51. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Udal ordenantza, diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duena. Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2015eko azaroaren 19ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duen udal ordenantza.

Ordenantza hori 30 egun baliodunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2015eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 28an, eta Herriko Etxeko iragarki oholean.

Jendaurrean egoteko epea buruturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu osoko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, ordenantza hau behin betikoz onetsitzat jo da.

Beran, 2016ko otsailaren 24an.–Alkatea, Josu Iratzoki Agirre.

ERANSKINA

UDAL ORDENANTZA, DIRU ZEHAPENEN ORDEZ KOMUNITATEAREN ALDEKO ZERBITZUAK EGITEKO AUKERA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Zigor Kodeak, 39. artikuluko i) atalean, “komunitatearen aldeko lanak” sartzen ditu eskubideak kentzen dituzten zigorren artean. Bertzetik, testu juridiko horren 49. artikuluan, komunitatearen aldeko lanak egiteko baldintzak ezartzen ditu.

Ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretuko 2. artikuluan definitzen dira komunitatearen aldeko lanak: eskubideak kentzen dituen zigorra da, zehatuak onartuta ezarriko dena, eta onura publikoko zenbait jardueratan dirurik jaso gabe aritzera behartzen du, hau da, egindako kaltea konpontzeko edo biktimei laguntzeko lanetan, zein delitu egin duen zehatuak haren antzekoekin lotura izanik. Zehatuak, halaber, parte har dezake prestakuntza, berreziketa, lan, kultura, bide-hezkuntza eta sexu arloetako lantegi edo programetan eta antzekoetan.

Bestalde, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak, II. tituluko 7. artikuluko k) atalean, kontuan hartzen ditu komunitatearen aldeko lanak zehapenaren elementu formal gisa: neurri horren eraginpeko pertsonak, zein bere onespenik gabe ezin baita ezarri, bete beharko ditu zehazten zaizkion lan ordaindu gabeak, interes sozialekoak edo eskasian bizi direnen onurakoak; l) atalean, berriz, gizarte eta hezkuntza arloko eginkizunak hartzen ditu kontuan: neurri horren eraginpeko pertsonak bete beharko ditu, kartzelan sartu gabe eta zaintzapeko askatasunean egon gabe, hezkuntza arloko berariazko eginkizunak, bere gaitasun sozialak garatzeko asmoz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan administrazio publikoen zehapen ahalmena arautzen da, eta horretarako printzipioak ezartzen dira (127. art. eta hurrengoak); horiek guztiek zuzenbide penala ere arautzen dute: legezkotasun materialaren printzipioa, atzeraeraginik eza, tipikotasuna, erantzukizuna, proportzionaltasuna eta preskripzioa. Bertzalde, 134. artikuluan eta hurrengoetan, zehapen prozeduran eman beharreko printzipioak arautzen dira, prozedura penal orokorra ere gobernatzen duten printzipioak: ustezko erantzuleari entzuteko eskubidea, alegazioak egiteko eskubidea, onartutako defentsa baliabideak erabiltzekoa eta errugabetasun presuntzioaren eskubidea.

Hartara, toki administrazioak bere egiten du zigortutakoak gizarteratzeko printzipioa, zigor zuzenbidearen printzipioa den aldetik, xehetasunak xehetasun, administrazio zuzenbide zehatzailearen eremuan ere aplika daitekeena, bi-biak zigortzeko ordenamenduaren adierazpen baitira. Horrenbestez, administrazio zehapenek, zigorren estrapolazio gisa, zigor eta errepresio izaeraz gain, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloetatik ere badute anitz. Haien helburua da, kasu guztietan, juridikoki babesten den ondasuna segurtatzea, hau da, bake sozialari eustea eta gizartearen interes orokorrak babestea, elkarbizitza baketsua izan dadin, printzipio hori funtsezkoa baita administrazio ororen jardueran, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan adierazten den bezala.

Ordenantza honek bestelako aukera bat garatu gogo du, administrazio publikoetarako oro har erregulatzen diren prozedura printzipioak eta bermeak hertsiki errespetatuz, zenbait arau haustearen ondorioz ezartzen diren diru zehapenak betetzearen ordez, norberak, soilik hala nahi izanez gero, aukera izan dezan ezarritako isunak komunitatearen aldeko lanekin ordezteko, hezkuntzaren eta errehabilitazioaren aldetik balio handia duen ordaina ematearren komunitateari.

Tresna hori bereziki ona izan daiteke zenbaitentzat, hala nola adingabeentzat eta baliabide ekonomiko gutxiko pertsonentzat, administrazioaren zehapen erantzukizunari lotuta baitaude.

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da aukera bat ematea diru zehapenak betetzearen ordez, ondotik zehazten diren baldintzetan, komunitatearen aldeko zerbitzuak eginaraziz.

Helburu horretarako, baliabideak ezarriko dira, diru zehapenen ordez jarrera arau-hausle eta gizartearen kontrakoek ordaina izan dezaten eta/edo horrelakoak berriz egitea saihestu dadin, onura publikoko ekintza eta zerbitzuak eginez, jarrera zibikoetako prestakuntza jasoz eta egindako kalteak konponduz, borondatetasunaren eta irabazi gabeko printzipioak ardatz edukita.

2. artikulua. Kontzeptua.

Komunitatearen aldeko zerbitzutzat hartzen da interes soziala eta hezkuntza balioa duten onura publikoko zenbait ekintzatan egiten den borondatezko lan pertsonala, ordaindu gabe egiten denean administrazio kodearen kontrako egitateak kaltetutako komunitateari ordaintzeko, baina interes ekonomikoa bilatu gabe.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Irurtzungo udal mugapean baizik ez da aplikatuko; hain zuzen ere, diru bidezko administrazio zehapena jasotzen duten pertsona fisikoei, Berako Udalaren ordenantzak edo trafikoaren eta bide segurtasunaren nahiz herritarren segurtasunaren arauak hautsi eta zehapen espediente administratiboa ireki ondotik ebazpena emandakoan, edo antzeko udal bandoak aplikatutakoan.

Ordenantza honen aplikazio eremutik baztertuta daude:

–Zerga arloko zehapenak eta hirigintzakoak.

–Pertsona juridikoak.

–Arau-hauste larriak eta oso larriak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen (urriaren 30eko 6/2015 L.E.D.en bidez onetsia) testu bategineko 76. eta 77. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Borondatezkotasuna.

Komunitatearen aldeko zerbitzuak borondatezkoak eta alternatiboak dira, eta ez dira ezarriko pertsona zehatuak espres onartu gabe. Interesdunak aldez aurretik aurkeztuko du eskaera eta, adingabea bada, aitak, amak edo tutoreak beharko du onartu; betiere, adingabearen nahia begiratuta.

5. artikulua. Prozedura.

Honako hau da ordenantza honen babesa hartzeko prozedura:

1. Ordenantza honek araututako aukeraren berri ematen duen eta zehapen prozedura amaitzen duen administrazio ebazpena jakinarazten zaionetik, interesdunak 15 egun balioduneko epea izanen du eskabidea Alkatetzari aurkezteko. Bertan, egindako arau-haustea onartuko du eta ezarri zaion zehapenarekiko adostasuna adieraziko, baita bere onarpena eta nahia ere komunitatearen aldeko zerbitzuak egitera behartua izateko, ordezko zehapen gisa. Eskabide horretan kasuan kasuko zehapen espedientea jasoko da berariaz.

Hamasei urtetik beherako adingabeen kasuan, gurasoek edo tutoreek, legezko ordezkari gisa, egin beharko dute adierazpen hori; betiere, adingabeen nahia begiratuta. Kasu horretan, halaber, aitorpen bat egin beharko da zehatutako adingabeak komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko modua dela-eta izan litezkeen mota guztietako erantzukizunak bere gain hartzeko, eta, hortaz, Udala salbuetsita geldituko da kalteak ordaintzeko edozein erantzukizun edo erreklamaziotatik.

2. Zehapen prozedura hasita, arau-hausleak berariaz aitortzen badu bere erantzukizuna eta eskatzen badu zehapenaren ordez komunitatearen aldeko lanak egiteko, lan horiek ezartzeko ebazpena eman daiteke, betiere ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira, artikulu honen ondorengo ataletako prozeduraren arabera.

3. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatu ondoren, oinarrizko gizarte zerbitzuek zehapena betetzeko zerbitzu alorrik egokienari buruzko txostena igorriko diote Alkatetzari, besteak beste, zehatuaren ezaugarriak eta nolako arau-haustea egin duen kontuan hartuta.

4. Tramite hori burututa, Alkatetzak espedientea ebazteko ebazpena emanen du. Interesdunari jakinaraziko zaio, eta zehaztuko eskatutakoa onetsi den edo ez, eta, hala bada, zer tokitan eta zer baldintzatan eginen den esleitutako lana, nor den kontrolaren eta jarraipenaren arduraduna, zer egunetan hasiko den eta zer ondorio ekar lezakeen adierazitako epean ez egiteak edo esleitutako zerbitzua ez egiteak (diru zehapena betearaztea, alegia).

5. Zehapen alternatiboa betearazteko jarraipenaren eta kontrolaren ardura duen gizarte zerbitzu oinarrizkoak haren gaineko txostena igorriko dio Alkatetzari, zehatuak zerbitzua amaitutakoan.

6. Pertsona horrek agindutakoaren arabera egin baditu komunitatearen aldeko zerbitzuak, diru bidezko zehapena barkatu zaiola jakinaraziko zaio.

7. Zerbitzuak agindutakoari jarraituz egin ez baditu, ebazpen arrazoitua emanen da hori adierazteko, eta, segituan, diru zehapena kobratzeko tramitea aginduko.

8. Interesdunak, ordezko jarduera bete aurretik edo hura betetzen ari den bitartean, ezarritako diru zehapena ordaintzen badu, prozedura amaitutzat joko da, berariazko ebazpenik eman beharrik gabe.

6. artikulua. Balorazioa.

1. 60 euroko zehapenari komunitatearen aldeko zerbitzuan egindako lanaldi bat dagokio; urtero berrikusiko da kopuru hori KPIren arabera.

2. Egindako kalte materialen ordain ekonomikoa bateragarria da diru zehapenarekin, eta, halaber, organo zehatzailearen iritziz komunitatearen aldeko zerbitzuekin konpentsatzen ahal da.

3. Diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egitea onartuz gero, legeetan edo Udalaren ordenantzetan diru zehapenetarako aurreikusitako deskontuak izateko aukera galduko da.

4. Komunitatearen aldeko zerbitzuak ez dira inoiz ordainduko.

7. artikulua. Zerbitzuko lanaldia.

1. Lau ordukoa izanen da, gehienez ere, komunitatearen aldeko zerbitzuan egiten den lanaldia, zenbait kolektibotarako legeria kontuan hartuta.

2. Lanaldiak betetzeko, gogoan hartuko dira zehatuaren beraren egoera eta haren familiarena.

3. Lanaldian, programazio eta lankidetza printzipioak izanen dira nagusi, proiektu zehatzetarako zerbitzu taldeen bitartez, eta batik bat, udal zerbitzuen lan ordutegian eginen da lanaldia.

Salbuespenez, ahal delarik zerbitzuak betetzearekin bateragarria izan dadin zehatuaren eguneroko jarduerak normaltasunez egitea, baita bere kargak eta familiarenak ere, asteburuetan edo jaiegunetan egin daiteke lanaldia.

8. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Komunitatearen aldeko zerbitzuak betetzean, zehatuak udal agintariek emandako jarraibideak bete beharko ditu, baita Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek emandakoak ere, haiek arduratuko baitira zerbitzuen jarraipenaz eta kontrolaz. Horretarako, zein udal eremutan egiten diren jarduera edo zerbitzuak, haietako instantzia edo arduradunen lankidetza beharko da. Jarraibide horiek betetzen ez badira, 5. artikuluko 7. atalean aurreikusitako ondorioak etorriko dira.

9. artikulua. Arriskua eta mentura.

Diru zehapenen bestelako betearazpena egiteko programari heltzen dionak komunitatearen alde eginen ditu lanak, eritasunei edo istripuei dagokienez, arriskua eta mentura bere gain harturik.

Aurrekoa gorabehera, Udalak aseguru poliza bat izenpetuko du zehatuen alde, komunitatearen aldeko zerbitzuak egitean sortzen diren arriskuei aurre egiteko.

10. artikulua. Interpretazioa.

Ordenantza hau interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantzak Alkatetzak ebatziko ditu. Haren erabakiaren aurka errekurtsoa aurkezten ahal da administrazio prozedurari buruzko araudian ezarritako moduan eta epeetan.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, izaera bereko xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio, batik bat Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan eta Komunitatearen aldeko lanen zigorrak eta espetxeetan une oro lokalizatuta egotekoak betearazteko, segurtasunaren zenbait neurri hartzeko eta askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena eteteko inguruabarrak ezartzen dituen ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretuan ezarritakoari.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko15 egun balioduneko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1602336