171. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2016 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2016an eta 2017an film laburrak eta ertainak produzitzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak txosten bat egin du, eta bertan hauxe proposatu: “Film labur eta ertainen 2016ko eta 2017ko produkziorako” diru-laguntzetarako deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, 90.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita gastu hori baimentzeko legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Film labur eta ertainak 2016an eta 2017an produzitzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334102: Zinemagintzarako laguntzak

2016

40.000,00

A20002-A2530-4709-334102: Zinemagintzarako laguntzak

2017

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 22an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

FILM LABUR ETA ERTAINEN 2016KO ETA 2017KO PRODUKZIOA DIRUZ LAGUNTZEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Fikzio, dokumental, esperimentazio edo animazio obren produkziorako laguntzak ematea du xede deialdi honek; 60 minutuz azpikoak izan beharko dute eta zine aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman erakutsi beharko dira.

1.2. Laguntza jasotzen duten proiektuek filmatzen hasteko epea dute 2016ko abenduaren 9ra arte, hori barne, eta filma bukatu beharko dute 2017ko urriaren 31rako, hori barne.

1.3. Proiektu bakar bat onartuko da enpresa edo profesional bakoitzeko.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jaso ahal izateko, pertsona fisikoek eta legez ezarritako enpresa zinematografikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eskatzailea pertsona fisikoa bada, berak izan beharko du film laburraren edo ertainaren zuzendaritzaren arduraduna.

–Zinemagintzako enpresa bat bada, Europar Batasuneko kide den estatu batean ezarrita egon beharko du eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko Zinema Enpresen Erregistroan ekoiztetxe gisa inskribatuta (Espainiako enpresen kasuan, ICAAko erregistroan inskribatua).

2.3. Proiektuak onartzeko epea ixten den unean film bihurtu eta aginduzko kalifikazioa duten proposamenek ezin izanen dute laguntzarik jaso, ezta zine aretoetan edo zinemaldietan erakutsita daudenek ere.

2.4. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte, bata bestearen gainean:

–Zuzendaritzaz arduratzen dena Nafarroan sortua izatea edo 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldaturik egotea. Inguruabar hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

–Ikus-entzunezkoa Nafarroan filmatzea, %50a gutxienez ere. Animazio proiektu bat izatera, teknika eta giza baliabideen %50ak Nafarroan ezarrita egon beharko du.

2.5. Proiektuak kostu osoa ordaintzeko behar duen finantzaketaren %30a, gutxienez ere, izan beharko du, eta baduela frogatu.

2.6. Balorazio Batzordeak salbuespen gisa onartzen ahalko ditu Nafarroako panorama artistiko, kultural edo ekonomikoan eragina duten proiektuak, edo haren errealitate kultural, artistiko eta sozialari lotuta daudenak; betiere, deialdiaren 2.4. atalean aipatu baldintzetakoren bat bete beharko dute. Baloratzeko, klausula hau aplikatzeko zer inguruabar dauden azalduko duen idazki arrazoitua aurkeztu beharko da.

2.7. Laguntza koprodukzio baterako nahi denean, eskatzaileak produkzio osoko %30eko parte-hartzea izan beharko du, gutxienez ere. Kasu horretan koprodukzioan duen parte-hartzea joko da eskatzailearen aurrekontutzat. Koprodukzio bateko ekoizleetatik bat baino gehiago izan badaitezke onuradunak, 2. artikuluaren arabera, haien partaidetzak batuta kontatuko dira. Kasu honetan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere. Ordezkari bat edo ahaldun bat izendatu beharko dute.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 90.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko eta 2017ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira; zenbateko hori honela banatuta bi urteetan:

2016ko ekitaldi ekonomikoa: 40.000 euro.

2017ko ekitaldi ekonomikoa: 50.000 euro.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz aurrekontu onartuaren %50 baino handiagoa izanen, proiektuaren puntuazio maila 75 puntutik gorakoa denean, ezta %48 baino handiagoa ere lortutako puntuazioa 50 eta 75 puntu artekoa denean. Eskatzaileek aurkezten duten aurrekontuari Balorazio Batzordearen ustez proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak eta eskatzaileek berreskuratzen ahal duten BEZarenak kenduta ateratzen den emaitza izanen da onartuko den aurrekontua. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 54. artikuluan ikus-entzunezkoentzat aurreikusitako laguntza araubideari egokitzen zaio diru-laguntzaren zenbatekoa, hartan ezartzen baitira barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Bestetik, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 27.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Orobat, aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, diru-laguntzarik eskuratu ez duten onuradunei ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatera, eskatzailearen NANa edo erroldaren ziurtagiria, baita jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (JEZ) ziurtagiria ere, zinema zuzendariei dagokien epigrafean (Hirugarren Atala. Arte Jarduerak, 01 multzoa. 011 taldea, Arte Jardueren gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideari buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearena).

b) Zinemagintzako enpresa bat izatera, ekoiztetxea Europar Batasuneko estatu kide batean erregistratuta dagoela adierazten duen ziurtagiria (Espainiako kasuan, ICAA zinemagintzako enpresen erregistroan inskribatuta egotea).

c) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren datu ekonomikoak II-a eranskinean bete beharko dira.

d) Proiektuak bere kostu osoa estaltzeko beharrezko finantzaketaren %30, gutxienez, baduela frogatzen duen dokumentazioa, 2.5 puntuan ezarri den bezala.

e) Ekoiztetxe eskatzaileak proiektua koproduzioan eginez gero:

–Koprodukzioa frogatzen duten legezko agiriak, eta enpresak parte-hartzean duen portzentajea.

–Film bererako produkzioan diharduten beste ekoiztetxeek harturiko beste laguntza edo diru-laguntzen aitorpena edo, halakorik ezean, laguntzarik ez dela hartu dioen aitorpena. Laguntza eskabideren bat tramitazioan izanez gero, horren berri ere eman beharko da.

4.4. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.6. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Produkzioak egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

–Proiektuan jasotako ekintzak gauzatzeko ekoiztetxeak behar dituen langileen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak, entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak barne. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio programari.

–Langile horien mantenu, ostatu eta joan-etorrien gastuak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta baliabide profesionalen kontratazioa.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkundeko gastuak eta proiektua sustatzeko materiala prestatzekoak.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera, 2016rako eta 2017rako.

5.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 puntuan ezarritakoa, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erostekoa.

b) Proiektua gauzatzeko guztiz beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Proiektuan parte hartzen duten langileen soldaten kapitalizazioak.

5.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egindakoak bakarrik jaso dezake diru-laguntza.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Zinematografiaren edo ikus-entzunezko ekoizpenaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 5 pertsona; eta Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko goi mailako teknikari bat edo, hori ezean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

6.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. 4.3 puntuan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena bete beharko da.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Entitate eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Entitate eskatzaile guztiek aukera izanen dute beren proiektua defendatzeko batzordearen aurrean, horrela eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion diru-laguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. oinarriaren 6. idatz-zatian aipatzen den moduan jokatuko da, Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5. fasea.–Azkenik, Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, batzorde administratiboak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

7.1.1. Aurkeztutako proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu arte).

a) Gidoiaren kalitatea (30 puntu arte).

b) Zuzendaritzaren eta produkzioaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (10 puntu arte).

c) Zuzendaritzaz, proiektuaren gidoiaz eta ekoiztetxeaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (5 puntu arte):

–Filmaren zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (2 puntu arte).

–Ekoiztetxearen ibilbidea: enpresak edo profesionalak jardunean daramatzan urteak (0,5 puntu, urte bakoitzeko. Gehienez 4 urte eta 2 puntu).

–Filmaren gidoiaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (puntu bat arte).

7.1.2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu arte).

a) Aurrekontua eta finantzaketa plana, haren koherentzia proiektua garatzeko eta esku hartzen duten giza eta enpresa baliabideak (10 puntu arte).

b) Finantzaketa planetik beteta dauden konpromisoak (10 puntu arte).

c) Ekoizlekideak, ekoizle elkartuak edo finantzaketarako beste iturri batzuk bilatzeko plana (10 puntu arte).

7.1.3. Nafarroan egindako filmaketaren portzentajea edo produkzioan erabili diren Nafarroako baliabide profesional eta teknikoena, proiektua animaziokoa bada (10 puntu arte).

–%70etik %100 arte: 10 puntu.

–%40tik %70 arte: 7 puntu.

–%10etik %40 arte: 4 puntu.

–%5etik %10 arte: 2 puntu.

7.1.4. Proiektuan parte hartzen duten Nafarroako enpresa eta giza baliabideak (8 puntu arte):

–Zergetarako Nafarroan helbideratuta dagoen ekoiztetxea: 2 puntu.

–Nafarroan filmatzeko kontratatu diren aurreprodukzioko edo produkzioko zerbitzuak: 3 puntu.

–Produkzio ondokorako Nafarroan kontratatu diren produkzio ondoko zerbitzuak: 3 puntu.

7.1.5. Proiektuaren interesa berrikuntzari, egokitasunari, eraginari eta garrantziari dagokionez Nafarroako kultura panoraman eta ikus-entzunezko arteen egungo testuinguruan (2 puntu arte).

7.1.6. Euskara erabili eta agertzea (5 puntu).

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa II-a eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

7.3. Entitate eskatzaile guztiek aukera izanen dute beren proiektua defendatzeko batzordearen aurrean, horrela eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Proiektu bakoitzari emandako denbora gehienez ere 15 minutukoa izanen da.

7.4. Orobat, batzordeak, entitate eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, deialdiari aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

7.5. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” ataleko puntuazioaren erdia (22,5 puntu) lortzen ez duten proiektuak ere ez dira kontuan hartuko.

7.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado).

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen den proiektuak interes soziala du foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere, onuradunak baldintza hauek betetzen baditu:

Helbide fiskala Nafarroan izatea, jarduera artistikoak ohikotasunez garatzea eta aurre-aurreko zergaldian negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:

–Bigarren sekzioan sartutakoak (jarduera profesionalak), 86 multzoa, 861 eta 862 taldeak.

–Hirugarren sekzioan sartutakoak (jarduera artistikoak), 01, 02 eta 03 multzoak.

Pertsona fisiko batzuek batera aurkezten badute diru-laguntza eskaera, horiek guztiek bete beharko dituzte aipatu baldintzak.

9.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea azken memoria batean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

10.2. Deialdi honen barrenean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan. Ekintzen berri emateko ekitaldian pertsonen parte-hartzea baldin badago, gutxienez entitateko kide bat eta Nafarroako Gobernuko kide bat izanen dira bertan.

10.5. Proiektua garatzean hura aldatzen duen edozein gertaeraren berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster; atal horrek bere adostasuna emanen du baldin eta aldaketak, ebaluazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, baita filmaren hasierako kredituetan ere. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

10.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Oro har, laguntzak bi alditan ordainduko dira. Lehendabizi, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren %44,44ko aurrerakina gehienez ere, honako dokumentazio hau aurkezten denean: onuradunaren diruzaintzako egoera eta proiektuaren kobrantza eta ordainketen aurreikuspena, betiere horretarako aurreikusten den egutegia zehaztuta. Aurrerakinaren zenbatekoa izanen da funtsez aldez aurretik hornitu beharra justifikatzen duena, 2016ko kredituarekin, diru-laguntzaren xedea betetzeko. Halaber, filmatzen hasi izanaren deklarazioa aurkeztu beharko da, Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuko ereduaren arabera.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2016ko abenduaren 9a izanen da. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

Halaber, onargarritzat jotzen diren eta ordainagiria erantsita duten gastu justifikatuei dagokien diru-laguntza jaso daiteke ordainketa gisa. Gastu horiek 2016ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztuko dira beranduenez.

2016rako emandako diru-laguntzari dagokionez, aurrerakina edo ordainketa jasotzeko frogagiriak epe barrenean aurkezten ez badira, ulertuko da onuradunak hura jasotzeko eskubidea galtzen duela. Soilik kreditu erabilgarririk badago 2017ko kontu-sailean eta urte horretako deialdian kreditua handitzen bada izan daiteke bigarren ordainketa emandako diru-laguntzaren %55,55 baino handiagoa, onuradunak jasotzen duen diru-laguntzak emandako zenbatekoaren %100 egin dezan urte batean baino gehiagotan.

11.2. Bigarren ordainketa, emandako diru-laguntzaren %55,55ekoa, filma bukatuta ordainduko da, Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren. 2017ko urriaren 31ra arteko epea (hori barne) egonen da frogagiri eta dokumentu hauek aurkezteko:

a) Filmatze amaierari buruzko deklarazioa (ICAAn aurkeztua, haren eredu ofizialean).

b) Izandako gastu eta diru-sarreren zerrenda. Gainera, gastuen zerrenda aurkeztuko da, aurrekontuko kontzeptuen araberakoa, eta honako hauek argi adierazita: zenbakia, enpresa edo profesionala, gastuaren kontzeptua eta arrazoia, eta faktura bakoitzaren zenbatekoa. Beharrezkotzat joz gero, proiektuan aipatu kontabilitateko dokumentazioa utzi beharko da Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalaren esku.

c) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik.

d) Diru-laguntza izan dezaketen proiektuko gastuekin lotutako gastu guztiek (5.1. puntuan definituak) ordainagiriak beharko dituzte; haien zenbatekoak, gutxienez ere, eman den diru-laguntzaren adinako izan beharko du. 100 eurotik gora egindako gastuek bankuko ordainagiria eduki beharko dute.

e) Argitaratzen diren inprimakien eta publizitateko elementuen 4 ale.

f) Ikus-entzunezko lanaren kopia berri bat, behin betiko bertsioan, DCP edo Blu-Ray formatuan. Gainera 3 kopia aurkeztu beharko dira DVD euskarrian. Jatorrizko bertsioa gaztelaniaz ez badago, aurkezten den kopiak azpitituluak izan beharko ditu gaztelaniaz.

g) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak filma erabili eta banatzeko baimena, Nafarroan zinemagintza sustatzeko egiten dituen jardueretan.

11.3. Deialdian ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

11.5. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

12.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen denean, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu, ordaindu beharreko diru-laguntzaren muga izanen da diruz lagundutako jardueraren defizita estaltzen duen zenbatekoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen memoria.

II-A ERANSKINA

Proiektuaren gutxi gorabeherako aurrekontua eta oharrak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1609771