93. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartua, klima aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orria prestatzeko lanei hasiera ematen diena.

Nafarroako Gobernuaren 2015-2019 legegintzaldirako Akordio Programatikoak, ingurumenari buruzko atal programatikoan, ingurumenaren kudeaketaren arloari dagokionez (1.1 eta 1.2 atalak), aurreikusten du osoko eta zeharkako ingurumen estrategia bat prestatu, onetsi eta ezartzea Nafarroan, eta Europar Batasunaren 20/20/20 konpromisoa bere egitea (emisioak %20 murriztea, eragimen energetikoa %20 igotzea eta energia berriztagarrien ondoriozko energia %20 izatea). Gainera, berotegi-efektuko gasak eta osasunarentzat kaltegarriak diren gas eta partikula oro murrizteko ahaleginak egitea aurreikusten du.

Akordio programatikoaren E) atalak, bestalde, ingurumen arloko jasangarritasunari lotutako eredu energetikoa du hizpide.

2015eko azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Kideen Konferentziak bilkura egin zuen Parisen (COP21), eta hartan Parisko Akordioa onartu zen, non klima aldaketaren aurkako borrokaren esparru orokorra ezartzen baita 2020tik aurrerako urteetarako.

Parisko Akordioak 29 artikulu ditu, eta haren helbururik garrantzitsuena hauxe da: “munduko batez besteko tenperatura-igoera 2 ºC-tik oso azpitik mantentzea industrializazioaren aurreko mailekin alderatuta, eta ahaleginetan jarraitzea tenperatura-igoera hori 1,5 ºC-ra mugatzeko, industrializazioaren aurreko mailekin alderatuta”.

Era berean, azpimarratu beharra dago hauek direla lortu diren emaitza nabarmenenak:

–Emisio baxuak dituen ekonomia bateranzko trantsizioa sustatzen da, klima aldaketari erresilientziaz erantzuten diona.

–Epe ertain eta luzera begira emisioak murriztearen garrantzia jasotzen da, berotegi-efektuko gasen xurgapenen eta emisioen arteko oreka lortzeko.

–Herrialdeak behartzen ditu, bost urtetik behin, emisioak murrizteko helburuak jakinaraztera eta konpromiso horiei eustera, eta, orobat, akordioaren helburuak lortzeko politika eta neurri nazionalak abian jartzera.

–Emisio baxuko garapen ereduetara aldatzen joateko oinarriak finkatzen dira (100.000 milioi dolar 2020tik aurrera), akordioaren neurriak txertatzen laguntzeko asmoz.

–Berrikuspen ziklo edo anbizio sistema bat ezartzen da, bost urtean behin (lehenbizikoz 2023an), akordioaren inplementazioari buruzko balantzea egin dadin, 2ºC-ko igoeraren gainean aipatutako helburuari dagokionez.

–Besteak beste, batzorde bidegile bat eratzea aurreikusten da erabakia aplikatzeko eta betearazten dela sustatzeko, epaitze-asmorik eta zigor asmorik gabe.

–Egokitzeari dagokionez, besteak beste, egokitzeko gaitasuna handitzea eta urrakortasuna murriztea ezartzen dira helburu orokor gisa.

–Kalteak arintzeari dagokionez, besteak beste, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea faboratuko duten presako egokitzapen ekintza batzuk identifikatzea ezartzen da helburu gisa.

Hortaz, une egokia da egungo egoera berriz analizatzeko eta Nafarroako Gobernuak klima aldaketa dela-eta abian jarriko dituen jarduketen ibilbide-orria proposatzeko.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako txostena ikusirik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Klima aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orria prestatzeko lanei hasiera ematea, erabaki honi erantsitako I. eta II. eranskinetan jasota dagoen bezala.

2. Horretarako, Departamentuarteko Batzorde bat eratzea, non Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztien ordezkariak izanen diren. Batzordearen eginkizun nagusia izanen da aurreko atalean ezarritako ibilbide-orria prestatzea eta abian jartzea.

Horiek horrela, departamentu bakoitzak Departamentuarteko Batzordean izanen d(it)uen ordezkaria edo ordezkariak izendatu beharko d(it)u.

Batzordeko lehendakaria Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria izanen da, edo haren eskuordetza duen pertsona.

Batzordeko lehendakariordea Garapen Ekonomikorako kontseilaria izanen da, edo haren eskuordetza duen pertsona.

Departamentuarteko Batzordearen funtzionamendua haren lehenengo bilkuran finkatuko da. Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei atxikitako sozietate publikoen ordezkariak Batzordearen bileretara joaten ahalko dira.

3. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara igortzea, Departamentuarteko Batzordean izanen dituzten ordezkariak izenda ditzaten, eta izendapena Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi diezaioten.

4. Erabaki hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

I. ERANSKINA

Klima aldaketa dela-eta Nafarroan egin beharreko jarduketen ibilbide-orria prestatzeko lanak

1. fasea: Nafarroako Gobernuaren barne-dinamizazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan barne-dinamizaziorako prozesu bat abian jartzea proposatzen da. Prozesu horren abiapuntua izanen da Nafarroako Gobernuak berrestea garrantzitsua dela klima aldaketari buruzko politika koherente proaktiboak hartzea etorkizunari begira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrek horren gaineko jarraibideak eman beharko dizkiete beren menpeko zuzendari nagusiei eta teknikari taldeei, norabide horretan elkarrekin lan egiteko.

Garrantzitsua da departamentu bakoitzak bere egituraren barrenean identifikatzea behar diren ekintzak aurrera eramateko eskudun diren zuzendaritza nagusi, zerbitzu eta sozietate publikoak. Hasiera batean, unitate horiek II. eranskinean aipatzen direnak izanen dira, geroago beste batzuk gehitzen ahal badira ere.

Garrantzitsua da, orobat, lan horiek koordinatu, antolatu eta sustatzea. Horretarako, Departamentuarteko Batzorde bat eratu beharko da, eskumena duten departamentuen ordezkariak izanen dituena. Haren eginkizuna izanen da klima aldaketa dela-eta sustatu beharreko neurriak identifikatzea eta beren programetan integratzea, hala haren eragina arintzeari begira, nola egokitzeari begira. Gainera, klima aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orriaren proposamena prestatuko du.

Era berean, etorkizunari begira estrategia sektorialak prestatzen ari diren departamentuek klima aldaketaren arloa txertatu beharko dute estrategia horietan.

Neurri horiek identifikatzearekin batera, gogoeta egin beharra dago arlo honetan politika zehatzak hartu dituzten beste erregio batzuen proposamenen gainean, gure errealitatera egokitzen ahal diren aztertzeko. Hortaz, beharrezkoa da arlo hau sakon aztertzea eta beste erregio batzuek klima aldaketaren gainean dituzten plan eta estrategiak kontsultatzea.

Hasieran egin beharreko lanetako bat da identifikatzea haietako bakoitza garatzen ari den edo etorkizunean garatuko dituen plangintza edo programazio ekimenak.

Bultzatu beharreko neurriak identifikatzeko, aintzat hartzen ahal dira bai MAGRAMAn zehaztutako ibilbide-orriko neurriak, baita beste autonomia erkidego batzuetan hartutakoak ere.

Honako arlo hauen gaineko alderdi esanguratsu guztiak aurreikusiko dira:

–C02 emisioak arintzea eta hustulekuak.

–Egokitzapena-sektore kalteberak eta neurri eredugarriak (jardunbide egokiak).

–Komunikazioa eta sentsibilizazioa.

Horietako bakoitzeko azalpen fitxa bat prestatuko da, inplikaturiko zerbitzuek analizatuko dutena.

–Egutegia:

Nafarroako Gobernuan barne-gogoetarako fase hau egiteko gutxi gorabeherako egutegi bat ezarri beharra dago. Horretarako, data hauek proposatzen dira:

  • 2016ko apirilaren 22a - Ekimena aurkezteko ekitaldia.

Ekimena abian jartzeko jendaurreko ekitaldi bat antolatuko da, gai hauen gaineko parte-hartzeak izanen dituena: klima aldaketa oro har, Nafarroako egoera, eragina arintzeko nazioartean hartutako neurriak, klima aldaketari egokitzeko moduak, eta, azkenik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak Gobernuaren ekimena aurkeztuko du.

  • Maiatzaren 10a - Departamentuarteko Batzordea eratzea.

Departamentu bakoitzak Departamentuarteko Batzordean izanen dituen ordezkariak izendatu ondoren, Batzordea eratuko da, eta haren lehenbiziko bilkuran (maiatzaren 10erako aurreikusi da), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko ordezkariek ekimena zehatz-mehatz azalduko dute eta bertaratzen diren guztiek alderdi orokorrei eta aplikatu beharreko neurriei buruz eztabaidatuko dute. Neurriak aztertzeko konpromisoen egutegia ere finkatuko da.

  • Ekainaren 13-17 - Klima aldaketaren astea.

Aste horretan tailerrak antolatuko dira, non arlo honen gaineko alderdi garrantzitsuenak jorratuko dituzten zenbait aurkezpen eginen baitira, adibide gisara.

  • Uztailaren 1a - Departamentuarteko Batzordearen bilera.

Barneko fasean egindako lanen jarraipena. Sortutako itxaropenak eta espero den anbizio maila.

Ordura arte egindako lanen ondorioz, departamentu bakoitzak gai izan beharko luke ibilbide-orriaren zirriborroa prestatzeko, 2017ko aurrekontuetan txertatzeko.

2. fasea: 2020-2030-2050 proiekzioak prestatzea.

Aplika litezkeen neurriak hautatzeko fasearen ondoren, zorrotzago aztertu beharko dira, zenbateko murrizketa eragin dezaketen ezagutzeko eta, horrela, Nafarroako Foru Komunitatean izan dezaketen interesa neurtu eta baloratzeko. Lan horretarako, ezinbestekoa izanen da inbertsio ratio hau ezagutzea neurri bakoitzeko: saihestuko den CO2 tona/euro.

Horretarako, eredu matematiko egokiak erabil beharko dira (MAGRAMeko eredua, esate baterako), hedadura beharrak eta klima aldaketarako proposatutako neurrien anbizioa kontrastatzeko, baita neurri horien kostua eta hartutako konpromisoekiko kostua/onura erlazioa ere.

Neurri horiek aplikatu ondoren, erabakiko da hartutako konpromisoak betetzeko eta helburu handiagoak lortzeko neurri gehiago ikertzen segitu behar ote den edo identifikatutako neurriak indartsuago aplikatu behar ote diren, baliabide gehiago bideratuz.

Fase hori, aurreikuspenen arabera, 2016ko laugarren hiruhilekoan gauzatuko da. Ikusi beharko da ea egokia den fase honetan zenbait arlotako adituen lankidetza bilatzea, batez ere Nafarroako unibertsitateetako adituena, neurrien analisi eta proiekzioari buruzko aholkuak emateko.

3. fasea: Parte-hartze publikoaren fasea.

Proiekzioen analisiarekin batera, parte-hartze publikoaren fase bat irekiko da, non informazio-komunikazio bilerak eta eztabaida bilerak konbinatuko diren.

Nolanahi ere, parte-hartze publikorako prozesu hau Nafarroako Gobernuaren Plan Sektorial Estrategikoen esparruan garatuko diren parte-hartze prozesuek elikatuko dute zuzenean.

Parte-hartze prozesu hori zehazterakoan, sektore sozial guztien eta administrazio maila guztien parte-hartzea bermatu beharko da:

–Toki entitateak.

–Elkarteak.

–Sektore ekonomikoak eta enpresa sektoreak.

Eta gai hauek behar bezala jorratu beharko dira:

–Energia.

–Mugikortasuna.

–Lehen sektorea.

–Biodibertsitatea.

–Etxebizitzaren sektorea eta zerbitzuak.

–Hezkuntza-komunikazioa-sentsibilizazioa.

–Osasuna.

–Hondakinak.

–Turismoa.

Fase hau 2016ko uztailean finkatuko da, Departamentuarteko Batzordearen bigarren bilkuran, uztailaren 1aren inguruan. 2016ko hirugarren hiruhilekoan eta 2017ko lehen seihilekoan gauzatuko da.

4. fasea: Klima aldaketari buruzko ibilbide-orria erredaktatzea eta onestea.

Nafarroako Gobernuaren barreneko eztabaida fasea eta parte-hartze publikorako prozesua bukatu ondoren, Departamentuarteko Batzordeak, batzorde teknikoak proposaturik, klima aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orria erredaktatzeari ekinen dio, hura behin betiko onetsi arte ezarrita dagoen legezko prozesuari jarraipena emanen diona.

Fase horrek 2017ko lehenengo seihilekoa hartuko du, eta espero da klima aldaketari buruzko Nafarroako ibilbide-orria 2017. urtean onestea behin betiko.

II. ERANSKINA

GARAPEN EKONOMIKORAKO DEPARTAMENTUA

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.

–Politika Ekonomikoaren Zerbitzua.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzua.

–Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.

–Lan Zerbitzua.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia.

–Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzua.

–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia.

–Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzua.

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua.

–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzua.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

–Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua.

–Garraio Zerbitzua.

Sozietate publikoak:

SODENA.

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUA

Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia.

–Etxebizitza Zerbitzua.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

Sozietate publikoak:

Navarra de Suelo y Vivienda, S.A. (Nasuvinsa).

OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO DEPARTAMENTUA

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusia.

–Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzua.

–Ondare Zerbitzua.

Nafarroako Zerga Ogasuna.

–Hitzarmen Ekonomikoaren eta Finantza Plangintzaren Zerbitzua.

–Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzua.

LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO,
BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA

Barne Zuzendaritza Nagusia.

–Babes Zibilerako Zerbitzua.

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia.

–Komunikazio Zerbitzua.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusia.

OSASUN DEPARTAMENTUA

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO
ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO DEPARTAMENTUA

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia.

–Nekazaritza Zerbitzua.

–Abeltzaintza Zerbitzua.

–Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzua.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

–Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua.

–Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzua.

–Biodibertsitatearen Zerbitzua.

–Ur Zerbitzua.

–Mendi Zerbitzua.

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia.

–Toki Azpiegituren Zerbitzua.

–Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzua.

Sozietate publikoak:

Gestión Ambiental de Navarra S.A. (GAN).

Navarra de Infraestructuras Locales, S.A. (NILSA).

Instituto Navarro de Tecnologías e Infraestructuras Agroalimentarias S.A. (INTIA).

KULTURA, KIROL ETA GAZTERIA DEPARTAMENTUA

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

–Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Iragarkiaren kodea: F1605210