36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko 2016 urteko diru-laguntzen deialdia

Baztango Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2016ko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, aipatu deialdia onetsi zuen. Hona hemen haren

OINARRIAK

Lehendabizikoa.–Diru-laguntzaren xedea.

Baztango Udalak Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza proposatzen du. Master akaberako lanak ere onartzen dira.

Bigarrena.–Kopurua.

Deialdi honi 2.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren 2016 urteko aurrekontuko “1-3269-48000.02 Diru-laguntza Baztan ikergai duten proiektuak” kontu-sailaren kargura esleitu ere. Diru-laguntzen kontu-saila agortzearekin ez dira proiektu gehiago diruz lagunduko. Horretarako, balorazio batzordeak aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten 4 proiektuei diruz laguntzea proposatuko du.

Hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion diru-laguntza 500 eurokoa izanen da.

Hirugarrena.–Eskatzaileen baldintzak.

–Baztango udalerrian errolda izatea edo eta beste udalerri batean koiunturalki erroldatua egon baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada.

–Ikasketa akaberako proiektu edo lanetan 2016ko abenduaren 1erako matrikulaturik egotea.

–Baztango Udalarekin zorrik ez izatea.

Laugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-oholean eta eskualdeko komunikabideetan.

Bortzgarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Aitzineko ataletan heldu diren baldintzak betetzen dituzten eta beren burua deialdirat aurkeztu nahi duten ikasleek, I. eranskinean heldu den bezala, eskaria egin beharko dute hilabeteko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Baztango Udaleko erregistroan.

Seigarrena.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

–Eskariarekin batera ikasleek eginen duten proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztuko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia... zehaztu daitezke. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du.

–NANaren fotokopia.

–Ikasketa akaberako proiektu edo lanean matrikulaturik egotearen egiaztagiria.

–Errolda agiria edo zinpeko aitorpena, Baztandik kanpo koiunturalki erroldatua dagoela ikasketak Nafarroatik kanpo egiten dituelako.

–Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

–Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute edo bestela kopia konpultsatuak.

Aurkeztutako dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari dagokion dokumentazio osagarria 10 eguneko epean aurkeztea galdeginen zaio.

Zazpigarrena.–Lan edo proiektuaren aurkezpena.

Eskatzaileak ikasketa akaberako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du eta laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean; betiere tutorearen ongi ikusiarekin. Epea gainditurik ez da lanik onartuko eta Udalak emandako diru-laguntza erreklamatzen ahalko du.

Lana edozein hizkuntzatan burutzen ahal da.

Laguntzaren jasotzaileak proiektua edo lana buruturik eta tutorearen ongi ikusia duela, Baztango Udalarekin herritarren aitzinean egindako proiektu edo lana solasaldian aurkeztuko du.

Zortzigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Ebaluazio batzordea izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta proposamena eginen dio Tokiko Gobernu Batzarrari, ebazteko eskumena duen organoa.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdiesten.

Bederatzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Ebaluazio batzordeak memoriak gaien interes soziala, bailarako erronkak lantzeko duen ahalmena, originaltasuna, erabilitako metodologia, proposaturiko arazoak konpontzeko gaitasuna, hizkuntza, hizkuntzaren kalitatea eta sintesi ahalmena kontuan hartuz hautatuko ditu.

Hamargarrena.–Esleipenaren ezeztapena, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek ezarritako epeak –lana aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak– errespetatzen, edo eskatutako agiriak ez baditu aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak bete, edo proposatutako lana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, balorazio batzordeak Udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko; halako kasuan esleipendunak jasotako dirua itzuli beharko dio Baztango Udalari.

Hamaikagarrena.–Lanaren argitalpena.

Lana argitaratzen bada Udalari 10 ale dohainik eman beharko zaizkio.

Deialdian parte hartzen dutenek horri buruzko arauak oro onartuko dituzte eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei; epaia apelaezina izanen da. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea kanporatzea ekarriko du berekin.

Hamabigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak xedatutakoak aginduko du.

Hamahirugarrena.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Hamalaugarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

Hamabortzgarrena.–Ebazpena eta errekurtsoak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta horrenbestez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gora-behera oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Baztanen, 2016ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1601898