200. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartua, “Salestarrak” udalez gaindiko plan sektoriala bide lotuneei dagokienez aldatzeko espedientea onesten duena. Sustatzailea Salestarren UPSko UE-1 Konpentsazio Batzordea da.

Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, “Salestarrak” udalez gaindiko plan sektoriala bide lotuneei dagokienez aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi zen. Sustatzailea Salestarren UPSko UE-1 Konpentsazio Batzordea da.

Aldaketa honen xedea da bide soluzio berri bat egitea Olazko lotunean, eraztun erako lotune bat eraikiz; bi errei izanen ditu norantza bakoitzean, eta bi zuzengune izanen ditu eta bi zirkuferentzierdi, 15 m-ko barne erradioa dutenak. Zuzenguneak Ekialdeko Ingurabidearen gainean kokatzen dira, eta gaur egungo zubia erabiliko da Iparraldean; horrela, sustatzailearen arabera, lurren okupazioa ahalik eta txikiena da, ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta urrunen jartzen da etxebizitzetatik, eta eragin txikiagoa du kirol instalazioen denboraldiko aparkalekuan.

Orobat, espedientearen xedea da lotune edo biribilgune berrian sartzeko adarra aldatzea, bi norantza izanen baititu; horrela, dokumentuan adierazten den bezala, komunikazio hobea izanen da Olazko kirol eremuaren eta Sarrigurenen artean eta, batez ere, aukera ematen zaio Iruña eta Gorraitz arteko garraio publikoko lineari Salestarren unitatean zerbitzua emateko.

Aldaketa honen jatorria “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Sustapen Departamentuaren, Eguesibarko Udalaren eta Salestarren UPSko UE-1 Konpentsazio Batzordearen arteko lankidetza hitzarmena, PA-30 Iruñeko ingurabidearekiko lotunea aldatzeko” izeneko hitzarmena da, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 13an egindako bilkuran onetsia.

I.–Jendaurrean jartzea.

Alegazioak aurkezteko epean alegazio idazki bat aurkeztu da. Hona hemen laburturik, erantzunarekin batera.

I.1.–Eguesibarko Udalak egindako alegazio idazkia.

Edukia:

A) Arangurengo errepidean egin beharreko espaloiari eta bidegorriari dagokienez.

Udalak gogorarazi du Sustapen Departamentuak, Eguesibarko Udalak eta Salestarren UPSko UE-1 Konpentsazio Batzordeak hartutako erabaki hau: “NA-2310eko urbanizazioa bi erreitara murriztea, lau egin gogo baitziren erdibitzaile batek bereizita, espaloiak eta hiri-elementuak murriztu gabe”.

Gai horri dagokionez, Udalak honako hau ikusi du: “UPSaren aldaketaren dokumentazio grafikoan, espaloia eta bidegorria kirolerako lurzatiraino doaz bakarrik, Salestarrak UPSean etorkizunean eginen den ikastetxean. Ez da aurreikusi espaloiak eta bidegorriak puntu horretatik jarraitzea, Iruñeko ingurabidearen gaineko biribilgunearekin konektatu arte. Biribilgune horrek Berrikuntzaren Hiriarekin konektatzen du.”

Horregatik, Udalak eskatzen du espaloia eta bidegorria Iruñeko ingurabidearen gaineko biribilgunearekiko konexioa gauzatzeko.

B) Arangurengo errepidean aurreikusitako oinezko pasabideen jarraitasunari dagokionez.

Gai horri dagokionez, interesdunak honako hau alegatzen du: Arangurengo errepidearen zatibitzea egiten ez bada ere, bertan aurreikusitako oinezkoen pasabideak egin behar dira, horrela oinezkoen eta txirrindularien pasabideen jarraitasuna bermatzeko, UPSaren eremutik Sarrigurengo Kirol Hirian sartzeko bideraino.

C) Urbanizazio proiektuaren gaineko ukipenari dagokionez.

Alegatzaileak honako hau adierazten du: azaldutako alegatuak baiesten badira, ezbairik gabe egokitu beharko da urbanizazio proiektuaren aldaketa, UPSaren aldaketarekin paraleloan tramitatua, bidegorria, espaloia eta oinezkoen pasabideak alegatu horiek adierazi bezala isla daitezen.

Erantzuna:

Sustatzaileak honako hau adierazi du horren gainean: Konpentsazio Batzordearen organo errektoreak, 2015eko irailaren 21eko bilkuran, erabaki du Eguesibarko Udalak egindako alegazioak onartzea.”

Horren ondorioz, sustatzaileak antolamendu xehakatuko plano bat sartu du, eta bertan oinezkoen eta txirrindularien ibilbideak Iruñeko ingurabidearen gaineko biribilgunearekin konektatzen dira, eta oinezkoen 5 pasabide daude UPSaren eremutik Sarrigurengo Kirol Hirian sartzeko bideraino.

Horrenbestez, aurkeztutako alegazio idazkia bere osotasunean baiesten da.

II.–Gobernuaren erreferentziako erabakiaren gaineko kontsiderazioak.

2016ko urtarrilean sustatzaileak separata bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 11ko Erabakian (espediente honen tramitazioari hasiera eman ziona) egindako kontsiderazioei, txosten sektorialei eta aurkeztutako alegazioei erantzuteko. Jarraian aipatu erabakiaren kontsiderazioak errepikatzen dira, eta separata horren edukia aztertzen da, kontsiderazioei dagokienez.

–“IV.3.–Dokumentuak koherente izan behar du NA-2310 Arangurengo Ibarreko errepidean egin gogo diren jarduketei dagokienez (bikoiztea eta Sarrigurengo Europa etorbidean sartzeko biribilgunea).

Ez dago koordinaziorik aurkeztu den dokumentazioan: alde batetik, aldaketa deskribatzen duen atalean ez da errepide horren aipamenik egiten, baina bestetik, aurrekarien atalean, “errepide hori bikoiztuko ez dela” aipatzen da eta “geroagoko garapen faseetara atzeratzen dela” eta 3. eta 4. antolamendu planoetan, bikoizketa hori grafiatuta dago.”

Puntu horri dagokionez, sustatzaileak honako hau erantzun du: “Aldaketaren ondorioz, NA-2310 errepidearen urbanizazioa bi erreitara murrizten da, lau egin gogo baitziren erdibitzaile batek bereizita, espaloiak eta hiri-elementuak murriztu gabe”. Sustatzailearen arabera, NA-2310 errepidearen urbanizazioan egin beharreko murrizketa horren helburu bakarra da Konpentsazio Batzordeak bere gain hartzen dituen kargak murriztea, Olazko lotunerako bide soluzio berriaren ondorioz.

Hala ere, 3. eta 4. antolamendu planoak ez dira berriz aurkeztu, eta horregatik, aurrekoa eta Eguesibarko Udalak aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta, testu bategina aurkeztu behar da, gai horiek jasotzeko eta dokumentazio grafiko eta idatzizkoaren eta erabakitako soluzioaren arteko koherentzia lortzeko.

–“IV.4.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 102.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Olazko 14. poligonoko 200., 209. eta 210. lurzatien azalera guztia, UPSaren eremuan sartuta baitago, eredu-aprobetxamenduaren kalkuluan ez sartzea justifikatu beharko da. Lurzati horiek Eguesibarko Udalarenak, Ebrogan SLrenak eta Inversiones Flomar Pamplona SLrenak dira.”

Horri dagokionez, sustatzaileak honako hau erantzun du: UPSa idazten den unean, 200. lurzatia dagoen tokiko sistema bat zen, eta UPSean ere erabilera eta titulartasun publikoko lurzorua da. Katastroko 209. eta 210. lurzatiei dagokienez, oso-osorik sartu dira eredu-aprobetxamenduaren kalkuluan.

–“IV.5.–Hitzarmenak jasotzen dituen urbanizazioaren exekuzio faseak ez dira aldaketara eraman, uste baita urbanizazio proiektuaren aldaketan jasoko direla.”

Konpentsazio Batzordeak Salestarren UPSko UE-1en urbanizazio proiektuaren aldaketa bat sustatu du, eta bertan urbanizazioaren faseak agertzen dira. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 198E/2015 Ebazpenaren bidez behin betiko onetsi zen aldaketa.

–“IV.6.–Proposatutako bide lotuneek okupatutako lurzoruez gain, haiek gauzatzeko behar den azalera jaso beharko da eta, bereziki, Olazko lotunearen eta ingurabidearen arteko tarteak.”

Urtarrilean aurkeztutako separataren arabera, kontsiderazio hau onartu da. Erantsitako planimetrian lurzoru horiek sartzen dira. Aldeko ebazpena emanez gero aurkeztu behar den testu bateginean ere agertuko da dokumentazio hori.

–“IV.7.–Aldaketak ukitutako finken gaineko beste eskubide errealen titularren edo jabeen zerrendan sartu beharko dira Eguesibarko Udala eta Sustapen Departamentua, titular horienak direnez aldaketak (sartzea edo baztertzea) ukitutako lurzatiak, hala eskatzen baita Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.ter artikuluan.”

Sustatzaileak jabeen zerrenda osatu du, azalera berriak gehituz (ez dago ukitutako jabe berririk).

–“IV.8.–UPSaren eremu berria agertzen duen plano batekin osatu beharko da espedientea, aurreko oharrak kontuan hartuta.”

Eskatutako planoa sartu du sustatzaileak. Hala ere, plano horretan ez da sartu NA-2310 errepidearen eta Jorge Oteiza etorbidearen arteko tartea, eta tarte horretan gauzatu behar dira Udalak bere alegazioan eskatu dituen oinezkoen pasabideak. Tarte hori eremuan sartu edo ez sartu, alegatutako pasabideak egin beharra berariaz jasoko da aurkeztuko den testu bateginean, beharrezkoak baitira oinezkoen eta txirrindularien pasabideen jarraitasuna bermatzeko, UPSaren eremutik Sarrigurengo Kirol Hirian sartzeko bideraino.

Orobat, UPSean aurreikusita dauden oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak Olazko gunearekin eta bertan dauden Eskualdeko Garraio Publikoaren geralekuekin lotzeko soluzio egokiak planteatu ahal izateko, horretarako behar diren espazioak sartu behar dira UPSaren eremuan. Jarduketa horiek “Salestarrak” udalez gaindiko plan sektoriala onesten duen Nafarroako Gobernuaren 2012ko ekainaren 13ko Erabakian eskatzen dira.

Ildo horretan, VIV/561/2010 Aginduaren arabera, sartzeko moduko oinezkoentzako ibilbideen pasatzeko zabalera librea gutxienez 1,80 metrokoa izanen da toki guztietan. Horrez gain, ibilbide horiek hiri izaera izateko behar diren elementuak izanen dituzte (argiteria publikoa eta altzariak) eta, hiriko berdeguneak konektatzeko, zuhaitzak izanen dituzte, eta zuhaitzezko estaldura gutxienez espazioaren %40 izanen da. Orobat, komenigarria da urbanizazioak soluzioak kontuan hartzea lurzorua zigilatzearen ondorioak malgutzeko, hala nola zoladura iragazgaitzak erabiltzea.

Bestetik, behar diren jarduketak egin beharko dira proposatutako lotune berritik Gorraiz Natur instalazioetan sartzeko aukera bermatzeko. Ondorio horietarako, behar diren espazioak ere eremuan sartu beharko dira.

Aurrekoa kontuan hartuta, UPSak Olazko gunetik hurbilen duen muturra aldatu beharko da, Olazko 14. poligonoko 212. katastro-lurzatiaren hegoaldeko mugarekin bat egin arte. Lurzati hori Nafarroako Gobernuarena da, eta PA-30 Iruñeko ingurabideari eta haren bide-lotuneei dagokie.

Azkenik, ezarri behar da eremua eta Olazko gunea lotzen dituzten oinezkoen ibilbideen jarraitasuna bermatuko dela UPSaren urbanizazio lehen fasearen onarpenetik.

III.–Txosten sektorialak.

Separata jaso ondoren, 2016ko urtarrilaren 27an txosten berri bana eskatu zitzaien Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari.

2016ko martxoaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du separata horri eta gero aurkeztu zen beste bati buruz. Azken separata horretan PA-30 Ekialdeko ingurabidearen eta urbanizazioaren artean dauden babes akustikorako neurrien eraginkortasuna baloratzen da, baita zarata leuntzeko duten ahalmena ere, kalitate akustikoari dagokionez. Txostena aldekoa da, sustatzaileak justifikatzen baitu planteatutako soluzioak kalitate akustikoko helburuen betearazpena bermatzen duela UPSaren eremu osoan, 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duenari jarraikiz.

Bestetik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txosten bat eman du 2016ko ekainaren 20an. Horren arabera, dokumentazioak hasierako onespenaren erabakian ezarritako kontsiderazioak jasotzen ditu, zuzendaritza nagusi horren eskumenei dagokienez. Txostenak honako hau ezartzen du:

“Obrak gauzatu ondoren, proiektuan aurreikusitako pantaila akustikoak barne, UPSaren eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, entitate sustatzaileak helburu horiek betetzeko behar diren neurri zuzentzaile, gehigarri edo osagarriak hartu, gauzatu eta pagatuko ditu.”

Aurrekoarekin bat, UPSaren eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuen betearazpena eta proposatutako neurri zuzentzaileen (pantaila akustikoaren eta lubetaren) eraginkortasuna egiaztatzeko, urbanizazio obren azken onarpena egin baino lehen, sustatzaileak eremuko neurketa akustikoen gaineko txostena eginen du, Zaratari buruzko 37/2003 Legean eta urriaren 19ko 1513/2005 Errege Dekretuan ezarritako metodoaren arabera. Neurketak “Salestarrak” UPSaren ebazpenerako aurkeztu zen azterlan akustikoan lagindu eta baloratu ziren puntuetan eginen dira. Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen UPS hori.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2016ko ekainaren 21eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. “Salestarrak” udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea onestea. Bide lotuneei buruzkoa da, eta sustatzailea Salestarren UPSko UE-1eko Konpentsazio Batzordea da.

3. Aldaketaren testu bategina paperean eta formatu digitalean aurkezteko eskatzea sustatzaileari, honako hauen ondoriozko aldaketak sartuta: alegazioen ebazpena, txosten sektorialak eta erabaki hau. Gainera, egiturazko determinazioak eta determinazio xehakatuak erakusten dituen dokumentazio grafikoa aurkeztu beharko da formatu bektorialean (shp, dwg edo dgn).

4. UPSa garatu eta gauzatzean, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta erabaki honen azalpen zatian ezarritakoari ere.

5. Nolanahi ere, obrak egitean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo exekuzio hori baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, sustatzaileak erabaki honen 3. atalean eskatutako testu bategina aurkeztu ondoren, orok jakin dezan.

7. Erabaki hau Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari igortzea, eta Iruñerriko Mankomunitateari, Eguesibarko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1609811