69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

90/2016 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarean sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat, 2016/2017 ikasturterako.

Martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, Garapenaren aldeko lankidetzari buruzkoak, 7. artikuluan ezartzen du ezen, Nafarroako Administrazio Publikoek, beren garapenerako lankidetza programetan sartuko dituztela, zuzenean edo Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeekin elkarlanean, garapenerako hezkuntzarako eta gizarte sentsibilizaziorako ekintzak. Halakotzat hartuko dira helburu hau dutenak: gizarteak garapen bidean dauden herrien arazoak hobeki ulertzea eta haienganako elkartasuna eta lankidetza aktiboa eragitea. Foru lege haren babesean, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluaren baitan adostu zen Nafarroako Garapenerako Hezkuntza Estrategia (2009-2012), eta helburuen artean, besteak beste, honako hau du: Nafarroako jendeak batera jokatzea nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren arloko hezkuntza eta sentsibilizazio esku-hartzeak hobetzeko batera jokatzea. Hala, ezinbesteko lan ildoa da hezkuntza formalean lan koordinatua egitea eta irakaskuntzako profesionalak prestatzea, Elkartasunaren aldeko Eskolen Sare bat sustatuz eta bultzatuz. Horrenbestez, Nafarroako Garapenerako Hezkuntzaren Estrategiari jarraipena emanez, Nafarroako Lankidetzarako II. Plan Zuzentzailean Garapenerako Hezkuntza da lehentasunezko hiru jarduketa ardatzetako bat. Haren helburua da herritarrak sentikorrak eta konprometituak izan daitezela sustatzea, eta modu horretan elkartasunaren kulturarekin bat datozen balio, jarrera eta trebetasunen garapena bultzatzea, eta, horretarako, besteak beste, aipatzen da hezkuntzako sektorearen eta lankidetzaren arteko koherentzia sendotu behar dela.

2009. urtetik, Nafarroako Foru Komunitatean “Elkartasunaren aldeko Eskolak” programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek garapenerako hezkuntza eta elkartasun balioak txertatzea curriculumean, zeharka, bai eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere. Garapenerako hezkuntza da hezkuntza prozesu etengabea, bideraturik dagoena hiritartasun globala sustatzera, halako ezagutza, jarrera eta balio batzuen bidez zeinak gai izanen baitira pobreziaren eta bazterketaren kontrako borrokarekin konprometitutako kultura bat sortzeko, bai eta giza garapen jasangarri batekin konprometitutakoa ere, betiere balioen hezkuntzaren barnean.

Helburu honetan ikastetxeei laguntza emateko, programak aholkularitza, prestakuntza, koordinazioa eta parte-hartzea eskaintzen ditu, halako moduz non beren artean eta ingurunearekin jokatuko duten elkartasunaren aldeko eskolen sare bat eratuko baita, eta, betiere, honako hauen elkarlana izanik: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren, Gizarte Politiketako Departamentuaren, hezkuntza komunitatearen eta Nafarroako GGKEen artean.

Garapenerako hezkuntzaren eta kontsumorako hezkuntzaren arloan Hezkuntza Departamentuak eta Gizarte Politiketako Departamentuak duten lankidetza hitzarmenak helburu du behar diren elkarlan eta koordinazio mekanismoak ezartzea, arlo teknikoan eta irakasleen prestakuntzan, Gizarte Politiketako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren artean, Nafarroako Gobernuan dauden baliabideak optimizatzeko eta hezkuntzako jarduketak bateratzeko, garapenerako hezkuntza eta kontsumorako hezkuntza ikastetxeetan txertatzeari begira.

Komeni da Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarea bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek deialdi publiko bat egitera behartzen du Hezkuntza Departamentua, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarean sartzeko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 4.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe publikoetan garapenerako hezkuntza jarduketak gauzatzeko, 2016ko aurrekontuko “Prestakuntza programak” izeneko 427002 42730 2269 321102 kontu-sailaren kargura.

4. 3.250 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe itunduetan garapenerako hezkuntza jarduketak gauzatzeko, 2016ko aurrekontuko “Prestakuntza programak ikastetxe itunduetan” izeneko 427002-42730-4811-321100 kontu-sailaren kargura.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarean sartzeko 2016ko deialdia

Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, Garapenerako Hezkuntza Proiektuak aurkez ditzaten, Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarean sartzeko, 2016. urtean.

Bigarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Ikastetxe bat sarean sartzeko proposatua izan dadin, garapenerako hezkuntzako proiektu bat aurkeztu behar du, eta baldintza hauek bete behar ditu:

a) Honako printzipio orokor hauek izatea:

–Garapenerako hezkuntzako edukiak txertatzea, zeharka, urteko programazio orokorrean eta/edo ikastetxearen programazio didaktikoetan, esaterako: justizia soziala eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna.

–Ikaslearen gaitasunak handitzea, gauza izan dadin herritar guztien erantzukidetasunari buruzko erabakiak hartzeko, giza garapen jasangarriaren prozesuan.

–Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, bazterketarik eza, genero berdintasuna, ingurumenarekiko kezka.

–Bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena sustatzea: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazken konponketa; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua...

–Familien eta komunitate osoaren parte hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.

–Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.

–Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen, Gizarte Entitateen, eta Administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.

–Irakasleei garapenerako hezkuntza kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta garapenerako hezkuntzan dagokien ardura handitzea, prestakuntza egokia emanez.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza proiektuan lankidetza eta elkartasunari buruz jasotako berariazko beharren edo lehentasunen gainean.

b) Lan proiektu bat jasotzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.

d) Familiek,Gobernuz Kanpoko Erakundeek, toki mailako beste entitate batzuek eta inguruneko gizarte zerbitzuek parte hartzeko ekintzak zehaztea.

Hirugarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Elkartasunaren aldeko Eskolen Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Elkartasunaren aldeko Eskolarako proiektu bat garatzea hiru urtean, gutxienez.

b) Ikastetxeko Elkartasun Batzordea, irakasleek eta ikasleek osatua, eratzea. Positiboki baloratuko da honako hauek parte hartzea: familiak, ikastetxean irakaskuntzakoak ez diren langileak, tokiko erakundeak eta proiektua garatzeko elkarlanean ari diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak.

Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

c) Azaroaren 1a baino lehen hurrengo ikasturterako lan plana aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera (ikusi IV. eranskina).

Era berean, ikasturte bakoitzeko uztailaren 6a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da. (ikusi V. eranskina).

Baldintza horiek bete ezean, Elkartasunaren aldeko Eskolen saretik baztertuko da.

d) Hiru urteak bukatutakoan, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikus VI. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Laugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Elkartasunaren aldeko eskolek laguntza hauek izanen dituzte: sareko Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta jarraipena, baita Nafarroako GGKEen koordinakundeko Garapeneko Hezkuntzarako arloarena eta laguntzen ari diren GGKEena ere; baliabide eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek garapenerako hezkuntzaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzien jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketak; garapenerako hezkuntzari lotutako jardueretarako diru-laguntzak; eta Elkartasunaren aldeko Eskola gisa kreditatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Elkartasunaren aldeko Eskolaren egiaztagiria lortu ondoren, ikastetxeek Elkartasunaren aldeko Eskola Sarearen kide izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta hirugarren oinarriko b), c) eta e) ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko elkartasun batzordea eratu dela azaltzen duten aktak.

–Garapenerako hezkuntzaren proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako baldintzak biltzen dituena (III. eranskina).

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Elkartasunaren aldeko Eskolen Nafarroako Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Prestakuntza Atalari zuzenduko zaizkio eskaerak.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Zazpigarrena.–Ikastetxeak hautatzea.

Sarearen Batzorde Teknikoak eginen du proiektuen balorazioa, VII. eranskineko irizpideak aplikatuz.

Elkartasunaren aldeko Eskolen Sareko batzorde teknikoa honela eratuko da: Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Ataleko 2 teknikari; Gizarte Politiketako Departamentuko Garapeneko eta Ekintza Humanitarioko Programen Ataleko 2 teknikari; eta Nafarroako GGKEen Koordinakundeko 2 teknikari.

Ikusirik Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena, eta, halaber, ikusirik Sareko Batzorde Teknikoaren txostena, Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, Elkartasunaren aldeko Eskolen Nafarroako Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena.

Deialdi honen ebazpen berak gehienez 375 euroko laguntza xedatuko du, Elkartasunaren aldeko Eskolen Nafarroako Sarean parte hartzen duten Nafarroako ikastetxe bakoitzarentzat, haien proiektuak gara ditzaten.

Garapenerako hezkuntza proiektuetan egindako gastua frogatzen duten fakturak ikastetxeek aurkeztu ondoren ordainduko da laguntza; betiere, 2016ko azaroaren 11 baino lehen.

Zortzigarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Sareko Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Elkartasunaren aldeko Eskolen lan taldean parte hartu duten irakasleei 2016-2017 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan parte hartzearen gaineko ziurtagiria emanen zaie, gehienez 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da: berrikuntza proiektuko 50 orduko partaidetza, gehienez ere.

Bederatzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Elkartasunaren aldeko Eskolen Nafarroako Sarea: parte hartzeko eskabidea (PDF).

III. ERANSKINA

Hiru urteko proiektua prestatzeko gidoia

1. Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.

2. Ikastetxearen testuinguruaren eta aurrekarien analisia garapenerako hezkuntzaren arloan.

3. Helburuak.

4. Edukiak, aurreikusitako jarduerak eta denboran nola bana daitezkeen.

5. Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

6. Metodologia.

7. Aurreikusiriko antolamendu mota eta funtzionamendua.

8. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea: ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasle ez direnak. Lankidetza, tokiko eragileekin eta elkarteekin.

IV. ERANSKINA

Ikasturteko lan plana prestatzeko gidoia

1. Proiektuaren izenburua.

2. 2016-2017 ikasturterako helburuak.

3. Edukiak, jarduera eta haiek denboran nola banatu.

4. Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

5. Zer ikaslerentzat den.

6. Hezkuntza komunitatearen parte hartzea.

7. Lan taldeko kideak.

V. ERANSKINA

Ikasturte bakoitzean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektuaren datu orokorrak: izenburua, helburuak, edukia eta zer ikaslerentzat den.

2. Ikastetxearen antolamendua garapenerako hezkuntzaren proiektua garatzeko.

3. Egindako jarduerak. Hasiera bateko asmo eta epeak noraino bete diren.

4. Baliabide materialak eta giza baliabideak. Proiektuan esku hartu duten irakasleen zerrenda.

5. Proiektuaren ebaluazioa eta hark behar dituen doiketak.

VI. ERANSKINA

Hiru urteko proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektua garatu deneko egoeraren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2. Proiektuko helburuak betetzea:

–Hasiera batean proposatuak.

–Proiektua bukatzean lortuak.

3. Proiektuko partaideak: irakasleak. Osasun arlokoak. Hezkuntza komunitatekoak (ikasleen gurasoen elkarteak, etab.). Erakundeak.

4. Egindako jarduerak.

5. Proiektuan egindako aldaketak hura gauzatu bitartean:

–Helburuak.

–Edukiak.

–Jarduerak.

–Metodologia.

–Baliabideak.

–Ebaluazioa.

–Beste batzuk.

6. Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak, eta zabalkundea.

7. Prestatutako materialak.

VII. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Proiektuan ondoko alderdi hauek azaldu beharko dira, proiektua bera eta irakasle parte-hartzaileen orduen ziurtapena baloratzeko oinarrizko alderdiak izanen baitira:

1. Testuinguruaren analisia, proiektua nola egokitzen den atzemandako beharretara.

2. Nolako ikastetxea den eta zer aukera dauden baliabideak erabiltzeko.

3. Proposatutako helburuen zehaztapena eta bideragarritasuna.

4. Hautatutako edukien eta proposatutako jardueren zehaztapena eta koherentzia.

5. Metodologia berritzailea.

6. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzea.

7. Prozesuaren ebaluazioaren deskribapena.

8. Proiektua koordinatzea inguruko beste ikastetxeekin, gizarte entitateekin edo zerbitzu publikoekin.

9. Beste ikastetxe batzuetan aplikatzeko izan dezakeen interesa.

Iragarkiaren kodea: F1603771