106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Udal ordenantza, nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako hondakinen isurtzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2017ko urtarrilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Vianako udal-mugartean nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako hondakinen isurtzea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2017ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Vianan, 2017ko apirilaren 27an.–Alkatea, José Luis Murguiondo Pardo.

UDAL ORDENANTZA, VIANAKO UDAL-MUGARTEAN NEKAZARITZAKO, ABELTZAINTZAKO ETA INDUSTRIAKO HONDAKINEN ISURTZEA ARAUTZEN DUENA

Hitzaurrea

Industrian, nekazaritzan eta turismoan oinarrituriko ekonomia duen hiria baita Viana, ordenantza honen xedea da ingurumena babestea eta, batez ere, osasun publikoa.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza hau ematen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1.a) artikuluak udalerri honi esleitutako erregelamendu ahalmenaz baliaturik, eta bere eskumeneko gaiak, 25.2 artikuluko f) eta j) letretan ezarriak, arautzen ditu.

2 artikulua. Ordenantza honetako aginduak bete beharko dira mindak, simaurrak eta bestelako hondakinak botatzen direnean, hau da, abeltzaintza, nekazaritza eta industria jardueretatik datozenak, horiek Vianako udal-mugartean kokatuak izan ala ez, baina bertan egiten direnean.

Ez dira hor sartzen etxeko eskortetan sortutakoak.

3. artikulua. Definizioak, ordenantza honen ondorioetarako. Honela ulertuko dira:

a) Simaurrak: aziendak iraitzitako hondakinak edo aziendak iraitzitako hondar eta hondakinen nahasketa, eraldatuak barne.

b) Mindak: aziendak iraitzitako eginkari likidoak.

c) Azienda: aprobetxamendurako edo irabazi asmoarekin hazten den animalia oro.

d) Isurketa: mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako bestelako hondakinak lursailean botatzea, bai gainalde osoan zabalduta, bai bertan injektatuz, lurrazpitik sartuz edo lurzoruaren gainaldeko geruzekin edo ureztatzeko urarekin nahastuz.

e) Nekazaritzako jarduera: nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako produktuak eskuratzeko beharrezkoak diren lanak.

f) Nekazaritzako ustiategia: nekazaritzako jarduera batean haren titularrak enpresa gisa antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa, nagusiki merkataritzara bideratua eta bere baitan unitate tekniko eta ekonomikoa osatzen duena.

g) Industria jarduera: Europar Komunitateetan, jarduera ekonomikoen sailkapeneko C eta D ataletan bildutako jarduera oro (NACE Rev.1), Kontseiluaren 3037/90 Erregelamenduan (CEE) jasoa, gehi elektrizitatea, gasa, lurruna eta ur beroa sortzearekin lotutako jarduerak; orobat, hondakin solido edo likidoak birziklatu, tratatu, suntsitu eta deuseztatzea.

Garraiatzea eta aparkatzea

4. artikulua. Ahal den neurrian saihestuko da mindak eta abeltzaintzako beste hondakin batzuk hiri bideetan barna garraiatzea.

Mindak badira, garraiorako zisternak erabat itxita egon beharko du.

Beste hondakin batzuk garraiatzen badira, atoiak edo biltontziak estalita egon beharko du, ezer isur ez dadin ez errepideetan ez bideetan.

5. artikulua. Debekatuta dago minda upelak eta simaur atoiak edo aziendarendako kamioiak hiri bideetan aparkatzea.

Abeltzaintzako hondakinak botatzea

6. artikulua. Debekatuta dago abeltzaintzako hondakinak botatzea hondakinak biltzeko zerbitzuaren edukiontzietan edo estolderiaren udal sarean.

7. artikulua. Simaurra eta antzeko hondakinak botatzean nekazaritzako jardunbide egokiei eta horien gaineko araudiari jarraituko zaie.

8. artikulua. Debekatuta dago ordenantza honetan aipatzen diren hondakinak botatzea hiri lurzoruaren mugatik 1.000 metrotara baino hurbilago dagoen edozein lurzatitan, autokontsumorako baratzeetan botatzen den simaurra izan ezik.

Era berean, honako hauek errespetatu beharko dira:

–Ibaien, erreken, ureztaketen eta putzuen kasuan, gutxieneko tartea 35 metrokoa izanen da.

–Herritarrak hornitzeko diren edateko uraren biltegien eta harguneen kasuan, gutxieneko tartea 500 metrokoa izanen da.

9. artikulua. Mindak botatzen diren lurzatien jabeek lurperatu egin beharko dituzte isuri eta 24 orduko epean, usain txarrik izan ez dadin.

10. artikulua. Simaur likidoa hedatzen denean laborantzarako dosi egokietan zintzilikatutako hodien sistema erabiliz, ez da beharrezkoa izanen lurrez estaltzea labore motak baimentzen ez duen lursailetan, estaltze horrek laborearen galera edo kaltea badakar.

11. artikulua. Isurketa horiek ez dute inoiz gaindituko 250 kilogramo nitrogeno hektarea eta urte bakoitzeko, eta kopuru hori 210-170 kilogramo nitrogenora murriztuko da, hektarea eta urte bakoitzeko, kaltebera deklaratutako alderdietan, betiere ura nekazaritzako nitratoen ondoriozko kutsaduratik babesteko indarrean den legediari jarraituz.

12. artikulua. Isurketa egiten denean, kontuan hartu beharko da haizearen norabidea eta abiadura, usainek hirigunean ondoriorik izan ez dezaten.

Zalantzarik izanez gero, isurketaren kokapena aldatu beharko da edo isurketarik ez egin.

13. artikulua. Ezin izanen da mindarik bota asteburuetan, ostiralak barne, ezta jaiegunetan eta horien bezperetan ere.

Salbuespenez, Udalak aldez aurretik espresuki baimenduta, simaurra botatzen ahalko da ostiral, larunbat eta jaiegunetan; kasu horietan, Vianako hegoalderako soilik emanen da baimena, hiri lurzoruaren mugatik 2.500 metroko tartea utzita. Salbuespenezko baimenaren agirian grafikoki zehaztuko da isurketarako baimendu den eremua.

Era berean, ezin izanen da abeltzaintzako hondakinik bota uztaileko eta iraileko festetan, ezta festen bezperako egunetan ere.

Zehapen araubidea

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako debekuak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustetzat joko da.

15. artikulua. Araudi honetan sailkatutako arau-hausteak zehatzeko eskumena alkateari dagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeak zehazten duen moduan (54. artikulua, 11/2004 Foru Legearen 16. artikuluak 2. atalean aldatua).

16. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 25eko 189/1994 Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

17. artikulua. Honela sailkatzen dira ordenantza honetako arauen gaineko arau-hausteak: arinak, larriak eta oso larriak.

a) Honako hauek dira arau-hauste arinak:

Garraioa ordenantza honetako zehaztapenak bete gabe egitea.

b) Honako hauek dira arau-hauste larriak:

1.–Mindak ordenantza honetan ezarritako gutxieneko segurtasun tarteak betetzen ez dituzten lurzatietan isurtzea.

2.–Mindak ordenantza honetan ezarritako epean ez lurperatzea.

3.–Hondakinak estolda sarean edo hondakinak biltzeko zerbitzuaren edukiontzietan botatzea.

c) Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

Isurketak tarteak errespetatu gabe egitea jaiegunetan.

18. artikulua. Isun hauek jarriko dira arau-hausteak egiteagatik:

a) Arau-hauste arinengatik: 100 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriengatik: 101 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriengatik: 501 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna.

Erantzuleak

19. artikulua. Erantzuleak:

1) Mindak isurtzearen gaineko arau-hausteetan, honako hauek izanen dira erantzuleak: isurketa egiten den lurzatiko laboraria, mindak sortzen dituen ustiategiaren titularra eta garraiolaria.

2) Isurketak sare edo edukiontzi publikoetan egitearen gaineko arau-hausteetan, isurketak sortzen dituen jardueraren titularra izanen da erantzulea.

3) Garraiatzearen edo aparkatzearen gaineko arau-hausteetan, erantzulea garraiolaria izanen da eta, subsidiarioki, hondakinak sortzen dituen jardueraren titularra.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1705117