51. ALDIZKARIA - 2016ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

176E/2016 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen diona Murchanteko udal mugapean dagoen hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen transferentzia eta aurretratamendu zentro bati. Instalazioaren titularra Sara Domingo Calderon da.

Jardunean dagoen instalazio hori jarduera sailkatuak baimentzen dituen araubidearen menpe dago eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, instalazioa Ingurumen baimen integratuen gaineko araubidearen menpe egotera pasatuko da; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean sartuko da, hots, “2 B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazioaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ildo horretan, Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuko zuzendariak erabaki zuen ez zela beharrezkoa proiektua Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jartzea, foru dekretu horren 3C eranskineko irizpideen aplikazioaren arabera.

Baimen honek hondakin urak botatzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Industria establezimendua ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Murchanteko udal mugapean dagoen hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen transferentzia eta aurretratamendu instalazio bati. Instalazioaren titularra Sara Domingo Calderon da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzen da, 15G05176090102015 erregistro zenbakiarekin. Halaber, hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzen da, 15G02176090102015 erregistro zenbakiarekin. Erregistro horretan baja ematea hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena, 15G04176090102013, azken zentro kudeatzaile gisa. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatuko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistrotik kentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6 artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta unean-unean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Seigarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu baimen integratuaren baldintzak.

Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Bederatzigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenekin batera, titularrak aurkeztu behar ditu Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan balorizazio helburuak betetzeko ezarritako egiaztapen probaren emaitzak. Aldez aurretik, titularrak proba hori egiteko protokolo bat aurkeztu beharko du Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta onespena jaso. Irekitzeko baimena eskuratuko da egiaztapen horren emaitzen arabera eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako ikuskapen bisitaren emaitzaren arabera, otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean ezarritakoen artean kasuan kasuko baldintzak betetzeari dagokionez.

Hamaikagarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako handipena martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Sara Domingo Calderoni, Murtxanteko Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zuzendaritzari, NILSAri eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko otsailaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1602562