106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

242E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez behin betiko onesten da Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko B-7 unitate morfologikoko B-7.1 lurzatiaren xehetasun azterlana, Promociones Mepro Navarra SLk sustatua.

Aurkeztu den proiektuak Burlatako udal mugapeko 2. poligonoko 332., 333. eta 334. lurzatietan du eragina.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 6ko 61E/2017 Ebazpenaren bidez onetsi zen, hasiera batean, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko B-7 unitate morfologikoko B-7.1 lurzatiaren xehetasun azterlana, Promociones Mepro Navarra SLk sustatua.

Ebazpen hori 2017ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 9an, eta egunkarietan 2017ko martxoaren 22an, eta hilabeterako ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko epea.

Horretarako ezarritako epean, 2017ko martxoaren 30ean, Alberto Idoate Roncalek alegazio idazkia aurkeztu du (agiria: 202925), La Roja 2008 SL merkataritzako entitatea ordezkatuz. Hona hemen idazkia, laburturik, eta alegazioei emandako erantzunak:

Edukia: Nabarmentzen da xehetasun azterlanean ezartzen diren determinazio formalek “gainditzen dituztela hirigintza-tresna horrek zehaztu beharrekoak, eta behar baino gehiago baldintzatzen dituztela eraikinak”. Zehazki, alegatzaileek kontra egiten diote atzeraeramandako eremu irekietan laranja kolorea nahitaez erabili beharrari, eta gorputz irtenetan bistako hormigoia erabili behar izateari; adierazten dute ez dela ez egokia ez beharrezkoa hala baldintzatzea eraiki beharreko eraikinen estetika eta konposizioa. Gainera, azaltzen dute ezen, eguraldi txarraren aurrean, oso kaskarrak direla eta zahartze txarra dutela bistako adreilu beltzak eta mortero gehigarridunak.

Azkenik, eskatzen dute xehetasun azterlanaren hirigintza-fitxako (6. atala) testua ordez dadila ondoren datorrenarekin, konposizioan askatasun handiagoa izan dadin:

“B-7.1 lurzatian gauzatzeko dauden eraikinetarako honako determinazio formal hauek ezartzen dira:

–Fatxadetako material opakuak honelakoak izanen dira: bistako adreiluak, koloreztatuko zementuzko morteroa edo bistako hormigoizko tratamendua, edo irudi bera ematen duten beste batzuk.

–Zurgin-lanak aluminiozkoak edo PVCkoak izanen dira.

–Estalkiak lauak izanen dira, legarrezko akaberarekin edo zoladurarekin.

–Beheko solairuan, lurzoru pribatuaren azalerak mugatzeari dagokionez, jo bedi Udalez gaindiko Plan Sektorialera.”

Erantzuna: behin betiko onespena emateko aurkeztutako xehetasun azterlanaren memoriak, 0.–Aurrekariak atalean, alegazioak aintzat hartu eta honela erantzuten die:

“Sinatzen duten teknikariek konponbide arkitektoniko bakarra bermatzeko ezarri zituzten hirigintza-fitxako determinazioak, eta egia da nahikoa dela homogeneoa izatea, eta ez dela beharrezkoa B-7.1.1 eta B-7.1.2 lurzatietan dagoen eraikinaren material guzti-guztiak ‘mimetikoki’ imitatzea. Hortaz, alegazioa baiets daiteke, partez behintzat; izan ere komeni da gutxienez funtsezko parametro batzuk ezartzea, esaterako fatxaden tonalitatea, nahiz eta bistako adreilu beltzaren ordez beste material batzuk erabili, betiere tonu ilunak, eta, horregatik, behin betiko onesteko zuzendu den testu honetan hirigintza-fitxa aldatzen da, beste material batzuk erabili ahal izateko, kontuan izanik bermatu behar dela ezen gauzatu beharreko eraikinen bolumen eta forma konfigurazioa bat datorrela ingurune hurbilenaren hirigintzako testuinguru formalarekin”.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea. Hirigintza fitxaren idazketa aldatzen da (zati hori ondoren azaltzen da), beste material batzuk erabili ahal izateko, baina, betiere, bermatuta bat etorriko dela ingurune hurbileneko hirigintza formaleko testuinguruarekin.

“B-7.1 lurzatian gauzatzeko dauden eraikinetarako honako determinazio formal hauek ezartzen dira:

–Bistako adreilu beltza izanen da material nagusia, eta beste material batzuk ere onartzen dira: harri naturaleko edo artifizialeko plakak, pinturak, etab., betiere tonu ilunekoak badira.

–Gorputz irten itxiak eta balkoiak bistako hormigoizko tratamendu baten bidez bereiziko dira fatxadatik, edo beste material batzuen bidez, baldin tonu argiak badira.

–Zurgin-lanak aluminiozkoak edo PVCkoak izanen dira.

–Estalkiak lauak izanen dira, legarrezko akaberarekin edo zoladurarekin.

–Beheko solairuan, lurzoru pribatuaren azalerak mugatzeari dagokionez, jo bedi Udalez gaindiko Plan Sektorialera.”

Antolamendu xehakatuaren gaineko determinazio batzuk definitzen ditu hirigintza-tresnak, xehetasun azterlan baten eskumeneko eta xedekoak, eta, tramitazioari eta xedeari dagokienez, autonomia erkidego mailako hirigintza arloko legerian (35/2002 Foru Legearen 62. artikulua eta horrekin bat heldu direnak) eta lurralde antolamenduko tresnetan ezarritakoari jarraitzen dio (Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 9. eta 103.2 artikuluak).

Xehetasun azterlan hau tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko B-7 unitate morfologikoko B-7.1 lurzatiaren xehetasun azterlana, Promociones Mepro Navarra SLk sustatua, honako determinazio honekin:

–Altxaerak gutxi gorabeherakoak direnez, Udalez gaindiko Plan Sektorialeko araudian eta Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako gutxieneko altuerei eusten zaie, gorputz irtenetarako (3,00 m) eta eraikinaren azpiko igarobiderako (4,50 m).

3. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Ebazpen hau eta onetsitako agiria argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta jakinaraztea Burlatako, Iruñeko, Uharteko eta Eguesibarko udalei, Konpentsazio Batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari, espedientearen sustatzaileari eta alegatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Xehetasun azterlana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1705915