234. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2016 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiarena, toki mailako (Iruñeko barrutiko) lurreko telebista digitalaren lizentzia baten titulartasuna eta FMko irratiaren bederatzi lizentziena aldatzeko baimena ematen duena. Lizentziak Abian Komunikazioa SL merkataritzako enpresari eman zitzaizkion 2013an, eta orain Abian Media SL izanen da titularra.

2016ko maiatzaren 7an Abian Komunikazioa SL merkataritzako enpresak negozio juridiko baterako eskaera erregistratu zuen: zatiketa partzial bat merkataritzako enpresa eskatzailea iraungi gabe. Horren ondorioz merkataritzako enpresa bat sortzen da, Abian Media SL, eta enpresa berri horri Abian Komunikazioa SLk Nafarroan dituen ikus-entzunezko hamaika lizentzietatik hamar eskualdatu nahi zaizkio: toki mailako (Iruñeko barrutiko) LTDaren lizentzia bat (Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 28ko 48/2013 Foru Aginduaren bidez esleitua) eta FMko irratiaren bederatzi lizentzia (Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren otsailaren 22ko 14/2013 Foru Aginduaren bidez emanak), herri hauetarako: Ameskoabarrena (103.00 FM), Auritz (89.90 FM), Baztan (98.60 FM), Bera (103.10 FM), Izaba (93.10 FM), Larraun-Baraibar (101.30 FM), Leitza (95.10 FM), Otsagabia (89.90 FM) eta Zangoza (98.00 FM).

Negozio juridikorako eskaeran adierazten den bezala, sozietate berriak sozietate eskualdatzailearen bazkide berberak izanen ditu, kapital sozial bera izanen du eta negozioaren xedeko ikus-entzunezko hamar lizentziei dagozkien komunikazio proiektuekin jarraituko du, lehiaketa publikoetan hartutako konpromisoak betez.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren, besteak beste: merkataritzako bi enpresen akzioen osaera eta kapital soziala, eta lizentziaren titular eskualdatzailearen eskubide eta betebeharren subrogazioari buruzko konpromiso espres idatzia. Urriaren 7an Abian Komunikazioa SL merkataritzako enpresari eskatutako dokumentazio gehigarria (eskatutako negozioaren eskritura publikoa eta agiri horren merkataritzako erregistroa) ere aurkeztu da.

Arau hauek aplikatu behar zaizkio eskaerari: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikulua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikulua.

Ikus-entzunezkoen arloko oinarrizko araudiak bi urteko gabealdia eskatzen du, lizentzia ematen denetik, negozio juridikoak egiteko, eta epe hori amaitu da kasu honetan. Gainera, lizentzia hauen merkataritzako enpresa titularrak lizentziak eskuratzeko lehiaketa publikoen dokumentazioaren arabera, Abian Komunikazioa SLk konpromisoa idatzia aurkeztu zuen negozio juridiko honen xedeko lizentziak hirugarren bati ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko 13 urteko epe gehigarrian, hau da, lizentziaren aldi osoan.

Dena den, kasu honetan ez dago hirugarrenekin egindako negozio juridikorik, emandako dokumentaziotik ondorioztatzen baita eskatzen den negozio juridikoa sozietate-talde beraren berrantolaketari dagokiola. Horrenbestez, aurreko lerroaldean aipatutako 13 urteko epe gehigarria ez da kontuan hartu behar.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen hamar lizentzia hauen titulartasuna Abian Media SLra aldatzeko:

–Toki mailako (Iruñeko barrutiko) LTDaren lizentzia bat, Nabarra Telebista proiektuari dagokiona, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 28ko 48/2013 Foru Aginduaren bidez esleitua.

–Irratiaren bederatzi lizentzia, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren otsailaren 22ko 14/2013 Foru Aginduaren bidez emanak, herri hauetarako: Ameskoabarrena (103.00 FM), Auritz (89.90 FM), Baztan (98.60 FM), Bera (103.10 FM), Izaba (93.10 FM), Larraun-Baraibar (101.30 FM), Leitza (95.10 FM), Otsagabia (89.90 FM) eta Zangoza (98.00 FM).

2. Baimen honek Abian Media SLren subrogazioa dakar, lizentziaren aurreko titularraren (Abian Komunikazioa SLren) eskubide eta betebeharretan.

3. Baimen honek ondorioak izateko, Abian Media SLk 5.700 euroko tasa ordaindu behar du, baimendutako negozio juridikoari dagokiona, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Abian Media SL merkataritzako enpresa ofizioz inskribatzea Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan, negozio honen xedeko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen hamar lizentzien titular gisa, ebazpen hau irmo bihurtu ondoren.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, irmo bihurtu ondoren.

6. Ebazpen hau Abian Komunikazioa SLri eta Abian Media SLri jakinaraztea, eta Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari igortzea. Irmo bihurtu ondoren, Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintziako Burutzari eta Estatuko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroari ere igortzea.

7. Ebazpen honen aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hura jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz.

Iruñean, 2016ko azaroaren 2an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pello Pellejero Goñi.

Iragarkiaren kodea: F1613138