191. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1978/2016 EBAZPENA, irailaren 19koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 30 urtetik beherako langabeen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetariko bat da gazteen langabezia-tasa murriztea. 2016ko ekainean 7.416 gazte zeuden lanik gabe, horietatik %52 emakumezkoak eta %48 gizonezkoak. 2016ko bigarren hiruhilekoan, gazteen langabezia-tasa %24,9 zen Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera. Horrez gainera, adierazi beharra dago gazteen jarduera tasa %22,85 murriztu dela (2008ko hirugarren hiruhilekoan %54,32koa zen, eta gaur egun %31,47koa). Nafarroan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik dauden gazteen profila oso antzekoa da sexuen arabera (%48 gizonezkoak dira, %52 emakumezkoak). 20 eta 29 urte bitartekoak dira, ikasketa maila baxua dute (%66,84k ez du bigarren hezkuntza bukatu) eta 6 hilabete baino gutxiago darama langabe gisa inskribaturik. Gizatalde honentzat lan aukera gutxi daudenez eta haien kualifikazio eta prestakuntza baxua denez, lan merkatuan sartzeko aukera gutxiago dituzte.

Hazkunde, lehiakortasun eta eraginkortasunerako presako neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bidez Gazteen Bermearen Sistema Nazionala sortu zen. Horren helburu nagusia da lanean ez dauden eta ezein hezkuntza eta/edo prestakuntza ekintzatan parte hartzen ez duten gazteei aukera ematea enplegu eskaintza egoki bat izateko edo prestakuntza jarduera bat eta/edo lanbide praktikak egiteko. 2014-2020 Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bidez, sistema horretan inskribaturiko pertsonentzako neurriak finantzatzen dira, gizatalde horren lanbide kualifikazioa hobetzeko eta haien kontratazioa sustatzeko.

Hortaz, programa horren bidez sustatu nahi da enpresek gazte langabeak kontrata ditzatela. Horrela, kontratazioa sustatzen da, Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresek enplegua sortzea bultzatzen da eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituen gizatalde hori lanean hasteko erraztasunak ematen dira. Gainera, lan esperientzia hau beren lanbide kualifikazioekin bat etorriko da, eta hileko gutxieneko soldata bat finkatuko da, kalitateko enplegua sustatzearren. Azkenik, lan merkatuko desberdintasunak handitu ez daitezen, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen kontratazioa lehenetsiko da, baita emakumezkoena ere.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko uztailaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea onartzea gazte langabeen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzetarako. Diru-laguntzaren gertaera eragilea da gazte horiek kontratatzea haien enplegagarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 30 urtetik beherako gazte langabeen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

2. 1.068.259 euroko gastua baimentzea 2016ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu plana, Enpresek gazteak kontratatzea” izeneko 950001 96100 4809 241108 kontu-sailaren kargura. Gastua honela banatuko da:

–753.000 euro bideratuko dira praktiketako kontratuen modalitatea finantzatzeko. Zenbateko hori Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bidez finantzatuko da, zeina Gazte Enplegurako Ekimenak eta 2014-2020 aldirako Europako Gizarte Funtsak kofinantzatua baitago (2016ko Gastuen Aurrekontuko E-14/000102-07 zenbakia duen PEP elementua).

–305.000 euro bideratuko dira prestakuntza eta ikaskuntza kontratuen modalitatea eta lanekoak ez diren praktiketako kontratuen modalitatea finantzatzeko.

–10.259 euro bideratuko dira prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak sinatzen dituzten enpresen kudeaketa gastuak ordaintzeko.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko irailaren 19an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. Xedea eta finantza-iturriak

1.1. Oinarri hauen xedea da enpresei gazte langabeak kontratatzeko emanen zaizkien diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea. Gazte horiek Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribaturik egon beharko dute, zeina Hazkunde, lehiakortasun eta eraginkortasunerako presako neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bidez sortu baitzen, eta praktiketako kontratuaren bidez kontratatuko dira. Kontratu mota hori Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluan arautua dago. Kontratu mota horren berariazko ezaugarriak II. kapituluan jasotzen dira.

Oinarri hauetan arautzen dira, orobat, enpresek gazte langabeak prestakuntza eta ikaskuntza kontratuen bidez kontratatzeko diru-laguntzak eta enpresetan lanekoak ez diren praktikak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak. Prestakuntza eta ikaskuntzarako kontratazioa Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan dago arautua, eta lanekoak ez diren praktikak, berriz, urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuaren bidez. Kontratu mota horien berariazko ezaugarriak III. kapituluan jasotzen dira.

1.2. Kontratazioak eta lanekoak ez diren praktikak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2016ko abenduaren 31ra bitarte egin beharko dira.

1.3. Diru-laguntzen kontura, honenbeste kontratu edo lanekoak ez diren praktikaldi (LEP) ordaintzen ahalko zaizkio entitate onuradun bakoitzari:

–50 langile bitarteko enpresei: 2 kontratu edo LEP.

–51 eta 99 langile bitarteko enpresei: 4 kontratu edo LEP.

–100 eta 249 langile bitarteko enpresei: 6 kontratu edo LEP.

–250 langile edo gehiago dituzten enpresei: 8 kontratu edo LEP.

1.4. Praktiketako kontratuak egiteko diru-laguntzak Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen barnean sartzen dira, zeina Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen baitute 2014-2020 eperako.

2. Enpresa eta entitate onuradunak

2.1. Entitate hauek izan daitezke diru-laguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Helbide soziala eta fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik urratu ez izatea.

d) Dagokion Enplegu Agentziari eskatu izana, behar den eskaintza generikoaren bidez, diruz laguntzen diren lanpostuak betetzeko behar diren pertsonak.

e) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

2.3. Betebehar horiek guztiak diru-laguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, eta diru-laguntzaren xedeko kontratuak eta lanekoa ez den praktikak irauten duen bitarte osoan bete beharko dira.

3. Baztertzeko arrazoiak.

3.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Estatuko Administrazio Orokorraren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa eta fundazio publikoak.

d) Enplegurako zentro bereziak.

e) Gizarteratze soziolaboralerako enpresak.

f) Diru-laguntzaren xedeko kontratua hasi aurreko sei hilabeteko epean, hauetako arrazoi batengatik edonolako lan kontraturen bat amaitu duten enpresak, entitateak edo langile autonomoak: diziplinazko edo arrazoi objektiboengatiko kaleratzea, gero bidegabetzat aitortu edo deklaratu bada, edo zuzenbidearen kontrakotzat deklaratzen den kaleratze kolektiboa. Epe hori hasiko da kontatzen kaleratzea bidegabea izan dela aitortu edo deklaratzen denetik aurrera. Horrelako zenbat kontratu amaitu diren, hainbat kontratu geldituko dira diru-laguntzarik gabe.

3.2. Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan ageri diren lan harreman bereziak.

b) Kontratazio egunaren aurreko hogeita lau hilabeteko epean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean zerbitzuak eman dituzten langile berekin egiten diren kontratazioak, muga gabeko edo aldi baterako kontratu baten bidez aritu badira edo aldi baterako enpresa batekin langileak lagatzeko sinatutako kontratu baten bidez, eta, orobat, kontratatzen den langileak lehendik lan-harremanak izan baditu eskatzailea oinordetzen duen enpresaren batekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Enpresaburuen edo enpresa kontrolatzen dutenen, zuzendaritzako karguetan aritzen direnen edo haren administrazio organoetako kide direnen ezkontideen edo ondorengoen kontratazioak, eta, orobat, ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko gainerako ahaideenak.

4. Eskaeren aurkezpena eta epea

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, lan harremana, edo lanekoak ez diren praktikak, hasi eta biharamunetik aurrera. Betiere, 2016ko abenduaren 1etik aurrera sinatzen diren kontratuetarako edo praktiketarako eskaerak 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez.

4.2. Eskaerak aurkezteko, administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako bideak eta moduak erabiliko dira.

4.3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5. Instrukzioa eta tramitazioa

5.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

5.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

5.3. Eskaerak aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz ebatziko dira.

6. Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea

6.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

6.2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

6.3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

6.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

7. Diru-laguntzak emateko prozedura

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

8. Laguntzen bateraezintasuna

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin, salbu eta Gizarte Segurantzako kotizazio kuotetan legez egin daitezkeen onurekin edo murrizketekin.

9. “De minimis” araubidea

9.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

9.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

10. Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea

10.1. Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian aurreikusi bezala. Gainera, Nafarroako Atarian argitaratuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta jakinarazpena).

10.2. Era berean, praktiketako kontratuak egiteko ematen diren diru-laguntzei dagokienez, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFZ, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

Laguntza onartzearekin batera, entitate onuradunak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web orrietan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

10.3. Aldian behin, deialdi honetarako erabilgarri gelditzen den aurrekontu-kredituaren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxaren bidez (www.nafarroa.eus).

10.4. Praktiketako kontratuak egiteko ematen diren diru-laguntzen kasuan, entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren eta Gazteen Enplegurako Ekimenaren baterako finantzaketa izan dutela. Kasu horretan, lan kontratuan berean jasoko dira hala diru-laguntzaren xedea nola Europatik aurreikusten den baterako finantzaketa.

11. Ez-betetzeak, diru-laguntzen itzulketa eta zehapen araubidea

11.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

11.2. Programa gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.3. Kontratua edo praktikak aldez aurretik bukatzen badira, 14.2 eta 20.2 oinarrietan adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarri horietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratu edo praktikei eskatzen zaien gutxieneko hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren arabera kalkulatua.

Dena dela, kontratua edo praktikaldia 4 hilabete igaro baino lehen iraungitzen bada, praktiketako kontratuen kasuan eta lanekoak ez diren praktiken kasuan, edo 8 hilabete igaro baino lehen, prestakuntza eta ikaskuntza kontratuen kasuan, eta entitate onuradunak ordezkorik kontratatzen ez badu, edo langilea kanporatzen badute bidegabetzat aitortutako edo deklaratutako kaleratzearen bidez, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

11.4. Helburu bera duten beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza guztia itzuli beharra.

11.5. Diru-laguntza hartzen duten entitateek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

12. Ordezko araudia

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Zehazki, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari dagokionez, hauxe izanen da erreferentziazko araudia:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa.

–Hazkundeari, Lehiakortasunari eta Eragimenari buruzko presako neurriak onesteko urriaren 15eko 18/2014 Legearen IV. tituluaren I. kapitulua (Gazteen Bermearen Sistema Nazionalari buruzkoa), aurrerago bigarren aukeraren mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta ordena sozialeko beste neurri batzuei buruzko uztailaren 28ko 25/2015 Legearen 12. azken xedapenaren bidez aldatu zena.

–Lan Autonomoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena, ekonomia sozialari eta enpresen erantzukizun sozialari buruzkoa, zeinaren bidez Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren aplikazio eremua handitu baitzen (2015eko 181. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).

II. KAPITULUA

Praktiketako lan kontratuak egiteko diru-laguntzak

13. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak

13.1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan praktikak egiteko asmoz egiten diren kontratazioak izanen dira diru-laguntzen xede.

13.2. Diru-laguntzen xede diren praktiketako kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

b) Kontratazioaren xedeko lanpostuek kontratatuaren prestakuntza akademikoarekin eta/edo profesionalarekin bat etorri beharko dute.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina azkeneko kasu horretan, ez dira inoiz ere izanen ezarritako lanaldiaren %50etik beherakoak.

d) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta, titulazio akademikoa zein den, honako kopuru hauek adinakoa izanen da gutxienez:

–Unibertsitateko titulua: 17.000 euro.

–Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 14.500 euro.

–Erdi mailako heziketa zikloak eta profesionaltasun ziurtagiriak: 12.000 euro.

Diru kopuru horiek lanaldi osoetarako dira. Lanaldia txikiagoa izanez gero, proportzionalki murriztuko dira.

e) Kontratuak Langileen Estatutuaren 11.1. artikuluan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko du.

14. Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak

14.1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea.

b) Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribaturik egotea eta sistema horren onuradun izatea.

c) 30 urtetik beherakoak izatea, salbu eta aplikatu beharreko araudiak beheragoko adin muga bat ezartzen badu.

d) Honako titulu hauetariko bat izatea:

–Unibertsitateko titulua.

–Lanbide Heziketa Arautuaren goi mailako edo erdi mailako teknikari titulua, berariazko lanbide heziketakoa. Horien baliokide dira teknikari laguntzailearen titulua (LH1) eta teknikari espezialistaren titulua (LH2).

–Profesionaltasun ziurtagiria.

14.2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz laguntzen den epea bukatu baino lehen, eskaintza generiko berean edo beste batean dagoen ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 15 eguneko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere emandako diru-laguntzaren xedeko modalitate berean eta, orobat, ordezten den pertsonaren lanaldia, lansaria eta gizataldea errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

15. Diru-laguntzen zenbatekoa

15.1. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa lanaldi osoan kontratatzen den pertsonaren titulu akademikoaren araberakoa izanen da.

a) Unibertsitateko titulua: 5.100 euro.

b) Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 4.350 euro.

c) Erdi mailako heziketa zikloak eta profesionaltasun ziurtagiriak: 3.600 euro.

Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

15.2. Ondoren adierazten diren kasuetan, azaldutako diru-laguntza guztiei gehigarri batzuk ezarriko zaizkie:

a) Gizarteratze-errentaren bat jasotzen ari diren pertsonak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak edo desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatuz gero: %20.

b) Emakumeak kontratatuz gero: %15.

Bi egoera horiek bilduz gero, %20ko gehigarria besterik ez da aplikatuko.

15.3. Zenbateko horiek unitate bakoitzeko kostua aintzat hartzen duen baremo estandar bat erabiliz finkatu dira, lan arloan indarra duen legediaren arabera enpresak ordaindu beharreko gutxieneko kontratazio kostuak kontuan hartuz, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1303/2013 Erregelamenduaren 67. artikulua eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko gastuen justifikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduaren 14.4 artikulua.

16. Aurkeztu beharreko dokumentazioa

16.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan kontratua.

c) Kontratatutako pertsona Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribaturik eta sistema horren onuradun izateko moduan dagoela justifikatzen duen agiria.

d) Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko 2. eta 9. oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen direla eta 3. oinarrian eskatzaileak baztertzeko azaldutako zergatietatik bat ere ez dela gertatzen, eta, orobat, entitate eskatzaileak zenbat langile dituen jakinarazteko. Aitorpen hori egiteko, eredu ofiziala erabili beharko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daitekeena.

e) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen aitorpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

16.2. Eskaera osorik egon ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

17. Entitate kontratugileen betebeharrak

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Finantzaturiko kontratua sinatzea gazte langabeekin, indarreko araudiarekin bat.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

f) Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak egiten dituen kontrol lanak onartzea.

g) Diruz laguntzen diren ekintzen kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten egiaztagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea hiru urtez, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak ezartzen duen bezala.

h) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

18. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola

18.1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako denboraldi osoan egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

18.2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

III. KAPITULUA

Prestakuntza eta ikaskuntza kontratuetarako eta lanekoak ez diren praktikak egiteko kontratuetarako diru-laguntzak

19. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak

19.1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan lanekoak ez diren praktikak egiteko kontratuak eta prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak izanen dira diru-laguntzen xede.

19.2. Diruz laguntzen diren prestakuntza eta ikaskuntza kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuaren iraupena 12 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

b) Kontratuek lanaldi osokoak izan behar dute.

c) Lansaria ezin da izan unean-unean indarra duen lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherakoa, eta kontratuan adierazi beharko da.

d) Kontratuak Langileen Estatutuaren 11.2. artikuluan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko du.

19.3. Lanekoak ez diren praktikek, diruz lagunduak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

g) Praktikaldiaren iraupena 6 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

b) Praktikak kontratatuaren prestakuntza akademikoarekin eta/edo profesionalarekin zerikusia duten lanpostuetan egin beharko dira.

c) Praktikak lanaldi osokoak izanen dira.

d) Ordaindu beharreko laguntza-beka ezin da izan unean-unean indarra duen lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherakoa.

e) Praktikak urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, horren bidez arautu baitziren lanekoak ez diren praktikak.

20. Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak

20.1. Kontratatzen diren pertsonek edo praktikak egiten dituztenek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean edo praktikak hasten diren unean:

a) Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea.

b) 30 urtetik beherakoak izatea, salbu eta kasuan kasuko kontratuaren gaineko araudiak edo lanekoak ez diren praktiken gaineko araudiak beheragoko adin muga bat ezartzen badu.

c) Lanekoak ez diren praktiken modalitatean, hauetako tituluren bat eduki beharko da:

–Unibertsitateko titulua.

–Lanbide Heziketa Arautuaren goi mailako edo erdi mailako teknikari titulua, berariazko lanbide heziketakoa. Horien baliokide dira teknikari laguntzailearen titulua (LH1) eta teknikari espezialistaren titulua (LH2).

–Lanbide ziurtagiria.

20.2. Kontratatzen den edo praktiketan aritzen den pertsonaren batek lana uzten badu diruz laguntzen den epea bukatu baino lehen, eskaintza generiko berean edo beste batean dagoen ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 15 eguneko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere emandako diru-laguntzaren xedeko modalitate berean eta, orobat, ordezten den pertsonaren lanaldia, lansaria eta gizataldea errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien edo praktika guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

21. Diru-laguntzen zenbatekoa

21.1. Prestakuntza eta ikaskuntza kontratua: diru-laguntza 5.500 eurokoa izanen da.

25 langile baino gutxiago izanik, deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza eta ikaskuntza kontratu bat sinatzen duten enpresei 150 euroko diru-laguntza osagarria emanen zaie, kontratu horren kudeaketa gastuak finantzatzeko. Kudeaketa gastuak kopuru horretatik beherakoak badira, benetan ordaindutako zenbatekoa adinako diru-laguntza emanen da.

Kudeaketa gastutzat hartuko dira kontratua bera eta kontratuari lotutako prestakuntza (aholkularitza, kontsultak, etab....) tramitatzeko beharrezkoak direnak, betiere diru-laguntzaren onuraduna den enpresak ez beste entitate batek fakturatzen baditu. Gastu horiek onartuko dira baldin eta kontratua hasi baino bi hilabete lehenagokoak badira gehienez, eta kontratua hasten denerako ordainduak egon beharko dute.

21.2. Lanekoak ez diren praktikak: diru-laguntza 1.800 eurokoa izanen da.

21.3. Ondoren adierazten diren kasuetan, azaldutako diru-laguntza guztiei gehigarri batzuk ezarriko zaizkie:

a) Gizarteratze-errentaren bat jasotzen ari diren pertsonak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak edo desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatuz gero: %20.

b) Emakumeak kontratatuz gero: %15.

Bi egoera horiek bilduz gero, %20ko gehigarria besterik ez da aplikatuko.

22. Aurkeztu beharreko agiriak.

22.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta kontratatzen den langabeak sinatutako lan kontratua, edo praktikak egiteko akordioa.

c) Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko 2. eta 9. oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen direla eta 3. oinarrian eskatzaileak baztertzeko azaldutako zergatietatik bat ere ez dela gertatzen, eta, orobat, entitate eskatzaileak zenbat langile dituen jakinarazteko. Aitorpen hori egiteko, eredu ofiziala erabili beharko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daitekeena.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

22.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

23. Entitate kontratugileen betebeharrak

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Finantzaturiko kontratua edo, hala dagokionean, lanekoak ez diren praktikak egiteko akordioa sinatzea gazte langabeekin, indarreko araudiarekin bat.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

24. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako denboraldi osoan egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

Iragarkiaren kodea: F1610709