246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

535/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legea garatzen duena. Lege horren bidez ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen da.

ZIOEN AZALPENA

Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legeak, azken xedapenetako lehenbizikoan, ahalmena ematen zaio gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuari bere eskumenen esparruan foru lege hori garatu, aplikatu eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

Zehazki, laguntza-txakurren erabiltzaileek izenpetu behar dituzten aseguru-polizen erantzukizun zibileko estaldura-muga zehaztu behar da, bai eta txakur horiei bizkarroiak kentzeko aldizkakotasuna ere, foru legearen 11.1.b) eta 16.1.f) artikuluei jarraikiz. Foru agindu honen I. kapituluan egiten dira zehaztapen horiek.

Foru legean ezarritako prozedurak tramitatzeko eta ebazteko organo eskudunak ere zehaztu behar dira, eta arauak osatu eta garatu behar dira arlo hauetan: laguntza-txakurren izaera aitortzea, foru legearen lehen xedapen iragankorrean ezarritako egiaztapena egokitzea eta baimen berezia ematea hirugarren pertsona bati irisgarritasun-eskubide horretaz baliatzeko (foru legearen 4.7 artikulukoa). Gai hauek guztiak foru agindu honen II. kapituluan eta bosgarren xedapen gehigarrian jorratzen dira.

Foru legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. atalean ezarritako agindua betetzeko, erabiltzaileen eta laguntza-txakurren arteko lotura-unitateen erregistroa arautzen da foru agindu honen III. kapituluan.

Azkenik, lehen hiru xedapen gehigarrietan gai hauek zehazten dira: lotura-unitatea identifikatzen duen txartela, txakurren identifikaziorako bereizgarria eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren ahalmena dokumentazioa eskatzeko. Foru legearen 15.2 eta 20. artikuluetan aurreikusita daude gai horiek.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da prozedura eta gai hauek arautzea: laguntza-txakurren izaera aitortzea, foru legearen lehen xedapen iragankorrean itsu-txakurretarako ezarritako egiaztapena egokitzea, hirugarren pertsona bati irisgarritasun-eskubide horretaz baliatzeko baimen berezia ematea, erabiltzaileen eta laguntza-txakurren arteko lotura-unitateen erregistroa, laguntza-txakurren erabiltzaileen zenbait betebeharren irismena ezartzea eta txakur horiek bete behar dituzten zenbait betebehar higieniko-sanitario zehaztea.

2. artikulua. Erantzukizun zibileko estaldura-muga.

1. Laguntza-txakurren erabiltzaileek erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat izenpetu behar dute txakurrek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteak estaltzeko. Gutxieneko estaldura-muga 300.000 euro izanen da ezbehar bakoitzeko.

2. Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrak egunera dezake erantzukizun zibileko estaldura-muga (aurreko idatz-zatian ezarria).

3. artikulua. Laguntza-txakurrei bizkarroiak kentzeko aldizkakotasuna.

1. Laguntza-txakurrei barneko eta kanpoko bizkarroiak kendu behar zaizkie hiruhilean behin.

2. Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrak egunera dezake laguntza-txakurrei bizkarroiak kentzeko aldizkakotasuna (aurreko idatz-zatian ezarria).

II. KAPITULUA

Prozedurak

4. artikulua. Laguntza-txakurraren izaera aitortzeko prozedura.

1. Laguntza-txakurraren izaera egiaztatzeko interesa duenak eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea, horretarako onesten den ereduari jarraikiz. Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen 22. artikuluan eta foru agindu honen 7. artikuluan ezarritako datuak agertuko dira. Agiri hauek erantsiko zaizkio eskabideari:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, edo, bestela, bere nortasuna legez frogatzen duen beste agiri batena.

Desgaitasun-egoera aitortzeko balorazioa Nafarroako Foru Komunitatean egina bada, edo, espedientea beste autonomia erkidego batetik lekualdatzeagatik edo beste arrazoi batengatik, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eskatzailearen datuak baditu, ez da aurkeztu behar.

b) Hirugarrenei eragiten ahal zaizkien kalteak estaltzeko erantzukizun zibileko poliza bat izenpeturik duela dioen ziurtagiria, foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako estaldura-mugarekin, edo polizaren eta azken ordainagiriaren kopia.

c) Eskatzaileak erabiltzaileak badira, desgaitasun-maila aitortzen duen ziurtagiria edo Eskubide Sozialetako Departamentuak ziurtagiri hori duela dioen adierazpena, edo, epilepsia, diabetesa, autismoaren espektroko nahasteak edo otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenean xedatuaren arabera aitortutako beste gaixotasun bat badute (desgaitasun aitorpena ez dakarrena), kasuan kasuko gaixotasuna duela frogatzen duen ziurtagiri edo txosten mediko ofiziala, osasun zerbitzu publikoetako dagokion organoak egina.

d) Ziurtagiri sanitario ofiziala, lanbidearen jardunean dagoen albaitari kolegiatu batek egina, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean eta foru agindu honetan ezarritako baldintza higieniko-sanitarioak betetzen direla frogatzeko, edo maskotentzako Europako pasaportearen fotokopia.

e) Gune zoologikoen erregistroan inskribatutako trebatze-zentro baten ziurtagiria, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduaren arabera, trebatze-zentroaren titulartasuna dutenen eskaerak salbu, edo Itsu-txakurraren ONCE Fundazioaren ziurtagiria edo Eskubide Sozialetako Departamentuak laguntza-txakurren trebakuntzan fidagarritasun handia aitortzen dion entitate batena, egiaztatuz aitortu beharreko txakurrari emandako helburua laguntza-txakur gisa azken erabiltzaileari zerbitzua ematea dela, harekin lotura-unitate bat sortuz, eta erabiltzailearen desgaitasun edo gaixotasunerako berariazko trebakuntza egokia eman zaiola, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen 2.i) artikuluan ezarri bezala.

2. Eskabidea jaso, dokumentazioa egiaztatu eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarri bezala, akatsak zuzentzeko eskatu ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalak proposamena eginen du laguntza-txakurraren izaera aitortzeko edo ez aitortzeko. Bigarren kasuan, hamar eguneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

3. Proposamena eta, hala bada, alegazioak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzako titularrak ebazpena emanen du laguntza-txakurraren izaera aitortzeko edo ez aitortzeko. Izaera aitortzen bada, aitortutako izaera egiaztatzeko erabiliko da. Horrez gain, agindua emanen du erabiltzaileen eta laguntza-txakurren arteko lotura-unitateen erregistroan inskribatzeko eta identifikaziorako bereizgarri ofiziala luzatzeko.

4. Eskaerak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi behar dira, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako erregistroan sartzen direnetik hasita.

Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera baietsi dela ondorioztatzen ahal du interesdunak.

5. Egiaztapena lortu dutenek urtero aurkeztu beharko dute ziurtagiri sanitario ofiziala edo maskotentzako Europako pasaportearen eguneraketa.

5. artikulua. Apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legeak aipatzen dituen itsu-txakurren egiaztapena egokitzeko prozedura. Lege horrek ikusmeneko disfuntzio osoa edo latza izanik, itsu-txakurren laguntza duten pertsonak gune irekietan eta mugatutako beste gunetan sartu, ibili eta egoteko askatasunaren erregimena arautzen du.

1. Laguntza-txakurren izaeraren aitorpen automatikoa (otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean zehazten dena) galarazi gabe, foru lege horren 13.a) artikuluan eta apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legearen 2. artikuluan aipatzen diren itsu-txakurren erabiltzaileek, 3/2015 Foru Legeak indarra hartzen duen egunean, egiaztapena egokitu behar dute foru lege horretan eta foru agindu honetan aitorpen eta identifikaziorako ezarritako baldintzetara. Horretarako, urtebeteko epea ematen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

2. Itsu-txakurraren erabiltzaileak 4. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen den eskabidea aurkeztu beharko du, a), b) eta d) letretan aipatzen diren agiriekin batera.

3. Eskaera horien tramitazioan 4. artikuluaren 3., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, baina ezin izanen da laguntza-txakurraren izaera ez aitortzeko ebazpena eman. Eskatzaileak erantzukizun zibileko asegurua edo baldintza higieniko-sanitarioak frogatzeko dokumentazioa aurkezten ez badu, hori egiteko errekerimendua egin bazaio ere, laguntza-txakurraren izaera bertan behera uzteko prozedura irekitzen ahalko da.

6. artikulua. Hirugarren pertsona bati irisgarritasun-eskubideaz baliatzeko baimen berezia emateko prozedura.

1. Aurreko artikuluen arabera laguntza-txakurraren erabiltzaile izaera aitorturik dutenek edo aitorpen hori estreinakoz eskatzen dutenek, gaixotasun edo ezintasun batengatik aldi baterako ezintasuna badute gunean sartzeko daukaten eskubidea erabiltzeko, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen 4.7 artikuluan aipatzen den bezala, eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea, horretarako onesten den ereduaren arabera. Bertan aldi baterako ezintasunak dirauen bitartean txakurraren laguntzarako premiaren arrazoiak zehaztu beharko dituzte, izendatutako pertsonak irisgarritasun-eskubideak bere barruan hartzen dituen tokietan sartu behar baitu erabiltzaileari laguntza emateko. Dokumentazio hau erantsiko diote eskabideari:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, edo, bestela, bere nortasuna legez frogatzen duen beste agiri batena, lehenbiziko aldiz eskatzen bada.

Desgaitasun-egoera aitortzeko balorazioa Nafarroako Foru Komunitatean egina dutenek ez dute aurkeztu behar.

b) Desgaitasun maila aitortzen duen ziurtagiria edo Eskubide Sozialetako Departamentuak ziurtagiri hori duela dioen adierazpena, edo, desgaitasun aitorpena ez dakarren gaixotasun batek sortutako aldi baterako ezintasunaren kasuan, ziurtagiri edo txosten mediko ofiziala, osasun zerbitzu publikoetako dagokion organoak egina, gunean bere kabuz sartzeko daukan eskubidearen erabilera galarazten duen gaixotasuna duela frogatzeko.

c) Irisgarritasun-eskubidea erabiltzeko, erabiltzaileari laguntza emateko asmoz, izendatutako pertsonaren NANaren fotokopia, edo, bestela, pertsona horren nortasuna legez egiaztatzen duen beste edozein agiriren fotokopia.

Aitorpenerako eskaerarekin batera aurkeztutako eskaeren kasuan, 4.1 artikuluan aipatzen diren agiriak ere aurkeztu behar dira.

2. Eskabidea jaso, dokumentazioa egiaztatu eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarri bezala, akatsak zuzentzeko eskatu ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalak proposamena eginen du baimen berezia emateko edo ez emateko. Bigarren kasuan, hamar eguneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

3. Proposamena eta, hala bada, alegazioak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzako titularrak ebazpena emanen du baimen berezia emateko, izendatutako pertsonak erabiltzaileari dagokion irisgarritasun-eskubidea erabil dezan. Irisgarritasun-eskubidea egiaztatzeko erabiliko da. Horrez gain, agindua emanen du hirugarrenaren datuak erabiltzaileen eta laguntza-txakurren arteko lotura-unitateen erregistroan inskribatzeko.

4. Eskaerak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi behar dira, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako erregistroan sartzen direnetik hasita.

Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera baietsi dela ondorioztatzen ahal du interesdunak.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen eta laguntza-txakurren lotura-unitateen erregistroa

7. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Erabiltzaileen eta laguntza-txakurren lotura-unitateen erregistroa otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriaren bidez sortu zen. Erregistroa publikoa eta doakoa da, eta Nafarroako Foru Komunitatean laguntza-txakur gisa aitorturik dauden txakurren erabiltzaileak eta laguntza-txakurrak ezagutzeko tresna bat da.

2. Erregistroa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzako Balorazio Atalari dago atxikia.

8. artikulua. Egitura eta edukia.

1. Erregistroak bi atal ditu, haien artean konektaturik; batak laguntza-txakurren erabiltzaileen datuak ditu, eta besteak, laguntza-txakurren datuak. Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuari atxikitako txakurren erroldarekin koordinatuko da, eta aitorpen ebazpenak igorriko dizkio.

2. Erabiltzaileen atalak datu hauek bilduko ditu:

a) Erabiltzaileen izena eta bi abizenak, helbidea eta desgaitasun-maila edo gaixotasuna.

b) Laguntza-txakurraren jabearen izena eta bi abizenak (edo izen soziala) eta helbidea, erabiltzailea bera ez bada.

c) Erabiltzaileek haiei dagokien irisgarritasun-eskubidea erabiltzeko izendatutako pertsonen izena eta bi abizenak eta helbidea, eta baimen bereziaren indarraldia.

Idazpen horietan guztietan, berariaz aipatuko da pertsonen sexua.

3. Laguntza-txakurren atalak datu hauek bilduko ditu:

a) Txakurraren identifikazioa eta jatorria.

b) Txakurrari erabiltzaileari laguntza ematea ahalbidetzen dioten ahalmen edo trebetasunen laburpena.

c) Trebatze-zentroa.

d) Baldintza higieniko-sanitarioei buruzko ziurtagiri sanitario ofizialaren emate- edo berritze-data.

9. artikulua. Kontsultatzea.

1. Edozein pertsonak eskubidea du erregistroan kontsultak egiteko eta erregistroko datuen ziurtagiriak eskatzeko.

2. Inskribatutako pertsonek, eta ez beste inork, ahalmena dute zuzenak edo osorik ez diren datuak zuzentzeko edo osatzeko, akatsa edo omisioa frogatu ondoren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Erabiltzailearen egiaztapena.

1. Lotura-unitatea identifikatzeko txartela ezartzen da. Otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearen 15.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza-txakurraren izaeraren aitorpena egiaztatzen duen agiri ofiziala da, foru agindu honen bigarren xedapen gehigarrian araututako bereizgarriarekin batera.

2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalak ofizioz eginen du txartela, bi baldintza hauek betetzen direnean: Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzako titularrak laguntza-txakurraren izaera aitortzen duen ebazpena ematea, eta foru agindu honen III. kapituluan arautzen den lotura-unitateen erregistroan inskribatzea. Gero, egiaztapena eskatu duen erabiltzaileari emanen zaio, edo, hala bada, bere legezko ordezkariari, emate hori frogatzen duen hartze-agiria espedientean jasoz.

3. Lotura-unitatea identifikatzeko txartelak laguntza-txakurraren datuak, erabiltzailearenak eta jabearenak jasoko ditu, I. eranskinean zehazten diren aurreikuspenen arabera.

4. Erabiltzaileari identifikaziorako txartela kenduko zaio laguntza-txakurraren izaera galtzea edo etetea erabakitzen denean, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Laguntza-txakurren identifikazioa.

1. Foru agindu honetako arauei jarraikiz aitortu eta egiaztatu den laguntza-txakurra identifikaturik joanen da beti, horretarako egindako bereizgarri ofizial baten bidez, animaliaren lepokoaren toki ikusgarrian kokatua, eta peto edo arnes baten bidez. Plaka metaliko bat izanen da bereizgarria, eta II. eranskinean zehazten diren datuak eta formatua izanen ditu.

Laguntza-txakurraren izaera aitortzen duen ebazpenean, eskatzaileek eskaera justifikatua egin ondoren, petoa edo arnesa ez erabiltzeko aukera jasotzen ahalko da. Identifikaziorako plakan ere agertu beharko da dispentsa hori.

2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalak identifikaziorako bereizgarria emanen dio erabiltzaileari edo, hala bada, bere legezko ordezkariari, bi baldintza hauek betetzen direnean: laguntza-txakurraren izaera aitortzen duen erabakia hartzea, eta lotura-unitatea III. kapituluan aipatzen den erregistroan inskribatzea.

3. Erabiltzaileari bereizgarri ofiziala kenduko zaio laguntza-txakurraren izaera galtzea edo etetea erabakitzen denean, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ikuskatzea eta dokumentazioa eskatzea.

Eskubide Sozialetako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ahalmena du ikuskatzeko, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko eta laguntza-txakurraren izaera egiaztatzen duen dokumentazioa eskatzeko, foru lege horren 20.1.a) artikuluaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskumenak beste prozedura batzuetan.

Laguntza-txakurra izaera eteteko edo galtzeko prozeduretan, tramitatzeko eta ebazteko ahalmenak foru agindu honen 4., 5. eta 6. artikuluetan aipatzen diren organoei dagozkie.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arauen garapena.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko azaroaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Laguntza-txakurraren erabiltzailearendako txartelaren ezaugarriak

Txartel plastifikatua.

Neurriak:

  • Luzera: 55 mm.
  • zabalera: 85 mm.

Kolorea:

  • Zuria.
  • Beltza Pantone Black C.
  • Gorria: Pantone 485 C.
  • Arrosa: Pantone 177 C.

Aurrealdea:

F1613637_0.pdf

Atzealdea:

F1613637_1.pdf

II. ERANSKINA

Laguntza-txakurraren bereizgarriaren ezaugarriak

Gai herdoilezinezko plaka metalikoa.

Neurriak:

  • Diametroa: 35 mm.
  • Lodiera: < 1 mm.

Kolorea:

  • Beltza: Pantone Black C.
  • Gorria: Pantone 485 C.

Aurrealdea:

F1613637_2.pdf

Atzealdea:

F1613637_3.pdf

Iragarkiaren kodea: F1613637