199. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

92E/2016 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Lesakako Udal Plan Orokorra aldatzen duen espedientea; 3. poligonoko 183. eta 475. lurzatiei dagokie eta exekuzio unitate baten mugaketa du xede, bertan bi etxebizitza egiteko, Xabier Maritxalar Narbartek sustaturik.

Lesakako Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin betiko onestea Lesakako Udal Plan Orokorra aldatzen duen espedientea; 3. poligonoko 183. eta 475. lurzatiei dagokie eta exekuzio unitate baten mugaketa du xede, bertan bi etxebizitza egiteko, Xabier Maritxalar Narbartek sustaturik, ondoko zehaztapenarekin:

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren arabera, Udalak, lizentzia ematerakoan, jarduketa paisaian integratzea zainduko du, ezpondak landareztatzeko eta lurraren topografiari ahalik eta gehien egokitzeko neurriak hartuta.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasuna kontrolatzen duen onespen honen aurka, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau Xabier Maritxalar Narbarteri eta Lesakako Udalari jakinaraztea, azken horrek dagokion hirigintza arloko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko irailaren 29an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1611138