29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

134/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 515/2015 Ebazpena aldatzen duena. 515/2015 Ebazpenaren bidez, nekazari batasunen ustiategiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ziren, ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurriarekin bat, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duenak, 17. artikuluan, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria aurreikusten du.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programak laguntza horiek jasotzen ditu 4. neurriaren barnean (“Inbertsioak aktibo fisikoetan”) eta, zehazki, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” azpineurrian. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

2015eko abuztuaren 25ean (2015eko 165. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa) Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 515/2015 Ebazpena argitaratu zen. Honen bidez, onesten dira nekazari batasunen laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia, ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurriarekin bat, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 15eko 318/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 211. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa) eta abenduaren 30eko 680/2015 Ebazpenaren bidez (2016ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa), deialdia aldatu zen eskaerak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 29ra arte luzatzeko.

2015eko azaroaren 18an Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programa onetsi zuen. Onetsitako testuak aldaketak ditu, deialdia prestatzeko oinarritzat hartu zenaren aldean, eta, hortaz, oinarri arautzaileak egokitzera behartzen du, baita laguntzen deialdia ere, aldaketak sartzeko, deialdiaren 5. puntuan jasotako aplikatzeko baldintzan berariaz zehazten den bezala.

Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 7.490.000,00 euro 2017ko ekitaldian eta 1.250.000,00 euro 2018ko ekitaldian, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan laguntzak emateko Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren esparruan, 2015. urteko deialdiari baitagozkio, eta ondoriorik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakia. Erabaki horren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 3.720.000,00 euro 2016ko ekitaldian eta 5.020.000,00 euro 2017ko ekitaldian, neurri horietan laguntzak emateko.

Proposatutako aldaketek eragina dute aurrekontuko kredituan eta ura aurreztean, ureztalurren modernizazioan gutxienez %10ekoa izan behar baita, aurreko sistemaren aldean, eta inbertsioen plana gauzatzeko eta ordainketa eskatzeko data aldatu da, 2016tik 2017ra aldatzen baitira.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 515/2015 Ebazpenaren 3. puntua aldatzea. Ebazpen horren bidez, onesten dira 2015eko ekitaldiko deialdia eta oinarri arautzaileak nekazari batasunen ustiategiei, ureztatze ekipamenduko inbertsioengatik, laguntzak emateko “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurriaren arabera Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barrenean. 3. puntua aurrekontuko kredituei buruzkoa da. Honela geldituko da idatzita:

“3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 700.000,00 euroko gastua baimentzen da 2017ko ekitaldian, 2015. urtera luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako honako honen kargura: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 71630 7700 412102 kontu-saila. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.”

2.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 515/2015 Ebazpenaren I. Eranskina aldatzea. Horren bidez, “Nekazari batasunen ustiategietan ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak” egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian. Honako hau da aldaketa:

1. I. eranskinaren 7. oinarriko (Dirua jaso dezaketen inbertsioak) 5. puntuko a) letrako ii) idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“ii) Aurretik baden ureztapen instalazio bat modernizatu behar bada, frogatu behar da hobekuntzak ura aurreztea ahalbidetzen duela, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %10, oraingo instalazioa kontuan hartuta.”

2. I. eranskinaren 11. oinarriko (Onuradunen betebeharrak) 1. puntuko a) letra aldatu da, eta honela idatzita gelditu da:

“a) 2017ko urriaren 1a baino lehen gauzatzea inbertsio plana, galarazi gabe justifikatutako arrazoiengatik onar daitezkeen luzapenak. Luzapen horiek ezin iraun dute unean uneko aurrekontuaren ekitaldiak baino gehiago.”

Betebehar honek berarekin dakar 8. oinarriko 4.c puntuko ikastaroak egitea, baldin laguntzaren portzentajea handitzeko edo baremoko puntu gehiago lortzeko erabili badira.

3. I. eranskinaren 19. oinarriko (Ordainketa eskaera) 1. puntua aldatu da; honela gelditu da idatzita:

“1. Laguntzak eskatzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du 2017ko urriaren 10a baino lehen. Hartan, honako hauek jasoko dira: inbertsioen bukaeraren komunikazioa, horiek gauzatu izanaren justifikazioa eta laguntzaren xede diren kontzeptuengatik egindako ordainketen gauzatzea, eta, behar denean, inbertsio planaren arabera eska daitezkeen ordainketen gauzatzea. Fakturak eta/edo frogagiri gisa baliokideak diren agiriak erantsi beharko dira, eta diruz lagun daitezkeen gastu eta inbertsio guztiak ordaindu izanaren frogagiriak ere bai.

4. I. eranskinaren 21. oinarriko 2. puntuari bigarren paragrafo bat eransten zaio, ordainketetako murrizketei eta salbuesteei buruzkoa baita. Honako hau da testua:

“11. oinarriaren e) letran bildutako konpromisoa betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da. 11. oinarriaren g), j) eta l) letretan bildutako konpromisoak betetzen ez badira, konpromisoarekin lotura zuzena duen laguntza galduko da. 11. oinarriaren f), h) eta i) letretan bildutako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzaren %50 galduko da”.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 29an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1601347