223. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

134/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2016ko urriaren 26an hartutako Erabakiaren babesean.

Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak hastea xedatu zen (85.150.000 euro gehienez). Orain Nafarroako Zorraren 25. obligazio-jaulkipena egiten da, 85.000.000 euro, osotara; mugaeguna 2028ko azaroaren 21a da.

Gobernuaren erabaki horrek, 3. puntuan, ahalmena ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa finkatzeko. Halaber, erabaki horren 4. puntuan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak, eta ahalmena ematen zaio kontseilariari erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Ministroen Kontseiluak, 2016ko urriaren 21eko bilkuran, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 81.750.000 euro izanik. Gainera, formalizatzeke zeuden 3.400.000 euro, enpresa publikoen mugaegunak birfinantzatzekoak (2016ko otsailaren 5eko Ministroen Kontseiluak baimenduak).

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:

–Zenbatekoa: 85.000.000 euro.

–Instrumentazioa: bono arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.

–Jaulkipen data: 2016ko azaroaren 21a.

–Amortizazioa: parean, 2028ko azaroaren 21ean.

–Jaulkipenaren prezioa: %100.

–Interes tasa: finkoa, %1,592 urtean (Egun/egun).

–Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko azaroaren 21ean.

2. artikulua. Jaulkipenaren aseguramendua.

Finantza entitate esleipen-hartzaileek jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko dute; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko dute.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idatz-oharretan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako diru-sarrerarik ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2016ko urriaren 26ko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da, eta 2016ko diru-sarreren aurrekontuko 110001 11430 9000 000000 kontu-sailari aplikatuko zaio.

Jaulkipenari lotutako gastuak 2016ko gastuen aurrekontuko “Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak” izeneko 110001-11430-3010-951100 kontu-sailaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2017tik 2028ra bitarteko ekitaldietako (bi ekitaldi horiek barne) gastuen aurrekontuetan bidezko den kontu-sailari aplikatuko zaizkio, hain zuzen, 2016ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako zorraren interesak” izeneko 110001 11430 3000 951100 kontu-sailaren baliokideari.

Jaulkipenaren amortizazioa 2028ko ekitaldiko gastuen aurrekontuetan bidezko den kontu-sailari aplikatuko zaio, hain zuzen, 2016ko gastuen aurrekontuko “Zor publikoaren amortizazioa” izeneko 110001 11430 9020 951100 kontu-sailaren baliokideari.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko azaroaren 10ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1612739