85. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2016 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, “Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren programen segimendua” izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 17. artikuluan ezartzen denez (abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak), Programen Jarraipenerako Atalari dagokio, besteak beste, “erakundeak kudeatutako programen, diru-laguntzen eta laguntzen exekuzioaren kontrola eta segimendua, erakundearen gainerako administrazio unitateekin lankidetzan, batez ere, Europar Batasunaren Egiturazko Funtsekin batera finantzatzen direnena”.

Eginkizun hori betetzeko, gogobetetzeari buruzko galdetegiak egin behar zaizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako programen edo ekintzen onuradun edo erabiltzaile izan direnei. Horretarako, pertsona horien datu pertsonalak bilduko dira, eta kasuan kasuko fitxategi informatizatura erantsiko dira. Datu horiek, diru-laguntzen edo languntzen onuradunek emanen dituzte.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 20.1. artikuluan xedatzen duenez, Herri Administrazioen fitxategiak sortu, aldatu edo kentzeko modu bakarra dago: xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak 53.3 artikuluan ezartzen du autonomia erkidegoen ardurapeko fitxategietan kasuan kasuko legeria berariazkoari jarraikiz jokatuko dela.

55.1. artikuluak ezartzen duenez, fitxategiaren ardura duen Administrazioko erakunde eskudunak datu pertsonalak dituzten titulartasun publikoko edozein fitxategiren gaineko jakinarazpena eginen dio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskriba dezan hogeita hamar eguneko epean, fitxategia sortzen duen arau edo erabakia kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen esku dauden eta datu pertsonalak dituzten fitxategi informatizatuak uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira. Haren 2. artikuluan ezartzen da fitxategien ezaugarriak aldatzeko, haiek deuseztatzeko eta fitxategi berriak sortzeko, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik dagoen, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Espedienteko txostenen arabera, beharrezkoa da foru agindu honetan azaltzen diren ezaugarriak izanen dituen fitxategi informatizatu bat sortzea, datu pertsonalak bilduko dituena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren programen segimendua” izeneko fitxategi informatizatua sortzea”, ondotik zehazten den moduan:

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak: datu-base bat sortzea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako programa, diru-laguntza eta laguntzen kontrolean eta segimenduan sortutako informazioa biltzeko.

b) Datuen jatorria: programen, diru-laguntzen eta laguntzen onuradunengandik eskuratuko dira datuak zuzenean.

c) Fitxategiaren egitura: fitxategia erabat informatizatua.

d) Datu hauek bilduko dira:

–Pertsonen izen-deiturak edo sozietatearen izena.

–NANa edo IFZ.

–Bizilekuaren herria edo sozietatearen helbidearena.

–Telefonoa.

–Posta elektronikoa.

–Adina (adin-tarteetan zehaztuko da).

–Sexua.

e) Fitxategiak ez du babes berezia duen daturik bilduko.

f) Datuen komunikazio aurreikusiak: ez da eginen.

g) Datuen nazioarteko transferentzia aurreikusiak: ez da eginen.

h) Fitxategiaren ardura duen organoa: Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua.

i) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea zein zerbitzu edo unitatetan erabili: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua (Tomás Caballero parkea 1, 2. solairua, Printzearen Gotorlekua II eraikina, 31005, Iruña).

j) Segurtasun maila, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren Erregelamenduaren VIII. tituluaren arabera: oinarrizko maila.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, bai eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziara ere, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatzeko.

Iruñean, 2016ko martxoaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1603761