hartua zegoelako, ikastetxearen ordezkari den pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz justifikatzen ahalko da (X. eranskina). Nolanahi ere, aurreko puntuan esan bezala aurkeztu beharko dira justifikazioak, 2017ko abenduaren 20a baino lehen. Halakorik egin ezean, prozedura bat abiatuko da gastuen egiazko kalkuluari jarraikiz sobran jasotako diru kopurua gehi sortutako interesak itzularazteko.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

6.5. Gastuaren behin betiko justifikazioa onartutako aurrekontuaren zenbateko osora ailegatzen ez bada ere, onuradunak frogatzen badu bete egin dela diru-laguntzaren xede den helburua eta ez dela superabitik sortu, ongi justifikatutzat hartuko da onuradunaren betebeharra; diru-laguntzaren emaile den organoak, betiere, aztertu eginen du gastuen justifikazioa bateragarria ote den xedea egiaz betetzearekin.

6.6. Deialdiaren diru-laguntzaren xedea betetzat hartuko da baldin eta, oinarri honen lehenbiziko atalean aipatutako kudeaketa-aplikazioaren ondoriozko datuen bidez, proposatutako irakaskuntza-jarduera osoa egin dela frogaturik gelditu bada; jaso beharreko diru kopurua, bertzela, exekuzioaren zenbatekoaren proportzioan murriztuko da.

Zazpigarren oinarria.–Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea.

7.1. Hamabortz egun naturaleko epea izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eskaerak eta laugarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko.

7.2. Eskaerak aitzineko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpenaren ondotik.

7.3. 2017ko urtarril, otsail, martxo eta apirileko frogagiriak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egonen da, esleipenaren ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

2017ko maiatz, ekain, uztail, abuztu eta iraileko frogagiriak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da, eta hori izanen da azken egun balioduna. Egun horrexetan bukatuko da epea urtarriletik apirilera bitarteko justifikatu gabeko gastuen dokumentazioa aurkezteko ere, edo diru-laguntzaren xede den epe osoari dagozkion ziurtagiriak aurkezteko, baldin eta aldez aurretik inolako justifikaziorik aurkeztu ez bada.

Lehenbiziko epea borondatezkoa da, eta entitate adjudikaziodunen kudeaketa ekonomikoa errazteko tarteko ordainketak ezartzea du helburua, baina horrek ez du biderik ixten azkeneko likidaziorako dokumentazio gehiago aurkezteko, azken egun urriaren 13a izanen baita. Ez da onartuko egun horren ondotik aurkeztuko inongo dokumentaziorik, salbu eta 6.4 oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena, abenduaren 20a arte onartuko baita hori.

Zortzigarren oinarria.–Diru-laguntzaren ebazpena eta ordainketa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Batzordearen ebaluazioa aztertu ondoan.

8.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren balorazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren titularra, batzordeburu, Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari. Haren irizpena loteslea izanen da.

8.3. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta ebatzi ondoko 5 egun baliodunetan emanen da haien berri.

8.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko ikasle-orduko diru-laguntzaren modulua eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa, deialdi honen hirugarren oinarriari jarraikiz.

Zenbateko hori baldintzapetuko du egiazko datuen arabera eta foru agindu honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak.

8.5. Behar diren frogagiriak deialdi honen seigarren oinarrian zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira aldi horretan justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Betiere, 2017ko urtarriletik irailera bitarteko aldirako, kontzesioan ezartzen den zenbatekoa izanen da, gehienez, ikastegi bakoitzaren diru-laguntza.

8.6. Justifikatzeko aldiaren ondotik kontzesiorako zenbatetsiriko ordu kopurua benetan eman dena baino txikiagoa bada, osotara jaso beharreko kopurua proportzionalki murriztuko da, betiere kontuan harturik ordu horiek autoikaskuntza tutorizatukoak diren edo gainerako modalitateetakoak.

8.7. Frogagirietan ikusten bada ikastegi baten defizita halako aldi baterako aurreikusitako diru-laguntza baino txikiagoa dela, hura murriztuko da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.

Bederatzigarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta diru-laguntzen gaineko kontrola.

9.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikaslearen etengabeko ebaluazioari eta asistentziari buruzko datuak idazteko.

9.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira, egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.

9.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bertzelakoak izan.

9.4. Justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2017ko urtarriletik irailera bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VIII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.

9.5. Deialdi honetako diru-laguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduen euskalduntzearekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.

9.6. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, diru-laguntzaren xede den jarduera eman ahal izateko kontrataturiko pertsonen eta ikasleen pertsona, familia eta lan mailako ardurak bateratzeko.

Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

Era berean, gizonezkoen eta emakumezkoen parte-hartze orekatua sustatuko da bai irakasleen artean, bai ikasleen artean.

9.7. Onuradunek bete beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

9.8. Onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarriarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez sortu zen “Euskaltegis y Gau-eskolas/Euskaltegiak eta Gau-eskolak” datu pertsonalen fitxategi informatizatua, eta haren erregistroa egin zen Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean.

Hamaikagarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

11.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, ekintzak gauzatzen ez badira, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Hamabigarren oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira bertze diru-laguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, bertze administrazio publiko batzuenak, bertze ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Bertze entitate batzuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntza aldi berekoak eskuratzen badira, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntza eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.

Hamahirugarren oinarria.–Diru-laguntzen publizitatea.

13.1. Emandako diru-laguntzak eta onuradunen eta baztertuen zerrenda Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren webgunean argitaratuko dira: http://www.euskarabidea.es

13.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/)

Hamalaugarren oinarria.–Gardentasuna.

14.1. Onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun-betebeharra gorde beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera ematen direnean:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa urteko 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio kopurua edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Bi egoera horietan dauden onuradunek, diru-laguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sorrera berriko entitateen kasuan, informazioa entitate horien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

14.2. Aurreko atalean deskribatzen diren egoerak ematen ez direlako, entitatea ez bada gardentasun betebeharraren mendeko, aitorpena aurkeztu beharko du, hori adieraziz.

14.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

14.4. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

14.5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaborzgarren oinarria.–Aplikatu beharreko legedia.

Deialdi hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritakoak ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da helduen euskalduntzean diharduten entitate pribatuei laguntzak ematea.

Hamaseigarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Gau-eskolek eta euskaltegiek bete beharreko fitxa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikastegiko taldeen ezaugarri akademikoak (PDFa)

Justifikaziorako:

IV. eranskina.–Justifikazioaren balantzea.

V. eranskina.–Gastuen justifikanteak.

VI. eranskina.–Sarreren justifikanteak.

VII. eranskina.–Diru-laguntzen justifikanteak.

IV., V., VI. eta VII. eranskinak descargatu (Excela).

VIII. ERANSKINA

2017ko urtarriletik irailera bitarteko memoria

1. Ikastegiaren informazio orokorra.

1.1. Egitura organikoa.

1.2. Egitura didaktikoa.

1.3. Ikasturteari dagozkion datuak.

2. Moduluak, aldiak eta emaitzak.

3. Giza baliabideak.

3.1. Irakasleek emandako zuzeneko prestakuntza orduak.

3.2. Irakasleen prestakuntza.

4. Hobekuntzarako proposamenak.

4.1. Esparru didaktikoa.

4.2. Kudeaketa.

IX. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

X. ERANSKINA

(Justifikaziorako)

Ordaindu gabeko epealdiko gastuak (2017ko abenduaren 20an baino lehen ekartzeko) (Excela).

Iragarkiaren kodea: F1706618