106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Mirentxu Purroy Ferrer andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Mirentxu Purroy Ferrer 1953an jaio zen Iruñean. Informazio Zientzietako eta Filosofiako lizentziadun titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta Psikologiako lizentziadun titulua Salamancako Unibertsitate Pontifikalean. Gero zinema ikasi zuen New Yorkeko Unibertsitatean eta Columbia Unibertsitatean.

Konpromiso berezia du informazio eskubidearekin eta adierazpen askatasunari lotutako balioekin. Beste kazetari batzuekin “Punto y Hora de Euskalherria” argitalpena sortu zuen 1976an, eta bere zuzendaria izan zen 1978ra arte. Egin egunkariko zuzendaria izan zen 1978tik 1980ra arte. Estatu Batuetan zenbait urtez bizi ondoren, 1985ean Nafarroara itzuli zen. EITBko “Mundo.hoy” gaurkotasun programako zuzendaria eta aurkezlea izan da, eta dokumental batzuk egin ditu. 1993an bere lehenbiziko film luzea zuzendu zuen: “Denboraren gibelean”.

Horrela, Mirentxu Purroy Ferrer erruz saiatu da informazio eskubidea sustatzen, bultzatzen eta garatzen, etikatik, zintzotasunetik eta egintzak bereizteko gaitasunetik, pertsonei giltzak eskainiz aske izan daitezen eta berezko iritzia izan dezaten, eta beti bere lurraldearekiko konpromisotik.

Demokrazia eta adierazpen askatasuna defendatzeagatik atentatu bat jasan zuen 1977ko urriaren 5ean, bonba baten bidez. A Hirukoitza erakunde terroristak bere gain hartu zuen ekintza, eta erabat suntsitu zuen erredakzioa. Kazetaria osorik irten zen, bertan ez zegoelako.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Mirentxu Purroy Ferrer andrea saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Mirentxu Purroy Ferrer andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706093