211. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1445/2016 EBAZPENA, urriaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira bi izangai-zerrenda egiteko, hautatze-proben bidez, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuan sortzen diren beharrei aurre egiteko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikerketa Zerbitzuan gaur egun dauzkan langileen beharrak kontuan harturik, bidezkoa da deialdiak egitea bi izangai-zerrenda egiteko, hautatze-proben bidez, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua betetzeko, bat lanpostu hori aldi baterako kontratuaren bidez betetzeko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, xedatzen du ezen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak egingo baitira aldi baterako kontratazioak egiteko hautagai-zerrenda osatzeko hautatze-probekin batera.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, eta 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz.

Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, hautatze-proben bidez, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzeko.

Bigarrena.–Hautatze-proben deialdiak arautuko dituzten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, I. Eranskinean, onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako arlo bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere, ebazpen hau jakinarazi, eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2016ko urriaren 6an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Deialdietarako erabaki hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duena (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), deialdi honetako oinarriek eta aplikagarriak diren gainerako araudi guztiek.

I.
Deialdia, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat egiteko

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangai zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuan gertatzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau subsidiarioa izango da 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionario-zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaien betekizunak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Diplomadun, Ingeniaritza Tekniko, Arkitektura Tekniko titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere, diziplina-zehapen edo zigor kondena baten bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta hautapen prozedurak edota kontratazio-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua ebazpen honek onesten dituen bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Izangaien deia behin-behineko kontrataziorako.

Izangaien deia, eta hala badagokio, kontratazioa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenarekin, eta deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratatzea arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zapigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonen enplegurako sarrera Nafarroako Administrazio Publikoetan. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.
Deialdia, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua, prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran,
kontratatzeko izangai zerrenda egiteko

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangai zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzuetako kudeaketaria O.L. lanpostua, zerbitzu berezietako egoeran, betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuan gertatzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako funtzionario izatea, eta C, D edo E mailakoa izatea.

b) Lanpostuan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea, gutxienez.

c) Ez egotea eszedentzian, ez bada eszedentziak lanpostua erreserbatzeko eskubidea ezartzen duela.

d) Diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea edukitzea, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta hautapen prozedurak edota kontratazio-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

2.3. Aurretik aipatu baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian, eta, halaber, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua ebazpen honek onesten dituen bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Prestakuntzarako izangaien deia.

Izangaien deia, eta hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran daudelako aitorpena, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da.

III.
Bi deialdietako arau komunak

Lehenengoa.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa z/g 31006 Iruñea / Tuterako campusa Tarazona etorbidea z/g 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, Posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, posta zerbitzuak emateko modua arautzen duen Arautegia onesten duen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten ondoren egiaztatu eta bidaltzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistrora, Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea.

2.2. Eskabideak III. eranskineko ereduari egokituko zaizkio, aldi baterako kontrataziorako izangaien kasuan, eta IV. eranskinekoari, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eskabide eredua interneten bidez lortzen da, helbide hauetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/todos/pruebas-selectivas-para-listas-de-contratacion (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/todos/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

Eskabidean, parte hartzaileak adierazi beharko du eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta hala badagokio, behin-behineko deialdiko 2.1.a) oinarriak eskatzen dituen naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena, baita deialdian ezarritako titulazio baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

2.3. Desgaitasun aitortua daukaten izangaiek, eskabidearekin batera, desgaitasuna egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa. Halaber, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, eta hala adierazi beharko dute eskabidean. Bertan adierazi beharko dute, halaber, nolako ezgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten horretarako diseinatutako eskabide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/todos/pruebas-selectivas-para-listas-de-contratacion

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.

3.1. Behin behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, Unibertsitateko iragarki oholean (Iruñeko campuseko Soforak eraikina) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean (www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pas) argitaratuko dena, eta onetsi diren deialdi hauetarako onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu.

Zerrendetan azaltzen ez diren izangaiek eta baztertutakoek behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioak egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan agertzen ez direla-eta horren aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten izangaiak edo baztertuak izateko akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dituzte hautatze-probatik.

Baztertutako izangairik ez badago, onartutako izangaien zerrendak behin betikotzat hartuko eta onetsiko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta haiek ebatzi eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat egingo du, Unibertsitateko iragarki oholean (Iruñeko campuseko Soforak eraikina) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean (www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pas) argitaratuko dena, eta onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsiko ditu. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautatze-proba.

Hautatze-probarako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzearekin, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela joko da, administrazio-prozedura erkideari dagokionez araudi orokorrak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Probak.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua bi probaren bidez egingo da:

–Lehen proba: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak deialdi honen II. Eranskinean dauden gaiei buruzkoak izango dira. Huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsiko dira.

Lehen proba hau pliken bidezko sistemarekin egingo da eta gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak baztertuta geratuko dira.

–Bigarren proba: proba gainditzeko, ebatzi beharko dira kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk, II. Eranskineko gaiekin loturikoak.

Baztertuta geratuko dira bigarren probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak finkatuko eta jakinaraziko du proben gehieneko iraupena zenbatekoa izango den, probak egin baino lehenago.

Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi parteak gainditu behar dituzte.

4.3. Proba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek egon beharko dute epaimahai kalifikatzaileak esan duen tokian esan duen egunean, eta jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, IFZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Probatik kanpo geldituko dira beren nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak, edo agertzen ez direnak.

4.4. Desgaitasun aitortua izateagatik, hala eskatu duten izangaiei behar dituzten denborazko eta baliabideetako egokitzapenak jarriko zaizkie ariketak egiteko.

Bosgarrena.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Hauek izango dira Epaimahaiko kideak:

Batzordeburua: Benigno López Gómez jauna, Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaiburu ordezkoa: Pedro Ardaiz Labairu jauna. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Ignacio Casado Redín jauna, Ikerketa Zerbitzuari atxikiriko O.L. kudeaketaria.

–Epaimahaikide ordezkoa: José Antonio Marañón Oricain jauna, Langileen Kudeaketa Ataleko burua.

Epaimahaikidea: María Sauleda Munárriz andrea, Kontu-hartzailea.

–Epaimahaikide ordezkoa: Eduardo Pérez Urdánoz jauna, Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren zuzendaria.

Epaimahaikidea: Ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileena, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide ordezkoa: Ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileena, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Iosu García Fernández jauna, Jakintza Bestetaratzeko Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea-idazkaria: Cristina Abaurrea Arizmendi andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Aholkularitza Juridikoko Ataleko burua.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat izaten denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat izaten denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Deialdi honetako arauak interpretatzeak eta aplikatzeak sorrarazitako zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta hautatze-prozesuak aurrera egin ahala deialdian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du aholkulari adituak kide bihurtzeko beren probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoen esparrura mugatuko dute beren lankidetza.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditzen dutenen zerrenda.

6.1. Hautaproba bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak argitaratuko ditu, Unibertsitatearen iragarki oholean (Iruñeko campuseko Soforak eraikinean) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean (www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pas), honako zerrenda hauek, bereizirik:

a) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langilean administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, bere 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio.

Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. idatz-zatiak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira ezgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, probaren bigarren partean puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa egingo da berdinduta dauden izangaien artean. Zozketan atera den pertsonaren izena eta deituretatik abiatuz, gainerako berdinketa guztiak deituren alfabeto hurrenkeraren arabera ebatziko dira. Zozketaren emaitzak jendaurrean jakinaraziko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko deialdian.

b) Zerbitzu berezietako egoeran eta prestakuntzan aritzeko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsi duten puntuazio osoaren hurrenkeran.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, probaren bigarren partean puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiaren eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautatze-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautatze-prozesuaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez onartuko dira zerrendak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira (www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pas).

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia, ebazpen honek onartzen dituen deialdietako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da, eta kasu guztietan bermatuko da zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako daudenek lehentasuna edukiko dutela aldi baterako kontrataziorako izangaiak direnen aurretik.

Deitutako izangaiek beren deialdietan eskatzen diren titulazio-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eta Batxilergoko titulua, Goi Mailako Prestakuntza Ziklokoa edo baliokidetzat aitortu den tituluaren fotokopia kautotuak ekarriko dituzte, edo titulua ateratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria. Titulua eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortua izan behar da.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu egingo dira hautatze prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenentzat arrazoi horregatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Zerbitzu berezien egoeran eta prestakuntzan daudela deklaratzeko, aldi jakin baterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen librearen edo behin-behineko izendapenaren bidez izendatutako lanpostu batetik badatoz, egoera hau amaitutzat joko da.

8.3. Hainbat prestakuntza zerrendatan daudenak, gehienez ere eta guztira sei urte egongo dira zerbitzu berezien egoeran prestakuntzan.

8.4. Zerbitzu berezien egoeran eta prestakuntzan aritzeko aldia, hasierako deklaraziokoa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherakoa bada, aldi horren amaieran, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien aurka eta horiek aplikatzeko ekintzen aurka, Epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da errekurtso hauetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi, eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Gaiak

1. gaia.–14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa. II. Titulua (I. eta III. Kapituluak) eta IV. Titulua (II. Kapitulua).

2. gaia.–Ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikerketa Batzordea, Ikerketa Taldeak, Erakundearen eta Enpresen Katedrak, Ikerketa Institutuak.

3. gaia.–LOUko 83. artikuluaren babesean kontratatutako jardunak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan nola kudeatzen eta arautzen diren.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak: Hirugarren titulua, III. Kapitulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko EBT izenekoei buruzko Arautegia.

5. gaia.–Ikerketa zientifiko, tekniko eta berritzailearen Estatuko Plana 2013-2016: Estatuko Programak eta Azpiprogramak. Jarduera estrategikoak.

6.gaia.–Estatuko Planaren laguntzekin finantzatzen diren ikerketa proiektuen kudeaketa: eskaerak, betetzea, jarraipena eta txostenak.

7. gaia.–Ikerketarako Giza Baliabideen laguntzen kudeaketa: doktoretza aurreko eta doktoretza ondorengo prestakuntza; mugikortasuna eta doktoreak hartzea.

8. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua betearazteko oinarriak: Ikerketa jardueren gastuak betearazteko araudia.

9. gaia.–Finantzabide propioa daukaten ikerketa jarduerak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

10. gaia.–Horizonte Programa 2020: Egitura, oinarriak, parte hartzeko modalitateak.

Oharra: Deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duten arauei jarraituz eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F1611983