236. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1432/2016 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nazioarteko Praktiketarako Beken 2017ko deialdia onesten duena.

Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planak bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko, eta horretan lagundu nahi du. Honen azpian asmo argia dago: halako pertsona talde bat osatzea zeinak Nafarroako ehun produktiboari azkeneko berrikuntzak eta ekarpenak ekarriko dizkion, hots, Europar Batasunetik kanpoko enpresetan izanen duten prestakuntzatik atera ahal dituztenak; izan ere, horrela, aukera profesionalak sustatuko dira, bai eta gizarte eta kultur ingurune berrietan txertatzeko aukerak ere, eta funtsezko tresna izanen dira Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako enpresetan praktikak egiteko beken deialdi baten bidez gauzatzen da ekintza hau, eta hauxe du izena: “Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan prestakuntza jasotzeko praktikak”.

Deialdi honen helburua da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea, Europar Batasunetik kanpoko enpresetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dadin, etorkizunean, Nafarroako enpresak nazioartekotzeko. Nazioartekotzeko prozesuari ekiteko, langile prestatuen falta dute enpresek, eta gabezia hori zuzendu nahi da. Halaber, deialdi honek lanerako aukera bat eskaintzen die gazte horiei, izan ere, enpleguaren sorrera errazten du langabeziak bereziki ukitutako sektore batean, 30 urtetik beherakoen sektorean, hain zuzen.

Deialdi honek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izanen du, baita Europar Batasunaren Gazteen Enplegurako Tresnarena ere, 2014-2020 aldirako Gazteen Enplegurako Europako Programaren bidez. Haren bidez %50eko kofinantzaketa-tasa espero da gutxienez. Horretarako, “Nazioarteko Praktiketarako Bekak EGF-YEI 2014-2020” izeneko PEP E-14/000077-01 elementua sortu da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea “Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan prestakuntza jasotzeko praktikak” izeneko deialdia, 2017. urteari dagokiona (oinarriak ebazpen honen eranskinean heldu dira). Helburu horretarako, 150.000 euroko gastua baimentzen da, honela finantzatuko dena: 2016ko gastuen aurrekontuaren “Nazioarteko praktikak. Gazteen Enplegua Programa Eragilea. EGF-YEI 2014-2020” izeneko 810003-81430-4809-146100 kontu-sailaren korrelatiboa izateko, 2017ko gastuen aurrekontuan gaitzen den kontu-sailaren kargura (E-14/000077-01 PEP elementua, “Nazioarteko praktiketarako bekak, EGF-YEI 2014-2020”). Deialdi honen finantzaketa kontu-sail horretan kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintzapean izanen da, bestela eten eginen baita.

2. Ebazpen hau Aurrekontuen Atalari, kontabilitate zentroari eta Kontu-hartzailetza Delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitatearen Career Servicesi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da (idazpuruan “Erreferentzia: Esped.” hitzen ondoren dagoen zenbakia).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 24an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

NAZIOARTEKO PRAKTIKETARAKO BEKEN OINARRIAK

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan prestakuntza
praktikak egitea

I. KAPITULUA

Helburua, araudia eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea.

Ebazpen honen xedea da Nazioarteko Praktiketarako Beken 2017ko deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea. Beka hauen bidez lortu nahi da beken onuradunek prestakuntzako eta praktiketako jarduerak egitea Europar Batasunetik kanpoko harrera entitateetan; konparazio batera, ikerketa zentroetan, GKEetan, enbaxadetan, kontsuletxeetan eta Espainiako Turismo Institutuko eta Merkataritza Ganberetako bulegoetan.

Beken deialdi hau Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da, izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko, eta horretan lagundu nahi du. Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzeko funtsezko tresna da honako hau, eta zuzenean bat egiten du Nafarroako Smart Specialization Strategy delakoak sustatzen duen nazioartekotze estrategiarekin.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Ebazpen honen babesean ematen diren bekak ondoko arau hauetan ezarritakoaren menpe izanen dira: ebazpen hau bera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta, oro har, aplikatu beharreko gainerako ordenamendu juridikoa.

Laguntza honek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izanen duenez, Espainiako Gazteen Enpleguko programa eragilearen bidez, bekek arau hauetan ezarritakoaren menpe ere izanen dira:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapenak ezarri zituen eta Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua indarrik gabe utzi zuen.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa, indarrik gabe uzten duena Kontseiluaren 1081/2006 (EE) Erregelamendua.

Deialdi hau arau hauek ezarritako esparruaren barnean garatuko da: Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarriari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Legea eta Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legea.

3. artikulua. Iraunaldia.

Ebazpen honetan ezarritako oinarri arautzaileak beken 2017ko deialdian baizik ez dira aplikatuko.

4. artikulua. Esparru materiala.

Ebazpen honetan aurreikusitako bekek xede dute Nafarroarekin lotura duten eta gradudunak diren edo unibertsitateko titulua duten 30 urtetik beherako pertsonak prestatzea, Europar Batasunetik kanpo dauden harrera entitateetan prestakuntza praktikak eginez.

II. KAPITULUA

Beken finantzaketa, bateragarritasuna eta kudeaketa

5. artikulua. Beken finantzaketa.

1. Garapen Ekonomikorako Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuko programetan aurreikusita dauden zuzkidurekin finantzatuko dira bekak.

2. Aurrekontuetan dagoen diruak mugatuko du beken esleipena.

3. Beka hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izanen dute, gutxienez ere %50, Gazteen Enplegurako Ekimenaren bidez.

6. artikulua. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

1. Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin. Orobat, bateragarriak izanen dira harrera entitateek praktikak egiteagatik ematen ahal dituzten laguntzekin.

2. Nolanahi ere, diru-laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin baturik, onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3. artikulua)

7. artikulua. Kudeaketa.

1. Entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek, izan ere, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu du haiekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona lankidetza entitate horiek: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Career Services.

2. Unibertsitate horiek eskatzaile guztiei arreta egin beharko diete, gradu titulua non lortu duten gorabehera.

III. KAPITULUA

Onuradunei buruzkoak

8. artikulua. Onuradunak.

1. Onuraduntzat joko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, beka eskatu eta deialdi bakoitza egiten denean baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean gutxienez. Hori frogatzeko erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Unibertsitateko titulu bat izatea.

d) 30 urtetik beherakoa izatea.

e) Langabezian egotea. Baldintza hau frogatuko da erakutsiz beka eskaera aurkezten denean Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturik dagoela, eta beka onartu arte bete beharko da. Horretarako, eskatzaileek “erantzukizuneko aitorpena” bete beharko dute, eskabide-orriari eransten zaiona, eta, onuradun suertatuz gero, beka onartzeko agirian agertzen den aitorpena.

f) Inolako prestakuntza ekintzatan ez aritzea, ez arautuan, ez arautu gabean, baina beharrezkoa izanen da atzerriko praktikak egiteko prestakuntza planean aurreinskribaturik egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Nafarroako Unibertsitatean. Baldintza hau frogatuko da erakutsiz beka eskaera aurkezten denean Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturik dagoela, eta beka onartu arte bete beharko da. Horretarako, eskaera egitean “erantzukizuneko aitorpena” bete beharko da, eskabide-orriari eransten zaiona, eta, onuradun suertatuz gero, beka onartzeko agirian agertzen den aitorpena. “Prestakuntza” kontzeptuaren barrenean, interesdunak egindako lan praktikak ere sartzen dira.

g) Deialdi honetan parte hartzeko aukera ematen duen titulazioko ikasketak bukatu ondoren, antzeko beka bat hartu ez izana.

h) Beka jasotzeko aurkezten den titulazioa dela bide, inoiz kontratatua ez izana.

i) Praktikaldi bat egiteko hautapen prozesua gainditua izatea, dela bi fundazioek eskatzaileen eskura jartzen dituzten praktikaldietako bat, dela nork bere kabuz lortutako bat.

j) Interesdunek, gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Hori frogatzeko, eskabide-orrian agertzen den “Erantzukizuneko aitorpena” erabiliko da.

2. Baldintza horiek eskaera aurkezten den unean bete beharko dira, salbu eta e) eta f) puntuetan adierazitakoak, beka onartu arte betetzen segitu beharko baitira.

3. Ezin dira beka hauen onuradun izan aurreko deialdietan Nazioarteko Praktiketarako “Nafarroa” bekaren bat izan dutenak, ezta beka bati, bidezko arrazoirik gabe, ezetz esan diotenak ere.

4. Diru-laguntza onartzeak berarekin ekarriko du onuraduna Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian eta Europako Gizarte Funtsa kudeatzeko agintaritzak argitaratzen duen zerrenda batean agertzea.

IV. KAPITULUA

Bekak

9. artikulua. Bekan sartutako kontzeptuak.

1. Onuradun bakoitzak zenbateko gordin bat jasoko du gastu hauek estaltzeko: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako aseguruak.

2. Aseguru horiek nahitaezkoak izanen dira, eta onuradunek kontratatu beharko dituzte, betiere aurretik halako asegururik ez badute. Baldintza hori ez betetzea beka kentzeko arrazoi aski izanen da.

10. artikulua. Beken baldintzak eta iraupena.

1. Bekek 6 hilabete iraunen dute. Praktikaldiak ere sei hilabete iraunen du gutxienez.

2. Bekak, beranduenik, 2017ko abenduaren 1ean bukatuko dira. Hortaz, ezin dira 2017ko ekainaren 1etik aurrera hasi, inolaz ere.

3. Beka hauen zenbatekoa PFEZaren aitorpenean nahitaez sartu beharko da, zergapeko errenta gisa hartuko baita.

4. Urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, prestakuntza egiten denez egonaldi baten bidez, ez da bidezko izanen Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzea eta alta hartzea.

5. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko ez Garapen Ekonomikorako Departamentuarekin ez destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko aurrerantzean onuraduna funtzionarioen edo lan-kontratudunen plantillan sartzeko.

11. artikulua. Beken kopurua.

Kreditu erabilgarria agortu arte emanen dira bekak.

V. KAPITULUA

Hastapena, tramitazioa eta ebazpena

12. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak 2. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira.

2. Nafarroako Gobernuan aurkeztu aurretik, deialdi honetarako entitate laguntzaileetako edozeinek aztertuko ditu eskaerak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak edo Nafarroako Unibertsitatearen Career Services erakundeak.

3. Eskaera Nafarroako Gobernuan aurkeztu aurretik, hautagaiek praktikaldi bat onartua eduki beharko dute, dela bi fundazioek haien eskura jarritako praktikaldietako bat, dela nork bere kabuz lortutako bat.

4. Behin praktikaldia onarturik, eskaerak Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan edo erregistro orokor elektronikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari zuzenduak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

13. artikulua. Aurkezteko epea.

1. Beka eskaerak Nafarroako Gobernuan aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2017ko otsailaren 17an bukatuko. Praktikaldiak entitate laguntzaileetan egiteko eskaerak aurkezteko epea entitate horiek beraiek ezarriko dute.

2. Ez dira tramiterako onartuko epez kanpo aurkezten diren eskaerak, eta, beraz, ez-onartutzat joko dira; horrelakoetan, interesdunei jakinarazi beharko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 41. artikuluan ezarritako moduan.

3. Aurkezteko epea bukaturik, eskaerak ezin izanen dira aldatu, salbu eta akats materialak, aritmetikoak edo izatezkoak zuzentzeko denean, deusetan galarazi gabe eskatzaileek eskaerak bertan behera uzteko duten ahalmena.

14. artikulua. Dokumentazioa.

Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan (Arrieta kalea, 8, 5. solairua), Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, Laguntzak eta bekak) eta beken kudeaketaren entitate laguntzaileen web orrietan eskuragarri dagoen inprimakiaren araberako eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidearen fotokopia.

–Nafarroan erroldatua izatearen ziurtagiria edo, erkidego honetan jaio ez bada, foru izaera zibila izatearena.

–Unibertsitateko ikasketa-espediente ofizialaren kopia soila, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

–Unibertsitateko tituluaren kopia soila.

–Enpresak jarduera egiteko onartu duela frogatzen duen agiria.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

–Egin beharreko lanari buruzko informazioa: enpresa, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

–Berariazko baimena, datuak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren eta entitate parte-hartzaileen fitxategi informatikoetan sartu eta tratatzeko, gero ebazpen honetan aipatzen den bekaren kudeaketari aplikatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako moduan (1. eranskineko eskabide-orrian bertan ageri den ereduaren arabera).

15. artikulua. Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzendu dezala okerra; hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 94. artikuluak ezarritako moduan. Errekerimendu hori eskuragarri dauden baliabide elektronikoak erabiliz betetzen ahalko da.

16. artikulua. Ebaluazio irizpideak.

1. Bekaren onuradunak hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

–Hautagaiaren ikasketa-espedientea (%30). Horren ondorioetarako, titulu bat baino gehiago izanez gero, praktikarekin zerikusia dutenen artetik batez besteko notarik altuena duena hartuko da aintzat.

–Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren lanak hautagaiaren profil profesionalari. (%70). Baloratuko da destinoko enpresan egin beharreko lanak, enpresaren onarpen agirian zehazten direnak, bat etortzea deialdian aurkeztutako datu akademikoekin. Praktikak izangaiaren profil profesionalari egokitzen ez bazaizkio (eginkizunen %25 baino gutxiago dira egokiak), 0 puntu emanen zaizkio; egokitasun maila tartekoa bada (eginkizunen %25etik %75era dira egokiak), 30 puntu emanen zaizkio; eta egokitasun maila altua bada (eginkizunen %75 baino gehiago dira egokiak), 70 puntu.

17. artikulua. Diru-laguntza ematea

1. Laguntza emateko ebazpena

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia da bekak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.

Diru-laguntza emateko ebazpenean hauek azalduko dira:

a) Onuradunaren datuak, jarduera zein entitatetan eginen duen, eta destinoko herrialdea.

b) Bekaren zenbatekoa.

c) Ordainketa modua eta sekuentzia, eta ordainketa egiteko bete beharrekoak.

d) Onuradunei ezartzen zaizkien baldintzak.

e) Onuradunek bekaren xedea betetzen dutela justifikatzeko epea eta modua.

Emandako beken gainean ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia ixten denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabete bateko epean.

Bekak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da. Beka esleitzeak eta onartzeak berarekin ekarriko du zerrenda publiko batean sartua izatea onartzea, hots, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatzen den horretan.

Ebazpenean agertzen den emakida onuradunak berariaz onartu beharko du hamar egun balioduneko epean, beka emateko banakako jakinarazpena egiten denetik aurrera, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez. Beka onartzen ez bada, onuradunari kenduko zaio.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

18. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, laguntza jasotzen duenak betebehar hauek ere izanen ditu:

a) Prestakuntza planaren etapa guztiak betetzea eta diruz lagundutako aldia bukatzean, eta, hamabost egun naturaleko epean gehienez, beka dela-eta egin dituzten jardueren gaineko txostena prestatzea.

b) Bi unibertsitateek praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planaren matrikula-tasak ordaindu izana. Praktikaldia egin bitartean emanen da prestakuntza hori, eta nahitaez egin beharko da. Prestakuntza plana non-nahi egin ahalko da, gradu-titulua non lortu den gorabehera.

c) Erantzukizun zibileko, bidaietarako, istripuetarako eta osasun laguntzarako asegurua izatea. Entitate laguntzaileek kontratatuko dute, onuradunak ordezkatuz, betiere onuradunek halako aseguru bat ez badute.

d) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza berehalaxe jakinaraztea jarduera egiten den harrera entitateari, zuzendariaren edo tutorearen bidez.

e) Prestakuntza beka zein zentrotan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea. Harrera entitateak egokitzat jotzen duen opor egun kopurua hartzeko eskubidea izanen du bekadunak.

f) Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartzea; egiaztapen horiek Nafarroako Gobernuak, Estatuko edo Europar Batasuneko Administrazio Orokorrak edo eskumena duten beste kontrol organo batzuek egiten ahal dituzte. Horretarako, esleipenaren unean emanen zaizkien datu adierazleen galde sortak bete beharko dituzte onuradunek, praktika bukatu (azkeneko justifikazioarekin) eta sei hilabeteko epean.

g) Emandako diru-laguntzaren frogagiriak gordetzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan xedatutakoaren arabera (haren bidez xedapenak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruz).

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik eta, orobat, jardueraren ardura duen zentroak kontrako txostena emanez gero, onartutako beka kobratzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako bekaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onuradunak bekari uko eginez gero bidezko arrazoirik gabe, ezin izanen du parte hartu Nazioarteko Praktiketarako “Nafarroa” beken hurrengo deialdietan.

VII. KAPITULUA

Beken ordainketa eta justifikazioa

19. artikulua. Beken ordainketa.

1. Herrialdeka, zenbateko oso hauek ordainduko dira:

HERRIALDEAK

POLTSA, GUZTIRA

Angola

7.872 euro

Saudi Arabia

7.072 euro

Aljeria

4.983 euro

Argentina

6.233 euro

Australia

7.569 euro

Bolivia

5.880 euro

Brasil

6.585 euro

Kanada (ekialdeko kosta)

5.504 euro

Txile

6.326 euro

Txina

6.627 euro

Kolonbia

5.824 euro

Hego Korea

6.560 euro

Kroazia

4.300 euro

Kuba

6.029 euro

Ekuador

5.440 euro

AEB (ekialdeko kosta)

6.227 euro

AEB (mendebaldeko kosta)

6.556 euro

AEB (erdialdea)

5.905 euro

Egipto

4.893 euro

El Salvador

5.440 euro

Filipinak

5.840 euro

Ghana

6.720 euro

Guatemala

5.566 euro

India

6.204 euro

Indonesia

5.073 euro

Israel

5.405 euro

Japonia

9.840 euro

Jordania

5.120 euro

Kazakhstan

6.449 euro

Kenya

6.429 euro

Libano

5.053 euro

Malasia

5.320 euro

Maroko

3.920 euro

Mexiko

5.393 euro

Nigeria

5.024 euro

Norvegia

5.954 euro

Panama

5.566 euro

Paraguai

6.046 euro

Peru

5.920 euro

Dominikar Errepublika

4.669 euro

Errusia

6.260 euro

Senegal

5.053 euro

Serbia-Montenegro

4.426 euro

Singapur

7.427 euro

Hegoafrika

5.978 euro

Suitza

5.647 euro

Thailandia

5.680 euro

Taiwan

6.843 euro

Tunisia

4.146 euro

Turkia

4.944 euro

Ukraina

4.406 euro

Uruguai

6.206 euro

Venezuela

5.824 euro

Vietnam

6.580 euro

2. Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, praktikan sartzen badira, banakako kalkulua eginen da.

3. Diru-laguntzaren ordainketaren %25 aurretik eginen da, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuen konturako ordainketa gisa.

4. Honela eginen dira ordainketak:

–Hasieran konturako ordainketa bat, esleitutako zenbateko osoaren %25 adinakoa.

–Hilabete bakoitzaren akaberan, eta bekaren iraupeneko lehenbiziko bost hilabeteetan, esleitutako zenbateko osoaren %10eko ordainketak.

–Gainerako %25a jarduera bukatu arte atxikiko da, eta, kobratzeko, beharrezkoa izanen da bekak estalitako aldia bukatu eta ondoko 15 egun naturalean honako dokumentazio hau aurkeztea:

a) Bukaerako memoria.

b) Harrera entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza programa ongi bete dela, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

c) Adierazleen galde sorta, berariaz emanen zaiena.

VIII. KAPITULUA

Bekak itzultzea, zehapen araubidea eta erregistroa

20. artikulua. Laguntza itzultzea.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aurreikusitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuez gainera, honako kasu hauetan ere bidezkoa izanen da bekaren diru zenbateko osoa itzuli behar izatea eta berandutze-interesak eskatzea (laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak):

a) Laguntza lortzearren, eskatutako baldintzen gainean gezurra esatea, edo aukeratua izatea galaraziko luketen baldintzak ezkutatzea.

b) Atzerriko zentrora ez agertzea, prestakuntza programa bertan behera uztea edo programa behar bezala ez aprobetxatzea. Prestakuntza programatzat hartzen da hala praktikaldia bera egitea nola bi unibertsitateek ematen duten prestakuntza plana egitea.

c) Justifikazioaren betebeharra ez betetzea edo eskatzen dena behar bezala ez justifikatzea.

2. Bidezko arrazoiak izanik prestakuntza programa utziz gero, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zati proportzionala itzuli beharko da.

3. Dirua itzultzeko prozedurak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu. Prozedura horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluko 6. eta 7. zenbakietan aurreikusita dagoenaren arabera tramitatuko dira.

2. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1613384