161. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

930/2016 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Batxilergoko IV. Eztabaida Lehiaketa” egiteko deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak kultura sustatzeko eta bultzatzeko garatzen duen politikaren barnean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren emaitza gisa, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa” egiteko deialdia proposatu du. Lehiaketan Nafarroako Foru Erkidegoan batxilergo ikasketak ematen dituzten ikastetxeek hartuko dute parte.

Unibertsitatearen Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena ikusirik.

Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena ikusirik.

Kontu-hartzailetzak aldeko fiskalizazioa egin ondoren.

Unibertsitate Proiekziorako eta eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak proposaturik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluaren babesean eman zaizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Ebazpen honek sortzen duen gastua baimentzea. Gastua, gehienez ere, 12.877,07 eurokoa izanen da, eta horietatik 1.177,07 euro 2016ko gastu aurrekontuaren 30.5200.3065/0610/480.08 kontu-sailetik hartuko dira, sarietarako, eta 11.700 euro 2016ko gastu aurrekontuaren 30.52.00.3065.0610.228.10 kontu-sailetik, gastu orokorretarako eta epaimahaikideei ordaintzeko.

Bigarrena.–”Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa” egiteko deialdia, I. Eranskinean biltzen diren oinarriak eta II. Eranskinean biltzen den lehiaketa arautegia onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeari, kontu-hartzaileari eta Kontabilitate Atalera bidaltzea.

Laugarrena.–Deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren baliabide elektronikoetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau argitaratu, eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Iruñean, 2016ko ekainaren 27an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

I. ERANSKINA

Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketarako Deialdiaren Oinarriak (2016/17 ikasturtea)

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da Batxilergoko Eztabaida Lehiaketaren VII. Edizioko sariak emateko prozedura arautzea, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera, eta, halaber, Lehiaketaren Arautegia finkatzea. (II. Eranskina)

Bigarrena.–Noiz eginen den eta sariak

Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen da, 2016ko urriaren 14 eta 15ean. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordearen esku dago eztabaidetarako beste toki batzuk izendatzea.

Sariak:

Lehenengo saria: Liburu elektronikoen irakurgailu bat taldeko kide bakoitzarentzat.

Bigarren saria: Tableta elektroniko bat taldeko kide bakoitzarentzat.

Deialdi honetako sariak jarduera profesionalaren errendimendutzat hartzen dira; beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Arautegiaren 87. artikuluak ezartzen duenaren arabera, merkatuko balioaren % 15eko sarrera egin behar da kontura.

Aktan jasoko den epaimahaiaren balioespenarekin bat etorriz, Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak sariak emateari buruzko behin betiko ebazpena onetsi eta eman eginen ditu, 2016ko urriaren 15ean, eztabaida guztiak bukatu eta gero.

Hirugarrena.–Izen-ematea

1. Parte hartu nahi duten ikastetxeek izena emateko orria bete eta aurkeztu behar dute (III. Eranskina) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Jardueren Bulegoan, jendearentzako orduetan, astelehenetik ostiralera, 2016ko irailaren 28ko 14:30ak baino lehenago. Bestela, posta elektronikoaren bidez bidaliko dute, helbide honetara: actividades.culturales@unavarra.es.

2. NUPek 16 ikastetxe onartuko ditu, gehienez ere. Ikastetxeak izen-ematearen ordenaren arabera aukeratuko dira.

3. Izen-ematearen bidez, parte-hartzaileek berariaz onartzen dute VII. BEL egin bitartean antolatzaileek eginen dituzten bideo eta argazkien irudi-eskubideak NUPi uzten dizkiotela.

Urriaren 7 eta 8an aldez aurretiko prestakuntza-saio bat edo batzuk eginen dira, parte hartuko duten taldeei lehiaketari buruz dauzkaten zalantza guztiak argitzeko.

Laugarrena.–Antolamendua.

Lehiaketarako batzordea.

Pertsona hauek osatuko dute, edo haien ordezkaritza dutenek:

–Miren Sarasibar Iriarte andrea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Saileko irakaslea.

–Iñigo Virto Quecedo jauna. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea.

–Iranzu García Iriarte andrea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate Hedapeneko Ataleko burua.

Lehiaketarako Zuzendaritza

–Miren Sarasibar Iriarte andrea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Saileko irakaslea.

Epaimahaiko kideak

Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreorde andreak izendatuko ditu eztabaidak balioetsiko dituzten epaimahaiak. Errektoreorde andreak izendatuko ditu epaimahai bakoitzeko kideak.

Bosgarrena.–Konfidentzialtasuna.

Parte-hartzaileen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Deialdia kudeatzea da fitxategi horren helburu bakarra.

Seigarrena.–Oinarriak onartzea.

“Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa” izenekoan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak ezagutu eta onartzea.

Zazpigarrena.–Argitalpena.

Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bitarteko elektronikoetan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdi honetako oinarrien aurka, eta deialdi honen ondorioz sariak behin betikoz emateari buruzko ebazpenaren aurka zilegi da aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean. Epeok dagokion argitalpena egin, eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

II. ERANSKINA

Lehiaketaren Arautegia

I. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketan aplikatuko da arautegi hau.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketan parte-hartzeak berekin dakar arautegi hau ontzat ematea eta bere arauei men egitea.

II. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

“Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa” egiteko deialdian (2016/17 ikasturtekoan) parte hartzeko aukera edukiko dute batxilergoko ikasketak ematen dituzten eta Nafarroan dauden ikastetxeek. Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du. Ikastetxean 2016-2017 ikasturtean batxilergoko 2. ikasmaila egiten ari diren ikasleek osatuko dituzte taldeak.

III. artikulua. Gaia eta data.

Antolatzaileek 2016ko irailaren 30ean jakinaraziko dute zein izanen den lehiaketako eztabaidarako gaia web-orrialde honetan: http://www.unavarra.es/cultura/unibertsitateko-eztabaida/batxilergoko-lehiaketa?languageId=100001

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketa egiteko egunak: 2016ko urriaren 14 eta 15ean.

IV. artikulua. Antolaketa.

1. Lehiaketaren Zuzendaritza: Eztabaidaren antolaketa orokorra dagokio zuzendaritzari, arauak bete daitezen zaintzea, talde parte-hartzaileekin harremanak izatea, eta, oro har, lehiaketan gertatzen diren gertakari guztiak kudeatzea.

1.1. Eginkizunak: arau hau behar bezala bete dadin zaintzea, araua ez betetzeagatik edo jokabide desegoki batengatik izan daitezkeen zehapenak jakinaraztea parte-hartzaileei eta arautegi honetan jasotzen diren zehapenak aplikatzea.

1.2. Funtzionamendu-araubidea: Lehiaketaren Zuzendaritzak bere eskumenekoak diren erabakiak hartuko ditu Lehiaketa Batzordeari txostenak eskatu beharrik gabe, eta erabakien aurka aurkezten zaizkion erreklamazioak ebatziko ditu Batzordeak.

2. Lehiaketa Batzordea:

2.1. Osaera: Lehiaketaren Zuzendaritza da Batzordearen burua, eta kalitate botoa edukiko du berdinketa izanez gero.

2.2. Eginkizunak: arau hau behar bezala bete dadin zaintzea, aurkezten zaizkion lehiaketari buruzko erreklamazioak ebaztea, aretoko arbitroak ezartzen dituen zehapenen aplikazioari buruzko auziak eta lehiaketako gorabeherei buruzko erreklamazioak ebaztea, arautegi hau interpretatzea eta arau honetan arautu gabeko edozein auzi konpontzea.

2.3. Funtzionamendu-araubidea: erabakiak gehiengoz hartuko dira, bozketak argitaratu gabe, eta kide guztiek izenpetuko duten akta batean bilduko dira. Erabakien aurka ez da zilegi apelazioa.

3. Epaimahaia:

3.1. Osaera: gutxienez ere 2 epailek eta epaile nagusi batek osatuko dute. NUPek gonbidatuak eta unibertsitate komunitateko kideak izan daitezke. Eztabaida Ligaren Oinarrietan zehaztuko da nor izanen diren eta zein areto esleituko zaien. Areto bakoitzean epaimahai bat egonen da. Epaimahaiak elkarren artean independenteak izango dira. Epaimahaikideek ez dute loturarik eduki behar balioesten dituzten taldeekin. Liga honetan eta aurrekoan prestatzaile lanetan aritu dena ezin da aritu prestatu dituen taldeen epaile-lanetan.

3.2. Eginkizunak: bere eginkizun nagusia da eztabaidak balioestea, orokorrean, eta parte-hartzeak eta interpelazioak, bereziki, baita puntualtasuna, janzkera eta arautegi honetan jasotzen diren gainerakoak ere. Epaile nagusiak, gainera, aretoko arbitroari jakinaraziko dio talderen batek edo talderen bateko kideak ez baditu eztabaida gauzatzeko arauak betetzen, baita aretoan gertatu den eta arbitroak ezagutu ez duen edozein oker ere.

3.3. Funtzionamendu-araubidea: epaimahaiaren erabakiak, zeinaren kide kopurua -bi epaile eta epaile nagusi bat- bakoitia izango baita beti, gehiengoz hartuko dira. Epaile bakoitzak bere erabakiaren berri emanen du Epailearen Aktan, eta organoaren erabakia Eztabaidaren Aktan jasoko da. Erreklamazioren bat aurkezten bada, epaile bakoitzaren aktan argitaratuko da bere izena jarri gabe.

4. Aretoko arbitrajea:

4.1. Osaera: eztabaidak egiteko aretoetan arbitro lanetan aritzen direnek osatuko dute. Lehiaketaren zuzendariak erabakiko du nork eginen duen arbitro lana.

4.2. Eginkizunak: taldeen asistentzia eta puntualtasuna kontrolatzea, aretoaren funtzionamendu egokia egiaztatzea, eztabaida aurkeztea eta ixtea, kronometroa erabiltzea mintzaldietan, epaimahaiari zehapenak proposatzea eztabaidan gertatzen diren arau-hausteengatik eta zehapenak jakinaraztea.

4.3. Funtzionamendu-araubidea: arbitroak erabakiak bere alde bakarretik hartuko ditu, eta mintzaldi batean zehapena izateko modukotzat hartzen duen egintza bat gertatzen bada, mintzaldia bukatu eta berehala jakinaraziko du, ozenki, behar den publizitatea emateko. Berehala ezin bada jakinarazi, eztabaida bukatu eta ondorengo 10 minutuetan jakinaraziko du. Bere erabakien aurka zilegi dira errekurtsoak, Lehiaketa Batzordearen aurrean.

V. artikulua. Dokumentazio ofiziala:

Epailearen akta: epaile bakoitzak elkarren aurka ari diren taldeei ematen dizkien kalifikazioak bilduko ditu dokumentu honek. Bere egileak sinatu behar du.

Eztabaidaren akta: epaimahaiaren azken erabakia biltzen duen dokumentua da, eta halaber talde bakoitzari, norgehiagoka aritu denean, aplikatu zaizkion zehapenak eta gehitu behar diren oharrak. Aretoko arbitroak egin behar du. Epaile nagusiak sinatu behar ditu.

Lehiaketaren akta: Dokumentu honetan sailkapena jasotzen da: Lehiaketa Zuzendaritzak egin behar du, eta organo horren izenpea edukiko du.

Lehiaketa Batzordearen akta: Lehiaketa Batzordeari aurkeztu zaizkion erreklamazioei buruz hartu duen erabakia jasoko du dokumentu honek. Batzordekideek egin eta sinatuko dute, eta erreklamazioa daukan orria erantsiko zaio.

Lehiaketa koadroa: lehiaketa dela-eta izanen den zozketaren eguna, ordua, tokia, eta zein talde lehiatuko diren elkarrekin bilduko ditu dokumentu honek, bai eta sailkapen-aldiei eta finalei dagozkien datu horiek ere. Argitaratu eginen da, eta, behar izanez gero, berariaz jakinaraziko da.

VI. artikulua. Taldeak:

6.1. Osaera: gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko ditu talde bakoitzak. Kideetako bat kapitaina izanen da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta hitz txandetan mintzatzeko eta epaimahaiari kexak aurkezteko modua izanen du. Ezein parte hartzailek ezin du egon talde batean baino gehiagotan lehiaketan zehar.

6.2. Mintzaldiak: talde bakoitzak 2 hizlari izendatuko ditu gutxienez ere, eta zozketan suertatu zaien jarreraren alde mintzatuko dira, txanda eskemaren arabera. Eztabaidak irauten duen bitartean, taldeko kideek ezin izanen dute beren artean hitz egin; oharren bidez hitz eginen dute, ez bestela.

VII. artikulua. Parte hartzeko prozedura:

Norgehiagoka bakoitzera aurkezteko, bakoitzak jarraitu behar duen prozeduraren aldiak hauek dira, hurrenkera honetan:

a) Taldeak aretora azalduko dira: eztabaidatu behar duten taldeak erabaki diren orduetan azaldu beharko dira eztabaida egiteko aretoan, eta bertaratu direla jakinaraziko diote aretoko arbitroari. Norgehiagoka bakoitza hasteko orduak lehiaketa-koadroan argitaratzen direnak izanen dira. Eztabaida hasteko orduan, bi taldeak aurkeztu direla eta puntual iritsi direla baieztatuko da.

b) Eztabaidaren aurkezpena eginen da: epaile nagusiak aurkezpen labur bat eginen du gaiari buruz, epaimahaikideei, taldeei eta taldekideei buruz, eta antolatzaileek adierazi nahi dituzten gaiei buruz, eta talde bakoitzeko eledunari deituko dio taldeen jarrerak zozketatzeko.

c) Jarrerak zozketatuko dira: taldeen eledunek bakoitzaren jarrera aukeratuko dute, jarrera ausaz esleituko dela bermatuko duen modu baten bidez. Talde bakoitzak aretoan edukiko duen tokia zozketan ateratzen denaren arabera erabaki daiteke.

d) Eztabaida prestatuko da: zozketa egin eta gero, taldeek 4 minutu edukiko dituzte, nahitaez, eztabaida prestatzeko.

e) Nor mintzatuko den jakinaraziko da: talde bakoitzak idatziz jakinaraziko dio aretoko arbitroari, horretarako ematen den euskarrian, taldeko zein kidek parte hartuko duten eztabaidan, parte hartzeko txandetan. Zein taldekideri esleitu zaion esku hartzea jakinarazteko, profil hauek zehaztu behar dira: kapitaina, hizlariak eta ikertzaileak. Eztabaida bakoitzean rol guztiak aldatzeko aukera izanen da.

f) Kronometrajea eztabaidan: aurretik ezarriko da txanda bakoitzak etenik gabe eduki behar duen iraupena:

Sarrera: 4 minutu

1. gezurtatzea: 5 minutu

2. gezurtatzea: 5 minutu

Ondorioa: 3 minutu

Aretoko arbitroa kronometratzen hasiko da hizlaria mintzatzen hasten den unean, eta ez du kronometroa geldituko hark bere hitzaldia bukatu arte.

g) Materialak eta zerbitzuak: erabat debekatua dago komunikazio-sistema elektroniko edo telematikoak erabiltzea eztabaidan. Nolanahi ere, taldeek beharrezkoa jotzen duten materiala erabili ahal izanen dute beren jarrera defendatzeko, betiere, baldin eta lehiaketaren funtzionamendu egokiari traba egiten ez badio, eta dauden instalazioekin bateragarria bada.

h) Mintzaldiak: talde bakoitzeko hizlariak txanda-koadro honen arabera mintzatuko dira:

Aldeko taldearen sarrera

Aurkako taldearen sarrera

Aldeko taldearen 1. gezurtatzea

Aurkako taldearen 1. gezurtatzea

Aldeko taldearen 2. gezurtatzea

Aurkako taldearen 2. gezurtatzea

Aurkako taldearen ondorioa

Aldeko taldearen ondorioa

Txanda bakoitzean hizlari bat bakarrik arituko da.

i) Interpelazioak: gezurtatze txandetan soilik egonen da aukera interpelatzeko. Mintzatzen ari ez diren taldeko kideek, kapitaina izan ezik, eskua altxatzeko aukera izanen dute aurkako taldearen hizlariari hitza eskatzeko, eta galdera edo interpelazio bat egiteko. Gehienez ere 15 segundo edukiko dituzte interpelazio bakoitzeko.

j) Erreklamazioak: Epaimahaiak, interpelazio zuzenean, edo taldeko kapitainak, eskua altxatuz aretoko arbitroari hitza eskatzeko, aukera izanen dute parte-hartzaileei eskatzeko egiazta ditzaten beren hitz-txandetan eta interpelazioetan eman dituzten datuak. Erreklamazio hori aurkeztuko da dagokion datua aipatu den txanda amaitu eta gero, edo, bestela, eztabaida bukatu eta ondorengo 10 minutuetan. Erreklamazioa egin eta gero, erantzun behar duen taldeak 10 minutu edukiko ditu datua egiazkoa dela frogatzeko epaimahaiaren aurrean.

k) Epaimahaia itxian sartzea deliberatzeko: epaimahaiak ate itxian deliberatuko du, eztabaida bukatu eta gero, horretarako ezarria den denboran.

l) Emaitzak jakinaraztea: epaimahaiaren deliberazioa eta gero, epaimahaiaren emaitza orokorra argitaratuko da eztabaida aktan.

VIII. artikulua. Zehapen araubidea:

a) Oharrak:

Eztabaida batean ohar bat egiten bazaio taldeari, horrek 3 puntu kenduko dizkio eztabaida hartan izan duen azken kalifikaziotik. Honako ekintza hauengatik eginen zaio ohar bat:

–Mintzatzeko denbora 5 segundo gehiago luzatzea ezarri dena baino.

–Mintzatzeko ezarri den denbora baino lehenago bukatzea: 15 segundo eta 30 segundo bitarte lehenago.

–Interpelazioa luzeagoa izatea: 15 segundotik gorakoa, eta gehienez 25 segundokoa.

–Taldeko kideek beren artean hitz egitea.

Eskumena: aretoko arbitroari dagokio zehapenaren aplikazioa zehaztea eta Eztabaidaren aktan jasotzea zein izan den gertakaria eta zergatik gertatu den.

b) Hutsegite arinak:

Ondorioak: hutsegite arin bat jartzen bazaio eztabaida batean taldeari, horrek 6 puntu kenduko dizkio eztabaida hartan izan duen azken kalifikaziotik.

Honako ekintza hauengatik ezarriko zaio hutsegite arin bat:

–Puntualtasun falta: talde osoa edota ezartzen den kideen gutxieneko kopuru bat gehienez ere 5 minutu beranduago azaltzen bada.

–Hizlariaren solasa trenkatzea. Interpelazioa, hitz egiteko txanda eduki gabe.

–Interpelazioa 25 segundotik gora luzatzea, gehienez 45 segundo.

–Mintzatzeko ezarri den denbora baino lehenago bukatzea: 31 segundo eta minutu bat bitarte lehenago.

Eskumena: Aretoko arbitroak aurreko atalean azaldu diren eskumen berak edukiko ditu.

c) Hutsegite larriak:

Ondorioak: hutsegite arin bat jartzen bazaio eztabaida batean taldeari, horrek 12 puntu kenduko dizkio eztabaida hartan izan duen azken kalifikaziotik.

Honako ekintza hauengatik ezarriko zaio hutsegite larri bat:

–Puntualtasun falta: talde osoa edota ezartzen den kideen gutxieneko kopuru bat 5 minututik 15 minutura bitartean beranduago azaltzen bada.

–Talde batean hizlari bakar bat mintzatzea.

–Mintzatzeko ezarri den denbora baino minutu bat lehenago bukatzea.

–Interpelazioa 45 segundotik gora luzatzea.

–Eztabaida garaian jarrera desegokia izatea aurkako taldearekin, epaimahaiarekin, ikus-entzuleekin edo antolakuntzako kideekin.

–Hitz iraingarriak mintzaldian edo interpelazioan, kontuan hartu gabe nori zuzentzen zaizkion.

Eskumena: Aretoko arbitroak aurreko atalean azaldu diren eskumen berak edukiko ditu, eta Lehiaketaren Zuzendaritzak ere edukiko ditu. Bi kasuetan eztabaida aktan agerraraziko dira bai gertaera, bai aplikatzeko zehapena.

d) Kanporatzeak:

Ondorioak: parte hartzen ari den talde bat kanporatzen bada, taldea eztabaidatik behin betiko kanporatua geratuko da. Entzule bat kanporatzen bada, ez da azalduko eztabaida aretoetara kanporaketa gertatu den egun osoan.

Ekintza hauengatik izanen dira kanporatzeak:

–Puntualtasun falta: talde osoa edota ezartzen den kideen gutxieneko kopuru bat 15 minutu beranduago azaltzen bada. Eztabaidatik kanporatuko dute 15 minutu baino gehiago berandutu den taldea, justifikatzen badu ere. Ezein justifikazio aurkezten ez duenean ere bidezkoa da kanporatzea lehiaketatik.

–Parte-hartzaileek jokabide desegokia izatea behin eta berriz lehiaketa egiten denean.

Eskumena: Aretoko arbitroari dagokio zehapena ezartzea kautelazko neurri gisa. Lehiaketaren Zuzendaritzari jakinarazi behar dio, berrets edo ezets dezan, kanporatzeko ahalmena baitauka Zuzendaritzak.

NUPek kaltetuei jakinaraziko dizkie zehapenei buruzko erabakiak, bai eta ordezkatzen duten taldeari ere, beren arduradunen edo ordezkarien bidez, nahiz idatziz, nahiz ahoz, egokiena den moduan.

Taldeei ezartzen zaizkien zehapenak dagokion eztabaida aktan jasoko dira.

IX. artikulua. Erreklamazioak:

Erreklamazioak idatziz edo ahoz, eta idatzizko berrespenarekin beharrezkoa bada, bidaliko zaizkio erabakia hartu duen organoaren nagusi hierarkikoari. Erreklamazioaren edukia lehiaketako alderdi orokorren bat denean, Lehiaketa Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, eta hark Lehiaketa Batzordeko bilerarako deialdia eginen du, beharrezkoa bada. Lehiaketa Batzordeari erreklamazioak idatziz bidali behar zaizkio.

Hau da organoen ordena hierarkikoa:

Lehiaketarako Batzordea.

Lehiaketarako Zuzendaritza.

Aretoko arbitroa.

X. artikulua. Puntuazio sistema eta berdinketa hausteko sistema:

a) Honako “Itemen zerrenda” honetan dauden itemak jasoko ditu puntuazio sistemak. Item bakoitzak bere haztapena edukiko du, eztabaidan balioesten duenaren garrantziaren arabera.

1.–Zure ustez nor den eztabaidaren irabazlea: 8 puntu.

2.–Sarrera onena: 3 puntu.

3.–Lehen gezurtatze onena: 3 puntu.

4.–Bigarren gezurtatze onena: 3 puntu.

5.–Ondorio onena: 3 puntu.

6.–Taldearen jarrera: 3 puntu.

7.–Adieraziaren ordena, argitasuna eta erraztasuna: 2 puntu.

8.–Interesgarriagoa iruditzen zait: 2 puntu.

9.–Segurtasuna eta gaia menderatzea: 2 puntu.

10.–Argudio-ildoaren kalitatea: 2 puntu.

11.–Inprobisatzeko gaitasuna: 2 puntu.

12.–Ebidentzien barietatea: 2 puntu.

13.–Ebidentzien zorroztasuna: 3 puntu.

14.–Keinuen erabilera: puntu 1.

15.–Naturaltasuna eta adierazgarritasuna: puntu 1.

16.–Ikusizko kontaktua: puntu 1.

17.–Denboraren erabilera txandetan: puntu 1.

18.–Adierazpen-erritmo egokia puntu 1.

19.–Espazioa menderatzea: puntu 1.

20.–Kanpoko baliabideak hobekien erabiltzea: puntu 1.

21.–Aurkarien baliabideak aprobetxatzen jakitea: puntu 1.

22.–Ahotsaren tonua eta proiekzioa: puntu 1.

23.–Isilaldien erabilera egokia: puntu 1.

24.–Diskurtsoari egoki zaion hizkera: puntu 1.

25.–Galderak egiten uzteko irizpiderik onena: puntu 1.

26.–Arin erantzutea: puntu 1.

27.–Egokitasuna erantzunetan: puntu 1.

Epaileak ematen duen puntuazio orokorra erdiesteko batu eginen dira taldeak item bakoitzean ateratzen dituen puntuak. Epaileak, balioespenaren ondoren, puntuazio handiena daukan taldea irabazle aldarrikatuko du.

Puntuazio handiena erdiesten duen taldeak irabaziko du eztabaida, honako kalkulu hau egin eta gero:

Epaimahaiak talde bakoitzari eman dizkion puntuak batu behar dira aurrena. Emaitza zati epaimahaiak dituen epaileen kopurua egin, eta ateratzen den zenbakiari kendu egin behar zaizkio taldeei ezarri zaizkien zehapenei zegozkien puntuak. Berdinketa gertatzen bada, hurrengo atalean ezartzen den irizpideari jarraituko zaio.

Talderen bat aurkezten ez bada, edo talderen bat kanporatzen badute, eta ondorioz, berarekin eztabaidatu behar zuen taldea aurkaririk gabe geratzen bada, norgehiagoka kalifikatu gabe geratuko da.

Epaimahaiak ez du janzkera balioetsiko, baina gomendioa da zentzu komunez jokatzea arropak aukeratzeko. Ez dira onartuko ezein talderen duintasunaren aurkako mezuak.

b) Sailkapena honako irizpide hauen arabera, eta ezartzen den ordenan, zehaztuko da.

1. Eztabaida erlatibo irabazien kopuru handiena.

2. Erdietsi diren puntu erlatiboen kopuru handiena.

3. Aldeko epaileen kopuru erlatibo handiena.

4. Puntu galduen kopuru erlatiborik txikiena (oharrak + arinak + larriak).

5. Irabazle gertatzea aurrez-aurrekoan.

6. Lehiaketa Batzordearen erabaki arrazoitua.

III eranskina

Inskripzio orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1609252