80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

106/2016 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016ko udaberriko eta udako laguntzen deialdia egiten duena irakasleen atzerriko prestakuntzarako.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, atzerriko hizkuntzak edo atzerriko hizkuntzetan irakasten duten irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legeei jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen atzerriko prestakuntza sustatzea.

Xedeko hizkuntza berezko duen herrialde batean prestakuntza jasotzea funtsezkoa da, hizkuntza berezko egoera batean erabiltzen baita eta hizkuntza berezko duen herrialdearen alderdi soziokulturalak eskuratzea errazagoa baita.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du eta horretan aditzera eman du beharrezkoa dela laguntzen deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan atzerriko hizkuntzak edo hizkuntzaz bestelako irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakasten dituzten irakasleek udako atzerriko ikastaroak egin ditzaten.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Banakako laguntzetarako (gehienez 40rako) deialdia onestea, atzerrian ikastaro bat egiteko. Parte hartzeko oinarriak ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Gehienez 40.000 euroko gastua onestea, 2016ko Aurrekontuko “Atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 421002-42420-4809-321202 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Hezkuntzako berriak) eta www.navarra.es/home_eu (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalari, Irakasleen Prestakuntzako Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

1. ERANSKINA

2016ko udaberriko eta udako laguntzen deialdiaren oinarri
arautzaileak, irakasleen atzerriko prestakuntzarako

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak gehienez ere 40 laguntzarako deialdia egin du, Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan zein Hizkuntza Eskola Ofizialetan atzerriko irakaskuntzak (ingelesa, frantsesa edo alemana) edo atzerriko hizkuntzetan (IIP, AIP edo AAEE) irakasten dutenentzako, 2016ko udaberrian eta udan atzerriko ikastetxe eta unibertsitateetan prestakuntza ikastaroak egin ditzaten.

Irakasle eskatzaileek ikastaroa ematen duen erakundearekin zuzenean kudeatu beharko dituzte deialdi honen bidez diruz laguntzen diren udako atzerriko ikastaroak.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

–Jarduneko irakaslea izatea.

–Atzerriko hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana) edo atzerriko hizkuntzatan (IIP, AIP edo AAEE) irakastea Foru Komunitateko Haur, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, edo

–Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaslea izatea.

Hirugarren oinarria.–Udako atzerriko ikastaro bat egiteko banakako laguntzen deskribapena.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

–Ikastaroaren xede den hizkuntza ofiziala duen herrialde batean egin beharko da ikastaroa.

–Ikastaroaren edukia linguistikoa edo metodologikoa izan beharko da, ez bestelakoa.

–Gutxienez bi asteko iraupena eta berrogei irakastordu izan beharko ditu.

Ondorio horietarako, eskolaz kanpoko jardueren edo jarduera soziokulturalen orduak (bisitak, antzerkia, zinea, etab.) ez dira inola ere zenbatuko.

–Ikastaroak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.

3.2. Laguntzen banaketa.

Guztira 40 laguntza emanen dira. Horietatik, 24 sare publikoko irakasleentzat (ingeleseko 18, frantseseko 3 eta alemaneko 3) eta 16 sare itunduko irakasleentzat (ingeleseko 12, frantseseko 2 eta alemaneko 2).

Sare edo hizkuntza bati erreserbatutako kopuru osoa esleitzea posible ez bada, esleitugabeak beste sare edo hizkuntza bati emanen zaizkio.

3.3. Laguntzen zenbatekoa eta estaldura.

3.3.1. Laguntzen xedea da matrikula eta ostatua finantzatzea.

Gehienez ere 1.000 euroko laguntza jasoko da.

Laguntza jasotzeko, ikastaroa egin behar da, matrikulari eta ostatuari lotutako gastuen frogagiriak aurkeztu eta egiaztatu, eta ikastaroaren ordu guztiak zehazten dituen bertaratze ziurtagiria aurkeztu 2015eko irailaren 15a baino lehen. Gastuak deialdi honetako 7. oinarrian xedatzen denaren arabera frogatu beharko dira.

3.3.2. Hezkuntza Departamentuak gastuetako edo haien frogagirietako batzuk aintzat ez hartzeko eskubidea gordeko du beretzat, gehiegizkotzat edo desegokitzat jotzen baditu. Kobratzen den laguntzak ez dio inoiz mozkinik sortuko esleipen-hartzaileari. Diru-laguntza hauengatik ez da zergarik pagatu behar.

3.3.3. Laguntza baten esleipena hartzen duen pertsona baino ez da arduratuko hautatu den ikastarorako inskripzioa, ostatua eta bidaiaren antolaketa kudeatzeaz eta egin beharreko ordainketak egiteaz.

Laugarren oinarria.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

Honetaz gain Hezkuntza Departamentuak udako ikastaroetarako egiten dituen deialdietako beste batean laguntza eskatzen bada, bi eskaeretan bakoitzari ematen zaion lehentasuna adierazi beharko da derrigorrez.

4.1. Eskaeren aurkezpena.

a) Oro har, eskaera web helbide honetako datu-orriaren bidez eginen da:

https://docs.google.com/forms/d/1tfRo5_sKYNyGBOVGkXfSqxfS9A1Vl22ihMFwpN-3Drw/viewform?edit_requested=true.

Kasu honetan, eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatu eta posta elektroniko honetara bidaliko da: idiomas@educacion.navarra.es

Mezuaren GAIAN “EXTRANJERO” eta eskatzailearen izena eta bi deiturak idatzi beharko dira derrigorrez.

b) Bestela, ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira.

Nolanahi ere, arestian esandako deus ere ukatu gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko dira, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioaren aurkezpena, etab.) telematika bidez egin daiteke, http://www.navarra.es/home_eu webguneko zerbitzuen katalogoaren bidez. Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko, ziurtagiri digital bat edo NAN elektronikoa izan beharko da, webgune berean eskuratzen ahal dena.

Departamentuak diru-laguntzak emateko xedeei dagokienez programa egokia den edo ez baloratuko du. Ezezko balorazioa jasotzen badu, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horren berri emanen dio eskatzaileari, 5 egun naturaleko epean ikastaro berri baten programa aurkez dezan. Laguntza ematea beste ikastaro baten aurkezpenaren eta haren egokitasunaren baldintzapean egonen da.

Era berean, laguntzaren eskabidea aurkeztu eta gero, hautagaiak ikastaroa aldatzen badu, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio behin betiko zerrendak argitaratu baino lehen, hautatu duen ikastaro berriaren programa erantsirik, hark onets dezan. Hori ezean, ez da bermatzen laguntza emanen dela.

Egokitzat jotzen bada, agiri osagarriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Ikastaro eta laguntza horiek eskuratu ahal izateko eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura zuzenduko dira beti.

4.2. Nahitaezko dokumentazioa.

a) Ikastetxe publikoak:

–Zerbitzu orrietan egiaztatuko da zein ikasturtetan irakatsi den hizkuntza. Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalak ofizioz eskatuko dizkio orriak Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horregatik, eskatzaileak ez du datu hori eman behar.

–Aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, AIP edo AAEE) zein ikastetxetan irakatsi edo irakasten den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina). Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

–Zinpeko aitorpen betea, 9. eranskineko ereduaren arabera.

B) Sare itunduko ikastetxeak.

–Aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesa, frantsesa edo alemana edo hizkuntza horietaz (IIP edo AAEE) zein ikastetxetan irakatsi edo irakasten den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina). Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

–Zinpeko aitorpen betea, 9. eranskineko ereduaren arabera.

4.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu arituko dena, edo berak emandako eskuordetzea duena.

–Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Ataleko burua.

–Ataleko bi aholkulari.

Hautapen batzordeak baloratu eta barematuko ditu parte hartzeko eskabide guztiak, 3. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak hautaketa prozesuaren behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu zerrenda batean, Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki-oholean, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es) eta www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio webgunean (Gaur-gaurkoa atala).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren eta lortutako puntuazioaren zerrenda.

–Erreserban diren eskaeren eta lortutako puntuazioaren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den erantsirik.

Zerrendetan zenbaki bana esleituko zaie eskatzaileei, berdinketarik bada zozketa publiko baten bidez ebazteko. Zozketa Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) iragarriko da.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, aipatutako behin-behineko ebazpena argitaratu eta 3 egun balioduneko epean. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, batzordeak laguntzak emateko behin betiko zerrenda argitaratuko du.

Emandako laguntzari uko egin nahi izanez gero, behin betiko zerrenda argitaratu eta 5 egun naturaleko epean, hautatuek deialdiaren 4. eranskina, laguntzari uko egiten zaiola azaltzen duena, igorri beharko dute Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, posta elektronikoz (idiomas@educacion.navarra.es).

Mezuaren GAIAN “RENUNCIA-EXTRANJERO” eta eskatzailearen izena eta bi deiturak idatzi beharko dira derrigorrez.

Bestela, laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

Epea bukatutakoan ere uko egiteak jasotzen ahal direla aurreikusita, epe horren ondorengo ukoak hurrengo deialdietatik baztertzeko arrazoi izanen direla ezarri da, ezinbesteko kasuetan izan ezik betiere.

Ikastaroak egiteko epea bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak deialdi hau ebatziko du, batzordearen proposamenarekin bat.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du ikastaroa egin aurretik laguntzaren esleipena bertan behera uzteko, baldin eta destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora aldatu dela egiaztatzen bada edo betebehar gisa ezartzen diren baldintzetakoren batek hurrengo ikasturtean (2016-2017) ez duela indarra izaten jarraituko aurreikusten bada.

Zazpigarren oinarria.–Azken agiriak eta laguntzak ordaintzeko eskabidea.

Eskaera prozesuan bezala, ikastaroaren amaieran agirien aurkezpena Interneten bidez, http://www.navarra.es/home_eu webguneko zerbitzuen katalogoa erabiliz, edo erregistroaren bidez gauzatzen ahalko da, baita posta bulegoaren bidez ere.

2016ko irailaren 15a baino lehen, Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikaskuntzen Zerbitzuari zuzendutako honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ikastaroaren azken txostena, haren ezaugarri eta helburuak, egindako jarduerak eta norberaren balorazioa bilduko dituena; oro har, web helbide honetako datu-orriaren bidez eginen da (Chrome erabilita, ahal bada):

https://docs.google.com/forms/d/1UNbS4tXfWdErfkmUeSgNv-vledJDgo848UslBI5TCzs/viewform?edit_requested=true

Bestela, deialdi honen 5. eranskina bete eta posta elektroniko honetara bidaliko da: idiomas@educacion.navarra.es.

Mezuaren GAIAN “VALORACIÓN-EXTRANJERO” eta eskatzailearen izena eta bi deiturak idatzi beharko dira.

–Ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiriaren fotokopia. Hartan, erakunde antolatzailea, parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako jardueraren izena, ikastaroaren datak eta egindako irakastorduak azalduko dira. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza pagatzeko.

Eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta egitarau soziala ez dira zenbatuko.

–Gastuen laburpen orria (6. eranskina), jatorrizko fakturak eta dagozkien ordainagiriak, matrikulari eta ostatuari lotutako kontzeptuak zehaztuta. Interneten bidez aurkeztea hautatzen bada, baliozkotzat joko dira eskaneatu diren fakturak eta ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak jatorrizko ziurtagiriak eta fakturak aurkezteko eskatzen ahalko dio laguntzaren onuradunari edozein unetan, egokitzat jotzen badu.

–Zinpeko aitorpena, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan, Erasmus+ programaren KA1 proiektu baten barnean, atzerriko prestakuntzarako mugigarritasun laguntza baten onuraduna izan ez zela dioena.

–Sare itunduko irakasleek “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (7. eranskina) aurkeztu beharko dute, ez badute inoiz aurkeztu, dagokion banketxeak betea eta zigilatua. Agiria web helbide honetan ere bada:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Zortzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Deialdi honen 3. oinarriarekin bat, guztira esleitutako laguntzak pagatzeko, deialdiaren 7. oinarrian aipatzen diren azken agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

Laguntzaren onuradunak beharturik daude Hezkuntza Departamentuak eska diezaiekeen argibide oro ematera, eta dagokion finantza kontrolaren mende geldituko dira. Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Bederatzigarren oinarria.–Ziurtagiria.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ziurtagiri bat eginen du, jarduerari ofizialki aitorpena emanen diona, ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopurukoa.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

2016ko udaberriko eta udako atzerriko prestakuntzarako laguntzen deialdian parte hartzeko eskabidea.

3. ERANSKINA

Irakasleei 2016ko udaberriko eta udako atzerriko prestakuntzarako laguntzen deialdian aplikatu beharreko baremoa.

4. ERANSKINA

Atzerriko ikastaroak. Laguntza ekonomikoari uko egitea.

5. ERANSKINA

Azken txostena.

6. ERANSKINA

Norbanako laguntza ordaintzeko aurkezten diren fakturen laburpena.

7. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

8. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria.

9. ERANSKINA

Atzerriko ikastaroak. Zinpeko aitorpena

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604419