108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

209/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adineko pertsonak jantokietara joateko 2017ko laguntza ekonomikoen deialdia onesten duena, baita haien kudeaketan laguntzen duten entitateak aukeratzeko prozedura ere.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. Foru dekretu horren II. eranskinean (“Bermatu gabeko prestazioak”), adinekoei laguntzeko prestazioen artean, jantokietarako diru-laguntza aurreikusten da. Prestazio horren xedea da adinekoei diru-laguntzak ematea jantokietan menu orekatu bat jateko aukera izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokietara joateko laguntza ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru lege horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du diru-laguntzak emateko. Araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Orobat, aipatu legeak diru-laguntzak kudeatzeko entitate laguntzailearen figura jasotzen du, eta, zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak direnean, horiek publikotasun, lehia, berdintasun eta bereizkeria gabeko printzipioei jarraitzen dien prozeduraren bidez aukeratu beharra ezartzen du.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eskumenak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Adineko pertsonak jantokietara joateko 2017ko laguntza ekonomikoetarako deialdia onestea, baita deialdi hori arautuko duten oinarriak ere, foru agindu honi eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen kudeaketan lagunduko duten entitateak aukeratzeko prozeduraren oinarriak onestea. Foru agindu honi gehitu zaizkio II. eranskin gisa.

3. 37.500,00 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Jantokietarako diru-laguntza” izeneko 920005 93100 4809 231B02 partidaren kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza
ekonomikoetarako deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokietara joateko, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 31ra arteko epean.

2.–Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak lankidetza hitzarmenak izenpetuko ditu entitate laguntzaileekin, horiek II. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera aukeratu ondoren. Hitzarmen horietan lankidetzaren nolakotasunak eta baldintzak ezarriko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan erabakitakoari jarraituz.

3.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.

3.1. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko A-14. atalean (“Jantokietarako laguntza ekonomikoa”) xedatutakoaren arabera, deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunak honako hauek izanen dira:

Adineko pertsonak eta haien ezkontideak, bikote egonkorrak edo afektibotasuneko antzeko harremana duten pertsonak.

3.2. Hona hemen laguntza hauek jasotzeko baldintzak:

a) Erretiroko edo baliaezintasuneko pentsioduna izatea, eta 60 urte eginak izatea.

b) Alargun pentsioduna izatea, eta 55 urte eginak izatea.

Salbuespen gisa, adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileei ere ematen ahalko zaie laguntza, gizarte zerbitzuen txosten baten bidez egiaztatzen bada laguntza jasotzeko beharra dutela.

4.–Eskaeren eta erantsi beharreko dokumentazioaren aurkezpena.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

4.1.1. Eskaerak eta kasuan kasuko dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, telematikoki (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen erregistro elektronikoaren bidez), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoa baten bidez edo administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan.

4.1.2. Eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bulegoetan banatuko diren inprimakien bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren web orrian ere eskura daitezke.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

–2017. urtean, deialdia argitaratu aitzin, jantokia erabiltzen ari diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

–Zerbitzua deialdia argitaratu ondoan erabiltzen hasten diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, jantokira joaten hasten diren egunetik aurrera. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2017ko irailaren 30ean bukatuko da.

4.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Entitate laguntzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazten dituena:

–Asteko zein egunetan erabiliko den jantoki zerbitzua.

–Jantokira joaten hasi(ko) den eguna.

b) Deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskabide berezietarako, gizarte zerbitzuen txostena erantsi beharko da, egoera berezi hori dagoela justifikatzeko.

4.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.

5.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolamendua eta instrukzioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari dagozkio.

5.2. Laguntza ekonomikoen gaineko ebazpena ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Hori ebazteko gehieneko epea Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoa izanen da. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

5.3. Ebazpenak laguntza ekonomikoaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Ebazpenean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko da.

5.4. Diru-laguntza eranskin honen 8.2 puntuan adierazi bezala ordainduko da.

6.–Laguntzak.

6.1. Laguntza hauen xedea da lanegunetan entitate laguntzailearen lokaletan egiten den otordu nagusia, 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko epean. Laguntzaren xede izan daiteke, orobat, asteburuetan eta jaiegunetan ematen den zerbitzua, baldin eta entitate laguntzaileak zerbitzu hori eskaintzen badu eta onuradunak baliabide ekonomiko urriak baldin baditu.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskatzaileak eta entitate laguntzaileak I. eranskineko 3. oinarrian eta II. 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio ekonomikoa eginen da.

Laguntzaren zenbatekoa eskatzailearen ahalmen ekonomikoaren eta familia-unitateko kideen kopuruaren araberakoa izanen da, ondoko baremoaren arabera:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

(Kide bat familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

Urteko LGSra arte

3,00 euro/eguna

LGS baino handiagoa eta urteko LGSren %125 edo txikiagoa

1,00 euro/eguna

Urteko LGSren %125 baino handiagoa

0,00 euro/eguna

FAMILIAREN URTEKO ERRENTA TARTEAK

(bi kide familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

Urteko LGSren %150 arte

3,00 euro/eguna

LGSren %125 baino handiagoa eta urteko LGSren %160 edo handiagoa

1,00 euro/eguna

Urteko LGSren %160 baino handiagoa

0,00 euro/eguna

Eskatzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, familia-unitatearen errenta hartuko da aintzat, eta honako hauek kontatuko dira:

a) Lanaren etekinak, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

b) Ondasun higigarrien kapitala eta horren etekinak.

Nolanahi ere, ondasun higigarrien kapitalaren etekinak 250 eurotik gorakoak badira, edo ondasun higigarrien kapitala 12.000 eurotik gorakoa, ezin izanen da laguntzarik jaso.

Konputatu beharreko aldia izanen da eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga pasatu den azken ekitaldi fiskala.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratu eta eskatzaileari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehaztutakoan, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak ziurtatua) 2017ko urriaren 31ra arte emanen da laguntza.

Bai jantokiaren titularra den entitateak bai onuradunak edo haren ahaideek jantoki zerbitzua aldi baterako edo behin betiko uztera behartzen duen edozein gorabehera jakinarazi beharko diote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

7.–Laguntzaren eta beste prestazio batzuen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak beste administrazio publiko batzuek edo bestelako erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin bateragarriak dira.

Hala ere, ematen den zenbatekoak behin ere ezin izanen du diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditu, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin baturik ere.

8.–Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Justifikazioa.

Entitate laguntzaileak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ezarritako epean, deialdiaren xedeko laguntza ekonomikoen onuradunek jasotako otorduen kopurua frogatzen duen agiria aurkeztuko du.

Pertsona onuradunek entitate laguntzaileak jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokaletatik kanpo egindako otorduak ez dira justifikatuko.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoaren zenbatekoa kalkulatzeko, ematen den zenbatekoa eta egin diren otorduen kopurua hartuko dira kontuan.

Onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, aipatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan.

Entitate laguntzaileari dagokio onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasuan kasuko diru-laguntza ordaintzea.

Ordainketak aldi hauetan eginen dira:

–Lehen ordainketa, urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Bigarren ordainketa, ekainaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9.–Entitate laguntzaileen betebeharrak eta ez-betetzeak.

Honako hauek dira entitate laguntzailearen betebeharrak:

a) Harturiko funtsak onuradunei ematea, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eta entitate emailearekin sinatzen den hitzarmenean ezarririko irizpideekin bat.

b) Behar izanez gero, diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea.

c) Diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatzea jasotako funtsak banatu dituela, eta, hala badagokio, onuradunek aurkeztutako justifikazioa aurkeztea.

d) Laguntza ematen duen organoak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea, baita eskumena duten kontrol organoek egiaztapen eta kontrol finantzariorako egin ditzaketen bestelako jarduerak ere onartzea, eta diru-laguntza eman duen organoak eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea.

10.–Dirua itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

3. Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

11.–Aurrekontuetako kontsignazioa.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan horretarako dirua dagoen heinean.

Programaren izaera kontuan harturik, gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, bidezkoa izanen da deialdiko kreditua handitzea, Eskubide Sozialetako kontseilariak onetsi beharko baitu.

12.–Deialdiaren kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Norgehiagokako prozeduraren oinarri arautzaileak, adineko
pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen
kudeaketan laguntzaile diren entitateak aukeratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da foru agindu honen 2. puntuan aipatzen diren entitate laguntzaileak aukeratzea, hots, adineko pertsonak jantokietara joateko laguntzen kudeaketan instrukzio organoarekin batera arituko direnak. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.5. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da hautaketa hori.

2.–Entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak.

Zuzenbide pribatuaren menpeko pertsona fisikoek edo juridikoek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, baldintza hauek betez gero:

a) Adineko pertsonei jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokalen titularrak edo kudeatzaileak.

b) Kaudimen tekniko-profesionala frogatzea.

c) Desgaituta ez egotea diru-laguntza publikoak lortzeko, ezta Administrazioarekin kontratatzeko ere.

3.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

3.1. Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu diren ereduen araberakoa. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Eskaerari eranskin honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, honako agiri hauek, alegia:

a) Jantokiaren titulartasunari edo kudeaketari buruzko egiaztagiria.

b) Eskura dituen teknika eta giza baliabideen gaineko txostena eta azken hiru urtean egindako lanen azalpen laburra, jantokien kudeaketan duen esperientzia frogatzeko.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dagoela desgaitua diru-laguntza publikoak eskuratzeko, eta ez dagoela Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako kasuetan.

d) Eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela dioen ziurtagiri eguneratua.

3.2. Eskaerak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, telematikoki (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen erregistro elektronikoaren bidez), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoa baten bidez edo administrazio prozedura erkideari buruzko indarreko araudian ezarritako tokietan.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

4.–Entitateak aukeratzeko irizpideak.

Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) Baliabide teknikoak eta giza baliabideak: 10 puntu, gehienez ere.

b) Esperientzia jantokien kudeaketan: 10 puntu, gehienez ere.

c) Eskualdean duen ezarpena: 10 puntu, gehienez ere.

Entitate laguntzaile gisa aukeratua izateak eskatuko du balorazioan gutxienez 10 puntu lortzea.

Entitate laguntzailetzat hartzeak baldintzek dirauten bitartean eta aukeratua izateko baldintzak betetzen diren bitartean izanen ditu ondorioak.

5.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Baloraziorako prozesua bukatuta, lehen adierazitako irizpideei jarraikiz, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak ebazpena emanen du deialdia ebazteko.

6.–Entitate laguntzaileari ordaintzea.

Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoak kudeatzen entitate laguntzaileak egiten duen lanak ez du inolako konpentsazio ekonomikorik sorraraziko Administrazioaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F1706235