106. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2017 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Humberto Bustince Sola jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Humberto Bustince Sola 1958an jaio zen Uxuen. Zientzia Fisikoetako lizentziadun titulua lortu zuen Salamancako Unibertsitatean 1983an, eta Matematikako doktore titulua Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1994an. 1991tik irakaslea eta ikertzailea da NUPen. Gaur egun Automatika eta Konputazio Saileko katedraduna da.

Nazioarteko erreferente bat da logika intuizionista lausoaren zientzia-arloan, eta arduraduna NUPeko GIARA-Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbileko ikerketa taldean. Ikerketa-lan handia egin du: ikerketa artikuluak idatzi ditu (210 baino gehiago), tesiak zuzendu ditu eta nazioko zein nazioarteko hitzaldi eta biltzarretan ekarpenak egin ditu (150 baino gehiago). Horrez gain, logika lausoari buruzko lau libururen egilekidea da, eta agregazio funtzioei buruzko liburu batena.

Erreferente bat da diziplinaren aplikazioan teknologia berrien garapenaren eta erabileraren arloan, minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen diagnostiko medikoan aplikatzeko, bai eta haren aukera terapeutikoetan ere.

Humberto Bustincek egindako ikerketen berrikuntza eta garrantziagatik, eragin handiena duten zazpi egileen artean dago bere zientzia diziplinan. Bestaldetik, “Computational Intelligence Society” elkarteak zientzialarien nazioartekotzeari buruz egindako rankingaren arabera, Humberto Bustince munduko zientzialari gailenetako bat da arlo horretan.

Humberto Bustince eredu bat da irakaskuntzaren eta ikerketaren sustapenean, I+G+B-ko jardueretan aplikatzeko. Gisa horretan, Humberto Bustince erruz saiatu da azterlan zientifikoak berritzen, eta lagundu du Nafarroan jakintza eta ikerketa garatu daitezen.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Humberto Bustince Sola jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 17an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Humberto Bustince Sola jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1706061