199. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

88/2016 FORU DEKRETUA, urriaren 5ekoa, irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru Dekretu horren bidez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta abuztuaren 12ko 58/2015 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura.

Irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez, aipatu departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan, departamentuko administrazio unitate guztiak eta bakoitzari dagozkion eginkizunak zehatz-mehatz arautu ziren.

Foru dekretu honen bidez foru dekretu hura aldatu nahi da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak beste modu batean banatzeko, funtzionamenduaren eragimena eta eraginkortasuna hobetzeko.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 5ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–11. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:

“11. artikulua. Ondare Historikoaren Zerbitzuaren egitura.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ondare Arkitektonikoaren Atala.

b) Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.”

Bi.–Kendu egin da 13. artikulua.

Hiru.–14. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:

“14. artikulua. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eginkizunak.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare higigarriari legezko babesa ematea.

b) Kultur intereseko ondasunen eta ondasun higigarri inbentariatuen espedienteak prestatzea.

c) Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroa sortu eta kudeatzea.

d) Nafarroako Kultur Ondareko Ondasun Higigarrien Katalogoa prestatzea, ondare higigarria dokumentatu eta hedatzeko.

e) Nafarroako kultur ondarearen ondasun higigarrietan egin beharreko esku-hartzeak prestatu, proiektuen zuzendaritza hartu, planifikatu eta kontratatzea.

f) Ondasun higigarri historiko artistikoak berritzeko ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

g) Bere ardurapean dauden Nafarroako Gobernuaren kultur ondareko ondasun higigarriak mantendu eta kudeatzea.

h) Zeharkako koordinazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko gainerako zerbitzuekin, aholkularitza teknikoa eta jarraipena emanez esku-hartzeetan, bai eta azterketa, analisi, diagnostiko, trataera eta kontrola ere Nafarroako Kultur Ondareko margolanak, eskulturak eta material arkeologiko eta ez-organikoak kontserbatu eta zaharberritzeko.

i) Ondare arkeologikoaren katalogazioa, Nafarroako Arkeologia Inbentarioan sartzeko.

j) Ondare arkeologikoari legezko babesa ematea.

k) Ondare arkeologikoaren interes kulturaleko ondasunak, ondasun inbentariatuak eta garrantzi lokaleko ondasunak deklaratzeko espedienteak prestatzea.

l) Nafarroako Gobernuaren arkeologia funtsak eta balio arkeologikoko higiezinak (aztarnategiak) kudeatu eta kontserbatzea.

m) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

Lau.–Kendu egin da 27. artikuluaren s) atala.

Bost.–28. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:

“28. artikulua. Kultur Ekintza Zerbitzuaren egitura.

Kultur Ekintza Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atala.

b) Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atala.”

Sei.–Kendu egin da 29. artikuluaren c) atala.

Zazpi.–30. artikulua aldatu da, eta honela geldituko da:

“30. artikulua. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalaren eginkizunak.

Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arte plastiko eta ikusizkoen, ikus-entzunezkoen eta zeharkako beste diziplinen sektoreetako kultur eragileei arreta eta aholku ematea modu integralean.

b) Toki entitateekin elkarlana erraztu eta sustatzea, haien kultur ekipamenduak eta arte programak ahalik eta hobekien dinamizatzeko.

c) Kultura herrikoi eta tradizionalaren eta ondare immaterialaren babesa eta garapena sustatzea eta lan horretan lagundu eta kolaboratzea, lan ildoak eta laguntzak proposatuz eta haien aldeko jarduketak erraztuz.

d) Berrikuntza eta sormena zeharka bultzatzea, ataleko eskumenen esparruko programa eta proiektu guztietan, motor sozial, kultural, artistiko eta ekonomikoa diren aldetik.

e) Sorkuntza, proiektu artistikoen garapena eta arte eta kultur enpresen garapena sustatzen eta ahalbidetzen duten laguntza eta deialdien programak diseinatu eta kudeatzea, sormenaren eta kulturaren sektore egonkor, berritzaile eta lehiakor bat hazten laguntzeko, atalaren eskumenen esparruan.

f) Arte produkzioen eta sortzaileen proiekzioa eta aintzatespena sustatzea herritarren artean eta beste kultur eragile batzuen artean, eta bereziki, behar diren bideak irekitzea laguntza publikoak jasotzen dituzten pertsonen eta entitateen lana ahalik eta hobekien heda dadin, ataleko eskumenen esparruan.

g) Sortzaileekin, arte eragileekin eta kultur enpresekin elkarlanean aritzea baterako programetan, eta sortzen diren lan eta proiektuen hedapena eta zabalkundea sustatzea, atal honen eskumenen esparruan.

h) Kultur proiektu eta programak koordinatu eta planifikatzea, programa berekien bidez edo hirugarrenekin elkarlanean, eta kalitatezkoak izan daitezen eta arte komunitateak eta herritarrek parte har dezaten begiratzea, ataleko eskumenen esparruan.

i) Zeharkako ekintzak koordinatzea zuzendaritza nagusiko gainerako zerbitzuekin, Gazteriaren Zuzendariordetzarekin eta Baluarte Fundazioarekin, bakoitzak artearen sorkuntza eta hedapenerako prestatzen dituen programei dagokienez, eta a) atalean adierazitako esparruetan egiten dituzten jarduera guztietan, hau da, sustapen, plangintza, koordinazio eta promozio lana egitea, herritar guztiek eskura izan dezaten kalitatezko arte eskaintza askotariko bat, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan banatua.

j) Batera jarduteko ildoak ezartzea Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin.

k) Nafarroako herrietarako jarduketa plan bat ezartzea, azpiegitura kultural propiorik ez dutenei arreta berezia emanda.

l) Sostengua ematea a) atalean aipatutako sektore artistikoen sustapen eta hedapenari Nafarroatik kanpo.

m) Kanpo finantzabideak (eskualdekoa, Espainiakoa, Europakoa) aztertzea, bai programa berekietarako, bai atal honetako eskumenen esparruko sektore artistikoko profesional eta entitateek egiten dituzten programetarako.

n) Ikus-entzunezko sektoreak, arte plastikoak eta atalaren eskumeneko gainerako esparruak txukun garatzeko laguntza ematea.

ñ) Sektoreko batzordeak koordinatzea arlo hauetan: kulturaren sektoreak, elkarteak, kultura herrikoiari lotutako entitateak eta arte sektorearen eta alboko arteen ekintzaileak.

o) Atalaren eremuko sektore profesionalen berariazko prestakuntza programak sustatzea, hala nola prestakuntza artistikorako bekak, jardunaldiak, biltzarrak eta interesekotzat jotzen diren beste edozein.

p) Toki entitateekin lan egiteko ildo berriak ezartzea, bai eta lurraldea sustatzekoak ere, landa garapenari lotuak.

q) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

r) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

Zortzi.–31. artikuluari bi atal gehitu zaizkio, honako edukia daukatena:

“r) Prozesu parte-hartzaileak zeharka sustatzea Administrazioan eta sektorean, prozesu berri eta ez-baztertzaileei bide emanez eta prozesuaren garapen egokirako metodologiak aplikatuz.

s) Lan ildoak, estrategiak eta programak garatzea berrikuntzaren eta sorkuntza eta kultur industrien eremuetan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuekin eta Nafarroako Gobernuko erakundeekin lankidetzan, sorkuntza, ezagutza eta edukiak sortzen dituen lurralde bihurtu ahal izateko.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Berretsi egiten da, gertatu zeneko baldintza beretan, Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Ataleko buruaren izendapena, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko buru gisa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoak kentzea.

Kendu egiten dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hauek:

–Arkeologia Atala.

–Ondasun Higigarrien eta Ondarearen Erregistroaren Atala.

–Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1611318