69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

88/2016 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2016/2017 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza programan hezkuntza berritzeko proiektuetarako deialdia erregulatuko duten arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Bestetik, aditzera ematen du hezkuntzako administrazioei dagokiela etengabeko prestakuntzako berrikuntza-programak sustatzea, eta ezagutzek eta metodoek, programa horietan, zientzien bilakaerari eta didaktika berariazkoei egokituta egon behar dutela.

Betebehar legal hori betetzeko, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berritzeko hainbat programa bultzatu ditu, berrikuntza-proiektuak sustatzeko deialdien bidez, etengabeko prestakuntzarako.

Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia esparruak jasoa du Europako gazteek helduarorako prestatzeko gaitasun oinarrizkoak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hau betez, deialdi honek oinarrizko gaitasunen curriculumaren garapenerako berrikuntza-proiektuak bultzatzea du helburu nagusia, bai eta hezkuntzaren kalitatea hobetzea ere.

Deialdi honek lagungarria izan nahi du hezkuntza berritzeko proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean eta urteko programazio orokorrean sar daitezen. Lagungarria izan nahi du, bestalde, irakasleen etengabeko prestakuntzarako hezkuntzako material eta baliabide berritzaileak sor daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016/2017 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza programan hezkuntza berritzeko proiektuak egiteko deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 35.000 euroko gastua baimentzea ikastetxe publikoen proiektuentzat, eta “Hezkuntza berritzeko programak” izeneko 2016ko aurrekontuko 427002-42730-2269-321200 kontu-sailari egoztea.

3. Gehienez ere 10.500 euroko gastua baimentzea ikastetxe itunduen proiektuentzat, eta “Ikastetxe itunduetan hezkuntza berritzeko programak” izeneko 2016ko aurrekontuko 427002-42730-4811-321102 kontu-sailari egoztea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari, Hezkuntzako Teknologien Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko martxoaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

2016/2017 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza programan hezkuntza berritzeko proiektuetarako deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Oinarri hauen helburua da neurriak arautzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan hezkuntza berritzeko esperientziak garatzen dituzten proiektuei laguntza emateko eta haiek aintzatesteko.

2. Deialdiaren helburuak.

a) Irakasleen prestakuntza bultzatzea, eta haien ezagutzak eta metodoak zientzien eta didaktika berariazkoen bilakaerara egokitu daitezen laguntzea.

b) Funtsezko gaitasunak curriculumean proposamen errealista eta bideragarrien bidez sar daitezen sustatzea.

c) Irakasleei jardunbide egokietarako pizgarriak ematea, eta haien lan onaren berri ematea.

d) Ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan irakasleek egiten duten lan berritzailea aintzat hartzea.

3. Proiektuetan parte hartzen duten irakasleak.

a) Eskaera egiteko momentuan eta proiektua garatzen den denboran Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeren batean jardunean diren irakasleek presta ditzakete proiektuak, ikastetxe horiek Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak edo Hezkuntza Berezikoak izan, edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak edo Batxilergokoak izan.

b) Irakasleek honela hartuko dute parte, ahal dela taldean:

1. Haur edo Lehen Hezkuntzako ziklo bereko irakasleak, edo Bigarren Hezkuntzako departamentu didaktiko bateko irakasleak.

2. Diziplina anitzeko lan talde bat, ikastetxe bereko irakasleek osatua.

3. Lan talde bat, zenbait ikastetxetako irakasleek osatua.

4. Beharkizunak.

Eskatzaileek berrikuntza-proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek beteta:

a) Proiektua hezkuntzako berrikuntza-lerro hauetakoren batean garatu beharko da:

–Funtsezko gaitasunak curriculumean sartzea unitate didaktiko integratuen elaborazioaren bidez.

–Ebaluatzeko zenbait teknika eta tresna erabiltzea, funtsezko gaitasunak zenbateraino eskuratu diren modu egokian adierazten baitute.

–Funtsezko gaitasunak garatzea:

  • Hizkuntza komunikaziorako gaitasuna.
  • Matematikako gaitasuna eta zientziako eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.
  • Gaitasun digitala.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Gaitasun sozial eta zibikoak.
  • Ekimena eta ekintzailetza.
  • Kultur kontzientzia eta adierazpenak.

–Zenbait arlotako hezkuntza-esperientziak garatzea (bizikidetza, berdintasuna, dibertsitatea, kultur aniztasuna, orientazioa eta beste batzuk).

–Hezkuntza esperientziak garatzea: ikasketa-komunitateak, lana proiektuka egitea, adimen anizkoitzak, hezkuntza emozionala, flipped classroom-a eta beste batzuk.

–Berrikuntza proiektuak, kalitatea kudeatzeko sistemetan.

–Hezkuntza berrikuntza, gaitasun, motibazio edo espektatiba akademiko handiagatik nabarmentzen diren ikasleen talentuaren garapenean laguntzeko.

b) Proiektuaren egitura III. eranskineko gidoiaren araberakoa izanen da, eta word formatuko fitxategi batean aurkeztuko da.

c) Proiektuak koordinatzailea izan beharko du. Hura izanen da lan taldearen arduraduna, baita Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea ere.

5. Proiektuen garapena.

Proiektuen lanerako plana 2016-2017 ikasturtean garatuko da.

6. Eskabideen aurkezpena.

Deialdian parte hartu nahi duten irakasleek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa.

–Proiektua, III. eranskinaren araberakoa.

7. Aurkezteko modua eta epeak.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskabidea, II. eranskinaren araberakoa.

–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen aitorpena.

–Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena.

Ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalera igorri beharko dira.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

8. Hautapen batzordea.

Proiektuak ondoko kide hauek osatuko duten batzorde batek hautatuko ditu:

–Prestakuntza Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Ebaluazio Ataleko burua.

–Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Kudeaketa Bulegoko burua.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua.

–Kalitate Bulegoko burua.

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Batzordea ezin izanen da eratu kide gehienak ez badaude.

Eraketa bileran, batzordeak zehaztuko ditu hautatutako proiektu bakoitzari funtsak esleitzeko aplikatu beharreko irizpideak.

Batzordearen bilera guztietan akta eginen da.

9. Hautapen prozesua.

Aurkeztutako proiektuak hautatzeko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proposamenaren justifikazioa: berrikuntzak konpondu nahi duen arazoa eta proposatzen den irtenbidea (10 puntu gehienez).

b) Ezarritako planaren kalitatea: helburuak, edukiak eta metodologia (10 puntu gehienez).

c) Deialdi honetan proposatutako berrikuntza-lerroekiko egokitasuna (10 puntu gehienez).

d) Proiektuaren originaltasuna (5 puntu gehienez).

e) Funtsezko gaitasunen garapenean oinarritutako proiektua izatea: edukiaren eta metodologiaren eragina irakaskuntzako praktikaren hobekuntzan, eta gelan duen bideragarritasuna (20 puntu gehienez).

f) Proiektuaren garapenean IKTak erabiltzea (10 puntu gehienez)

g) Gelako lanerako bideragarritasuna (10 puntu gehienez).

h) Beste ikastetxe batzuetan aplikatzeko izan dezakeen interesa (5 puntu gehienez).

i) Irakasle-taldeen inplikazioa eta parte-hartzea (10 puntu gehienez).

j) Proiektuaren izaera diziplina-artekoa (10 puntu gehienez).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntza Atalak deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak eman eta behar bezalako segimendua eta kontrola egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.

10. Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko ditu proiektu onartuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioa. Eskaeraren bat akatsekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, atzemandako akatsak zuzentzen ahalko dira. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dena, eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

11. Ebazpena jakinaraztea.

Hezkuntza Departamentuak posta elektronikoz jakinaraziko dio koordinatzaileari aurkeztu dion proiektua hautatu den edo ez.

12. Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hautatzen diren proiektuek 1.000 euroko laguntza hartzen ahalko dute, gehienez ere, garapen gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Zenbateko horiek 2016ko aurrekontuko “Hezkuntza berritzeko programak” izeneko 427002 42730 2269 321200 gastuen kontu-sailaren kargura eta 2016ko aurrekontuko “Ikastetxe itunduetan hezkuntza berritzeko programak” izeneko 427002-42730-4811-321102 gastuen kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroak eta bibliografia, eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak.

Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta eskersariak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

13. Laguntzen ordainketa.

Berrikuntza proiektuetan egindako gastua frogatzen duten fakturak koordinatzaileek aurkeztu ondoren, Prestakuntza Atalari zuzenduta, ordainduko dira laguntzak; betiere, 2016ko azaroaren 11 baino lehen.

14. Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Hautatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartzen duten irakasleek egiaztagiri bat jasotzen ahalko dute, 2016-2017 ikasturtean proiektuan gehienez ere 35 orduz parte hartu dutela frogatzeko, egindako lanaren aintzatespen gisa. Proiektuaren koordinatzaileari lan hori aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduz.

15. Azken memoria.

Koordinatzaileak berrikuntza-proiektu hautatuaren azken memoriaren kopia bat, CDan eta Word formatuan, bidali beharko du 2017ko maiatzaren 31 baino lehenago Prestakuntza Atalera; edo memoria hori helbide elektroniko honetara bidali: seccformacion@educacion.navarra.es.

16. Proiektuaren argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du.

Deialdian parte hartzeak horren oinarriak onartzea eta proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakartza berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Hezkuntzako berrikuntza-proiektuen deialdian parte hartzeko eskabidearen eredua (PDF).

III. ERANSKINA

Berrikuntza proiektuaren edukiak

1. Proiektuaren izenburua.

2. Gako-hitzak (hiru)

3. Proiektua garatuko den ikastetxe(ar)en izena.

4. Koordinatzailearen izen-deiturak:

5. Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz)

6. Aurkibidea.

7. Frogagiriak: (proiektua justifikatzen duen eduki berritzailea, proiektu horrek hezkuntza aukera berririk ekartzen duen, baita funtsezko gaitasunen garapenarekin loturarik duen ere).

8. Helburuak.

9. Helburuak eta jarduerak.

10. Metodologia.

11. Funtsezko gaitasunak eta proiektuarekin loturiko gai edo irakasgaiak.

12. Parte hartzen duen irakasle taldea.

13. Ikasleak.

14. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea.

15. Giza baliabideak eta baliabide materialak, eta beste erakunde batzuekiko itunak.

16. Gehituko diren IKTak.

17. Faseak eta tenporalizazioa.

18. Ebaluazio moduak.

19. Prestakuntza.

20. Aurrekontua.

IV. ERANSKINA

Azken memoriaren eredua

Memoriek honako atal hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1. Proiektuaren helburuak zein diren, eta zenbateraino bete diren.

2. Jardueren eta edukien zerrenda zehatza.

3. Tenporalizazioa. Garapenaren faseak.

4. Proiektuan parte-hartzen duten irakasleen zerrenda.

5. Erabili diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

6. Prestatutako materialak.

7. Proiektuak nolako eragina duen ikasleen ikasteko prozesuan (funtsezko gaitasunak aipatuko dira bereziki).

8. Esperientzia hau nola zabaldu daitekeen hezkuntza-komunitatera.

9. Barne-ebaluazioa, adierazleen arabera.

10. Balorazio osoa.

Iragarkiaren kodea: F1603688