200. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1180E/2016 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen diona Artaxoako udal mugapean hondakin ez-arriskutsuak kudeatu eta konpostatzeko zentro bati. Instalazioaren titularra Compostajes La Coya SL da.

Ezarrita dagoen instalazio horri, hasiera batean, jarduera sailkatuentzako baimen araubidea aplikatu zitzaion.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Horrek industria jarduera berriak sartzea ekarri du Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.

Horren ondorioz, instalazio hau ingurumen baimen integratuen araubidearen menpe dago gaur egun, izan ere, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren I. eranskineko 5.4 epigrafean sartuta baitago, hots, “Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak, ondoko jardueretako bat edo gehiago dutenak, salbu eta hirietako hondakin uren tratamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege-Dekretuan aipatzen direnak” izenekoan; eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b) epigrafean, hots, “Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak eta ondoko jardueretako bat edo gehiago dakartenak, 91/271/EEE Zuzentarauan agertzen diren jarduerak salbu”, izenekoan (testuaren bertsio bategina).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean eta lege horren erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Artaxoako udal mugapean hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta konpostatzeko zentro baten instalazioari. Instalazioaren titularra Compostajes La Coya SL da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena mantentzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko gaur egun daukan baimenaren indarraldia mantentzea (Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko 15G04038090062013 zenbakia). Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu dituen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkezteko tramitea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko asmoz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Compostajes La Coya SLri, Artaxoako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko urriaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1611355