69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Piperotako lokalak arautzen dituen ordenantza fiskala
Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2016eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Piperotako lokalak arautzen dituen ordenantza. Hori 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Funesen, 2016ko martxoaren 22an.–Alkate udalburua, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

PIPEROTAKO LOKALAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Atarikoa

Gure hirian etxabeak urte osoan edo festetan bakarrik aisiako toki gisa erabiltzen direnez, Funesko Udalak, jendearen eskaera hori eta ukitutako bizilagunen atsedena eta segurtasuna bateratzearren, baita erabiltzaileena ere, Festetako piperoak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen 2003ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran. Hark Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean hartu zuen indarra (2003ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 15ekoa).

Festetako piperoak arautzen dituen egungo ordenantzaren aplikazioak agerian jarri du zein zaila den jarduera hau, batez ere pipero iraunkorrak, herritarren bizitzarekin bateragarri egitea. Horren ondorioz, beharrezkoa da Udala behar diren tresnez hornitzea jarduera honek ukitutako bizilagun anitzek azaldu duten babesgabetasuna gainditzeko eta gazteen segurtasuna begiratzeko, izan ere jabeek haien eskura jarri dituzten lokal batzuek ez dituzte behar diren gutxieneko baldintzak, eta horiek beren gainetik kentzen dute lokalaren jabea izateak dakarren erantzukizuna.

Ordenantza honen bidez eguneratu nahi dira piperotako lokalei, bereziki iraunkorrak direnei, eskatzen zaizkien baldintza teknikoak, baita behar diren bideak ezarri ere bizilagunek atsedenarako duten eskubidea bermatzeko, bateragarria izan dadin jarduera honetan aritzea eta bizilagunen arteko bizikidetza.

Arautu beharreko funtsezko tresnak dira, batetik, ordenantza honetan xedatzen dena edo gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten piperoak ixteko prozedura ezartzea, eta bestetik, ordutegiak ezartzea; gisa horretara bermatuko da ezein pipero ez dela jardueran ariko aitzinetik lizentziarik eskuratu gabe.

Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeak, hiritarraren estatutuaren barrenean (4. eta 5. artikuluak), ondasun eta eskubideen zerrenda jasotzen du. Eskubideen artean, etxean zaratarik edo beste emisio kutsagarririk gabe bizitzekoa dago. Eta betebeharren artean, besteak gogaitu edo haien ondasunak hondatzeko arriskua duten egintza edo jarduerarik ez egitea.

Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legeak (martxoaren 14ko 26/2001 FLren arabera) zioen azalpenean jasotzen du josteta jarduera sozialetan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak (...) jokoan daudenean. Bide berari jarraitzen dio xedapen zatiak ere; izan ere, aldatutako legeko 1.2 artikuluaren testu berriak dioenez, eremu pribatu hutseko jarduerak edo familiakoak, jende guztiarentzat irekita ez daudenak, egiten dituzten lokal horiek, nahiz eta bere aplikazio esparrutik kanpo dauden, behar diren baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazu ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez ere; horretarako, behar den udal lizentzia eduki beharko dute.”

Eremu horretan, pribatu hutsa baita, sartzen dira piperotako lokalak, ez baitira inola ere nahasi behar ingurumena babesteko jarduera sailkatuen erregelamenduaren mendeko jarduera bat egiteko baimena behar duten lokalekin. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du. Haren 4D F) eranskinak ezartzen duenez, “ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ingurumen arloko txostenik behar ez duten jarduera eta instalazioak dira, jarduera sailkaturako Udalaren lizentziaren mende daudenak, eta atal horretan sartzen dira tabernak, elkarte kultural edo gastronomikoak, kafetegiak, jatetxeak, antzokiak, zinemak, dantzalekuak, diskotekak, josteta aretoak, ziberzentroak, kirol instalazioak eta antzekoak”.

Hori dela eta, garrantzitsua da ongi bereiztea ordenantza honetan piperoak deitzen direnak eta elkarte gastronomikoak. Azken horiek helburu gastronomikoa duen jendea biltzeko tokiak dira, jantokiko mahaiak dituzte, sukaldea eta jakiak prestatzeko elementuak; tabernako barra ere izan dezakete, telebista, musika ekipoa, eta behartuta daude komunak, estalkira arteko erauzgailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera. Elkarte gastronomikoek, 93/2006 Foru Dekretuaren 4D F) eranskinak dioenaren arabera, jarduera sailkatuaren espedientea tramitatu beharko dute eta ez dira ordenantza honen xede.

Horrenbestez, Piperotako lokalak arautzen dituen ordenantza hau sortu da, alde batetik, aisia alternatiboa izateko lekua, gehienbat herriko gazteek eskatzen dutena, bermatzeko eta, bestetik, erabiltzaileen beren eta bizilagunen trabak eta arriskuak baztertzeko (behar diren neurri zuzentzaileak hartuz). Jarduera horretan egiten diren arau-hauste guztiengatik erantzunen duen arduradun bat ere izanen da. Hartara, interes pribatuak eta interes publikoa, biak zaintzen dituen aterabide egokia izanen dugu.

Ordenantza honen xedea da piperoak ezartzeko behar diren neurri zuzentzaileak zehaztu eta eskatzea, “iraunkorrak” edo “festetakoak” izan; orobat, eskaera prozeduraren inguruko xedapenak eta erantsi beharreko dokumentazioa ezartzea eta aplikatzekoa den zehapen araubidea zehaztea, besteak beste.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea, aplikazio eremua eta helburuak.

1. Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartze administratiboa zehaztea eta arautzea, piperotako lokalen jabeek zein erabiltzaileek hartu beharko dituzten eginbeharrak nahiz betebeharrak eta baldintza teknikoak ezartzeko, baita piperoak erabiltzeko baimenaren tramitazio espedientea eta ordenantza hau beteko dela bermatzen dituzten neurriak arautzeko ere.

2. Ordenantza honen aplikazio eremua egun pipero iraunkorretarako nahiz festetakoetarako erabiltzen diren higiezin guztietara zabalduko da, eta etorkizunean Funesko udal mugapean ezartzen direnetara.

3. Zehazki, hona hemen ordenantza honen helburuak:

a) Piperotako higiezinek gutxieneko baldintzak betetzea higienearen eta osasunaren aldetik.

b) Elkarbizitza normalizatua lortzea piperoen erabiltzaileen eta lokal horien inguruko gainerako bizilagunen artean.

c) Funesko gazteen eta herritarren aisialdia eta denbora librea bermatzea eta hura uztartzea etxearen esparruan norberaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubidearekin, bizilagun guztien atseden zuzena eta segurtasuna bermatuz.

2. artikulua. Piperoaren definizioa.

1. Ordenantza honen ondorioetarako, piperotzat joko dira irabazi asmorik gabe eta kultura, aisia, josteta, jolasa edo antzeko helburua dutela, jendea biltzeko erabiltzen diren lokalak. Haietan jarduera erabat pribatuak eginen dira, edonorentzat irekita egon gabe.

2. Eraikin kolektiboetako zein familia bakarreko etxebizitzetako beheko solairuetan dauden higiezinak soilik hartuko dira piperotzat, baldin eta indarra duen hirigintzako planeamenduak bide ematen badu pipero gisa erabiltzeko, edo, horrela berariaz aurreikusi ezean, pareko edo antzeko erabilera baimentzen badu (salbu eta ordenantza honetako 6. artikuluko 2-a puntua).

3. artikulua. Pipero motak.

1. Pipero kontzeptuaren barnean, bi mota bereizi dira:

a) Pipero iraunkorrak: irekitze eskabideko epea bi hilabetetik gorakoa duten piperoak dira.

b) Festetako piperoak: pipero horien irekitze eskabidea eta erabilera Funesko herriko festak ospatu eta prestatzeari lotzen zaionean, urte bakoitzeko uztailean eta abuztuan.

2. Pipero iraunkorrek piperoak erabiltzeko beharrezko lizentzia eskuratu beharko dute, ordenantza honetan ezartzen diren baldintza eta betebeharrei jarraituz. Baldintza horiek betez gero, denboran mugarik izan gabe emanen da lizentzia, piperoek une oro bete beharko badituzte ere lizentzia emateko eskatu ziren betebehar eta eskakizun tekniko eta juridikoak.

3. Festatako piperoek nahitaezkoa den erabilera lizentzia eskatzeko ekaineko hilabete osoa izanen dute. Lizentzia hori emanda, festetako piperoa uztailean eta abuztuan erabili ahalko da, eta urte horretako abuztuaren 31n itxi beharko da. Hura ondoko urteetan erabiltzeko, Udalaren lizentzia eskatu beharko da berriz.

4. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantza honen ondorioetarako, ondoko hauek izanen dira erantzuleak, ordenantza honetan eskatutako betebehar eta baldintzak konplitu beharko dituztenak:

a) Higiezinaren jabea.

b) Higiezinaren erabiltzaileak.

c) Piperoko partaide diren adingabeen legezko ordezkariak.

5. artikulua. Piperoa erabiltzeko lizentzia.

1. Piperoa erabiltzeko lizentzia Udalaren baimena da higiezin bateko beheko solairuak gisa horretan funtziona dezan (salbu eta ordenantza honetako 6. artikuluko 2-a puntua), ordenantza honetan ezarritako baldintzen arabera eta aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritako udal eskumenak erabiliz, eta betiere ordenantza honetan ezarritako xedeetarako.

2. Hura emateko eta indarra izateko, beharrezkoa izanen da benetan ordaintzea dagokion baimenaren espedientea tramitatzeko tasa, ordenantza honetan zehazten dena.

II. TITULUA

Piperotako higiezinaren baldintzak

6. artikulua. Gutxieneko baldintza teknikoak.

1. Piperotako higiezinek errespetatu beharko dituzte indarra duten arau sektorialetan ezarritako determinazioak.

2. Pipero guztiek ondoko baldintza teknikoak bete beharko dituzte gutxienez:

a) Etxebizitza kolektiboetan edo familia bakarrekoetan egotea, beheko solairuan beti, eta bat bakarrik eraikin bakoitzean, Udalaren hirigintzako planeamenduak erabilera hori baimentzen duenean, eta salbuespen gisa, lehenengo solairuan, gaitu gabeko higiezinak direnean.

b) Edateko ur korrontearen hornidura.

c) Instalazio elektrikoa baldintza egokietan.

d) Gas-instalazioa duten piperoek frogatu beharko dute instalatzaile ofizialek paratu dutela eta horren inguruko arau guztiak betetzen dituela.

e) Komun-zuloa eta konketa dituen komuna.

f) Aireztatze sistema natural edo behartua.

g) Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteei aurrea hartzeari eta erabileraren segurtasunari dagokienez (itzalgailuak).

3. Piperoak sukaldea edo otorduak prestatzeko antzeko instalazioak izanez gero, instalazio horiek gutxienez aireztapen hodi bat eduki behar dute sukaldean jarduteko, sor daitezkeen ur-lurrun, gas edo kea kanpora atera ahal izateko. Halaber, ur korronteko harraska eduki beharko du. Azkar erretzen diren elementuetatik urrun kokatu behar da sukaldea, sutea eragiteko arriskua izan baitaitezke.

4. Baldintza tekniko horiek bete direla frogatu beharko da ondoko hau aurkeztuta piperoa erabiltzeko lizentziaren eskaerarekin batera: piperoa izanen den higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria, teknikari eskudunak prestatua eta izenpetua higiezinaren jabeak eskatu ondoan, eta suteen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza, jabeak horretarako kontratatu duena, eta 150.000 eurora bitarteko kalteak estaliko dituena.

5. Festetako piperoen kasuan, piperotako higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria ordezkatu ahalko da Udalaren zerbitzu teknikoek (Udaleko arkitekto aholkulariak) egindako txosten batekin, zeinak, Hirigintzako Batzordearekin jarduera horren lokalak ikuskatu ondotik, txostena eginen baitu eskatutako lizentziari buruz, aztertuta hirigintzako erabilerara egokitzen den eta 6. artikulu honetan eskatutako gutxieneko baldintza teknikoak betetzen dituen. Orobat, jarduera egoki gauzatzeko neurri osagarriak eskatu ahalko ditu. Kasu horretan, lizentzia eskuratuko da eskatutako neurri osagarriak eta baldintza teknikoak betetzen badira; bestela, lizentzia ukatuko da.

7. artikulua. Aplikatzekoa den eta indarrean dagoen araudiko aldaketa.

Aplikatzekoa den araudi sektorialean gertatzen diren aldaketek higiezina legezko determinazio berri horietara egokitu beharra ekarriko dute.

III. TITULUA

Piperotako higiezina egokitu eta erabiltzeko betebeharrak eta mugak

8. artikulua. Jabearen betebeharrak.

Honakoak dira jabearen betebeharrak:

a) Piperoa egokitzea ordenantza honetan ezarritako gutxieneko baldintza teknikoen arabera, baita aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera ere, piperoa erabiltzeko lizentziak indarrean irauten duen bitartean.

b) Piperotako higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria izatea, ordenantza honen 13.1.e) artikuluan aipatzen dena, edo arkitektoaren aldeko txostena, bidezkoa den kasuetan (festetako piperoak).

c) Piperoaren erabiltzaileei lokala laga eta erabiltzeko konpromisoa dokumentu pribatuan behintzat formalizatzea, ordenantza hau beteko dela ezarriz.

Hura ez bada formalizatzen, jabeak lokala erabiltzaileei doan uzteagatik, bi alderdiek frogagiri bat sinatu behar dute, lokala piperotako erabiltzen dela eta ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak biek onartzen dituztela adierazteko.

d) Suteen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza izatea, piperotako izanen den higiezina erabiltzeari dagokionez gerta daitezkeen gorabehera eta betebehar guztiak bermatzeko.

e) Jarduera ekonomikoen zergan alta emanda egotea, 186120 epigrafean, “Lokalen alokerari” buruzkoan, bertan adierazita lokalaren poligonoa, lurzatia, hiri unitatea eta metro karratuak.

9. artikulua. Piperoaren erabiltzaileen betebeharrak.

Piperoaren erabiltzaileen betebeharrak hauek dira:

a) Piperotako higiezina egokia izan dadin lizentzian eskatutako gutxieneko baldintza teknikoei eustea.

b) Jabeak lokala doan uzteko agiria piperoko kide guzti-guztiek sinatzea, hala denean.

c) Funesko Udalari jakinaraztea lokala pipero gisa erabiltzeari utzi zaiola, pipero gisa erabiltzeari benetan utzi eta ondoko hilabetean.

d) Gizalegez jokatzea, zorrotz jokatu ere, ordenantza honen 11. artikuluan zehazten diren debekuak eta erabiltzeko mugak bere gain hartuta.

10. artikulua. Adingabeen ordezkari legalen betebeharrak.

Honako hauek dira piperoa erabiltzen duen kuadrilla baten kide adingabeen ordezkari legalaren betebeharrak:

a) Adingabea ordezkatzea piperoa erabiltzeko lizentziaren baimenari buruzko espedientearen tramitazioan.

b) Ordenantza hau adingabeak ez betetzeak ekartzen dituen ondorio hurrenen erantzule zuzena izatea.

11. artikulua. Erabiltzeko mugak eta debekuak.

Piperoen erabiltzaileek ondoko mugak eta debekuak errespetatu beharko dituzte:

a) Ez da koltxoirik, kartoirik edo plastikorik biltzen ahalko, ezta bere ezaugarriak direla-eta sutea eragin edo zabal dezakeen bestelako materialik ere.

b) Debeku da irabazi asmoa duen edozein jarduera garatzea lokalean (merkataritza edo salmenta).

c) Debeku da altzariak eremu publikora ateratzea eta, halaber, eremu publikoa aisialdirako erabiltzea, piperoaren luzapen gisa.

d) Debeku da eremu publikoa zikintzea edozein hondar, edari edo hondakin botata, bai eta, oro har, baimendutako piperoa erabiltzeak sortzen duen beste edozein zabor mota ere. Kasu horietan, kuadrillako kideek garbitu beharko dute eremu publikoa, betiere goizeko 11ak baino lehen, horregatik jar daitekeen zehapena gorabehera.

e) Zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintzak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan baimendutako zarata eta bibrazio mailak ezin izanen dira gainditu. Zehazki, zaratak ez dira 35 dezibeliotik gorakoak izanen egunez (8etatik 22etara), ez eta ere 30 dezibeliotik gorakoak gauean (22etatik 8etara).

Edonola ere, 22:00etatik aurrera ezin izanen da musika jarri, salbu eta larunbatetan, jaiegun bezperetan, herriko festetan (Gazteria, San Isidro eta jai nagusietan), Eguberrietan, Inauterietan eta Aste Santuan, horietan musika jarri ahalko baita 01:00ak arte.

Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

f) Piperoa erabiltzeko, betiere baimendutako ordutegian, saihestu beharko da edozein traba, zarata edo bibrazio, higiezin horretako edo ondokoetako gainerako bizilagunei eragiten badie, edo eremu publikoaren erabiltzaileei eragiten badie ere.

g) Adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legean ezarritako mugak eta debekuak bete beharko dira.

h) Derrigorrezko ikaskuntzara joateko adinean dauden kuadrillako kideei debekatuko zaie piperoa erabiltzea eskolako orduetan.

i) Piperoa honako ordu hauetan egonen da irekia:

–Lanegunetan, igandeetan eta jaiegun solteetan: 9:00etatik 00:30era.

–Ostiral, larunbat eta jaiegun solteen bezperetan: goizeko 09:00etatik hurrengo eguneko 02:00etara bitarte, etenik gabe.

j) Piperoa ordutegitik kanpo erabiltzeak dagokion zehapen administratiboa ekarriko du.

IV. TITULUA

Piperoen lizentzia eta erregistroa tramitatzea

12. artikulua. Piperoen erabiltzaileen ordezkariak.

1. Piperoetako kideak nortasun juridikorik gabeko elkartzeak dira eta ordezkari bat izendatu beharko dute, haren bitartez jardun dezaten Funesko Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan.

2. Piperoen erabiltzaileak, guztiak edo haietako batzuk, adingabeak izanez gero, bi ordezkari izendatuko dira:

a) Kuadrillako kide adingabeen legezko tutoreen ordezkari bat.

b) Adinez nagusien ordezkari bat, kide guztiek izendatua.

3. Piperoaren ordezkariak edo ordezkariek Funesko Udalari jakinarazi beharko dizkiote kontakturako beharrezko datuak (posta helbidea, posta elektronikoa, telefono finkoa edo sakelakoa etab.), Funesko Udalak egin ditzan jarduketa, komunikazio edo jakinarazpen guztiak, ordenantza hau aplikatuta. Konpromisoa hartuko dute gainerako kideei jarduketa horien berri emateko.

4. Kontakturako datuetako aldaketa guztien berri eman beharko diote Funesko Udalari; izan ere, ordezkariek adierazitako datuen bidez ezin bada jakinarazpenik egin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituko zaio iragarkien bidez jakinarazteko.

13. artikulua. Lizentzia eskaera aurkeztea.

1. Piperoaren ordezkariak edo ordezkariek, behar bezala egiaztaturik, piperoa erabiltzeko lizentziaren eskaera aurkeztu beharko dute, eskura jarritako eredu normalizatua erabilita, Funesko Udalaren Erregistro Orokorrean, udal bulegoetan, ondoko datu eta agiri hauekin:

a) Piperoaren ordezkariaren edo ordezkarien identifikazio osoa, eta ordezkaritza horren frogagiria, I, II eta III. eranskinei jarraikiz.

b) Helbidea eta kontakturako datuak, jakinarazpenen ondorioetarako.

c) Piperoa osatzen duten kide guztien izen-deiturak, IFZ, posta helbidea, helbide elektronikoa, telefono finkoa, sakelako telefonoa, etab., edo, bestela, adingabeen legezko ordezkari guztienak, IV. eranskinari jarraikiz.

d) Errentamenduaren, erabilera lagapenaren eta abarren kontratuaren kopia; hau da, jabeak zein kontraturen bidez jartzen duen kuadrillako kideen eskura piperoa izanen den higiezina, haren kopia.

Jabeak lagapen hori doan eginez gero eta, hortaz, higiezina lagatzeko kontraturik ez badago, lokalaren jabeak eta kuadrillako kide guztiek sinatutako dokumentu bat erantsi beharko da, V. eranskineko ereduari jarraituko diona, lokala pipero gisa erabiltzen dela aitortzeko, eta bi alderdiek ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak zorrotz konplituko dituztela adierazteko.

e) Piperoa izanen den higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria, teknikari eskudunak izenpetua, ordenantza honen 6. artikuluko oinarrizko betekizunekin bat. Piperoak sukaldea edo antzeko instalazioa baldin badu, 6. artikulu horren 3. atalean adierazitako baldintza teknikoak berariaz egiaztatu beharko dira.

Festatako piperoen kasuan, piperoa izanen den higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria ordezkatu ahalko da Udaleko zerbitzu teknikoek egindako txostenarekin, ordenantza honetako 6. artikuluko 5. lerroaldean aipatu bezala.

f) Suteen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza, higiezinaren jabeak izenpetua; hura berritu aldiro, horren berri eman beharko zaio Funesko Udalari.

g) Ordezkariak sinatutako konpromisoa, ordenantza honen III. tituluan ezarritako betebeharrak eta mugak bete eta errespetatuko dituela adierazten duena.

2. Zehazki, festetako piperoetarako, lizentziaren eskaera ekaineko hilabetean aurkez daiteke. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

14. artikulua. Baldintza teknikoak egiaztatzea.

1. Eskariak ez badakar 13. artikuluko 1. atalean eskatzen den dokumentazioa, hamar eguneko epea emanen zaio eskatzaileari hura zuzendu dezan.

Dokumentazio hori epe horretan aurkezten ez bada, eskaria ezetsiko da eta partikularrak hasitako espedientea artxibatuko.

2. Eskariak aipatu baldintzak bete dituela egiaztatu ondoan, Funesko Udaleko arkitekto aholkulariak txosten teknikoa eginen du, higiezina udalerrian indarra duen hirigintzako araudira egokitzen dela egiaztatzeko.

Teknikaria ohartzen bada Udalaren hirigintzako araudira egokitzeko baldintza hori ez dela bete, zuzenean ukatuko da piperoa erabiltzeko lizentziaren baimena.

3. Hirigintzako araudira egokitzeko baldintza bete dela egiaztatzen bada, Udaleko arkitekto aholkulariak egiaztatu beharko du gutxieneko baldintza teknikoak betetzen direla, eta, edozein kasutan ere, egokiak direla higiezinaren gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiria, eskatzaileak edo eskatzaileek aurkeztu beharrekoa, eta aseguru poliza.

4. Funesko Udalak izendatutako udal teknikaria higiezinera berera joanen da, eta segurtasunean, bizigarritasunean edo osasungarritasunean akatsik atzemanez gero edo gaitasun eta gaikuntzaren ziurtagiriak ez badu bat egiten higiezinaren errealitate fisikoarekin, 15 eguneko epea emanen zaio eskatzaileari txosten teknikoan atzemandako akatsak zuzentzeko.

5. Udal teknikariak atzemandako akatsak zuzendu direla frogatzen duen agiria aurkezten badu eskatzaileak eta teknikariaren iritziz hura zuzena eta erabatekoa bada, aldeko txostena eman beharko du.

Akats horiek emandako epean ez badira zuzentzen, udal teknikariak kontrako txostena emanen du eta zuzenean ezetsi eginen da eskaria.

15. artikulua. Espedientearen ebazpena.

1. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluarekin bat, Alkatetzak dauka eskumena piperoa erabiltzeko lizentziaren eskaeraren espedientea ebazteko.

2. Piperoa erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenak uneoro egon beharko du lokalean, Udaleko teknikarien eskura.

16. artikulua. Lizentziaren indarraldia.

1. Ordenantza honen 3.2 artikuluarekin bat, pipero iraunkorrerako ematen den udal lizentziak mugarik gabeko indarraldia izanen du, jarduera horrek irauten duen bitartean.

2. Edonola ere, eta aurreko atalaren salbuespena izanik, pipero iraunkorrerako ematen den udal lizentziaren indarraldia mugatuko da errentamendu kontratuan, erabilera lagatzekoan eta abarretan edo V. eranskinaren arabera jabeak eta erabiltzaileek aurkeztutako ziurtagirian zehaztutako epera; Funesko Udalari aurkeztu beharko zaio, behar bezain garaiz aurkeztu ere, kontratu edo ziurtagiri horietan zehazten diren luzapenak bete direla.

3. Behar bezala eguneratuta izanen ditu gelako kideen zerrenda, erantzukizun zibileko aseguruaren poliza, indarra duen errentamendu kontratua, baita hasiera batean legeztatu ziren baldintzetan izan diren aldaketak ere, halakorik izan bada.

4. Festetako piperotako ematen den udal lizentzia urte horretako uztailaren 1etik abuztuaren 31ra mugatuko da.

17. artikulua. Piperoen erregistroa.

Piperoen erregistroa sortuko da, Funesko Udalak pipero baimendunak sar ditzan, ondoko datu hauek gutxienez agertzen direla:

a) Non kokatzen den.

b) Piperoaren ordezkarien datuak.

c) Piperoko kide guztien datuak.

d) Lizentzia noiz baimendu zen.

e) Lizentzia noiz amaitu zen.

18. artikulua. Lizentzia eskualdatzea eta lokalaren jabea aldatzea.

1. Lizentzia eskualdatzea baimentzen da piperoa izateko egokitutako lokal bera erabiltzen duten kuadrillen edo erabiltzaileen artean, piperoa erabiltzeko lizentzia eskuratu badute eta ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Lokalaren jabeak edo erabiltzaileek horren berri ematea Funesko Udalari hilabeteko epean gehienez, higiezinaren erabiltzaileek eskualdaketa egin zutenetik.

b) Errentamenduaren kontratu berria edo erabilera lagatzekoa eta abar ekartzea, edo V. eranskineko agiria (ordenantza honen 13.1.d artikuluan xedatua bete beharrez).

c) Piperoaren erabiltzaile berriek betetzea ordenantza honen 13.1 artikuluko a), b) eta c) ataletako baldintzak.

2. Piperoa izateko egokitu den lokalaren jabea aldatzeak ez dio aldaketarik ekarriko piperoa erabiltzeko Funesko Udalak emandako lizentziaren indarraldiari, baldin eta higiezinaren jabe berriak ondoko baldintza hauek betetzen baditu:

d) Lokalaren jabe berriak horren berri ematea Funesko Udalari hilabeteko epean.

e) Higiezinaren jabe berriaren ziurtagiria, non onartzen baita lokala pipero gisa erabiltzen jarraitzea, higiezina ordurarte horretarako erabiltzen zuten erabiltzaile berek.

f) Errentamenduaren kontratu berria edo erabilera lagatzekoa eta abar ekartzea, edo V. eranskineko agiria (ordenantza honen 13.1.d artikuluan xedatua bete beharrez).

g) Ordenantza honen 13.1.f) artikuluan aurreikusten den aseguru poliza aurkeztea, jabe berriak izenpetua.

VI. TITULUA

Administrazioaren ikuskaritza eta zehapen araubidea

19. artikulua. Betebehar teknikoei eustea eta Administrazioaren ikuskaritza.

1. Piperoa funtzionamenduan dagoen bitartean, lizentzia ematerakoan eskatzen ziren baldintza tekniko eta juridiko guztiei eutsi behar zaie eta Funesko Udalak hura edozein unetan egiaztatzeko ahalmena izanen du, ondoko ataletan zehaztuarekin bat.

2. Higiezinaren jabeek, hura piperotako erabiltzen duten kideek eta haien ordezkariek, erraztu egin beharko diete Funesko Udaleko langile eskudunei lokalaren egoera ikuskatu eta egiaztatzeko lana, “Piperoa erabiltzeko lizentzia” eskuratzeko edo mantentzeko, bai eta orobat, egiaztapen lanak egitea kexak egiaztatu eta kontrolatzeko, eta ahalmena izanen dute aldez aurretik abisatu gabe sartzeko piperoko instalazioetan, betiere nor den eta bisita zergatik egiten den azaldu ondoan.

3. Salbuespen gisa, eta bizilagunek behin eta berriz trabak dituztela edo jendearen segurtasuna arriskuan dela egiaztaturik, sorburua lokalaren barrenean zein kanpoan egon (azken kasu horretan lokaleko jarduerari lotu beharko zaio), edo 11. artikuluan ezarritako irekiera ordutegiak betetzen ez badira, Funesko Udalak, gertakariak egiaztatu eta aitzinetik errekerimendua egin gabe, kautelazko neurri gisa, lokala itxi ahalko du eta egoki juzgatzen duenean, zuzenean lizentzia kentzen ahalko dio lokalari, piperoa erabiltzeko lizentzia emateko organo eskudunak aldez aurretik ebazpena emanda, zeina interesdunei igorriko baitzaie.

20. artikulua. Arau-hausteak.

1. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:

a) Piperoa erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe jardueran aritzea.

b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo piperoaren funtzionamenduaren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

c) Piperoa erabiltzeko lizentzia eskuratzeko datu faltsuak alegatzea.

d) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legerian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

e) Piperoa erabiltzea lizentzia aldi baterako ezeztatu den epean, itxita dagoenean edo ezarritako denboraldi edo ordutegietatik kanpo.

f) Piperoa erabiltzeko lizentzia emanik, ordenantza honen 6. artikuluan eskatzen diren oinarrizko baldintza teknikoetako bat ez betetzea.

g) Jabeak lokala ez mantentzea segurtasuna, egituraren egonkortasuna eta bizigarritasuna bermatzeko baldintzetan.

h) Baimendutako zarata eta bibrazio maila gainditzea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak oso larritzat jotzen duenean.

i) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei eskaintzea.

j) Droga toxikoen, gai sorgorgarrien edo psikotropikoen legez kanpoko kontsumoa eta trafikoa.

k) Urtebetean bi arau-hauste larri edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

2. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste larriak:

a) Piperoko altzariez edo beste edozein elementuz eremu publikoa okupatzea edota beste edozein hondakinez zikintzea kalea.

b) Merkataritzan aritzea, salmenta egitea edo ordenantza honetan piperotako lokalendako aurreikusten den erabileraz bestela jardutea.

c) Baimendutako zarata maila gainditzea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

d) Udalari ez jakinaraztea lokalaren baldintzetako edozein aldaketa, besteak beste aseguru poliza berritzea edo, araudia aldatuz gero, lizentzia berritzeko eskaria ez egitea.

e) Piperoko kideek edo horren jabeak Funesko Udalari ez jakinaraztea lokala pipero gisa erabiltzeari utzi zaiola, hura benetan gertatu eta ondoko hilabetean.

f) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

3. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a) Lokalaren barrenean kartoiak, plastikoak, koltxoiak edo beste edozein material pilatzea, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezakeenean.

b) Funesko Udalari ez jakinaraztea, horretarako ezarritako epean, piperoaren erabiltzaileak aldatu direla, ordenantza honen 18.1 artikuluan zehaztu bezala.

c) Funesko Udalari ez jakinaraztea, horretarako ezarritako epean, piperotako egokitutako lokalaren jabea aldatu dela, ordenantza honen 18.2 artikuluan zehaztu bezala.

d) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arau-hauste arintzat jotzen duenean.

e) Ordenantza honen 11. artikuluko i) atalean ezarritako ordutegiak ez betetzea.

f) Eremu publikoan pixa egitea.

g) Bizikletak, motorrak edo bestelako ibilgailuak aparkatzea oinezkoen nahiz ibilgailuen joan-etorria trabatuz.

h) Ordenantza honetan edo aplika daitezkeen legeetan xedatutako betebeharrak ez konplitzea, arau-hauste larritzat edo oso larritza jotzen ez direnean.

21. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste oso larriei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) 301etik 600 eurora bitarteko isuna eta/edo,

b) Piperoari emandako lizentzia aldi baterako ezeztatzea, sei hilabetean erabiltzea debekatuz.

Bigarren arau-hauste oso larri bat eginen balitz urtebeteko epean lehendabizikoa egin zenetik, bigarren arau-hauste larri horren zehapenak, diruaren isunaz gain, piperoa erabiltzeko lizentzia behin betiko ezeztatzea ekarriko luke.

2. Arau-hauste larriei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) 61etik 300 eurora bitarteko isuna eta/edo,

b) Piperoari emandako lizentzia aldi baterako ezeztatzea, hiru hilabetean erabiltzea debekatuz.

3. Arau-hauste arinei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

60 euro bitarteko isuna.

4. Piperoa erabiltzeko lizentzia edozein arau-hausterengatik aldi baterako ezeztatuta, higiezina pipero gisa erabiltzen bada aldi baterako ezeztapenaren epe horretan, arau-hauste oso larria izanen da, eta haren ondorioak zehapenaren aldetik metatu eginen dira, lokala ixtea ekarri zuen hasierako arau-haustearen ondorioekin.

Arau-hauste oso larri hura behar bezala zehatu ondoan, arau-haustean berrerortzen bada, behin betiko ezeztatuko da higiezina pipero gisa erabiltzeko lizentzia.

22. artikulua. Zehapen espedientearen tramitazioa.

Zehapen espedientearen tramitazio administratiboak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. Tituluan xedatutako aginduei jarraituko die, bai eta titulu hori garatzeko erregelamenduan xedatukoei ere, hura Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsi baitzuen.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

20. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Arau-haustea piperoko kide guztiei egozten ahal bazaie, nortasun juridikorik gabeko batasuna diren aldetik, piperoko ordezkari agertzen direnei jakinaraziko zaie espedientea. Horrek ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, batasun horretako kide guztiei zuzentzea modu solidarioan.

23. artikulua. Jakinarazpenak adingabeen legezko ordezkariei.

Funesko Udalak “kuadrilletarako gelen” zehapen espedienteei dagokienez egiten dituen jarduketa guztiak, pipero bakoitzeko ordezkariei ez ezik, kuadrilla edo taldea osatzen duten adingabeen legezko ordezkari guztiei ere jakinaraziko zaizkie zuzenean.

VI. TITULUA

Piperoa erabiltzeko lizentziaren espedientea tramitatzeko tasak

24. artikulua. Oinarria.

Piperoak erabiltzeko lizentziaren espedienteak tramitatzeko tasen ordainarazpena ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen I. tituluko IV. kapituluko VII. atalean xedatuarekin bat, eta haren 12. artikuluan zehaztutako baimenari jarraikiz, eta zehatzago, testu legal beraren 100.5 i) artikulua aplikatuta.

25. artikulua. Zergapeko egintza.

Hauxe da ordainarazi beharreko tasen zergapeko egintza: piperoak erabiltzeko lizentzien baimenen espedienteak tramitatzea eta tokiko eskumeneko jarduera administratibo bat egitea zuzenbide publikoko araubidean, nahitaezko denean piperoen arauketaren funtzionamendua ona izateko, ordenantza honetan ezarritako baldintza eta betebeharrekin bat.

26. artikulua. Subjektu pasiboa.

Kuadrilla osatzen duten guztiek ordaindu beharko dute tasa, eta zergadunaren ordezkotzat hartuko da piperotako egokitu den higiezinaren jabea.

27. artikulua. Tasaren sorrarazpena.

1. Tramitazio espedientea hasiko den eskaera aurkeztuta sorraraziko da piperoak erabiltzeko lizentzien espedienteak tramitatzeko tasa.

2. Delako espedientea ez da tramitatuko dagokion tasa ordaintzen ez den bitartean.

3. Tasa ordaindu dela frogatu beharko da eskaera aurkeztearekin batera.

28. artikulua. Tarifak.

1. Honako hauek dira piperoa erabiltzeko lizentzien espedienteak tramitatzeko tasen tarifak:

–Pipero iraunkorrerako espedientearen tramitazio osoa: 100 euro.

–Festetako piperorako espedientearen tramitazio osoa: 10 euro.

2. Ordenantza honen 3.1.b) artikuluan zehaztutako festetarako gelak erabiltzeko lizentziaren espedientea tramitatzeak aurreko atalean adierazitako tasa sortuko du. Edonola ere, gela beraren lizentziak berriro eskatzean, betiere ezaugarri berei eusten bazaie, 5 euroko tasa ezarriko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Funesko Udalari dagokio ordenantza honen intrepretazioa puntu guztietan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau onestean dauden piperoak egokitzeko araubidea.

Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren “pipero iraunkor” nahiz “festetakoei” bertan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie. Orobat, lehendik dauden pipero iraunkorrei ere aplikatuko zaizkie, horiek ordenantza honetara eta indarrean den gainerako araudira egokitu beharra izanen baitute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzean indarrik gabe geldituko da Festetako piperoak arautzen dituen ordenantza, Funesko Udalak 2003ko uztailaren 31ko osoko bilkuran hasiera batean onetsi eta 2003ko urriaren 15ean indarra hartu zuena 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Piperoa erabiltzeko lizentzia emateak ekarriko du alderdi guztiek (jabeak eta erabiltzaileek) onartu behar dutela ordenantza honetan xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Estatuko edo Nafarroako legeei jarraituko zaie, bai eta haiek garatzeko erregelamendu aplikagarriei ere.

Hirugarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Adin nagusiko kideak soilik dituzten piperoetarako

Piperoko ordezkarien identifikazioa eta akreditazioa.

II. ERANSKINA

Adingabeak soilik dituzten piperoetarako

Piperoko ordezkarien identifikazioa eta akreditazioa eta legezko tutoreen baimena.

III. ERANSKINA

Adin nagusiko kideak eta adingabeak dituzten piperoetarako

Piperoko ordezkarien identifikazioa eta akreditazioa.

IV. ERANSKINA

Piperoko kideen identifikazioa.

V. ERANSKINA

Lokala piperotako erabiltzeko lagapena eta Piperoak arautzen dituen ordenantzan eskatzen diren baldintzak beteko diren onespena.

Fitxategiak PDF formatuan daude, behera kargatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L1603518