174. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

63/2016 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 23an), Nafarroako Foru Komunitateko departamentuen egitura ezarri zen, baita departamentu bakoitzari zegokion eskumen esparrua ere. Foru dekretu hori lehendakariaren abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuak aldatu zuen (156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).

Abuztuaren 12ko 55/2015 Foru Dekretuaren bidez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez, berriz, departamentu horren egitura organikoa onetsi zen.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren irailaren 7ko 33/2016 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretua aldatu da, 6. artikuluari testu berria emanez. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren eledunaren eginkizunak ez dira sartzen Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparruan.

Horren ondorioz, bidezkoa da abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretua aldatzea, bere edukia Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren irailaren 7ko 33/2016 Foru Dekretua aplikatzearen ondoriozko eskumen esleipen berrira egokitzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 7an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Testu berria.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren 1., 2., 8., 10., 11. eta 12. artikuluak aldatzen dira. 2015eko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru dekretu hori, abuztuaren 31n. Artikulu horiek, hemendik aurrera, testu hau izanen dute:

“1. artikulua. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: hizkuntza politika; gizon eta emakumeen arteko berdintasun politikak; bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko politikak; ikerlan estrategiakoak; herritarren parte-hartzea bultzatzeko politikak; lehendakariari laguntzea; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako, Espainiako eta Europako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudia babestu, garatu eta sustatzea; Europar Batasuneko erakundeetan parte hartzea; Nafarroako Gobernuaren Bruselako delegazioa; informazio politika koordinatzea; herritarrentzako arreta; komunikabideak; Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten eta sare sozialetan; Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrekiko eta Nafarroako Etxe eta Zentroekiko koordinazioa; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.”

“2. artikulua. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularra.

1. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularrak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Bereziki, eskudantzia hauek erabiltzea dagokio:

a) Diru-laguntza deialdiak eta haien oinarri arautzaileak onestea.

b) Lankidetza hitzarmenak eta elkarlanerako hitzarmenak eta akordioak sinatzea Estatuarekin, autonomia erkidegoekin eta beste administrazio publiko batzuekin.

c) Bere eskumenen esparruan beste administrazio batzuekin batera jarduteko planak onestea.

3. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularrari dagokio, halaber, Euskararen Nafar Kontseiluko lehendakaritza.

4. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularrari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan Kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean Departamentuko titularraren mende.”

“8. artikulua. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu arlo hauetan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako politika informatiboak koordinatzea.

b) Nafarroako Gobernuaren eledunari bere eginkizunetan laguntzea.

c) Komunikabideekiko harremanez arduratzea.

d) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua.

e) Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren agerpena Interneten.

f) Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren agerpena sare sozialetan eta komunikazioaren teknologien bidezko beste bide batzuetan.

g) Herritarrendako informazioa eta arreta, eta haien partaidetza.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tramite eta zerbitzuen katalogoa.

i) Nafarroako nortasuna hedatzea.

j) Erakundeen publizitatea.

k) Ordainketak agintzea.

l) Nafarroako Parlamentuarekin eta Foru Komunitateko, beste autonomia erkidego batzuetako, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde batzuekin harremanak artikulatu eta sustatzea.

m) Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatzea Espainiako eta Europako foro, batzorde, biltzar eta erakundeetan, deusetan galarazi gabe Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuen eskumenak.

n) Departamentuetako titularren kabineteen arteko harremanak koordinatzea.

o) Nafarroako Gobernuaren protokoloa eta zeremoniala.

p) Gobernuak beste erakunde eta entitate batzuekin eta beste erkidego batzuetako biltoki eta etxeekin dituen harremanetan segitu beharreko ildoak zehaztea.

q) Nafarroako Gobernuaren argitalpenez eta paperezko materialez arduratzea.

r) Indarra duten xedapenek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.”

“10. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren eginkizunak.

Komunikazio Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Nafarroako Gobernuak komunikabideekin dituen harremanen arloan finkatzen den politika sustatu eta betearaztea, Nafarroako Gobernuaren eledunarekin koordinatuta.

b) Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiei eta Gobernuko kideen jardunari buruzko informazioa koordinatzea eta komunikabideek egiten dituzten informazio eskaerei erantzutea.

c) Departamentuei informazioa ematea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu eta tramiteen katalogoa zuzentzea.

e) Zuzentzea Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Interneten duten agerpena, herritarrei zuzendua.

f) Informazioaren arloko lanbide-elkarteekiko harremanez arduratzea.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuak ematea.

h) Ikus-entzunezko sektorea sustatzeko laguntzak kudeatzea.

i) Foru Komunitateko Administrazioak eta haren menpeko erakunde nahiz entitateek sustaturiko publizitate korporatiboaren arloan, kudeaketa, aholkularitza eta koordinazio lanak egitea.

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun”.

“11. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren egitura.

Komunikazio Zerbitzuaren egituran ondoko atalak daude:

a) Prentsa Bulegoaren Atala.

b) Navarra.es Atariaren Atala.

“12. artikulua. Prentsa Bulegoaren Atalaren eginkizunak.

Prentsa Bulegoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Nafarroako Gobernuaren eledunari laguntzea komunikabideei Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren jarduerei buruz ematen zaien informazioaren arloan.

b) Nafarroako Gobernuari eta departamentuei aholku teknikoak ematea komunikabideen arloan.

c) Nafarroari buruz edo Nafarroako Gobernuaren jardunari buruz idatzizko, ikus-entzunezko edo Interneten bidezko komunikabideetan argitaratzen edo agertzen diren informazioak jaso eta antolatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren jardunari buruzko politika informatiboaren eraginkortasuna ebaluatzea.

e) Nafarroako Gobernuari buruzko berriak zabaltzea “nafarroa.eus” Interneteko Atariaren eta gizarte sareen bidez.

f) Nafarroako Jauregiko Prentsa Aretoa kudeatzea.

g) Nafarroako Gobernuaren Irudien Funtsa kudeatu eta zabaltzea.

h) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Komunikazio Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1610153