108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Ordenantza, autokarabanetarako Iruñeko zerbitzugunean karabanak edo etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena. Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, legezko den quorumarekin, 2017ko apirilaren 6an hasiera batez onetsita, eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik gabe iragan eta gero, behin betiko onetsita gelditu da autokarabanetarako Iruñeko zerbitzugunean karabanak edo etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituen Ordenantza. Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 31n.–Alkate Udalburua, Joseba Asiron Saez.

UDAL ORDENANTZA, AUTOKARABANETARAKO IRUÑEKO ZERBITZUGUNEAN AUTOKARABANAK EDO ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Europako autokarabanen parkea miloi bat unitatek osatzen dute, eta urtez urteko hazkundea turismo-ibilgailuena baino askoz ere handiagoa da. Frantzia, Italia, Alemania eta Erresuma Batua dira Europar Batasuneko herrialdeetan autokarabana kopuru handiena dutenak. Lau herrialde horietako autokarabanen kopuruak, baturik, EBn matrikulatutako autokarabanen erdia baino gehiago jotzen du.

Iruña Europar Batasuneko turista ugariren jomuga da, eta horietako askok garraio eta ostatu mota hori erabiltzen dute; horri, halaber, barne-turismoa gehitu behar zaio.

Gainera, gai honetan hainbat inguruabar elkartzen dira, hala nola arauketan administrazio desberdinen eskumen-alorrek jarduten dutela, erabilera turistikoak bateragarria izan behar duela herrietako natur eta kultur baliabideen erabilera arrazional eta jasangarriarekin, eta elkarbizitza sustatu behar dela bizilagunen eta autokarabanen zein etxebizitza-ibilgailuen erabiltzaileen artean.

Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelako, horretarako lurzoruaren antolamenduari buruzko legeek aitortzen dizkieten tresnak erabilita.

Aurreikuspenen arabera, Iruñeko hiriak 2017ko ekainean inauguratuko du autokarabanen gunea; hori horrela, beharrezkoa da erabilera erregulatzeko araudia sortzea aisiarako ibilgailu horien presentzia normalizatzeko, autokarabanen erabiltzaileak herriak turismo aldetik dituen gauza xarmagarriez gozatzea bateragarria izan dadin interes publiko bidezkoen zaintzarekin, ingurumenaren defentsarekin eta eremuan aparkatzeko dauden lekuen banaketa zuzenarekin.

Testuinguru horretan, hau proposatu da:

UDAL ORDENANTZA

Atarikoa

Espainiako 1978ko Konstituzioak, bere VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoan, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezartzen du erkidego autonomoek turismoa sustatu eta antolatzeko eskumenak bereganatzen ahalko dituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.

Eskumen emate hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak bere helburu eta printzipioak ezartzen ditu, Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko egin beharrekoak zehazten ditu, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatzen ditu, eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotu. 5.1,c) artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoari dagokionez: Foru Komunitateko turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea. Orobat, lege honek, 6. artikuluaren b letran, ezartzen ditu toki entitateek turismo arloan dituzten eskumenak: beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu-ondarea.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 6/2015 Errege Dekretu Legegilearen 39. artikuluak ezartzen duenez, hiri bideetan gelditu eta aparkatzeko araubidea udal ordenantza baten bidez arautuko da, eta behar diren neurriak hartzen ahalko dira zirkulazioa oztopa ez dadin, besteak beste aparkatzeko denbora mugatzea, bai eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ere, horren barnean izanik ibilgailuak eramatea edo ibilgetzea denbora mugatuko eremuetan aparkatzeko txartelik ez dutenean edo emandako baimena gainditzen dutenean, harik eta gidaria nor den jakin arte.

Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak -1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ekoan, argitaratuak- kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen ditu; haren 4. artikuluaren 1. zenbakiak ezartzen du kanpaldi librea aitzinetik baimendu behar duela dagokion toki entitateak.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Iruñeko Hirian arautzea autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen erabilera, ostatu gisara, xedea izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea eta elkarbizitza sustatzea Iruñeko herritarren eta autokarabanen zein etxebizitza-ibilgailuen turista-
erabiltzaileen artean, bai eta pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea autokarabanen eremuaren erabiltzaile guztien artean, eta bestetik bermatzea Nafarroako Gobernuaren autonomia-araudian kanpaldi libreaz bezainbatean egiten den debekua betetzen dela.

2. artikulua. Kanpaldi libreak.

1) Kanpaldi libretzat jotzen da paratzea aterpe mugikor bat edo gehiago, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoak, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

2) Kanpatzeko elementuak dira aise garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi librearen barnean sartzen da, orobat, ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, baita udaltzainen edo Alkatetzaren iritziz edozein udal-ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.

3) Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Zorua gurpilekin, segurtasun altxagarriekin edo galgatzeko altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik (jaitsi gabe daude egonkortze-hankak, eta beste ezein gailu, instalatu gabe).

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren edota osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoan hustea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar-sorgailu bat piztuz, edo ekipo akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

4) Udal-mugape osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita.

5) Zehapena ezarriko zaio Iruñeko udal-mugapean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Aparkatzeko arauak.

Honako arau hauek arautzen dituzte autokarabanen edo etxebizitza-
ibilgailuen aparkatzeak:

1) Ibilgailuak baterian eta zeharka bateria-erdian aparkatu daitezke, denak orientazio eta norabide berean, larrialdirik egonez gero, errazago husteko.

2) Aparkatzerakoan, kontuan hartu behar da gainerako erabiltzaileei utzi behar zaiela sartu eta irteteko maniobrak egiten, bai eta gainerako espazioa ahalik eta modurik hoberenean erabiltzen ere.

3) Gidariak ibilgailua ibilgetuko du, ezin dadin mugitu ez berez ez hirugarrenek bultzaturik, eta bere gain hartuko ditu ibilgailua gaizki ibilgetu eta horren ondorioz egiten dituen mugimenduek eragindako arau-hausteak.

4) Malda handiko toki batean aparkatuz gero, gidariak behar bezala egonkortu beharko du ibilgailua, dela ziriak jarrita, ezin delarik xede horretarako baliatu harririk edo eginkizun horietarako berez erabiltzen ez den bestelakorik, dela gurpil gidarietako bat espaloiaren zintarriaren gainean bermatuta, betiere gurpil gidariak galtzadaren erdigunerantz begira jarririk gorako maldetan, eta kanporantz, beheko maldetan. Ziriak, behin erabilita, kendu beharko dira bideetatik ibilgailua berriz ere abiatutakoan.

5) Ibilgailua aparkatzen bada ekintza hori baimentzen duen prezioa ordaindu gabe, edo ordaindutako aparkaldia gainditzen bada, hura erretiratu eta Udaleko garabi-biltegira eraman daiteke, mekanikoki ibilgetu daiteke edota salaketa jartzen ahalko diote dela Tokiko Polizia agenteek, dela Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak baimendutako langileek. Garabi-biltegira eramateak eta bertan egindako egonaldiak eragindako gastuak, edo ibilgailua ibilgetzekoak, ibilgailuaren titularrak ordaindu beharko ditu, edo, bestela, hark legearen arabera baimendutako pertsonak.

4. artikulua. Zerbitzugunea erabiltzeko arauak

Autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuetarako zerbitzuguneak hustubideak edo estolda-zuloak ditu, estolderia sarearekin lotuak, hondakinak botatzeko eta haien tratamendu ekologikoa araztegi batean egiteko.

Eremu horretan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko toki erreserbatuak daude.

Autokarabanendako zerbitzuguneak erabiltzeko, honako arau hauek bete behar dira:

1) Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan. Hona halakotzat aitortutako ibilgailuen fitxa teknikoaren zenbakiak:

2448

Etxebizitza-furgoia

3148

Etxebizitza-ibilgailu mistoa

3200

Autokarabanak (baimendutako gehieneko masa: ≤ 3.500 kg)

3248

Etxebizitza-autokarabanak (baimendutako gehieneko masa ≤ 3.500 kg)

3300

Autokarabanak (baimendutako gehieneko masa > 3.500 kg)

3348

Etxebizitza-autokarabanak (baimendutako gehieneko masa > 3.500 kg)

2) Zerbitzugunea erabiltzeko, beharrezkoa izanen da prezio publikoa ordaintzea, eta hori dagokion Arauak ezarriko du.

3) Aparkatutako ibilgailuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak eta plaza bakoitzari emandako noranzkoa.

4) Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira jarraian, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Aparkaleku-plaza utzi duen gidariak ezin izanen du bertan aparkatu astebete igaro arte plaza utzi zuenetik. Horrela, behar besteko errotazioa eta ibilgailu hauen aparkatzeen bidezko banaketa bermatuko dira.

Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak baimenduta.

5) Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko eremu bat izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Horiek egiteko gehienez ere 45 minutu erabil daitezke.

6) Biltegiak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu; aldiz, oztopotik libre egon beharko du eremuak, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.

7) Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8) Zerbitzuguneetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Berebiziko garrantzia edukiko dute zaborrak eta hondakinak kudeatzeko moduarekin zerikusia duten jokamoldeek.

Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuguneetako eremuek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9) Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak zein etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, kadirak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

5. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrari dagokio ikuskaritza eta zehapen eginkizunak gauzatzea.

Tokiko Polizia edo Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak xede horretarako gaitutako pertsonak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

6. artikulua. Zehapen-prozedura.

1) Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorra da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2) Zehapen-prozedura gauzatuko da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretu Legegilean aurreikusitakoarekin bat.

3) Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta bertan ebatziko dira hala interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak nola prozeduraren ondoriozko gainerakoak.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen-ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

7. artikulua. Arau-hausteak.

1) Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) 4.1 artikuluan zerrendatutakoez beste ibilgailuak eremu erreserbatuetan aparkatzea.

b) Ibilgailua agindutako noranzkoaz bestera jartzea, edo ibilgailu bakoitzarentzat zedarritutako eremutik kanpoan aparkatzea.

c) 4. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan ezarritako gehieneko egonaldia gainditzea.

d) Isurkinak edo hiri-hondakin solidoak botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpoan.

e) Hainbat elementu paratzea, ibilgailuaren perimetrotik kanpoan, baimenduta ez dauden eremuetan, hala nola, eguzki-oihalak, mahaiak, kadirak, nibelatzeko hankak eta abar.

f) Asots gogaikarriak egitea ordutegitik kanpo, Zaratei buruzko Udal Ordenantzan edo sektoreko legeetan ezarritakoaren arabera.

g) Zerbitzugunean edozein ibilgailu mota garbitzea.

2) Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Ez ordaintzea aparkatzeagatik edo zerbitzuak erabiltzeagatik ezarritako prezio publikoa.

b) Biltegiak husteko eremuan aparkatzea.

c) Soinu-gailuek sortutako zaratak kanpora isurtzea.

3) Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Isurkinak edo hiri-hondakin solidoak nahita botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpoan.

b) Hiri-altzariak hondatzea, bai eta zerbitzuen eremua zikindu edo histea ere, ezertan galarazi gabe eragindako kalteak konpontzeko beharra.

c) Ibilgailuen zirkulazioa zeharo oztopatzea, horretarako premia larririk eduki gabe.

8. artikulua. Zehapenak.

1) Hona artikulu honetan tipifikatutako arau-hausteei dagozkien zehapenak:

a) Arau-hauste arinak 100,00 euro arteko isunekin zehatzen ahalko dira.

b) Arau-hauste larriak 200,00 euro arteko isunekin zehatzen ahalko dira, eta, beharrezkoa balitz, arau-hausleari Zerbitzugunetik egozten ahalko zaio.

c) Arau-hauste larriak 500,00 euro arteko isunekin zehatzen ahalko dira, eta, beharrezkoa balitz, arau-hausleari Zerbitzugunetik egozten ahalko zaio.

2) Zehapenak mailakatuak izanen dira, bereziki honako irizpideekin bat:

a) Arau-hausteak nahita edo behin baino gehiagotan egitea.

b) Eragindako kalteen nondik-norakoak.

c) Arau-hauste batean berrerortzea, izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik.

d) Ibilgailuen eta pertsonen zirkulazioa oztopatzea.

Ordenantza hau ez betetzeagatik jarritako isunak % 50eko deskontuarekin ordaindu ahalko dira salaketa jakinarazi eta hogeita hamar egun naturaleko epean. Isuna % 50eko beherapenarekin ordaintzeak berekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea, eta prozedura amaitzea berariazko ebazpena eman beharrik gabe, betiere kasuan kasuko errekurtsoak aurkeztea ezertan galarazi gabe.

9. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarra duen udal-ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.

Ibilgailua ibilgetzearen ondorioz sortzen diren gastuak arau-hauslearen kargura joanen dira, eta horrek ordaindu beharko ditu edo ordainketa bermatu, ibilgetzeko neurria kendu baino lehen, ezertan galarazi gabe haren defentsa-eskubidea.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Zerbitzugunea ez da zaintzapeko eremu bat; hori horrela, Iruñeko Udalak ez ditu bere gain hartuko bertan aparkatutako ibilgailuetan gerta daitezkeen istiluak, lapurretak edo tankerakoak.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Hala bada, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki identifikatu beharko du arau-haustearen erantzulea, horretarako behar bezalako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura-tramitean betetzen ez badu, hasierako zehapenaren halako bi zehatuko zaio, arau-hauste arinen kasuan, eta halako hiru, larria edo oso larria izanez gero.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunetik indargabetu eginen dira bertan xedatzen denari kontra egiten dioten Udal Ordenantza eta Araudietan jasotako xedapenak oro.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Udalaren webgunean (www.pamplona.es) dago kontsultagai autokarabanetarako Iruñeko zerbitzugunean karabanak edo etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituen arauaren testu osoa eta eguneratua.

Iragarkiaren kodea: L1706670