203. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIKO, LODOSAKO, MENDABIAKO, SARTAGUDAKO ETA SESMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Etxeko Laguntza Z erbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2016ko uztailaren 20an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Elizagorriko, Lodosako, Mendabiako, Sartagudako eta Sesmako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Mendabian, 2016ko urriaren 13n.–Mankomunitateko burua, Fabiola Martínez Sancho.

ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA, ELIZAGORRIKO, LODOSAKO, MENDABIAKO, SARTAGUDAKO ETA SESMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEARENA

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

EZL udal zerbitzua da, oro har oinarrizko premiei ohiko inguruan erantzuteko ematen zaiena mugak dituzten herritarrei; banakoendako zerbitzuak dira, aldi baterako edo iraunkorrak, zein den bakoitzaren egoera, pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txerta dadin, beregaintasun funtzionala handitu dezan eta bizi kalitatea hobetu.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek gizarte zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea bermatuko dute, berdintasunaren, ekitatearen eta birbanaketaren zuzentasun irizpideen arabera. Halere, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharreko baldintza bereziak ezarri ahalko dira.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatu beharko dute, sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak arautuz eta jarriz.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea bermatu beharko du.

d) Solidaritatea: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta deszentralizazioa: gizarte zerbitzuak pertsonengandik ahalik eta hurbilen eman beharko dira, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, behar horien berri izatea ahalbidetuko duen laguntza pertsonalizatuaren bidez.

h) Prebentzioa: gizarte zerbitzuen sistemak premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera bideratuko ditu batez ere bere jarduketak eta zerbitzuak.

i) Normalizazioa: gizarte zerbitzuen lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzen dutela, ahal delarik.

j) Norbere autonomia sustatzea: gizarte zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren arau eta gogoekin bat bizitzeko erabaki pertsonalak hartzeko, baita behar bezala parte hartu eta molda daitezen alor guztietan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, eta kultura nahiz hezkuntza esparruetan).

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta haiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio eta lankidetza bideak bultzatuz.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, haien eginkizunek behar diren profesionalen zerbitzuak ordezten ez badituzte betiere.

3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.

–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.

–Osagarria, bere xedeak lortzeko bertzelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.

–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

–Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Xedeak.

Etxeko Laguntza Programak helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

–Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

–Norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoa osatzen duten udalerrietariko batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

ELZk laguntza emanen die bizikidetzako unitatea osatzen duten pertsona guztiei, eta eten eginen da, edo erabiltzaileari bakarrik laguntzera mugatu, normalean bizikideak ez diren pertsonak etxean daudenean.

Etxeko Laguntza Zerbitzuak erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko du, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere inguru psiko-sozialari dagokionez.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonak.

–Beregaintasunari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenak.

–Familia unitateak, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak:

Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio. Horren barnean daude injektatzen direnak: heparina eta intsulina.

–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko bertze profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea du ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

–Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Bertze profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak:

Etxeko Laguntza Zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa:

Etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko zereginetan laguntzea. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

–Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Elikagaiak erostea.
  • Etxean janariak prestatzen laguntzea.
  • Etxez etxeko janari zerbitzua.

–Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.
  • Arropa pasaratu eta zaintzea.
  • Arropa antolatzea.
  • Etxean nahiz etxetik kanpo arropa lisatzea.
  • Arropa erostea.

–Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

  • Etxea garbitzea.
  • Konponketa txikiak.
  • Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

Etxeko lanak behar bezala eta segurtasunez egiten direla bermatzeko asmoz, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiarekin bat, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileak eta/edo beren familiakoak beharturik daude Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek behar dituzten garbiketa produktu eta tresna guztiak eskura edukitzera.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

–Norberaren garbitasuna eta higienea: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

–Janzten eta jaten laguntzea.

–Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

–Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osasun laguntzako lan taldeekin koordinatuz.

–Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

–Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

Jarduketa hauek guztiak egin ahal izateko, bai erabiltzailearen aldetik bai familia langileen aldetik, Mankomunitateak behar diren laguntza teknikoen mailegua eginen du, modu osagarrian eta bere baliabideen neurrian.

Lehenago aipatutako lanak egiteko, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiarekin bat, zerbitzuaren erabiltzaileek eta/edo beren familiakoek lan egiteko toki egokia izan behar dute etxebizitzaren barrenean, eta beharrezko baliabide teknikoak eta materialak emanen dizkiete familiako langileei, horiek lanak behar bezala eta segurtasunez egin ditzaten.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:

–Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

–Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

–Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

–Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

–Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetzako usadioen gaineko prestakuntza ematea.

–Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduerak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Kultura, aisialdi edo denborapasako jarduketetan lagun egitea.

–Boluntarioen esku hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengu emateko jarduketak:

–Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

–Zainketen gaineko prestakuntza.

–Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

–Etxean zainketak ematea errazten duen sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa etab.).

–Etxez etxeko sostengurako baliabide osagarriak, bertze erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxeko laguntzarako diru-laguntzak, eguneko zentroak etab.

–Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

g) Laguntza teknikoen mailegua, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren onuradunak ez diren jendeendako.

Mailegua aldi baterako izanen da, gehienez ere 6 hilabeterako. Salbuespeneko egoeretan luzatzen ahal da, unean-unean eskura dagoen materialaren arabera.

Honako honen mailegua egin daiteke: taka-takak, aulki gurpildunak eta garabiak.

Tasa sinbolikoak aplikatuko dira:

–Garabiaren mailegua: 30 euro hilabeteko.

–Aulki gurpildunen mailegua: 10 euro hilabeteko.

–Bertzelako materialaren mailegua: 5 euro hilabeteko.

Interesdunek ziurtagiriak aurkezten ahal dituzte frogatzeko halakoak ordaintzeko behar adinako diru-sarrerarik ez dutela. Per capita errenta Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa baino handiagoa bada, eskatzailea salbuetsita egonen da ezarritako tasa ordaintzetik.

Zerrenda aplikatzen eta Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.

Etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero etxe bakoitzean.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea denboran neurtzen da (etxean ordenantzan eskaintzen diren zerbitzuetako edozeinetan egindako denbora egiazkoa, betiere urte ordu izanik laguntza denbora gehienezkoa).

–Kanpoan denean: erabiltzaileek, gutxienez hilabete batez etxetik kanpo daudenean, ospitalean daudenean izan ezik, haiei dagokien gutxieneko tarifa ordaindu beharko dute plazaren erretserba bermatzeko.

–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea:

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banakuntzaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak:

  • Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.
  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelakoak).
  • Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuak batu eta familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez zatituta sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

–Tarifaren oinarrizko unitatea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako benetako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG > %105 OAEAP

Prezio publikoaren 0,07 0,88 euro

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

Prezio publikoaren 0,15 1,89 euro

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

Prezio publikoaren 0,30 3,79 euro

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Prezio publikoaren 0,45 5,68 euro

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

Prezio publikoaren 0,60 7,58 euro

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

Prezio publikoaren 0,75 9,47 euro

%180 OAEAP < PCEG > %195 OAEAP

Prezio publikoaren 0,90 11,37 euro

PCEG > OAEAP %195

Prezio publikoa, 12,63 euro

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku-hartze teknikoaren protokoloak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskariaren harrera eta aurkezpena.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

  • Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

  • Parte batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendu eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz Udalean ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, edo Mankomunitateko edo udalen arteko Batasuneko burua, non ez den eskumen hori bertze norbaiten esku utzi.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, bertzeak bertze:

1.–Zerbitzua ukatzen den edo ematen.

2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakoarendako laguntza programa:

  • Egin beharreko lan/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarendako ezarritako bertze betebehar edo baldintza batzuk.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:

1.–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina betetzen ez dituelako.

3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4.–Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

6.–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etena: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Plaza erreserbatzeko gutxieneko tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bertzenaz GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren goiti-beheitiak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da Etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako bertze baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.

–Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

–Banakako laguntza programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren zerbitzua aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

–Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek behar duten adina garbiketa produktu eta tresna izatea.

–Lan egiteko toki egokia izatea etxebizitzaren barrenean eta beharrezko baliabide teknikoak eta materialak ematea lanak behar bezala eta segurtasunez egiteko.

1. ERANSKINA

Esku-hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, bertze baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza...), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko bertze batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer bertze baliabide behar liratekeen.

d) Banakakoendako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien betebeharrak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatuaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bertzelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendua eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak harrapatzen ahal dira. Funtsezko aldaketa bat izan bada (hala nola familia unitateko kideen aldaketa edo hobekuntza bat autonomian, gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasuaren bertze balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakoarendako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoeraren gaineko txostena.

–Mendetasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakakoarendako laguntzarako proiektuaren proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena eta, hala bada, onuradun izan daitezkeenen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bertzelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bertzelakoak.

Bizikidetza unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L1611575