106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

35/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Aralar Mendi elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Aralar Mendi elkarteak Artzai Eguna antolatzen du urtero Nafarroan. Aurten 50. urteurrena beteko du jai egunak. Bertan artzain nafarrei gorazarre egiten zaie.

Artzai Eguna Nafarroako Interes Turistikoko Festa da, eta Uharte Arakilen ospatzen da, Aralar eta Andia mendilerroen artean, Sakanaren erdi-erdian.

Aralar Mendi kultur elkarteak antolatzen du Artzai Eguna, eta helburua da Nafarroako larratze usadioak sustatu eta zabaltzea.

Horretaz aparte, Artzai Eguna garrantzitsua da Nafarroako ohituren eta gastronomiaren elementu tipikoak gordetzeko. Ekitaldien artean, ardi latxen esneaz egindako gaztaren txapelketa dago, proiekzio eta oihartzun handiko ospakizuna, gazta txapeldunaren enkantearekin bukatzen dena.

Horrela, Aralar Mendi elkartea erruz saiatu da Nafarroako usadioak sustatzen eta hedatzen, larratzea eta gastronomia bereziki.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Aralar Mendi elkartea saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Aralar Mendi elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau aipatu elkarteari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706091