236. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

106/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 23koa, Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen azaroaren 24ko 116/2008 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Azaroaren 24ko 116/2008 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautu ziren, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 9. artikuluan jasotako aurreikuspena garatzeko asmoz.

Departamentuen egituretan egindako aldaketak kontuan harturik, egokia da Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren osaera moldatzea, hori dela-eta etorkizunean aldaketa gehiago egin behar ez izateko.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideak izendatzeko eta ordezteko sistema egoki bat ezartzea, organo horren funtzionamendua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Azaroaren 24ko 116/2008 Foru Dekretua aldatzea. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautu ziren.

Bat.–2. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Nafarroako Jokoaren Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren eta apustuen arloko eskumenak bere gain hartzen dituen departamentuaren menpe egonen da, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak”.

Bi.–4. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“4. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Joaren Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:

a) Kontseiluko burua, jokoaren eta apustuen arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen baita.

b) Kontseiluko buruordea, jokoaren eta apustuen arloko eskumenak esleituak dituen zuzendaritza nagusia betetzen duen pertsona izanen baita.

c) Kontseiluko kideak:

–Segurtasun politiken arloko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

–Jokoaren eta apustuen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari aholkularitza juridikoa emateko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

–Droga-mendekotasunen eta beste mendekotasun batzuen aurkako Foru Planaren plangintzaren, koordinazioaren eta ebaluazioaren arloko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

–Joko-jarduerekin eta apustuekin zerikusia duten tributuak kudeatzeko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

–Jokoaren eta apustuen arloko eginkizunak bere gain dituen ataleko burutza betetzen duen pertsona.

–Jokoaren arloko enpresaburuen lau ordezkari, enpresa-erakundeek proposaturik. Sindikatuetan elkartzeko eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen arabera eratuak egon beharko dute enpresa-erakunde horiek, eta Nafarroan jardun, dagozkien Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan izena emanik.

–Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handienekotzat jotzen diren sindikatuek izendatutako bi ordezkari.

–Helburu nagusia ludopatiari aurrea hartzea eta ludopatia tratatzea duten elkarteen ordezkari bat, elkarteek berek proposaturik. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera eratuak egon beharko dute elkarte horiek, eta batez ere Nafarroako Foru Komunitatean jardun, Nafarroako Elkarteen Erregistroan izena emanik.

2. Idazkaria jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak izendatuko du, baita kargua hutsik dagoenean edo idazkari titularra kanpoan edo eri dagoenean haren ordezkoa izanen dena ere, biak ala biak aipatutako departamentuari atxikitako zuzenbideko lizentziadun lanpostuetan jarduten duten langileen artetik.

3. Ahaleginak eginen dira Nafarroako Jokoaren Kontseiluan emakumeen eta gizonen arteko banaketa orekatuaren printzipioa errespetatzeko.”

Hiru.–5. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. Izendapena eta agintaldia.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideak eta haien ordezkoak jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak izendatuko ditu, foru agindu bidez.

2. Daukaten kargua dela-eta izendatzen diren kideen agintaldia bukatuko da kargu horretan jarduteari uzten diotenean.

3. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko gainerako kideen agintaldia 4 urtekoa izanen da, izendatzen direnetik hasita. Nolanahi ere, lau urte horiek iraganik, kontseilukideek jardunean segituko dute beste kide batzuk izendatu arte.

4. Erakundeek noiznahi proposa dezakete beren ordezkariak eta horien ordezkoak aldatzea; hala, kargua beste baten ordez hartzen dutenak ordeztuari 4 urteko agintaldia bukatzeko falta zaion denboran arituko dira.”

Lau.–6. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

“6. artikulua. Kargutik kentzea.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Kontseiluko kide izendatzeko aintzat hartutako kargua uzteagatik.

b) Agintaldia bukatzeagatik, ezarritako epea igarotakoan.

c) Kontseiluko kide izateari uko egiteagatik.

d) Epaileen desgaikuntzagatik edo ezgaitzeagatik.

e) Hiltzeagatik.

f) Izendatzeko proposamena egin zuten erakundeek eskatuta.

g) Kontseiluak erabakita, gehiengo soilaz, kontseiluburuak proposatuta, baldin eta kideak bere lanpostuari dagozkion betebeharrak behin eta berriz betetzen ez baditu.

h) Izendatzeko proposamena egin zuen entitateren bat desegiteagatik.

2. Kargu-uztea jokoaren eta apustuen arloko eskumenak bere gain dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez erabakiko da, salbu eta a) eta e) letretan adierazitako kasuetan, horietan kargu-uztea automatikoa izanen baita”.

Bost.–7. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

“7. artikulua. Ordezkoa.

Kontseilukide bakoitzak, kontseiluburua izan ezik, bere ordezkoa izanen du titularra bertaratzen ez den kasuetarako. Kontseiluburuaren ordezkoa kontseiluburuordea izanen da. Hori horrela, Kontseiluan ordezkaturik dagoen erakunde bakoitzak zenbat kide proposatu dituen, horrenbeste ordezko izendatu beharko ditu. Daukaten kargua dela-eta Kontseiluan dauden kideen kasuan, ordezkoak atalburu izan beharko du gutxienez.”

Sei.–17. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

“17. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluak bere funtzionamendurako arauak ezartzen edo osatzen ahalko ditu honako hauetan ezarritakoaren esparruan: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, edo arau horiek ordezteko onesten den araudia.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko azaroaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1613322