36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Udalaren antolamendu administratiboaren errregelamenduan

Tuterako Udalak, 2015eko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen onestea Antolamendu Administratiboaren Erregelamenduan eginiko aldaketa, Udala osatzen duten Arloei dagokienez; halaber Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea onetsi zuen. Honako hauek izanen dira hemendik aurrera:

–Hiria Sustatzeko Alorra, Kudeaketa Zentroko arduradun baten bidez kudeatua.

–Lurraldearen Antolamenduaren Alorra, Alorreko Zuzendaritza baten bidez kudeatua eta zerbitzu hauek osatua: Hirigintza, Bulego Teknikoa eta Osasuna, Kontratatutako Zerbitzuak eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena eta Agenda 21.

–Ekonomia eta Ogasunaren Alorra, Alorreko Zuzendaritza baten bidez kudeatua eta zerbitzu hauek osatua: Merkataritza, Industria eta Enplegua, Ogasuna, Katastroa, Ondarea eta Erosketak eta Diruzaintza.

–Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorra, Kudeaketa Zentroko bi arduradunen bidez kudeatua: Kirolak eta Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeak.

–Gizarte Ongizatearen Alorra, Kudeaketa Zentroko arduradun baten bidez kudeatua.

Halaber, osoko bilkura berean erabaki zen Udalaren plantilla organikoa egokituko dela, Antolaketa administratiboaren gaineko erregelamenduan xedatutakoarekin bat, eta horretarako, beharrezkoa izanen dela plantilla organikoa onesteko prozesua egitea, bi aurreikuspenek indarra har dezaten.

Ikusirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.3 artikuluan ezarritakoa, bertan xedatzen baita erregelamenduak eta ordenantzak aldatu ahal izateko gorde behar direla haiek onesteko tramite berberak.

Ikusirik aipatu 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluak ezarritakoa, agintzen baitu ez dela beharrezkoa jendaurrean jartzea entitatearen beraren antolemendua ukitzen duten Erregelamenduen onespena denean, eta horrelakoa da oraingo hau, eta kontuan hartuz aldaketa horiek ondorio juridikoak sortzeko beharrezkoa dela testua oso-osorik argitaratzea, delako 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, argitara ematen da honako iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Erregelamendu honetako aldaketen aurka –xedapen orokorra denez– ezin da errekurtsorik aurkeztu bide administratiboan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluaren bitartez; aldiz, ondoko errekurtso hauek aurkeztuta inpugnatzen ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Jusitizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, ikusita erregelamendu horretan egin diren aldaketak, horren testu bategina ematen dugu argitara.

Tuteran, 2016ko otsailaren 9an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

TUTERAKO UDALAREN ANTOLAKETA ADMINISTRATIBOAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA

Estatua eratzen duten hainbat lurralde entitateri Konstituzioak onartzen dien autonomiaren ondorioz entitate horiek beren administrazio publikoa dute eta, hortaz, beren burua antolatzeko beharrezko eskumenak ere. Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz baietsi du administrazio publikoek jarduteko aukera zabala dutela beren egiturak sendotu, aldatu edo osatzeko tenorean eta beren zerbitzuko langileen estatusa taxutu edo zehazteko, antolaketa aldetik (SSTC 57/1990, 293/1993 eta 9/1995).

Toki entitateen kasuan, autoantolaketaren printzipio horrek badu, gainera, babes konstituzional berariazkoa 140. artikuluan, non honako hau ezartzen baita: “Konstituzioak udalerrien autonomia bermatzen du. Nortasun juridiko guztia izanen dute. Alkateaz eta zinegotziez osatutako haien udalei dagokie gobernatu eta administratzea...”.

Horrenbestez, sektoreko antolamendu juridikoak toki entitateei esleitzen die, espres, autoantolaketarako ahalmena (LRBRLren 4. art.), hau da, beren gobernu eta administrazio egitura zehaztu eta eratzeko ahala, beren interesak kudeatzeko egokiena iruditzen zaiena har dezaten.

Bestetik, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduaren 5, 6, 7 eta 10. artikuluetan finkatuta dago Nafarroako toki araubidearen berezitasunaren oinarria, aukera eman baitzion Foru Diputazioari araubide berezi eta berariazkoa ezarri eta eratzeko Nafarroako udalerrientzat; orobat, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-Dekretuan, Nafarroako araubidea eta Udalen 1925ko Estatutua bateratzeko oinarriak onesten dituen horretan.

Berrikiago, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak, 46. artikuluan, Foru Komunitatearena baino ez diren eskumenak ezartzen ditu toki araubidearen arloan, eta honako hau aipatzen du:

“Toki Administrazioaren arloan, Nafarroari honako hauek dagozkio:

a) Gaur egun dituen ahalmenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Itunduan eta xedapen osagarrietan ezarritakoaren babesean.

b) Aurrekoekin bateragarriak izan eta Estatuko oinarrizko legeriaren arabera autonomia erkidegoei edo probintziei dagozkiekeenak.

Nafarroako udalek, gutxienez, Nazioko gainerako udalei izaera orokorrez onartzen zaien autonomia izanen dute.”

Ahalmen horretaz baliatzean, Tuterako Udala, urte hauetan, hainbat udal zerbitzuren egitura organiko-administratibo eta funtzionalaren jabe egin da, toki entitateentzat beharrezkoak diren organoen (Alkatea, Osoko Bilkura, Gobernu Batzarra eta abar) udal antolaketaren osagarri.

Antolaketaren egituran hobekuntzak egin daitezkeenez beti, 2009an hainbat jarduketa burutu ziren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera Udalaren antolamendua eta egitura gaur egungo premiei egokitzeko proposamen bat egitearren, honakoak helburu: udal politikak behar bezala garatu ahal izatea eta herritarren beharrei ahalik eta modu eraginkorrean erantzutea.

Horren ondorioz, azkenik, oinarrizko diagnostiko bat lortu da, baita zenbait proposamen ere Udalak antolaketa eredu berria izan dezan, Udalaren jarduketa eta zerbitzuen funtzionamendua ahalik eta eraginkorrenak izatea helburu.

Horrenbestez, zenbait erreforma eta aldaketa egin dira Udalaren alorretan, funtsezko unitate administratibo gisa eratu baitira Udalaren antolaketan. Horiekin batean, Kudeaketa Zentroak izanen dira; pixkanaka ezarriko dira, kontuan hartuta Udalak horretarako dituen aukera errealak, nola garatuko diren esleituko zaizkien eginkizunak eta zenbat langilez hornituko diren. Hori gertatu bitartean, unitate administratiboak izanen dira, hau da, Udala antolatzen duten elementuetako azkenak. Egitura hori taxutzeko, irizpide hauek hartu dira kontuan:

Alorrak:

–Udalaren administrazioak funtzionatzeko antolatu dituen unitateak dira, eta haiei egokitu beharko zaizkie alkateak oro har Gobernu Batzarreko kideei egiten ahal dizkien eskuordetzeak. Udalak legez bereganatuta dituen eskumenez baliatzean gauzatzen duen jarduera administratiboaren sektore homogeneo bati edo gehiagori erantzuten diete haien eraketak eta eremu materialak. Udal administrazioaren goreneko zuzendaritza eratzeko oinarria dira; horretarako, bakoitzak hartzen dituen zerbitzuak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzen dituzte.

Kudeaketa zentroak:

–Unitate administratiboak, alorren azpiko hurrengo mailakoak, Udalean ematen diren zenbait zerbitzu elkartzearen ondorio. Hura eratzeko, irizpide hauek hartzen dira kontuan:

  • Funtzionalak (homogeneotasuna, kidetasuna, harremana).
  • Aurrekontuari dagozkionak.
  • Langileak (inoiz ez hiru lanpostu baino gutxiago, haietako bat teknikari).
  • Autosufizientzia emaitzak sortzeko.

Funtsean, betearaztea, txostenak egitea eta proposatzea dagokie, zein bere eremu materialean; gainera, haien mendeko zerbitzuek egindako jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea.

Bestelako unitate administratiboak:

–Alorrez eta Kudeaketa Zentroez gain, eta haietatik aparte, beste unitate administratibo edo zerbitzu batzuk izaten ahal dira antolaketaren elementu gisa, baldin lanpostuak eta zereginen arabera funtzionalki lotutako plantillak baitituzte; zenbait kasutan, lotura organikoa izaten ahal dute titular bera dutelako.

Baldintza horietatik abiatuta, alorrak, kudeaketa zentroak eta unitate administratiboak edo zerbitzuak (udal organigramaren azken egitura) zehazteaz gain, komenigarri da haiek bete beharreko baitezpadako eginkizunak erabaki eta zehaztea, haietako bakoitzaren antolaketarekin zerikusia duten eginkizun orokorrak, langileen kontrola eta abar alde batera utzita.

1. Egitura. Tuterako Udalaren zerbitzu administratiboek, alkate udalburuaren zuzendaritzapean, egitura hau dute:

Alkatetza.

Zuzenean Alkatetzaren mende, unitate administratibo hauek daude, eginkizun hauekin:

–Alkatetzaren Kabinetea:

  • Alkatetzaren Idazkaritza.
  • Erakundeekiko eta kanpoko harremanak.
  • Kanpora begirako jarduketen koordinazioa eta gainbegiratzea.
  • Publizitatea hedabideetan.

–Idazkari nagusia:

  • Udal organoen nahitaezko lege aholkularitza.
  • Udal organoen egintza eta erabakien fede publikoa.
  • Interesen erregistroa.
  • Miguel Eza, Manuel Castel-Ruiz, María Forcada fundazioen Idazkaritza eta Tarazonicaren Bide Berdearen Partzuergoa.
  • Ezkontza zibilak eta egitatezko bikote egonkorrak.
  • Hauteskundeak.

–Kontu-hartzailetza:

  • Kontrola eta barne fiskalizazioa.
  • Aholkularitza eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa.
  • Aurrekontua prestatu eta kudeatzea.
  • Kontabilitatea.
  • Finantza arloko azterlanak.

–Artxiboa:

  • Agiritegi historikoa antolatu eta zaintzea.
  • Agiritegi administratiboa antolatu eta zaintzea.
  • Funts dokumentaletako kontsultei erantzutea.

–Aholkularitza Juridikoa:

  • Aholkularitza juridiko orokorra.
  • Udalaren ordezkaritza eta defentsa juridikoa.
  • Ebazpen judizialen aurka errekurtsoak aurkeztea.
  • Udal alorrendako aholkularitza juridikoa, ebazpen judizialak betearazteari begira.
  • Ondarearen gaineko erantzukizunaren espedienteak.

–Udaltzaingoa:

  • Trafikoa erregulatu eta kontrolatzea.
  • Ordenantzak eta bandoak betetzea.
  • Atestatuak eta sorospena, istripuetan.
  • Herritarren segurtasuna.
  • Salaketak hartzea.
  • Azokak, merkatu txikiak, eraikinak kontrolatzea.

–Antolaketa, Kalitatea eta Herritarrendako Laguntza.

  • Herritarrendako Laguntza Zerbitzua.
  • Zerbitzu Orokorrak (estatistika, errolda, ediktuak eta abar kudeatzea).
  • Elkarteen eta herritarren entitateen erregistroa eta udal lokalen kudeaketa, elkarteek eta entitateek erabil ditzaten.
  • Kontsulta-kontseiluen eta partaidetza-foroak sustatu eta daudenak koordinatzea.
  • Antolaketa eta kalitate sistemak.

–Langileak:

  • Plantilla organikoa.
  • Nominak.
  • Lan eta administrazio kontratuak.
  • Prestakuntza.
  • Laneko arriskuei aurrea hartzea.

–Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak:

  • Oinarrizko informazio orokorra eta informazioaren tratamendua (datu zentroa).
  • Datu-basea, erregistroak eta fitxategiak prestatu, eguneratu eta seguru izatea.
  • Informatikaren eta telekomunikazioaren zerbitzuak.
  • Ekipo eta azpiegitura teknologikoak.
  • Erabiltzaileendako sostengua eta laguntza.

Hiriaren sustapena.

Zerbitzu hauek osatzen dute, eta eginkizun hauek dituzte:

–Kultura, Turismoa eta Bestak:

  • Turismoa sustatzeko neurriak planifikatu eta bultzatzea.
  • Turismoko azpiegiturak koordinatzea.
  • Tuterako turismo-eskaintza ezagutarazteko jarduketak.
  • Azoka eta biltzar jarduna sustatu eta bultzatzea.
  • Herriko festak eta beste ekitaldi batzuk.

Ekonomia eta Ogasunaren Alorra.

–Merkataritza, Industria eta Enplegua:

  • Industriaren jarduera bultzatzea.
  • Industriaren azpiegiturak eta lurzorua kudeatzea.
  • Enpresendako hornidura sustatzea.
  • Eremu orokorreko sustapen proiektuak, sozioekonomikoak eta abar.
  • Laneko orientazioa eta lan poltsak.
  • Tailer Eskolak.
  • Laneko programak.
  • Merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea.
  • Hornidura Azoka.
  • Merkatarien elkarteentzako laguntza.

–Ogasuna, Katastroa, Ondarea eta Erosketak:

  • Ordenantza fiskalak.
  • Errolda fiskalak.
  • Zergak, tasak eta prezio publikoak kudeatzea.
  • Tributuen gaineko azterlanak.
  • Kudeaketa, asegurua eta erreklamazioak.
  • Errentamenduak.
  • Ondasunen inbentarioaren mantentze lana.
  • Errolda fiskalak.
  • Erosketak kudeatzea.

–Diruzaintza:

  • Diru-bilketa eta funtsen kudeaketa.
  • Fidantzak eta abalak.
  • Diruzaintzako planak.
  • Kredituko eragiketak.
  • Diru-bilketa Agentzia.

Lurraldearen Antolamenduaren Alorra:

–Hirigintza, Bulego Teknikoa eta Osasuna:

  • Planeamendua eta hiri antolamendua.
  • Planeamenduaren garapena eta kudeaketa.
  • Zaharberritzea.
  • Hirigintzako lizentziak, jarduerakoak eta irekitzekoak.
  • Exekuzio-aginduak, aurri egoeraren espedienteak eta ordezko exekuzioak.
  • Hirigintzako diziplina eta ikuskaritza.
  • Udalaren lurzoruko ondarea.
  • Etxebizitzarako politika eta EEZB.
  • Azterlanak eta proiektuak.
  • Lehen aldiz ezartzeko, zaharberritzeko edo konpontzeko obrak.
  • Mantentze-lanak (eremu publikoa, lorategiak, hiri-hornigarriak, eraikinak, igogailuak eta berokuntza).
  • Elikagaien ikuskaritza (prestaketa, salmenta eta kontsumoa).
  • Hilerria eta hileta-jarduerak.
  • Lagun egiteko etxeko animaliak.

–Kontrataturiko zerbitzuak:

  • Mantentze-lanetarako kontratuen plangintza eta kontrola.
  • Hiriko argiteria (Kontserbatze- eta mantentze-lanak).
  • Hiriko garbiketa.

–Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak, Ingurumena eta Agenda 21:

  • Ondasun berekiak eta herrilurrak.
  • Ureztatzeak ezarri eta modernizatzea.
  • Landazaintza.
  • Abeltzaintzako ustiategiak.
  • Ingurumenaren iraungarritasunerako zerbitzuak:
  • Tokiko Agenda 21 (Ingurumenerako Ekintza Plana eta Ingurumeneko Hezkuntza eta Sentsibilizazioa).
  • Natur lekuneak.

Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorra.

Kudeaketa zentro hauek osatzen dute, eta eginkizun hauek dituzte:

–Kirolak:

  • Udalaren kirol instalazioetako mantentze lana eta kudeaketa.
  • Kirola sustatu eta hedatzea.
  • Hiriko kirol jarduera koordinatu eta sustatzea.
  • Udalaren Kirol Eskola.
  • Hitzarmenak kirol erakunde eta entitateekin.
  • Kirol entitateendako diru-laguntza eta laguntzak.
  • Kirol Medikuntza.

–Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeak:

  • Hezkuntzako eraikinetako obra eta berrikuntzak sustatzea, baita dituzten zerbitzuak konpondu eta mantentze lana egitea ere.
  • 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeak.
  • Udalaren ludoteka.
  • Eskola eta irakaskuntzako lolakak erabiltzeko erregulazioa eta arauak.
  • Irakaskuntzaz kanpoko jardueretarako irizpideak kudeatu eta garatzea.
  • Eskola Kontseiluak eta Eskolatze Batzordea.
  • Gazteriaren Plana kudeatzea.
  • Gazteen elkarteak sustatzea.
  • Gazteentzako lokal eta guneak prestatu eta eraikitzeko lana sustatzea.
  • Gizarte Etxeetako mantentze lana eta sustapena.

Gizarte zerbitzuen barrutia.

–Gizarte Ongizatea, Emakumea eta Berdintasuna:

  • Gizarte Zerbitzuen sisteman sartzeko programa orokorra.
  • Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta bestelako prestazioak, menpekotasuna duten pertsonentzat.
  • Gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ekintzak. Prestakuntza eta Enplegua. Hiriko pobrezia eta gizarte-bazterkeria deuseztea.
  • Familiaren aldeko programak. Haurren eta gazteen moldatu ezinaren prebentzioa eta tratamendua.
  • Zentro eta zerbitzu berekiak kudeatzea.
  • Emakumeendako laguntza zerbitzua.
  • Berdintasun plana.

2. Alorren zuzendaritza. Lurraldearen Antolamenduaren Alorrak eta Ekonomia eta Ogasunaren Alorrak bere zuzendaria izanen dute, Alkatetzak libreki izendatua Udalaren plantilla organikoan ezarritako moduan eta baldintzetan.

Alorreko zuzendariaren lanpostua zuzendaritza sailekoa da, eta Alorreko lana zuzendu, kudeatu, koordinatu eta kontrolatzeko erantzukizuna du, izan daitezkeen kudeaketa zentroak eta unitate administratiboak barne direla. Oro har, goi mailako eginkizunak dagozkio, aztertu, txostenak egin, aholkatu eta proposamenak egiteko.

3. Kudeaketa zentroak. Arduradun bat izanen da Kudeaketa Zentro bakoitzaren kargu, Udalaren plantilla organikoan ezartzen den moduan eta baldintzetan. Kargu hori betetzeko, hautaketa prozedura objektibo bat eginen da Udaleko langileen artean.

Kudeaketa Zentroko arduradun lanpostua zuzendaritza sailekoa da; horretarako eta, Alor batean integratuta dela, haren zuzendaritzaren mende, bere eskumeneko gaiak bultzatuko ditu tramitatu, kudeatu eta betearaz daitezen; orobat, egin beharrekoak eginen ditu Kudeaketa Zentroaren jarduerak koordinatu, zuzendu eta kudeatzeko.

Iragarkiaren kodea: L1601568