69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Udal ordenantza, Ororbiako Kulturgunearen erabilerak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2012ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Ororbiako Kulturgunearen erabilera arautzen duen udal ordenantza. (2013ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 22an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2016ko martxoaren 21ean.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

ORORBIAKO KULTURGUNEAREN ERABILERAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua Ororbiako Kulturgunea Etxauriko errepideko 4. zenbakian dago, Ororbian (3. poligonoko 439. lurzatia). Udalaren ondarea da, zerbitzu publiko bati lotua. Erabiltzeko ardura Oltza Zendeako Udalari dagokio.

Hona gizarte etxe honen lehentasuneko xedeak:

a) Bizilagunen kontzientzia herritar eta politikoa garatzen laguntzea, Oltza Zendeako herritarrek Udalaren bizitzan parte hartzera bulkaturik, demokrazian sakontzeko bide gisa.

b) Oltza Zendeako herritarren gizarte kohesioa indartzen laguntzea, adin guztietako lagunendako zentro batean, haur, nerabe nahiz heldu.

c) Biltoki batez hornitzea, bereziki Oltza Zendeako herritar eta elkarteek eskatzen dituzten ekimen guztietarako, bertze toki batzuetatik etortzen diren proposamenak baztertu gabe.

d) Kulturaren sustapena indartzen laguntzea, bere agerpen guztietan: musika, zinema, literatura etab.

2. artikulua Ororbiako Kulturguneko espazioak, nagusiki, kultur jarduerak eta kultur eta gizarte arlokoak egiteko izanen dira, musikaren, zinemaren eta arte plastikoen alorrean; bertzelako jardueretarako ere erabil daiteke, hala nola mintzaldiak, eztabaidak eta ikastaroak, baita bertzelako kultur emanaldi batzuetarako, hala nola herri bestak (Eguberrietako kanpaina, inauteriak, emakumearen astea, gazteria etab.).

3. artikulua Oltza Zendeako Udala arduratuko da berak sustaturik Ororbiako Kulturgunean gauzatzen diren jarduera, ikastaro eta ikuskizun guztiak programatu, antolatu, kudeatu eta haien segimendua egiteaz, baita bertako instalazioak zaindu eta hobetzeaz ere.

Orobat, elkarteek edo norbanakoek antolatzen eta proposatzen dituzten jarduerak ere egiten ahalko dira, betiere 1. artikuluan aipaturiko xede eta printzipio oinarrizkoei kontra egiten ez badiete.

4. artikulua Ororbiako Kulturgunean, udal teknikariekin elkarlanean egin daitezke jarduerak.

II. KAPITULUA

Ordutegia

5. artikulua Programaturiko jarduerek zer ezaugarri dituzten eta Oltza Zendeako Udalak antolatzeko zer ahalmen dituen, haiexen araberakoa izanen da Ororbiako Kulturgunea irekitzeko ordutegi orokorra.

III. KAPITULUA

Jarduerak

6. artikulua Gizarte etxean gauzatu beharreko jarduerek ez dute salerosketa edo irabazi xederik izanen, eta, nagusiki, alor honetakoak izanen dira: kultura, artea, hezkuntza, gizarte eta kultura eta josteta; ez da politika baztertzen, denak hartzen baititu barnean. Honako hauek hartzen dira halakotzat:

–Ikastaroak, lantegiak, mintegiak, esku-lanak (garbiak), etab.

–Kirol ikastaroak (mugimendu gutxikoak).

–Antzerki edo dantza emanaldiak, neurri txikikoak.

–Musika emanaldiak, kontzertuak, entzunaldiak (neurri txikikoak).

–Hitzaldiak, mintzaldiak, eztabaidak.

–Ikus-entzunezko proiekzioak.

–Erakusketak: pintura, eskultura, argazkigintza etab.

–Programa politikoen aurkezpena.

–Udal mailako eztabaidak eta proposamenak.

–Liburutegi eremua eta liburutegiko espazioaren berezko jarduerak. Irakurtzera bultzatzeko kanpainak. Ipuin kontalariak. Liburu aurkezpenak.

–Ludotekaren eremua.

–Gazteen eremua.

–Hirugarren adinekoendako ikastaroak eta elkarteak.

–Antzerki taldeak, entseguak, bilerak eta abar.

–Musika taldeen entsegurako lokalak.

–Oltza Zendeako talde, kolektibo, elkarte eta klubak biltzeko lokala.

–Teknologia berrien eremua (ordenagailuen gela, internetera lotzeko wi-fi eremua, ...).

–Kultur edo kirol elkarteek proposatutako jarduera mota guztiak.

–Herriko irratia.

–Bestelakoak.

7. artikulua Jarduerak gauzatzeko Oltza Zendeako Udalak eman behar die hasierako onespena.

8. artikulua Udalak beretako gordeko du Ororbiako Kulturgunea entitate eta elkarteei alokatzeko eskubidea, salerosketa eta irabazi xederik ez badute.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileak

9. artikulua Hona hemen Orobiako Kulturgunearen erabiltzailearen definizioa: bertara sustatzaile gisa jotzen duena edo, orokorrean, bertan gauzatzen diren jardueretan parte hartzen duena.

10. artikulua Ororbiako Kulturgunearen elkarte eta/edo talde erabiltzailea da jarduerak egiteko Kulturguneko espazioak erabiltzen dituena.

11. artikulua Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

–Ezarritako ordutegiak begiratzea.

–Ororbiako Kulturguneak duen azpiegitura zuzen erabiltzea. Bertan diren altzariak eta elementuak begiratzea eta egokiro erabiltzea.

–Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan bertze eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.

–Udalak baimendutako langileek eman ditzaketen jarraibideei kasu egitea.

–Barrenean, ezin dira egin pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa urratzen duten jarduerak.

–Debeku da erabakien bidez jasotzen diren eremu publikoak baimendurik ez dauden jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

–Surik ez egitea, eta baimendutako asots maila ez gainditzea. Inolako jarduera piroteknikorik ez egitea.

–Hertsiki debekaturik dago tabakoa, alkohola eta drogak kontsumitzea instalazioan.

–Debeku da gela txoko gisa erabiltzea, edo festak, bazkariak, askariak, urtebetetzeak eta abar egiteko. Salbuespena egiten da Udalaren berariazko baimena tartean dagoenean.

–Oro har, debekaturik dago animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako sektoreko araudian ezarritakoa izan ezik.

12. artikulua Oltza Zendeako Udalak berea du aipatu erranei kasurik egiten ez dieten lagunak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez bezala erabiltzeak lokaletik bidaltzeko edo horiek ez lagatzeko Udalak berariaz ezartzen duen epean.

13. artikulua Kontrakoa erabaki ezik, eremuak lagatzeak ez du ekarriko Udalak inolako materialik gorde eta biltegiratzea. Biltegiratze hori salbuespenekoa izanen da, aldi baterako, eta, betiere, Udalak berariaz baimendua.

14. artikulua Ikus-entzunezko baliabideak langile arduradunek erabiliko dituzte, edo bertzenaz entitate antolatzaileak izendaturiko adituek, Udalak aitzinetik berariazko adostasuna eman badu.

V. KAPITULUA

Espazioak

15. artikulua Ororbiako Kulturgunean, hiru eremu mota bereizten dira, balio anitzeko eta erabilera anitzeko eremu gisa eskura dauden gelen eta eraikinaren arabera.

–Beheko solairuan, 25 metro koadroko bi gela, eta beste bat, 35 metro koadrokoa. Orobat, biltegi txiki bat ere badago. Bestalde, solairu horretan, eraikineko igogailua eta areto txiki bat daude, galdarak, garbigailua, lehorgailua eta koadro elektriko orokorra dituena.

–Lehenengo solairuan, eskaileren eremua, bainugelak. Gainera, gela handi eta ireki bat dauka, 90 metro koadrokoa.

–Bigarren solairua edo ganbara, 1. solairua bezala banatzen da. Gela handi eta irekia, 90 metro koadrokoa.

VI. KAPITULUA

Ororbiako Kulturguneko espazioen erabilera edo horiek lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak

16. artikulua Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Oltza Zendeako Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

17. artikulua Espazioen erabilpena elkarte eta taldeei esleitzeko tenorean, lehentasuna izanen dute Oltza Zendeako udalerrian kokaturiko elkarte eta taldeek.

18. artikulua Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Udalaren eta/edo pertsona edo taldeen artean, Ororbiako Kulturguneko espazioak erabiltzeko.

19. artikulua Ororbiako Kulturguneko eremuak erabiltzeko araubide ekonomikoa, non Udalak ez duen berariaz baimentzen doako erabilera, indarreko tarifetara egokituko da, eta Udalari dagokio programazioan jarduera desberdinak egiteko ezarritako tarifak edo prezio publikoak kobratzea, hala behar denean.

20. artikulua Ororbiako Kulturguneko espazio bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honelakoak dira:

Oro har, Udalak lehentasun berezia izanen du kultur instalazioak erabiltzeko, bere urteroko programazioaren kirol eta kultur jarduerak gauzatzeko. Nolanahi ere, behar bezain goiz jakinarazi beharko die gainerako erabiltzaileek kasuan kasuko eremua erabili behar duela.

Gainerako erabiltzaileek ekipamenduak eta higiezinak erabiltzeko, hiru puntu hartuko dira kontuan:

–Taldeak edo pertsonak (erroldatua) ez izatea irabazi asmorik.

–Taldea osatzen duten gehienak (%60) udalerrian erroldatuta egotea.

–Oro har, erabiltzaile guztiek Udalak instalazioak erabiltzeko ezartzen dituen ordutegiei men egin eta heldu behar diete.

–Irabazi asmoa duten jardueren kasuan, pertsonak edo taldeak kasuan kasuko tasak ordaindu beharko dituzte (ordenantza honen eranskinean jaso dira).

21. artikulua Zer premia diren, zer espazio dauden eskura eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, halakoxeen araberako erantzuna emanen zaie espazioak lagatzeko eskaerei.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, Ororbiako Kulturgunea erabiltzen duen norbanako edo talde bakoitzak hura erabiltzeko jarduera egutegi bat edo ordutegi bat aurkeztuko du. Egutegi horrek bat egin behar du Udalak kultur guneak oro har irekitzeko eta ixteko ezarri dituen ordutegiekin.

Udalak komenigarritzat jotzen badu, lokalen lagapena kendu ahal izanen zaie beren jardueratik etekinak ateratzen ari diren talde edo kolektiboei, kultur jardueran hasi berriak diren taldeei emateko.

Orobat, Ororbiako Kulturgunean eskatzen duten talde guztiei lagatzeko adina lokal ez badago, aintzat hartuko dira ondoko alderdi hauek lokalen erabilera zeini lagako zaion erabakitzeko:

1) Oltza Zendean bizi diren eta erroldatuta dauden kide gehien dituzten taldeak.

2) Lagatako lokalen bat erabili ondoan, kultur ekitaldiak eta/edo jarduerak sortu edo haietan parte hartu duten taldeak, nolabait herriari eta/edo udalerriari itzul diezaioten lokala laga zaien denboran jasotako onura.

Lokala erabili eta gero talde batek ez badu parte hartu inongo kultur ekimenetan, lokala bertze talde eskatzaile bati lagako zaio.

22. artikulua Ororbiako Kulturguneko espazioak lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:

a) Espazioak erabiltzeko eskarien aurkezpena udal bulegoetan egin beharko da eta, instalazioaz zer egunetan baliatu nahi den, 7 egun lehenago gutienez ere. Eskarian honako dokumentu hauek sartu beharko dira:

–Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen betea. Inprimaki hori eskatzaileen eskura egonen da udal bulegoetan.

–Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen NAN/IFZ.

b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta hura eskatzaileari ailegaraziko zaio.

c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskariak, baita jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora handitu edo murriztekoak, kulturako eta kiroleko udal teknikariak ebazten ahalko ditu, buruak aitzinetik jakinda, programazioari eta espazioen erabileren koordinazio zuzenari begiraturik, eta betiere aldaketa horiek ez badute funtsean bertzelakotzen jarduera baimendua.

d) Ez norbanakoa izan ez taldea izan, inolako erabiltzailek ez du toki honetako giltzarik izanen, Udalak berariaz baimentzen duenetan izan ezik.

e) Erabiltzaileen kontura izanen dira:

–Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.

–Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

–Administrazioaren baimenak.

–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntaia eta desmuntaia, antolatzailea Udala ez bada.

f) Udalak baimendutako langileek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

g) Jarduera bat bururatzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.

h) Ordenantza honen xedeko lokalak erabiltzeko lagapena iraungitzeko arrazoiak:

–Erabiltzeko epe baimendua bukatzea.

–Taldeak edo elkarteak uko egitea edo lagatako espazioak benetan ez erabiltzea baimenean biltzen diren helburuetarako.

–Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bertzelakoak egitea, batez ere partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak.

–Taldea edo elkartea desegitea.

–Udalak lokala erabili behar izatea.

–Lokala gaizki erabiltzea.

–Ordenantza honetan arautzen diren betebeharretako edozein ez betetzea.

VII. KAPITULUA

Zehapenak

23. artikulua Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

a) Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratibo, eta berdin lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik arrunt salbu geldituko baita.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.

c) Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak likidazioa aurkeztuko dio, non ez duen berak zuzenean hartzen egin behar diren konponketen ardura, horretarako izendatutako teknikariaren zuzendaritzapean eta haren adostasunarekin.

24. artikulua Arau-haustetzat joko dira:

a) Jabetzaren kontrako hutsegite eta delituak.

b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.

c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.

25. artikulua Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.

26. artikulua Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidearen bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Ordenantza honetan jaso ez diren kasuak ebaztea eta zalantza sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa egitea Udalari dagokio, eta, azkenik, Udaleko burutzari.

ORORBIAKO KULTURGUNEAREN ORDENANTZA FISKALA

Irabazi asmoa duten jardueren tasak

Ororbiako Kulturguneko aretoak erabiltzeko tasak, baldin eta irabazi asmoa badago, eta Udalak berak antolatutako jardueren tasak:

Areto txikiak / ordua

3 euro

Areto txikiak + argia / ordua

5 euro

Areto txikiak / egun erdia (4 ordu)

10 euro

Areto txikiak + argia / egun erdia

15 euro

Areto txikiak /egun osoa

20 euro

Areto txikiak + argia /egun osoa

30 euro

1. solairuko aretoa / ordua

8 euro

1. solairuko aretoa + argia / ordua

10 euro

1. solairuko aretoa / egun erdia (4 ordu)

20 euro

1. solairuko aretoa + argia / egun erdia

30 euro

1. solairuko aretoa + argia / egun osoa

50 euro

2. solairuko aretoa / ordua

8 euro

2. solairuko aretoa + argia / ordua

10 euro

2. solairuko aretoa / egun erdia (4 ordu)

20 euro

2. solairuko aretoa + argia / egun erdia

30 euro

2. solairuko aretoa + argia / egun osoa

50 euro

Udalak %40ko deskontua aplika diezazkieke tasei gehienez iraupen luzeko alokairuengatik.

Udalak antolatutako jarduerak, oro har, doakoak izanen dira. Nolanahi ere, beretako gordetzen du sarrerak edo tasak kobratzeko eskubidea. Horiek ez dira izanen jarduera egitearen kostuaren %50etik gorakoak erroldatuen kasuan, ezta %100etik gorakoak ere, berriz, erroldatu gabeen kasuan.

ERANSKINA

Lokalak lagatzeko eskaera (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1603551