69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANO

Udal ordenantza, Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Aranoko Udalak, 2015eko abenduaren 17an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2016ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Aranon, 2016ko martxoaren 31n.–Alkatea, Ainhoa Ansa Zugarramurdi.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea, Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak banatzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota.

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1. Ondoko egoera hauetakoren batean daude pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

Aplikatu beharreko baremoa:

–Baremoa:

A.–Gurpil-aulkian ibili behar izatea.

B.–Ibiltzeko behar-beharrezko ditu bi makila.

C.–Ibiltzeko gauza da, baina urritasun intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzen ditu, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen.

EZ DU ZAILTASUNIK

ZAILTASUN ARINA

ZAILTASUN LARRIA

ZAILTASUN OSO LARRIA (ezina)

D.–Eremu lauetan ibiltzea

0

1

2

3

E.–Oztopoak dituzten eremuetan ibiltzea

0

1

2

3

F.–Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G.–40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H.–Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2. Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea 5 urtekoa izango da.

Nolanahi ere, indarraldia amaitutzat joko da Aranoko biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea artikulu honetan aipatutako balio epea baino epe motzagoa bada, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Desgaitasuna duen pertsonaren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–NANa.

–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio errailak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

f) Txartelak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horien berri eman beharko dio txartelen onuradunak Udalari, horren arabera erabaki beharko baita berritzen edo deuseztatzen zaion. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

g) Txartela galdu, norbaitek ebatsi edo hondatuz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

Ebasten badute, salaketaren frogagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan aurreikusitako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzuteko espedientea bideratu aurretik ere.

10. artikulua. Arau-hausteak

10.1. Udal ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira.

10.2. Txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, ziurtagiriak eta abar faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere. Halaber, txartela eskuratzeko eskatzen diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, horiek ez jakinaraztea. Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.

10.3. Aparkatzeko txartela erabiltzean iruzur egitea ere arau-haustetzat joko da; hain zuzen ere, ibilgailua iristen edo irteten denean txartelaren titularra bertan ez dagoenean.

10.4. Artikulu honetan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

11. artikulua. Zehapenak.

11.1. Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

11.2. Aparkatzeko erreserba-txartela erabiltzen bada ibilgailua iristean edo irtetean txartelaren titularra bertan ez dagoela, hiru hilabetez kenduko da txartela lehen aldian, sei hilabetez bigarrenean eta bi urtez hirugarrenean eta, gainera, ibilgailua behar ez bezala aparkatzeagatik dagokion zehapena ezarriko da.

11.3. Aurreko ataletan aipaturiko arau-hausteak hiru aldiz egiten badira urtebetean, behin betiko kenduko da txartela.

11.4. Txartelak faltsutzen badira, Alkatetzak halako arau-hausteetan ezar dezakeen zehapenik handiena jarriko da.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza, 2006ko martxoaren 30eko osoko bilkuran hasiera batez onetsi zena, eta 2006ko uztailaren 24ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen behin betiko onarpena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

1. ERANSKINA

Eskaera eredua

–Jabearen datuak:

Izen-abizenak: ....................................................................................

Helbidea: ............................................................................................

NANa: .................................................................................................

Harremanetarako telefonoa: ...............................................................

Ibilgailuaren datuak*:

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula ...............................................................................

ESKATZEN DU:

Udalak egiaztatu ondoren betebehar guztiak betetzen dituela, ezgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartela eman dezan.

Aranon, 20 .............(e)ko ...................aren ...........(e)(a)n
Sinadura

* Soilik eskatzailea baldin bada Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 1. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.

Erantsi beharreko agiriak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

–NANa.

–Erroldaren ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikus eremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multifuntzionalek eman beharko dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

–Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela frogatzeko agiriak.

Iragarkiaren kodea: L1603813