180. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

315/2016 FORU AGINDUA, irailaren 6koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzen duena, Orbarako udal mugapea sartzeko. Aldatzen den foru agindu horren bidez, hazitarako patataren ekoizpena arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean.

Hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko erregelamendu teknikoa onesten duen urtarrilaren 29ko 27/2016 Errege Dekretuak 4.1 artikuluan ezartzen du erkidegoetako organo eskudunek baimendutako eskualdeetan ekoitziko dela hazitarako patata, edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak baimendutakoetan, baldin eta eskualde horien eremuak autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen baditu.

Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia onetsi zuen. Hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta herriak agertzen dira agindu horretan.

Urtarrilaren 24ko 30/2009, apirilaren 14ko 153/2011, ekainaren 14ko 189/2013, abuztuaren 29ko 304/2014 eta irailaren 29ko 73/2015 Foru Aginduen bidez aldatu zen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua, zenbait udalerri sartzeko, eremu horretako nekazarien interesa eta baldintza agronomikoak kontuan hartuta.

Hazitarako patata ekoizten duen OPPOSA entitateak eskaera aurkeztu du Orbarako udal mugapean hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko, ez baitago jasota aipatu foru aginduan.

Orobat, bidezko da 255/2006 Foru Agindua zuzentzea, 2., 9. eta 10. fazeriak espresuki aipatzearren, aipatu 18.az gain (Erremendia); izan ere, haien udalerrietako baldintzak ere betetzen dituzte, eta sergurtasun administratibo handiagoa nahi da patata ereinda duten lurzatien balidazioan. Bestetik, Irañetako Udalak eskatuta, 73/2015 Foru Aginduaren tituluko akatsa zuzendu da Arakilaren aipamena kenduta, Irañeta ez baita udal horretakoa. Azkenik, Nekazaritza Zerbitzuak uste du komenigarri dela murriztea ekoizle hautatzaileek landu behar duten gutxieneko azalera, gaur egungo 100 hektareatatik 50 hektareatara, Nafarroan aritu nahi duten entitate ekoizle hautatzaileen jarduera erraztearren.

Nafarroako eremu berrietan bestelako laborantzak proposatzea bereziki interesgarria da, eskualde horietan nekazaritzaren, ekonomiaren eta gizartearen garapen egokia lortzeko.

2016an Orbarako udal mugapearen egokitasuna ebaluatu da, hazitarako patata ekoizteari begira. Ebaluazio horren emaitzak onak izan dira, eta udalerri hori sartzeak, gainera, halako lasaitu bat ekarriko luke; izan ere, Kodes aldean eta Pirinio aldean kisteko nematodoak agertu dira, eta, horren ondorioz, hazitarako patata ekoizteko lurzatiak mugatu dira.

Hortaz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea, Pirinio aldean Orbarako udal mugapea sartzeko; orobat, 3. artikulua aldatzea, 50 hektareakoa izan dadin entitate ekoizle hautatzaileen gutxieneko azalera.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea betetzeko, foru agindu hau aztergai jarri da herritarrek gomendioak aurkez ditzaten.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, aipatutako araudiak ezarritako esparruaren barrenean, bidezko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak arau bat ematea aipatutako udalerria hazitarako patata ekoizteko eskualde batean sartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehen artikulua.–Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzen duen uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzea.

1.–Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“2. Ekoizpen aldeak.

Hauek dira Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten aldeak eta horien udalerriak:

–Pirinio aldea: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Ezkaroze, Garaioa, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Jaurrieta, Otsagabia, Orontze, Espartza Zaraitzu, 18., 10., 9. eta 2. fazeriak eta Orbara.

–Kodes aldea: Cabredo, Genevilla, Marañon, Murieta, Antzin eta Mendaza.

–Izarbeibar aldea: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga.

–Sakana aldea: Irañeta.

–Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago bestelako pataten ekoizpena.

–Kodes, Izarbeibar eta Sakana aldeak esparru ireki deklaratzen dira, eta baimendurik dago kontsumorako patataren ekoizpena, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.

Dena dela, alde guztietan etxeko kontsumorako patata ereiten ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan.

Kontsumorako patata ekoizteko, bai eta etxerakoa ere, laborantzaren aitorpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.”

2.–Uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“3. artikulua. Gutxieneko ereintza-azalerak.

Urteroko gutxieneko ereintza-azalera 50 hektareakoa izanen da ekoizle hautatzaileentzat eta 25 hektareakoa ekoizle ugaltzaileentzat.

Betiere, Nafarroan izena emanak diren ekoizleentzat, Nafarroako Foru Komunitatean erein beharreko gutxieneko azalera esan nahi da”.

Bigarren artikulua.–73/2015 Foru Aginduko tituluaren zuzenketa.

Kendu egin da Arakilgo udal mugapeari egiten zaion aipamena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 29ko 73/2015 Foru Aginduaren titulutik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016ko otsailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2016ko irailaren 6an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1610193