229. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

483/2016 FORU AGINDUA, urriaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako IX. Saria (2016) ematen duena.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 26ko 109/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako sariaren bederatzigarren ediziorako deialdia egin eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

2016ko otsailaren 2ko txostenean proposatzen da “Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako IX. saria” arautzen duen foru agindua onestea eta, horretaz gainera, Tomás eta Lydia Recari García Fundazioak zuzenean ordaintzea irabazleei sari modalitate bakoitzeko hiru mila euroak.

2016ko urriaren 21ean, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako sariaren bederatzigarren edizioko epaia eman zuen epaimahaiak.

Ikusita Kalitatearen eta Fundazioen Babesletzaren Atalaren txostena, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana duena, eta ikusita Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako IX. saria, gizarte zerbitzuen erabiltzaileei laguntzeko modalitatean, Iruñeko Erruki Etxeari ematea, “Egoiliar berriei harrera egiteko plana” izeneko jardunbide egokiarengatik.

2. Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako IX. saria, enpleguaren kalitatean edo/eta antolakundeen kudeaketaren hobekuntzaren modalitatean, Benito Menni ospitaleari eta Ilundain Haritz-Berri fundazioari ex aequo ematea, “Segurtasun kultura sortzea gizarte eta osasun arloan: erabiltzailearen segurtasunerako arriskua kudeatzeko sistema baten diseinua” eta “Gaitasunen arabera ebaluatzeko tresna” izeneko jardunbide egokiengatik, hurrenez hurren.

3. Ordainketa Tomás eta Lydia Recari García Fundazioak eginen du zuzenean. Fundazio horrek Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen du saria.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Erruki Etxeari, Benito Menni ospitaleari eta Ilundáin Haritz-Berri Fundazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta horren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Tomás eta Lydia Recari García Fundazioari jakinaraztea, sari modalitate bakoitzeko hiru mila euroak ordain diezazkien irabazleei.

Iruñean, 2016ko urriaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1613176