68. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

299/2016 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, ekoizpen ekologikoari lotutako zenbait salbuespen arautzen dituena azken kontsumitzaile edo erabiltzaileari produktu ekologikoak zuzenean saltzen dizkioten Nafarroako Foru Komunitateko txikizkako merkatarientzat, Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 (EE) Erregelamenduarekin bat.

2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetu eta produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko Kontseiluaren ekainaren 28ko (EE) 834/2007 Erregelamenduak ekoizpen ekologikoaren sistema arautzen duen esparru juridikoa ezartzen du, eta xedetzat du lehia leiala eta produktu ekologikoen merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzea, kontsumitzaileen interesak babestea eta ekologikotzat etiketatutako produktuetan duten konfiantza mantentzea.

834/2007 (EE) Erregelamendu horren 32. kontuan hartuzkoaren arabera, kasu batzuetan jakinarazpen eta kontrol baldintzak aplikatzea txikizkako operadore batzuei neurrigabetzat jo litekeenez, hala nola azken kontsumitzaile edo erabiltzaileari produktuak zuzenean saltzen dizkiotenei, bidezkoa da Europar Batasuneko estatuei bide ematea operadore horiei aipatu baldintzak betetzetik salbuesteko. Hala ere, kontuan hartuzko beraren arabera, iruzurra saihesteko, salbuespen horretatik kanpo utzi behar dira txikizkako operadoreak: saltokiarekin lotura ez duten produktuak ekoitzi, landu edo biltegiratzen dituztenak, produktu ekologikoak inportatzen dituztenak edo jarduera horiek hirugarrenekin azpikontratatu dituztenak.

Aipatu erregelamenduaren 28. artikuluaren 1. idatz-zatiaren arabera, ekologikotzat jotako produktuak edo nekazaritza ekologikora aldatzen ari diren produktuak ekoitzi, landu, biltegiratu, hirugarren herrialde batetik inportatu edo merkaturatzen dituzten operadore guztiek beren jarduera jakinaraziko beharko diete hura gertatzen den Europar Batasuneko estatuko agintaritza eskudunei, eta bere enpresak erregelamendu horrek ezartzen duen kontrol araubidea bete beharko du.

Hala ere, 28. artikuluaren 2. idatz-zatiak bide ematen du Europako Batasuneko estatuek azken kontsumitzaile edo erabiltzaileari produktuak zuzenean saltzen dizkioten operadoreak artikulu hori aplikatzetik salbuets ditzaten, betiere saltokia ez den beste toki batean produktuak ekoitzi, landu edo biltegiratzen ez badituzte, produktuak hirugarren herrialde batetik inportatzen ez badituzte eta jarduerak hirugarren batekin azpikontratatu ez badituzte.

Bestetik, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 4. artikuluaren arabera, txikizkako merkataritza edo txikizkako merkataritza jarduera da merkatuan produktu naturalak edo landuak azkeneko hartzaileei helaraztea edo eskaintzea helburu duen jarduera profesionala, irabazi asmoz egina denean, eta kontuan izanik saltokia erabiliz edo erabili gabe egin daitekeela.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluaren arabera, Nafarroak, besteak beste, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan du eskumen esklusiboa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen gaineko erregelamendua onetsi zuen. Horren arabera, Nafarroako Gobernua izanen da, bere eskumenen barrenean eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bidez, nekazaritza ekologiaren arloko agintaritza eskuduna.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetu eta produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko Kontseiluaren ekainaren 28ko (EE) 834/2007 Erregelamenduaren 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, produktu ekologikoak eta nekazaritza ekologikora aldatzen ari diren produktuak saltzen dituzten txikizkako merkatariak salbuesten dira agintaritza eskudunari jakinarazteko beharkizunetik eta kontrol araubidea betetzetik, baldin eta produktuek baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Soilik eta zuzenean azken kontsumitzaileei saltzea.

b) Saltokian ez ekoitzi edo lantzea, hirugarren herrialde batetik ez inportatzea eta jarduerak hirugarren batekin ez azpikontratatzea.

c) Soilik saltokian biltegiratzea eta jarduera hori hirugarren batekin ez azpikontratatzea.

2. Agintaritza eskudunari jakinarazteko beharkizunetik eta kontrol araubidea betetzetik salbuetsita dauden operadoreak ez daude salbuetsita lege aplikagarriak betetzetik, zehazki bi hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamendua, elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena; eta uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea, Nafarroan merkataritza arautzen duena.

3. Xedapen honetatik kanpo berariaz gelditzen dira txikizkako merkataritzaren arlokoak ez diren jarduerak eta handizkako merkataritza jarduerak.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik izanen ditu ondorioak. 834/2008 (EE) Erregelamenduarekin bat, ebazpen hau 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzen ahal da.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2016ko martxoaren 14an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1603231