29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

133/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpena aldatzen duena. 538/2015 Ebazpenaren bidez, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri gisa, berriz, artikulu horren 1.a) puntua, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren proposamenak laguntza hori jasotzen du 6. neurrian (“nekazaritza eta enpresa ustiategien garapena”), eta, zehatzago, “nekazari gazteak bere gain jartzeko laguntza” azpineurrian. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

2015eko abuztuaren 25ean (2015eko 165. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa) Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpena argitaratu zen. Horren bidez, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Azaroaren 10eko 441/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 23koa) eta abenduaren 21eko 611/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 257. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), deialdia aldatu zen eskaerak aurkezteko epea luzatzearren, 2016ko otsailaren 15era arte.

2015eko azaroaren 18an Europako Batzordeak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa onetsi zuen. Onetsitako testuak aldaketa batzuk sartu zituen deialdiak egiteko oinarri izan zen testuan, eta horregatik laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia aldatu behar dira aldaketa horiek sartzeko, deialdiaren 5. puntuan jasotako aplikazio baldintzan berariaz zehazten den bezala, eta epeak aldatzeko, bermatzearren enpresa plana aplikatzen hasten dela laguntza eman eta ondoko 9 hilabeteetan, eta onuradunak jarduneko nekazari izatearen baldintza betetzen duela nekazari gisa jarri eta ondoko 18 hilabeteetan.

Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 7.490.000,00 euro 2017ko ekitaldian eta 1.250.000,00 eurok 2018ko ekitaldian, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan laguntzak emateko Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren esparruan, 2015. urteko deialdiari baitagozkio, eta ondoriorik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakia. Erabaki horren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 3.720.000,00 euro 2016ko ekitaldian eta 5.020.000,00 euro 2017ko ekitaldian, neurri horietan laguntzak emateko.

Ebazpen honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpenaren 3. puntua, aurrekontuko kredituei buruzkoa, aldatzea. Ebazpen horren bidez, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Honela geldituko da idatzita:

“3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 1.250.000,00 euroko gastua baimendu da, 2017ko ekitaldian, eta 1.250.000,00 eurokoa, 2018ko ekitaldian, 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuko 720004 71630 7700 412103 kontu-sailaren baliokidearen kargura (“Nekazari gazteak bere gain jartzea. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”), behar adinako kreditu egokia bada.”

2.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpenaren 4. puntua, eskaerak aurkezteko epeari buruzkoa, aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

“4. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 29an bukatuko da.”

3.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpenaren I. eranskina aldatzea. Ebazpen horren bidez, “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Honela aldatzen da:

1. 4. oinarriaren 2. atalean bosgarren marra bat gehitzen da, testu honekin:

–“4. oinarriaren 1.c) puntuko hirugarren marran aipatzen den prestakuntza ikastaroan inskribatu izana, behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzeko”.

2. 5. oinarriaren 2.a) ataleko bigarren marra aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko du.”

3. 5. oinarriaren 2.b) atalean hirugarren marra bat gehitzen da, testu honekin:

–“Frogatzea lehentasunezko ustiategi izaera lortzen edo mantentzen duela.”

4. 17. oinarriaren 1. atala, enpresa plana gauzatzeko epeei, ordainketa egin aurretik bete beharreko eskakizunei eta ordainketa eskaerari buruzkoa, aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

“1. Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa planaren hasiera: laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteetan.

b) Enpresa planaren gauzatzea bukatzea: 2018ko otsailak 1.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2018ko otsailak 1.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, jarduneko nekazaria dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2018ko otsailak 1.”

5. 18. oinarriaren 1. eta 2. atalak, laguntza ordaintzeko eskaera aurkezteko modu eta epeei buruzkoak, aldatzen dira. Honela idatzita geldituko dira:

“1. Laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2017ko eta 2018ko ekitaldietan.

2. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–2017. urtean: laguntza emateko ebazpenaren egunetik 9 hilabete igaro baino lehen. Enpresa plana hasi dela egiaztatu ondotik ordainduko da.

–2018. urtean: otsailaren 10a baino lehen, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, jarduneko nekazari gisa aritzearena barne.”

4.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpenaren II. eranskina aldatzea, 2.1 puntuan b) atal berri bat gehitzeko, “enpresa planaren aurkibidea” izenekoa. Honela idatzita geldituko da:

“2. Nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren deskribapena.

2.1 Hasierako egoera.

a) Hasierako egoeraren deskribapena.

b) Bere gain jartzeko prozesuaren hasiera.”

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 29an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1601348