170. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

874/2016 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2016ko deialdia, ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurriarekin bat, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horren barnean nekazaritzako ustiategien modernizazioaren sustapena dago, ustiategi horietako aktibo fisikoetan inbertsioak egiten laguntzeko neurrien bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1.a) puntuan zehazten zena, nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetu beharrei buruz.

Aipatutako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezartzen dira laguntzaren gehieneko portzentajeak, eskualde motaren, onuradunaren izaeraren edo proiektu motaren arabera.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak neurri hori barne hartzen du. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapenerako neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Nafarroan lurzatiak modernizatzeko eta ureztalur bihurtzeko prozesuek lotura zuzena dute Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obren garapenarekin. Ustiategietako inbertsioak hiru edo lau ekitalditan bilduko dira, eta sektore bakoitzean ureztapena abian jartzen den egunak baldintzatuko ditu inbertsio horiek.

Aurrekontuko zuzkidurak eta lehentasun irizpideak arautu behar dira, laguntzen berariazko deialdi baten bidez, nekazaritzako ustiategietarako laguntzetan (ureztapenerako ekipamenduetan inbertsioak egin ditzaten), ureztapena modu antolatuan abian jar dadin, eta lehentasuna emanen zaie ureztapena berehala abian jartzeko aukera ematen duten inbertsioei. Horrez gain, saihestu behar da sektore handienetan ureztapena abian jartzeko egunek gainerako eremu eta inbertsioetan eragin negatiboa izatea, eremu jakin batzuei lotutako laguntza eskaeren kopuru handiagoa izateagatik.

Horregatik, eta lehentasunezko helburu horiei aurre egiteko, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomiko berariazko bat erabiltzea lurzatietan ureztapenetarako inbertsioak egiteko, hain zuzen ere nekazaritzako ustiategi horiek egin ditzaten.

Azkenik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 2.000.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2018ko ekitaldian finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” egiteko, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, I. eranskinean azaldu bezala. Ebazpen honen II. eranskina ere onesten da.

2. Deialdia onestea.

“Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzen deialdia onesten da, inbertsio horiek jasota baitaude “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, 2016ko ekitaldirako, aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin bat.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimentzen da 2018ko ekitaldian, 2018ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen baliokidearen kargura: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 71630 7700 412102 kontu-saila. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Onartzeko baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskaera guztiei aurre egiteko behar den dirua baimendutako gastua baino txikiagoa bada, soberakina Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzen deialdian aplikatzen ahalko da.

Baimendutako gehieneko kreditua handitzen ahalko da laguntzak emateko, aurrekontuetan bidezkoa den aldaketa edo mugimendua onetsi ondoren, betiere aurrekontuan diru erabilgarririk bada. Nolanahi ere, diru kopuru gehigarria emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk izatea.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2016ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdeak eta, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira mendialdeak eta, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeak, edo, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

6. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (BDNS) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 17an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzenak, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzak arautzea, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1.a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoari jarraikiz, neurri honen helburu orokorrak dira nekazaritzako ustiategien errendimendu orokorra hobetzea, eta horien jasangarritasuna erraztea.

2. 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunen alde argi eta garbi egiten dutenez, helburu estrategikotzat jotzen da nekazaritzako profesional kualifikatuak jar daitezela, behar adinako tamaina duten eta bideragarriak eta jasangarriak diren familia-ustiategietan, batez ere baldin profesional horiek jardueraren ikuspegi kolektiboa ekartzen badute, elkarteak sortuz eta horietan parte hartuz, zeinek balioa erantsiko baitute, bai enpresa bera egonkortzeagatik, bai oinarri duten lurraldearekiko loturarengatik.

3. Ustiategiaren errendimendu orokorra eta Batasunaren lehentasunak lortzeko oinarri izateagatik, interes handieneko eragiketa-helburutzat hartzen dira, besteak beste, honako hauek (zerrenda ez da osoa):

a) Errendimendu ekonomikoa hobetzea.

b) Ustiategiaren errendimendu fisikoak eta bertako ekoizpenen kalitate maila hobetzea.

c) Ekoizpen kostuak murriztea.

d) Inputak erabiltzean efizientzia hobetzea, bereziki uraren eta energiaren erabileran.

e) Teknika berritzaileak hautatzea, bai enpresaren kudeaketan bai ekoizpen eredu eta/edo prozesuetan.

f) Nekazaritza sektorean enplegua mantentzea eta sortzea.

g) Lan eta osasun baldintzak hobetzea.

h) Nekazaritzako jardueren dibertsifikazioa bulkatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak pertsona fisiko edo juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak eta aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko hitza ematen dutenak.

2. Administrazio Publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, administrazio publikoen menpekoak edo haiei lotuta badaude.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea, salbu nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdian laguntza eskatu badu ekitaldi berean edo aurrekoan eta deialdi horretan onartua izateko ezarritako irizpideak betetzen baditu, edo haiek bakarrik osatutako sozietateak badira.

c) Nekazari aktibo gisa sailkaturik egotea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan biltzen den definizioarekin bat, kontuan harturik aurreko letran nekazari gazteentzako eta haien sozietateetarako jarritako salbuespena. Errege Dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5. Oinarria.–Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

Nekazaritzako ustiategien titularrei laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da, ustiategiek onartuak izateko irizpide hauek bete ditzatela, laguntza eskaera aurkezteko unean:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea, salbu nekazari gaztea bada, beren gain hasteko laguntzen deialdian laguntza eskatu badu ekitaldi berean edo aurrekoan eta deialdi horretan onartua izateko ezarritako irizpideak betetzen baditu, edo haiek bakarrik osatutako sozietateak badira.

b) Tamainaz izatea 10etik 950era bitarteko Europako dimentsio unitate, biak barne. Irizpide hau ez zaio eskatuko 4/2006 Foru Legearen 65.1.a) eta c) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek egindako inbertsioei, ezta nekazari gazteei eta haien sozietateei ere, aurreko letran jarritako salbuespenarekin bat.

c) Behar den azterlan tekniko-ekonomikoaren bidez bideragarritasun ekonomikoa frogatzea, aurkeztutako inbertsio plana aplikatuz gero.

6. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gain, inbertsio planak frogatu beharko du ustiategiaren errendimendu orokorra handituko dela, hots, aurrerapen bat izanen dela honako hauetan: hobekuntza ekonomikoarekin lotutako alderdiren bat, inputen eta energiaren erabileraren efizientzia, enpleguaren mantentzea edo handitzea, kalitate sistemetan sartzea, jarduerak dibertsifikatzea, ingurumenaren zainketa, laneko segurtasuna, etab., oinarri arautzaile hauen 2.3 oinarrian azaldutako ildotik.

3. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza azaltzea.

–Ustiategiari atxikitako eskulanaren zerrenda sailkatua eta kuantifikatua: soldatakoak, finkoak, aldi baterakoak.

–Azalera eta batez besteko errendimenduak ekoizpen jarduera bakoitzean.

–Abelburuak, espezieen arabera, eta, hala denean, batez besteko errendimenduak.

–Jarduera bakoitzaren ekoizpen gordina.

–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.

b) Ustiategiko bukaerako egoeraren azalpena, abiapuntuko parametroen aipamen konparatiboa barne, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu eta haren bideragarritasuna bermatzen dituena.

c) Egin asmo diren inbertsioen azterketa, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta, eta abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentziarena, egiteko beharra justifikatzeko.

Halaber, azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri bidezkoak, oinarri arautzaile hauetako 7. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin bat.

d) Kostuen apaltzea aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 14. oinarriko 1.b puntuaren araberako inbertsioetarako.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta fase bakoitza burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, hasteko aurreikusitako eguna barne.

f) Proiektatutako inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da ingurumenaren gainean aurreikusitako eraginaren ebaluazioa, honelako inbertsioetan aplikatzekoa den araudiarekin bat (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea).

4. Inbertsio plana prestatzeko, deialdi honen IV. eranskinean jasotzen den agiria erabiliko da, baita ezarrita dagoen eredua ere. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskura daiteke eredu hori, ‘izapideen katalogoa’ izeneko web-orrian.

5. Ustiategiaren titularrak ekitaldi berean “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntza eskatzen badu, inbertsio plan bakar bat eginen da, eta eskatutako inbertsio guztiak eta inbertsioen justifikazio teknikoak bilduko ditu.

7. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1. Nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute inbertsioek. Horretarako bideratuko da oinarri arautzaile hauetako 2.3 oinarrian zehaztutako helburu baten edo gehiagoren lorpena.

2. Inbertsioek kalterik ekar badezakete ingurumenean, beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.

3. Eskaeraren xede diren inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioek eta gastuek baizik ez dezakete laguntza eskuratu, oinarri honen 5.c) atalean aurreikusiak izan ezik. Frogabide gisa, inbertsioak justifikatzeko aurkeztutako fakturen, albaranen eta ordainketen datak hartuko dira kontuan, besteak beste, eta, inbertsioan kokapen geografikoa zehazten ahal bada, eskatuko da aldez aurretik egiaztatzeko inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko instalazioak eta ureztalurrak modernizatzea Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuan, baldintza hauek betetzen badira:

–1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotakoak:

i) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

ii) Aurretik baden ureztapen instalazio bat modernizatu behar bada, frogatu behar da hobekuntzak ura aurreztea ahalbidetzen duela, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %10, oraingo instalazioa kontuan hartuta.

iii) Azalera ureztatua modu garbian handitu nahi bada, frogatu beharko da betetzen direla 46. artikuluaren 5. puntuko errekerimenduak, ur masaren egoeraz eta inbertsioak ingurumenari dakarzkion ondorioez den bezainbatean.

–Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 54. eta 55. artikuluetan jasotakoak, finantzaketa bidez ekipatu beharreko gehieneko azalerari dagokionez.

Horri dagokionez, laguntzaren eskatzailea nekazaritzako elkarte entitatea bada, aipatu legearen 41., 44. eta 45. artikuluekin bat definiturik, bere inbertsio planean justifikatu beharko du artikulu horietan jasotako baldintzak betetzen direla.

Betiere, inbertsio horiei aplikatuko zaizkie 1/2002 Foru Legearen 51. eta 52. artikuluetan ureztatzeko oinarrizko azalera gainditzeaz eta kasuan kasuko ureztapen unitaterako diseinu orokorreko baldintza teknikoei lotzeaz ezartzen diren baldintzak.

b) Eskaeraren xede diren ureztapen instalazioak zer lurzatitan kokatuko diren, horietan bakarrik egindako jarduketak, finkak hobetzeko, II. eranskineko “Finkak hobetzea” izeneko atalean jasoak.

c) Aitzineko ataletan sarturiko gastuei loturiko kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotuak, bideragarritasun azterketak barne. Inbertsio plan bakar bat egiten denean, 6. oinarriaren 5. idatz-zatiarekin bat, plan horren kostua “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzaren kostuetan sartuko da. Nolanahi ere, atal honek ezin du gainditu laguntzen ahal den inbertsioaren %12.

6. Ez dira diruz laguntzen ahal eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) 15 urte baino gutxiagoko ekipamendua aldatzeko inbertsioak.

b) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

c) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, gauzatan nahiz zerbitzutan.

d) Onuradunaren inbertsio edo partaidetza finantzarioak, kide direneko Ureztatzaile Elkarteak sustatutako interes orokorreko obretan.

e) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, eskualdatzeko prozedura edo era edozein delarik ere, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek beren kideei luzatzen dizkieten fakturak.

f) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen gastu orokorretan jasotako etekin industriala.

Zortzigarren oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak kapitaleko zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Diru-laguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsio tamaina, onuraduneko eta ekitaldiko: 100.000 euro ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, 800.000 euroko muga gainditu gabe.

b) Diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 15.000 euro.

Kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren kalkulatuko dira zenbateko horiek, inbertsio plana oinarri hartuta.

c) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 300.000 euro.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza, 2014-2020 programazio aldian: 800.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

Aurreko a) eta c) ataletan ezarritako mugak (laguntzarako eta diru-laguntza jaso dezakeen inbertsiorako) gehieneko mugak dira onuradun batek, deialdiaren ekitaldian, eskatutako laguntzen batuketarako, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren M04.01 neurriarekin bat.

Orobat, aurreko d) atalean ezarritako muga (onuradunarentzat) gehieneko muga da onuradun batek eskatutako laguntzen batuketarako, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren M04.01 neurriarekin bat.

Aurreko a), c) eta d) letretan aipatutako mugetako bat gainditzen bada, neurri horrekin bat datozen beste deialdi batzuetan eskaerak aurkezteagatik, laguntzak murriztuko dira oinarri arautzaile hauei dagokien espedientean.

3. Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbateko osoaren gainean, portzentaje hauetako laguntza emanen da gehienez ere:

a) %30, orokorrean.

b) %40, nekazari gazteen kasuan.

c) Gazteak dituzten ustiategi elkartuetan, oro har ezarritako muga handitzen ahalko da 10 punturaino, 40 gehienez ere, nekazari gazteek kapital sozialean duten proportzioaren arabera.

4. Espediente bakoitzari dagokion laguntzaren portzentajeak, aurreko puntuan adierazitako mugekin, honako baremo honen arabera kalkulatuko dira:

a) Gutxieneko portzentaje orokorra: %15 Portzentaje hori handitu ahal izanen da, ondoko ataletako inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Nekazari gazteek egindako inbertsioa: %25.

Oinarri arautzaile hauei dagokienez, nekazari gazteak dira laguntza eskaera aurkezten duten egunean 41 urte baino gutxiago dituzten onuradunak, baldin eta:

–Beren gain hasteko laguntza ekitaldi berean lortu badute, edo

–Beren gain hasteko laguntza aurreko ekitaldi batean lortu eta laguntza horren azken ordainketa jaso ez badute, edo

–Jarri zirenetik 3 urteko epearen barnean badaude.

Hiru urteko epe hori kontatzeko, jarri dela ulertuko da baldin eta onuradunak:

–Beren gain hasteko laguntzen onuraduna izan bada; haien azken ordainketaren ebazpenaren datatik. Ondorio horietarako, egun horren ondoko ordainketen ebazpenak ez dira kontuan hartuko baldin eta errekurtsoen baiespenen ondoriozkoak edo laguntzak emateko ebazpenen aldaketen ondoriozkoak badira.

–Beren gain hasteko laguntzen onuraduna izan ez bada; Nekazaritzako Gizarte Segurantzako altaren datatik.

Onuraduna pertsona juridikoa bada, eta, deskribatutako baldintzen arabera, bazkide guztiak gazteak badira, aurreko portzentajea aplikatuko da.

Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, laguntza eskaera aurkeztean lehentasunezko ustiategi baten titularra, eta hartan aipatu baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute, arestiko portzentajea aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren heinean.

c) Lehentasunezko gisa sailkatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrek egindako inbertsioak, edo Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan agertzen diren nekazaritzako kooperatibak badira: %10.

d) Inbertsioak mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeetan dauden lehentasunezko nekazaritzako ustiategietan gauzatzen badira: %5.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera; gehienez ere, 200 puntu:

a) Nekazari gazteen parte-hartzea, 45 puntura arte, aurreko deialdietan emandako laguntzen inbertsioen gauzatze mailaren arabera, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna nekazari gaztea bada, edo soilik nekazari gazteak dituen elkarte bat, 8. oinarriaren 4.b puntuan jasotako errekerimenduekin bat: 45 puntu.

–Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, laguntza eskaera aurkeztean lehentasunezko ustiategi baten titularra, eta hartan 8. oinarriaren 4.b) puntuan aipatu baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute, nekazari gazteek kapital sozialean duten portzentajea 45i aplikatzetik aterako diren puntuak aplikatuko dira.

b) Onuraduna lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra bada, edo beren gain hasteko laguntza 2016an edo aurreko deialdian eskatu eta onartua izateko baldintzak betetzen dituen gazte bat (bere gain hasten ari dena), edo ogibide nagusia nekazaritza duen nekazari bat, edo nekazari profesional bat, edo 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) edo c) artikuluan agertzen den nekazaritzako kooperatiba bat, 30 puntura arte, aurreko deialdietan emandako laguntzen inbertsioen gauzatze mailaren arabera, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra bada, edo beren gain hasteko laguntza 2016an edo aurreko deialdian eskatu eta onartua izateko baldintzak betetzen dituen gazte bat (bere gain hasten ari dena), edo soilik nekazari gazteak dituen elkarte bat, aurreko errekerimenduekin bat, betiere ustiategia lehentasunezkoa izan gabe: 30 puntu.

–Onuraduna pertsona fisikoa bada eta ogibide nagusiz nekazaritzat kalifikatua bada, betiere ustiategia lehentasunezkoa izan gabe: 20 puntu.

–Onuraduna pertsona fisikoa bada eta nekazari profesionaltzat kalifikatua bada, edo Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) edo c) artikuluan agertzen den nekazaritzako kooperatiba bat, betiere aurreko baldintzak bete gabe: 10 puntu.

c) Inbertsioak mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeetan dauden ustiategietan gauzatzen badira: 20 puntu.

d) Inbertsioak gauzatzeko epeen arabera, eta efizientziaren hobekuntzaren arabera uraren kontsumoan, ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetan, 55 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuradunak konpromisoa hartzen badu lurrak ureztalur bihurtzeko edo ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetarako laguntzen xedeko azaleraren erdian, gutxienez, inbertsioak laguntza eman eta hurrengo 9 hilabeteetan bukatzeko: 55 puntu.

–Ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetan uraren %15eko aurrezpena (edo handiagoa) justifikatzen bada: 55 puntu.

e) Laguntza espedientearen onuradunak baldin badira emakumeak edo, pertsona juridikoak izanik, haien gobernu organoen %30 gutxienez emakumeen esku badaude: 10 puntu.

f) Eskatzaileak aurkeztutako inbertsio planean ustiategiko produktuak ustiategian bertan eraldatu eta merkaturatzeko inbertsio neurritzat hartzen ahal diren jarduketak badaude: 5 puntu.

g) Eskatzaileek inbertsio plan bat aurkeztu eta haren barnean jasotzen bada “inbertsio kolektibo” gisa katalogaturiko proiektua: 5 puntu.

h) Onuradunari laguntza eman badiote Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan ezarritako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1035/2016 Erregelamenduaren 28. artikuluarekin bat, edo ekoizpen ekologikoaren neurrian, 1035/2016 Erregelamenduaren 29. artikuluarekin bat, edo ekitaldi berean edo aurrekoan nekazari gazteak beren gain hasteko neurrian laguntza eskatu, onartua izateko baldintzak bete eta deialdian irizpide honengatik puntuak lortzen baditu: 10 puntu.

i) Onuradunak aholkularitza neurrian parte hartzen badu Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. eta 15. artikuluekin bat, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatzaileari Aholku Emateko Zerbitzuak ureztapeneko uraren erabilerari, efizientziari eta kontsumoari buruz ematen dituen ikastaroetara joan izana frogatzen badu, edo ekitaldi berean edo aurrekoan nekazari gazteak beren gain hasteko neurrian laguntza eskatu, onartua izateko baldintzak bete eta deialdian irizpide honengatik puntuak lortzen baditu: 5 puntu.

j) Onuradunak bere ustiategian Nafarroan ezarritako kalitate-araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen baditu, barne merkatuko informazio eta sustapen neurrietan jasoak, 1035/2016 Erregelamenduaren 16. artikuluarekin bat, edo ekitaldi berean edo aurrekoan nekazari gazteak beren gain hasteko neurrian laguntza eskatu, onartua izateko baldintzak bete eta deialdian irizpide honengatik puntuak lortzen baditu: 5 puntu.

k) Elkarteak, 10 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna lehentasunezko elkarte gisa sailkatutako nekazaritzako kooperatiba bat bada, 13/2013 Legearen arabera, edo lehentasunezko elkarte baten kide bat: 10 puntu.

–Onuraduna Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) eta c) artikuluan jasotzen diren nekazaritzako kooperatiba bat bada, eta aurreko atalean aurreikusitako baldintza betetzen ez badu: 10 puntu.

–Onuraduna pertsona fisiko edo juridikoa bada, kooperatiboa ez bestekoa, eta lehentasunezko elkarte bateko kidea edo lehentasunezko elkarte bateko kide den entitate batekoa: 5 puntu.

–Kooperatiba ez besteko pertsona fisiko edo juridikoen kasuan, aurreko marratxoan ezarritakoa betetzen ez badute baina lehenbiziko aldiz Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan agertzen den nekazaritzako kooperatiba batean sartu badira, kide gisa, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan: 5 puntu.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizuneko aitorpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsio planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdirako kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d), e), f) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Berdinketa mantentzen bada, eskatzaile gazteen eskaerek izanen dute lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 60 puntu lortzea balorazio irizpideetan.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntzak emateko, ezetsi eginen dira ekitaldi horretako aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) 2018ko urriaren 1a baino lehen gauzatzea inbertsio plana, galarazi gabe justifikatutako arrazoiengatik onar daitezkeen luzapenak. Luzapen horiek ezin iraun dute uneko aurrekontuaren ekitaldiak baino gehiago.

Betebehar horrek inbertsioen portzentajea ezarritako epean gauzatzea ekarriko du, 9. oinarriaren i) letrarekin bat, betiere baremoan horri esker puntuak lortu badira.

b) Azken ordainketaren ebazpena eman arte mantentzea baldintza hauek: nekazari aktiboarena, 4.1.c) oinarrian ezarria, eta ustiategiaren neurriarena, 5.b) oinarriarekin bat. Bere gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean eskatuko zaie konpromiso hauek betetzea.

c) Jarduketak egitea eta, hala bada, mantentzea, eta laguntzaren intentsitatea zehazteko (8. oinarriaren arabera) eta espedienteak lehenesteko (9. oinarriaren arabera) erabili diren kalifikazioak mantentzea azken ordainketaren ebazpena eman arte, kontuan harturik aurreko letran aurreikusitako salbuespena beren gain hasten ari diren nekazari gazteentzat.

Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, bete direla ulertuko da onuradunak frogatzen ahal baldin badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela, laguntzen deialdia ez egiteagatik edo deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik.

d) 12. oinarriaren arabera etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera, edo hiru urtez, baldin onuraduna enpresa txiki edo ertaina bada.

e) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

f) Laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

g) Ustiategiaren teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

i) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko helburuz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

j) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatzeko jarduketetan eskatzen ahal diren bitartean.

k) 50.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen plaka bat paratu beharko du.

Plaka horretan proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, honako orri honetan aurkeztutako arau grafikoekin bat: http://ec.europa.eu/dgs/communication/services/visual_identity/pdf/use-emblem_es.pdf. Harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

m) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan inskribatuko dira.

2. “Ureztapenetarako ekipamenduetako inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzen eskaera aurkezteak berarekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, enpresa txiki eta ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak izanen dira, oro har, era guztietako espediente eta onuradunentzat, inguruabar hauek:

–Ekoizte jarduera mantentzea, eta bere kokapenak programaren eremuan jarraitzea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetza mantentzea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Beren gain hasteko prozesuan ari diren gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean betebehar hauek betetzea, eta oinarri honen 1. idatz-zatian ezarritako epeetan mantentzea: nekazari aktiboarena, ustiategiaren neurriarena eta laguntzaren intentsitatea zehazteko eta espedienteak lehenesteko erabili diren kalifikazioena. 11.1.b) eta c) oinarrian ezartzen dira betebehar hauek.

Konpromiso horiek ez zaizkie aplikatuko finantza tresnek egin edo jasotako ekarpenei, ezta bestelako eragiketei ere ekoizpen jarduera bertan behera uzten delarik iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Ez zaie orobat aplikatuko inbertsiorako laguntzen onuradun diren pertsona fisikoei, baldin eta behin inbertsio eragiketa bukatu ondoan, laguntza bat hautatzen eta eskuratzen ahal badute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 Erregelamenduaren arabera, kasuan kasuko inbertsioa zuzenean loturik badago Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren laguntzaren bidez diruz laguntzen ahal den jarduera gisa identifikaturiko jarduera motari.

3. Hauek etorkizunean bete beharreko konpromisoak izanen dira, laguntzaren intentsitateari lotuak:

a) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren izaera edo, hala bada, nekazaritzako kooperatibarena mantentzea. Konpromiso hau betetzat emanen da lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren kalifikazioa nekazaritzako errentaren gutxieneko portzentajearen baldintza ez betetzeagatik ukatzen bada, erreferentziazko errentari dagokionez.

b) Ustiategiaren kokapena mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeetan mantentzea.

4. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak izanen dira honako hauek, 9. oinarriaren araberako balorazio irizpideei lotuak:

a) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren izaera, ogibidez nekazariarena, nekazari profesionalarena edo nekazaritzako kooperatibarena mantentzea, dagokionaren arabera. Konpromiso hau betetzat emanen da lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren kalifikazioa edo ogibidez nekazariarena nekazaritzako errentaren gutxieneko portzentajearen baldintza ez betetzeagatik ukatzen bada, erreferentziazko errentari dagokionez.

b) Ustiategiaren kokapena mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeetan mantentzea.

c) Gobernu organoetan kideen %30 emakumeak izaten jarraitzea.

d) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan inplementatutako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera.

e) Parte hartzen jarraitzea Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateek emandako aholkularitza neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera.

f) Inskribaturik egoten jarraitzea Nafarroan ezarritako kalitate-araubideetan, baldin eta horregatik baremoan puntuak lortu badituzte.

g) Ustiategiko produktuak eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak mantentzea, baldin eta horregatik baremoan puntuak lortu badituzte.

5. Ulertzen da pertsona onuradunak hartutako konpromisoa dela aurreko 2. puntuko konpromisoa. 3 eta 4. puntuetako konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehazki sartu badira, laguntzaren intentsitatea handitzeko edo eskaeren hurrenkerarako balorazio irizpideetan parte hartzeko.

13. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 56/2016 Ebazpenaren bidez, laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren, bai eta entitate horiek eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak horretarako sinatu beharreko lankidetzaren eredua ere.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

b) Inbertsio plana, 6. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria.–Kostuak apaltzea.

1. Batzordearen 2809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, inbertsio planean kostuak apaltzearen printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, instrukzio organoak ondoko sistema hauek erabiliko ditu:

a) II. eranskinean (“Inbertsio moduluak”) jasotako moduluen aplikazioa.

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskatzaileak aurkeztutako hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da. Halakoak aurkeztu behar dira baldin zenbateko hauek gainditzen badira:

30.000 euro, obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo

12.000 euro, ekipo ondasunez hornituz gero, edo

12.000 euro, aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean.

Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hau behar bezain justifikatua egonen da eskaerarekin batera eransten den inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, balorazio batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi pertsonak osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Orobat, batzorde horren erabakia justifikatua izanen da baldin eta ondasunen prezioak egiaztatzen badituzte, onuradunaren jarduketari dagokion merkatu logiko batean.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, esleitu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordainketa egin aurretik. Halaber, egiaztatzea eginen da baldin onuradunaren eskaeran aldaketak egiten badira.

4. Kostuen apaltzea zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak (proformako fakturak, aurrekontuak...) sartuko ditu inbertsio planean eta/edo egoki den ordainketa agirian, legez eska daitekeen informazio guztiarekin, agiria emateko betebeharra duenaren identifikazio-datuei buruzko informazio egiazkoa eta azalpen zehatz bat, adierazten dituena eman beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan gaitasuna, tamaina, etab.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak ez badira nahikotzat jotzen, behar adinako bermerik ez bada ondasun batzuetan kostuak apalduta aplikatzeko, ez dira kontuan hartuko diru-laguntzarako.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

16. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskabidea osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioen aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoa eta moduluak, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek diru-laguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du. Ahal bada, ekitaldi bakoitzean gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdia egin ondoren emanen da ebazpena, laguntzaren intentsitatea zehazteko eta eskaerak baloratzeko irizpideak (8. eta 9. oinarrietan ezarriak) behar bezala aplikatu ahal izateko.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak.

4. Deialdia ixten den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete beharreko baldintzak eta konpromisoak jasoko ditu.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan”, “Ustiategien bideragarritasuna hobetzeko” delako neurrian.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

18. oinarria.–Inbertsio proiektua aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako inbertsio planean aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hau, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baina hiru hilabete lehenago.

Aurrekoa galarazi gabe, aldaketaren ondorioz diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioa onartutako inbertsioaren %30 baino gehiago murrizten bada, edo 50.000 euro baino gehiago, onuradunak inbertsioak egiteko ezarritako azken eguna baino 12 hilabete lehenago aurkeztu beharko du aldaketa.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmen gisa sailkatuko dira honako kasu hauetan:

a) Ustiategiko ekoizpenaren ildoa aldatzen bada, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

b) Ustiategiko ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, aurreikusitakoekin alderatuta, inbertsio plana aplikatu ondoren.

c) Onetsitako inbertsio planaren barneko elementuak handitzen, gutxitzen edo kentzen badituzte, diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbateko osoaren %30 baino gehiago aldatuz, eta aldaketa horrek 15.000 euro gainditzen baditu.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onetsita ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

–Aldaketa nabarmenak izanez gero, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz, baita kostuak apaltzeko irizpide berei ere. Behar izanez gero, laguntza doitu beharko da.

–Aldaketak nabarmenak ez badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

6. Kudeaketa organoak lagungarritzat jo ditzake epean jakinarazten ez diren aldaketak, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritakoa eta 14. oinarriaren araberako kostuen apaltzea betetzen badituzte. Bidezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari, 21. oinarrian ezarritako murrizketak galarazi gabe.

Ondorio horietarako, aurreikusitako inbertsioak egiten ez badira, osorik edo hein batean, ez jakinarazitako aldaketatzat hartuko da.

19. oinarria.–Ordaintzeko eskaera.

1. Laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa eskaera zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako formularioaren bidez; hura Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan dago eskura. Hala ez aurkezteak laguntzak galtzea ekarriko du.

2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako behar diren fakturak eta/edo frogagiri baliokideak aurkeztuko dira, baita diruz laguntzen ahal ziren gastu eta inbertsio guztien ordainagiriak ere.

20. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2018ko irailaren 15ean bukatuko da.

2018ko urriaren 1ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berarekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko.

Epe horiek ulertzen dira eskatzen eta, arrazoi bidezkoak badira, onartzen ahal diren luzapenez aparte, betiere 2018ko azaroaren 1a arte baino gehiago irauten ez badute.

Oro har, diru-laguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira diru-laguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko entitate onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzaren ordainketa eskatzeko unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal dira ustiategietan, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzkako desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaeraren aldean, hurrengo oinarrian aurreikusitako murrizketa eta bazterketa irizpideak aplikatuko dira.

21. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak baremazio irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 11.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 11.1.b) oinarrian jasotako konpromisoa (nekazari aktiboarena eta ustiategiaren neurriarena) ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, laguntzak galdu eginen dira, salbu ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada; hala izanez gero, laguntza ez da ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

3. 11.1.e) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.f) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

11.1.g) oinarrian jasotako konpromisoa (informazioa ematearena), 11.1.h) oinarrikoa (beste laguntza batzuen jakinarazpenarena), 11.1.i) oinarrikoa (kontabilitatearena) edo 11.1.m) oinarrikoa (erregistroetako inskripzioarena) betetzen ez bada, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da. 11.1.j) oinarrian jasotako konpromisoa (agiriak gordetzearena) edo 11.1.k) oinarrikoa (azalpen plakak jartzearena) betetzen ez bada, laguntzaren %50 galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak bete ez direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, bete direla ulertuko da onuradunak frogatzen ahal baldin badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik.

5. Behin inbertsioak gauzaturik, diru-laguntza jaso dezakeen inbertsio gauzatua onetsitakoaren %70 baino txikiagoa baldin bada, egiaz gauzatutako inbertsioari egokituko zaio ordaintzen den zenbatekoa, eta %10eko penalizazioa izanen du, doikuntza egin ondoren kalkulatuta, betiere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste badu oraindik ere baliozkoak direla gauzatutako planak, bai teknikoki bai ekonomikoki.

6. Eskaeretako aldaketak jakinarazteko betebeharra betetzen ez bada (18.1 oinarrian ezarria), oinarri horren 6. puntua aplikatu behar bada ere, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean.

7. Ordainketa eskaerari loturik, murrizketa hau eginen da:

a) Ordainketa eskabidearen zenbatekoa onargarritasun azterlana egin ondoren ateratzen den zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste murriztuko da.

Hala ere, ez da batere gutxituko entitate onuradunak frogatzen badu ez dela diru-laguntzaren xede izaterik ez duen zenbatekoa sartzearen erantzulea.

b) Esleipen eskaeran aipatutako elementu bakoitzak jaso beharreko laguntzaren oinarrizko kalkulua egiteko agiriak emateko, horretarako ezarritako formularioa aurkeztu beharko da ordainketa eskaerarekin batera. Web orrian dago eskura, tramiteen katalogoan.

8. Onuradunak laguntza eskuratzen badu deialdian baina gero, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta 30 egun baino gehiago igarota, uko egiten badio, edo inbertsio plana aldatzen badu plana gauzatzeko epearen azken urtean, eta aldaketaren ondorioz diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioa onartutako inbertsioaren %30 baino gehiago murrizten bada, edo 50.000 euro baino gehiago, nekazari gazteen parte-hartzeari eta lehentasunezko ustiategi, ogibidez nekazari edo nekazari profesionalaren izaerari lotutako balorazio irizpideengatik ematen diren puntuak erdira murrizten ahalko dira hurrengo bi deialdietan. Murrizketa ez da aplikatuko frogatzen bada inbertsioak onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ez direla gauzatu.

9. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen baldin entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiak gertatu direla, hurrengo oinarriaren 3. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

10. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, entitate onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutza interesak ere.

a) 12.2 oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, ezarritako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

i) Ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada, edo programatik kanpoko beste toki batera eramaten: jasotako laguntzaren %100 itzultzea.

Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetzaren arabera, lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa bada. Betiere, entitate hartzaileak sailkaturik egon behar du lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa, eta subrogatu etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, betiere ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura lehentasuneko gisa sailkaturik badago eskualdaketa baino lehenago, edo bere gain hasten ari den gazte bati, eta hark gazteak beren gain hasteko laguntzetan ezarritako konpromisoak bere gain hartzen baditu, betiere titular berria subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

ii) Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

iii) Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egin: jasotako laguntzaren %100 itzultzea. Funtsezko aldaketatzat hartuko da baldin azkeneko ordainketaren unean zeuden Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

iv) Beren gain hasten ari diren gazteen kasuan, nekazari aktiboaren izaeraren betebeharra edo ustiategiaren gutxieneko neurriarena betetzen ez bada, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

b) Lehentasunezko sailkapenari eustea:

i) Egiaztatzen bada lehentasunezko ustiategi izaera konpromisoko lehenbiziko urtean galdu dela, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15.

ii) Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak ez badu bere dimentsioa murrizten Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago.

c) Ustiategien kokapena mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualdeetan mantentzea: Mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualde baten dagoen ustiategiaren izaera konpromisoaren lehenbiziko urtean galtzen bada, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15. Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak bere azalera osoa murrizten ez badu mendialdean edo, goiko mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, naturaz bereziki mugaturiko eskualde batean.

d) Egiaztatzen bada ez dela bete, pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakume izaten jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %20 galduko da, salbu konpromisoa betetzea, materialki, ezinezkoa izan bada.

e) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren esparruan abiarazitako nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera, edo nekazaritza ekologikoari buruzko neurrian, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluaren arabera, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

f) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateek emandako aholkularitza neurrietan, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

g) Ez bada betetzen parte hartzen jarraitzeko konpromisoa Nafarroan kalitate araubideei buruz 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluaren arabera ezarritako neurrian, orduan jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

24. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

KONTZEPTUA

EUROAK/UNITATEA

Finkak hobetzea

1.–Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–Euro/m³

1,5

–Euro/metro lineala

3

2.–Ubideak garbitzea/m³ (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–Euro/m³

1,25

–Euro/metro lineala

2,5

3.–Lur erauzketa eta buldozer bidezko garraioa, tarte aldakorretara/m³

0,68

4.–Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean/m³

1,70

5.–Lur-erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean/m³ lur

1,25

6.–Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean/m³ lur

0,85

7.–Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere/m³

22

8.–Zangak, putzuak etab. hustea/m³

13

9.–Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea/m³

2

10.–Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako, euro/m.l.

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea, euro/m.l.

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea, euro/m.l.

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

11.–PVCko lurpeko hodia, finkan noizean behin sartutako ura ateratzeko, euro/m.l.

16

12.–Luberritzeak eta sasi garbiketak

12.1. Lur ez sasitsua/ha

500

12.2. Lur sasitsua/ha

1.070

12.3. Sasi-garbitzea, %50etik beherako sastraka dagoela (hektareako)

230

12.4. Sasi-garbitzea, %50etik gorako sastraka dagoela (hektareako)

440

Ureztapenak oro har

1.–Irazgaizte naturaleko ureztatzeko putzuak, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondak egitea, inguruko hesitura, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

11

2.–Irazgaizteko xafla elastikoko ureztatzeko putzuak, xafla geotestila, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondatzea, inguruko hesitura, hainbat hormigoiztatze, hondoko hargunea, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³)

16

3.–Ura hartzeko azaleko putzua, honako hauek barne: hartxintxarra, hormigoizko eraztunak (gehienez 2 metroko diametrokoak) eta estalkia/metroa (sakon)

255

4.–Ureztapeneko etxola, zolata barne/m²

600

Lurzatiko ekipamendua nekazaritzako interes pribatuko ureztapen instalazioetarako

1.1. Aspertsiozko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euro/ha)

–Azaleko instalazioak < 2 hektarea

4.200

–Azaleko instalazioak >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea

3.700

–Azaleko instalazioak >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea

3.300

–Azaleko instalazioak >= 10 hektarea

3.000

1.2. Aspertsiozko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha

2.600

2.–Tantakako ureztapena (euro/ha)

2.400

3.–150 metro baino gutxiagoko erradioa duen edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duen pibotaren bidezko ureztaketa (hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

4.–Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metroko erradioa edo handiagoa duenean eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duenean (pibotaren metro linealeko)

200

5.–Ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena

5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona

5.2. Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (a+b)

a) Pibotak ureztatutako azalerarako (pibotaren metro linealeko)

200

b) Izkinetako estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda (hektareako)

4.700

5.3. Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, diruz laguntzen ahal den aurrekontua kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal baino erradio handiagoa duten piboten erradioen batuketa, betiere horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, haien azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 5.2.b ataleko kopurua aplikatuko zaio

Aurrekoen konbinazioak

6.–Ureztapena alboko aitzinamenduaren bidez

6.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

6.2. 6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzagatik)

5.800

7.–Hipodromo bidezko ureztapena

7.1. 3., 4. edo 5. ataletako moduluak aplikatuko dira

7.2. 7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzagatik)

10.300

F1609691

Iragarkiaren kodea: F1609691