82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

56/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako Kontseilariak emana, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S-90 eredua onesten duena, 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako, eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarritako tokian eta moduan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzeari eta hobetzeari heltzen die, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik, errespetatzeko haien eskubideak eta bermeak, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra S-90 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.

Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistroen diseinuak zehazten dira. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaindu behar dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorrak) subjektu pasiboek, aldiz, beren aitorpenak aurkezten ahalko dituzte fitxategi bat bide telematikoen bitartez igorriz, horretarako betez, zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek dagokion eredurako zehazten dituen erregistroen diseinuak, edo, bestela, 320 eredua aurkeztuz, hots, “Nafarroakoaz besteko araudiko sozietateen gaineko zerga” izenekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 5eko 257/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia.

S-90 eredua egokitu egin behar da, kontuan hartuz abenduaren 24ko 29/2014 Foru Legean, araudi fiskala aldatzeko eta jarduera ekonomikoa pizteko neurriak hartzeko hartan, eta martxoaren 18ko 10/2015 Foru Legean, Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea, besteak beste, hein batean aldatzen duen hartan, sartu diren aldaketak.

Ekitaldi honetako aitorpenerako berritasunen artean, aipagarriak dira karga-tasen murriztapen orokorra, gutxieneko tributazioaren aplikazioa eta honako kenkari hauen ezabapena: informazioaren eta komunikazioaren teknologien sustapenerako; lanbide-heziketako gastuengatik; enpresek enplegu-pentsioen planetarako edo enpresaren aurreikuspen sozialeko tresna gisa jarduten duten aurreikuspen sozialeko mutualitateetarako kontribuzioak egiteagatik edo desgaitasuna duten pertsonen ondare babestuei ekarpenak egiteagatik; balore-eskualdaketan berrinbertsioa egiteagatik; desgaitasuna duten pertsonen aldeko inbertsio jakin batzuk egiteagatik; eta esportazioa sustatzeagatik.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren eredua (S-90) onestea.

1. Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S-90 eredua onesten da, 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.

2. Subjektu pasibo guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute S-90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. artikulua. Aitortu beharra.

Behartuta daude aitorpena S-90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen 24/1996 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen direnak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboek 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkezten ahalko dituzte autolikidazioak.

3. artikulua. Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. Subjektu pasiboek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arte doan epearen barnean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, subjektu pasiboek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.

1. S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza-programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak S-90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrialdean ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboei dagozkien autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo EAEko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bestela, 3. atal honetan aipatutako autolikidazioak 320 ereduaren bidez aurkezten ahalko dira, hots, “Nafarroakoaz besteko araudiko sozietateen gaineko zerga” izenekoaren bidez (Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 5eko 257/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia).

5. artikulua. S-90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.

a) S-90 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza-programa erabiliz, honako urrats hauek egin beharko dira:

1. Aitorpena betetzea, laguntza-programa erabiliz.

2. Aitorpena bete ondoren, balidatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartu-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko ondoko helbidean: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartu-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko ondoko helbidean: http://www.hacienda.navarra.es.

6. artikulua. S-90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S-90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera dokumentazioa aurkeztu behar duten subjektu pasiboek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute dokumentazioa eransteko betebehar hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Subjektu pasiboek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

7. artikulua. Eragiketa lotuei buruzko informazioa.

S-90 ereduko eragiketa lotuei dagokien atala osorik bete beharko da baldin eta pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketa horietan dokumentazioa nahitaezkoa bada, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduko 20 ter artikuluak xedatzen duenez.

Hala ere, eragiketa horiengatik ez da aitortu beharrik izanen, baldin eta mota bereko pertsona edo entitate lotu bakoitzeko baterako zenbatekoa, balorazio-metodo berberarekin kalkulatuta, 100.000 euro baino handiagoa ez bada.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko apirilaren 5ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako Kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1604190