186. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

510/2016 EBAZPENA, irailaren 12koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa partziala (izenaren aldaketa) inskribatzen da Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 152/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofiziala inskribatu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, 12. erregistro zenbakiarekin. Egun indarrean dauden estatutuak Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 51/2013 Ebazpenaren bidez onetsi ziren (2013ko martxoaren 8an argitaratu ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialean).

2016ko ekainaren 30ean, Elkargoak aldaketa partziala (izenaren aldaketa) inskribatzeko eskatu du.

Izenaren aldaketa, Estatutuen 1. artikulua ukitzen duena, horretarako 2016ko ekainaren 22an egin zen Elkargokideen Batzar Nagusian adostu zen, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraikiz, Elkargoko dekanoak ontzat emanda idazkariak egindako eskabidearekin batera aurkeztutako ziurtagirian adierazi bezala. Bozketa egin ondoren, erabaki da Estatutuen 1. artikulua aldatzea; honela geldituko da idatzita: "Industriaren adarreko Ingeniaritzako Gradudunen, Industria Ingeniari Teknikoen eta Industria Perituen Nafarroako Elkargo Ofiziala Nafarroan eratzen da eta egoitza Iruñean dauka. Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da eta izaera profesionala dauka, Estatuak aitorturik dagoena; nortasun juridiko osoa dauka bere helburuak betetzeko eta hala barneko egitura nola jarduteko duen araubidea demokratikoak dira.

Elkargoa honako honen bidez arautuko da: haren Estatutuak, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Legea eta unean uneko xedapen aplikagarriak".

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuak egindako txosten batean egiaztatzen da Batzar Nagusiak onetsi dituen estatutuetako aldaketak bat datozela indarra duen legeriarekin. Orobat, adierazten da Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta lege hori garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamenduan ezarritakoak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoaren Estatutuen 1. artikuluko aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea. Haren testua osorik jasotzen da ebazpen honen xedapen zatian. Aldaketa horrek elkargoaren izena ukitzen du, hemendik aurrera "Industriaren adarreko Ingeniaritzako Gradudunen, Industria Ingeniari Teknikoen eta Industria Perituen Elkargo Ofiziala" izanen baita.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau.

3. Ebazpen hau Industriaren adarreko Ingeniaritzako Gradudunen, Industria Ingeniari Teknikoen eta Industria Perituen Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko irailaren 12an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Edurne Eginoa Antxo.

Iragarkiaren kodea: F1610373