160. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Kontuan hartuta 2016ko maiatzaren 20ko bilkura arruntean, behar den legezko gehiengoa izanik, hasiera batez onetsi zela Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza, eta 2016ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela, ekainaren 3an.

Kontuan hartuta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua, non honako hau esaten den: “Hasierako onespena behin betikoa bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira”. Alegaziorik izan ez denez gero, besterik gabe onesten da aipatu ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko igortzen da.

Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetako bat erabil daitekeela:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Cabanillasko Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Cabanillasen, 2016ko uztailaren 12an.–Alkatea, Jesús Santos Pérez.

CABANILLASKO OSASUN ARLOKO UDAL ORDENANTZA, ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honen xedea da udal mugapean osasun nahiz segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea, herritarrek animaliekin batera bizitzerakoan bizi-kalitate egokia izan dezaten, eta haiekin zerikusia duten jarduerak (industria, merkataritza edo zerbitzuetakoak) arautzea, betiere udal eskumen eta betebeharren esparruan.

Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kanporatuko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta edukitzeko egoki diren higiene-baldintzak betetzea.

2. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek etengabe ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

3. artikulua. Ukuilu, ixtegi eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak eta lagun egiteko animalien edo lehiaketetan erabiltzekoen ospitaleak paratzeko baimena emanen da, soil-soilik, landalur gisa sailkaturiko lurrean eta, gutxienez ere, lur urbanizatu edota lur urbanizagarritik 1.000 metroko tartea uzten bada, 188/1986 Foru Dekretuak adierazten duen moduan.

Aipatu instalazioetarako lizentziak jarduera sailkatuen gainean indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira.

Abeltzaintzako ustiategiak edo etxeko ixtegiak baimentzeko baldintza tekniko, higieniko-sanitario eta ingurumenekoei dagokienez, uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua. Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliatik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

Debeku da nork bere baliabideez eta kontsumorako hiltzea zerri, ardi, ahuntz, behi eta zaldi azienda. Indarra duen legeriak agintzen duen moduan hilko dira animalia horiek.

2001eko apirilaren 30eko Foru Aginduak eta bere xedapen gehigarriak agintzen duten baldintzetan bildu eta eramanen dira abeltzaintzako ustiategi batean edo etxeko ixtegi batean hiltzen diren behi, zaldi, zerri, ardi, ahuntz eta orein aziendako animalien hilotzak.

Ordenantza honi dagokionez, “errentako animaliak” dira beren jabeei halako irabazi edo baliabide batzuk ematen dizkietenak.

5. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionez agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Udalerrian aldi baterako bizitzen jarrita daudenek, dituzten animaliak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, osasun zerbitzu publiko eskudunei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:

–Herritarrek ustez abandonatuak diren animaliak ikusiz gero, horren berri emanen diete udal zerbitzuei bil ditzaten. Animalia abandonatuek egoera horretan jarrai ez dezaten, herritarrek ez diete inoiz eta inon jatera emanen, ez eta etxebizitzen patio, teilatu eta gisakoetan ere.

–Hirietan askatasunean bizi diren hegaztiei (usoei, etab.) parke publikoetan baizik ez zaie jatera ematen ahal. Debeku da hiriko gainerako lekuetan jatera ematea, eta bereziki higiezinetako terraza, balkoi nahiz leihoetan.

–Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

7. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, eta 50/1999 Legearen 13. artikuluko definizioarekin bat, “animalia abandonatutzat” hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere ez daramana, betiere inork lagundurik ez badoa. Halaberean, abandonatutzat hartuko da, behar bezala identifikaturik egonik eta jabeari abisua eman ondotik, jabe hori animalia hartzera agertzen ez den kasuan, betiere etortzeko ezartzen zaion epearen barrenean.

8. artikulua. Lagun egiteko animalia hilak material iragazgaitzezko poltsetan sartuko dira, eta horiek behar bezala itxiko dira, gaika biltzeko zerbitzua ematen duen Mankomunitateak ezarritakoari jarraikiz.

Debeku da animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguetan eta gainerako eremu publikoetan nahiz pribatuetan uztea, Ingurumenak adierazitako tokietan izan ezik.

II. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, “lagun egiteko animalia” da irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo zerbitzu egiteko (zainketa eta gidari lanak egiteko, aisialdirako...) pertsonak, bereziki etxean, edukitzen duen animalia.

10. artikulua. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

Bere jabe edo edukitzailearen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen den animalia ustez abandonatutzat joko da eta agintari publikoaren menpeko zerbitzuek atzematen ahalko dute. Horien ardura izanen da animaliarekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez badu legez ezarritako epean.

11. artikulua. Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, behar den agintari publikoaren menpeko zerbitzuen eskuetan utzi beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

12. artikulua. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

13. artikulua. Propio debekatua dago elikagai jardueretan erabiltzen diren era guztietako lokal edo/eta ibilgailuetan animaliak sartu eta egotea, jarduera horien edozein fasetan: elikagaien fabrikazioa, eraldaketa, ontziratzea, garraioa, banaketa, biltegiratzea eta salmenta.

Orobat, debeku da animaliak sartu eta egotea elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren ostalaritzako establezimenduetan, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

14. artikulua. Ez dago baimendurik animalia kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetan eta haurren parkeetan ere.

Orobat, debeku da animalia erietxeetan edo anbulatorioetan eta kultura zentroetan eta ikastetxeetan sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak edo beste patologia batzuek dituztenak laguntzeko gida-zakurrak.

15. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

16. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude animaliei galaraztera eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotz edo zikinkeriarik utz ez dezaten eta egindakoak garbitzera.

17. artikulua. Lagun egiteko animalien erasoaren ondorioz inor kolpaturik gertatzen bada, osasun zerbitzu publiko eskudunei emanen die horren berri, eta medikuaren partea erantsiko dio. Osasun arloko teknikari eskudunek erabakiko dute zer-nolako osasun kontrola eraman beharko den animalia erasotzailearekin.

Osasun zentroek eta medikuek Udaltzaingoa jakitun egin beharko dute, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek erasoturik kolpatuak gertatzen diren pertsonei.

III. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

18. artikulua. Cabanillasko mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da.

Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez.

Albaitari profesional pribatuek egiten ahalko dute identifikazio hori, eta behartuta daude egindako identifikazioak osasun zerbitzu publikoei jakinaraztera, zortzi eguneko epean gehienez ere, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

19. artikulua. Xede berarekin –zakurren zentsua eguneratzea– zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Cabanillasko Udalari, zortzi eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

20. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Albaitaritzako klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertaketa.

21. artikulua. Zakur batek norbaiti hozka egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko dio Udaltzaingoari, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzu eskudunek bildu arte, eta espresuki debekatua dago hura inora eramatea edo hiltzea.

Osasun zerbitzu eskudunek erabakiko dute non eginen zaizkion osasun azterketa eta zaintza legez ezarrita dagoen berrogeialdian; orobat, bidezkoa bada, berriro jarriko diote nahitaezko txertoa.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, osasun zerbitzu eskudunei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

22. artikulua. Hirigunean: zakurrak eremu publiko guztietan, herriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira, soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Ez dago baimendurik animalia kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetan eta haurren parkeetan ere, ordenantza honen 14. artikuluak ezartzen duen moduan.

Zakurrentzat bakarrik diren guneetan onartuko da animaliak libre ibil daitezen, jostetan, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den inor baldin bada hura kontrolpean izanen duena.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edo 287/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan zehaztutakoari jarraikiz arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta joan beharko dira, haiek kontrolpean edukitzeko gauza den norbaitek eramanda.

Udaltzainek salaketa jartzen ahalko dute zakurrak aipatu modu horretan ez badabiltza, eta lakiolariek harrapatu eta zakurtegira eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak.

23. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

7/1994 Foru Legeak zehazten duenaren arabera, zakurra behar bezala identifikaturik badago, jabeari abisua emanen zaio, eta hark 10 eguneko epea izanen du atzera eskuratzeko; aldez aurretik eta behar baldin bada, nahitaezko txertoak berritu eta mantenuagatik sortutako gastuak ordaindu beharko ditu. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko. Berreskuratu baino lehen, identifikatu beharko da, nahitaezko txertoak berritu beharko dira eta mantenuagatik sortutako gastuak ordaindu.

Ezarritako epean jabeak bertara agertzen ez badira, edo animalia ez dutela berreskuratu nahi formalki esaten badute, edo identifikatu gabeko zakurrak 8 eguneko epean jasotzen ez badira, Animaliak Babesteko Elkartearen esku geldituko dira.

24. artikulua. Animaliak Babesteko Elkarteak honela jokatuko du bere esku gelditzen diren zakurrekin:

1. Bide eutanasikoak erabiliz hilko dira bai gizakien nahiz animaliendako kutsagarriak diren eritasunak dituztenak, bai gaitz kroniko sendaezinak dituztenak, bai nabarmen zaharrak direnak, betiere albaitari baten kontrol eta ardurapean.

2. Animalia osasuntsuak 72 ordu gehiagorako aukera izanen du instalazio horietan egoteko, norbaitek edo ezein entitate interesatuk haren jabetza eskatzen ote duen. Esleipenean, animalia Udalaren zerbitzuetan entregatu duen horrek izanen du lehentasunezko eskubidea.

3. Bigarren epe horretan inork hartzen ez baditu, zakurrak aipatu baldintzetan hilko dituzte.

25. artikulua. Bildutako zakurra jabeari edo bere hartzaile berriari entregatuz gero, animaliaren identifikazioa eta erregelamenduzko txertaketak eguneratu beharko dira.

Aurreko artikuluen ondorioz edo Epizootien Erregelamenduak eskatzen dituen beharkizunak direla medio edo agintaritzaren xedapenen aurka jotzeagatik Animaliak Babesteko Elkartearen zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira, dagokiena ordaindu gabe ezin izanen baitute animalia eskuratu.

Modu berean ordainduko dira identifikazio eta txertaketa gastuak, horiek egin beharrekoak badira, bai eta legeak agintzen duen beste edozein zerbitzu ere.

26. artikulua. Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

27. artikulua. Berariaz debekatua dago animaliei erabilera publikoko txorrotetatik edo ur hodietatik edaten uztea, horretarako propio ezarritakoetatik izan ezik, halakorik bada.

28. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateetako patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gida-zakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gida-zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Finka, txalet, landetxe, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean, loturik egon beharko dute, behar bezalako itxitura baten barnean daudenean izan ezik, halako tokietara hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren. Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen haustura, irekidura, eta abarretatik.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

31. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

–Animalien haztegiak.

–Animalien zaindegiak.

–Animaliak salerosteko dendak.

–Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

–Animaliendako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.

–Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

Lizentzia horrek agerian egon beharko du instalazioetako toki nagusian.

32. artikulua. Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

–Jardueraren izena.

–Kokalekua.

–Titularraren izena, helbidea eta telefonoa.

–Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

–Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

–Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena.

–Haien planoak.

–Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

–Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

–Animaliendako haztegiak, zaindegiak eta salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da beste albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

33. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

–Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira.

–Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

–Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

–Aitzineko paragrafoan aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

–Gela hauetan, lurzoru eta pareten arteko elkarguneak biribilduak edo biselatuak izanen dira, hobeki garbitzeko.

–Gela guztiek aireberritze sistema izanen dute, sarbideko ateek ematen dutenaz gain.

–Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

–Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

–Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien arabera izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

–Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

–Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak bereizirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haiendako ezarri diren baldintza berariazkoak.

–Jarduera hauetan eritasun zoonosikorik agertuz gero, osasun zerbitzu publiko eskudunei jakinarazi beharko zaie.

34. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

Liburu bat izanen da jarduera horietarako eta, bertan, honako hauek zehaztuko dira: animalien espeziea, arraza, etorkia, inportazio baimena, sarrera eta irteera datak, animalien zertarakoa, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.

Gutxienez ere, berariazko barrundegi hauek izanen dituzte: erditzeko gela, hazkunde gela, ariketetarako patioa eta sukaldea.

35. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espeziea eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta beste animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

36. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

Lokalak erakuslekua izan beharko du eta hotz-beroa erregulatu eta kontrolatzeko modua.

Jarduera hauek erregistro liburua izanen dute, hartan zehazteko animaliaren sarrera eta irteera datak, haren espeziea, adina eta sexua, eta nondik heldu den jakiteko behar diren datuak, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere. Haztegietatik zuzenean ez datozen zakurrak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.

Animaliak saltzen direnean erosleari egiaztagiri bat emanen zaio, eta hartan zehaztuko dira animaliaren arraza, adina, jatorria bai eta, hala behar bada, osasun agiriak ere.

Debeku da ugalketa kontrolaturik egitea halako lokaletan.

37. artikulua. Animaliak apaintzeko zerbitzuak emateko establezimendutzat hartuko dira, animaliarendako garbiketa, ikuzketa, ile-apaintze eta estetika zerbitzuak emateko xede nagusia daukatenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

38. artikulua. Ordenantza honi doakionean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

–Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela, instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

V. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

39. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarako lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera tramitatuko da.

Alkatetzak aipatu lizentzia eman dezan, eta kontuan hartu gabe Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan horri buruz agindutakoa, beharrezkoa izanen da udal teknikarien ustez kasu bakoitzean bidezkoak diren beharkizunak betetzea, ordenantza honen 32. eta 33. artikuluetan adierazitakoetatik.

40. artikulua. Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Jardueraren deskribapena.

–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

–Kokalekua.

–Jarduera zenbat denboratarako eskatzen den.

–Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.

–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

–Muntaduren onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

–Instalazio elektrikoen buletina, behin-behineko hargunerako.

41. artikulua. Denbora baterako diren jardueren kasuan, funtzionatzen hasteko, Udalaren osasun zerbitzuei honako hauek aurkeztu beharko zaizkie:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartilla, C.I.T.E.S., animaliaren identifikaziorako txartela, etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna bukatutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

VI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

42. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legearen 2. artikuluan aipatutakoaz gain, 287/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan zehazten diren etxeko zakurrak, bai eta gero batean I. eranskinera gehi daitezkeen gainerako arraza berriak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak II. eranskinean egindako balizko aldaketen bidez gaineratzen diren zakurrak ere, Ministerio horrek baitauka aipatu eranskinak aldatzeko eskumena. Arriskutsua izan daitekeen animaliatzat joko da, halaber, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia, edozein espezietakoa izanik.

43. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko administrazio lizentzia.

1. Ordenantza honen babesean, arriskutsu izan daitekeen edozein animaliaren jabeek edo edukitzaileek Cabanillasko Udalak emandako administrazio lizentzia berezia izan beharko dute, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuarekin bat.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik. Dagokion erregistroak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez frogatuko da baldintza hori betetzen dela.

c) 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehazten diren zehapen osagarririk jaso ez izana. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute. Dagokion erregistroak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez frogatuko da baldintza hori betetzen dela.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Zein bere ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira bi baldintza horiek; urtebeteko indarraldia dute eta azterketa zentroek edo behar bezala baimendutako teknikari fakultatibo tituludunek emanen dituzte; hori guztia, 287/2002 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehazten duenari jarraituz.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko estaldura dituena, 287/2002 Errege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak zehazten duenari jarraituz.

f) Kasuan kasuko ordenantza fiskaletan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Cabanillasen bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Cabanillasen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Cabanillasen egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio Cabanillasko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Cabanillasko Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 5 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie.

Hala ere, Cabanillasko Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela erabakiko da eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

44. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 43. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta, haiek galduz gero, horren berri ematea.

c) Beraiena den edo beren esku dagoen eta arriskutsu izan daitekeen animalia bakoitza ordenantza honetan adierazten diren epeen barrenean inskribatzea arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 6. artikuluak zehazten duenaren arabera.

d) Udal Erregistroari jakinaraztea arriskutsua izan daitekeen animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik 48 orduko epean gehienez ere, bai eta hura beste inori laga edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, eskuratzen duenetik bost eguneko epean gehienez ere, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren eta erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Cabanillasera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

45. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek Cabanillasko Udalari eman beharko dizkiote hurrengo datuen berri, Erregistroan inskribatzeko:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaioteguna.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

j) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

46. artikulua. Animalia arriskutsuen erregistro liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute, zeinetan 45. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak jasoko baitira.

47. artikulua. Segurtasun neurriak eta debekuak.

50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen direnez gainera, berariaz debekatuta dago:

1. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

2. Cabanillasko Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.

3. Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen edo 287/2002 Errege Dekretuaren aurkako arau-haustetzat.

4. Ordenantza honen 46. artikuluan aipatzen diren datuak Cabanillasko Udaltzaingoari emateari uko egitea edo aitzakiak jartzea.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak dira, eta 7/1994 Foru Legean aurreikusitako diru-kopuruei jarraituz ezarriko dira dagozkien zehapenak.

1. Hauek arau-hauste administratibo oso larriak izanen dira:

a) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

b) Ordenantza honen 46. artikuluan aipatzen diren datuak Cabanillasko Udaltzaingoari emateari uko egitea edo aitzakiak jartzea.

2. Arau-hauste administratibo larriak honako hauek izanen dira:

a) Animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguetan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea.

b) Adierazitako epetik kanpo betetzea Cabanillasko Udalaren errekerimendua.

c) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen edo 287/2002 Errege Dekretuaren aurkako arau-haustetzat.

3. Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea arau-hauste administratibo arina izanen da, non ez den artikulu honen 1. eta 2. puntuen aurkakoa edo sailkatuta dagoen animalien arloko gainerako legeria indardunean.

50/1999 Legean, 7/1994 Foru Legean eta arlo honetan indarra duten legezko xedapen guztietan aurreikusitakoari jarraituz katalogatu eta zehatuko da ordenantza honen aurkako beste edozein arau-hauste.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

49. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Haren xedea da Cabanillasko Udalak 50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak bete ditzala. Fitxategia Cabanillasko Udalak bakarrik erabili ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabiltzea artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan ondoko arauetan xedatutakoari lotuko zaio: Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 24ko 50/1999 Legea, lege hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak Babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako Gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak, bai eta aplikagarria den beste edozein ere.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arau guztiak, edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena.–Ordenantza honen manuak betetzen ez badira, agintaritzako agenteek salaketa jarriko dute. Lakiolariak, ondorio guztietarako, agintaritzako agenteen pareko izanen dira lanean ari direlarik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Ordenantza honetan arautzen diren jardueren titularrek hiru hilabeteko epea izanen dute honako araudi honi egokitzeko.

Titularrak eskatuta, Alkatetzak urtebetera gehienez ere luza dezake epe hori, egin behar diren aldaketen ezaugarriengatik eta konplexutasunarengatik beharrezkoa bada, eta betiere Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek aurretik txostena eginda.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Xedapen iragankorra, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruz

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek bi hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

ERANSKINAK

1. artikulua. Zein diren arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.

Ordenantza honen VI. kapituluan adierazi denez, egungo legeriak definituta ditu arriskutsuak izan daitezkeen animaliak; zehazki, hona ekartzen dugun 50/1999 Legearen 2. artikuluan:

50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

1.–Oro har, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.–Etxeko animaliak edo lagun egitekoak ere arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira, eta bereziki gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.

Orobat, zakur arrazari buruz, 287/2002 Errege Dekretuak I. eta II. eranskinetan zehazten du zer zakur arraza eta tipologia behar diren arriskutsu izan daitezkeenen artean sartu; gainera, bigarren xedapen gehigarrian, ahalmena ematen dio Nekazaritza ministroari arraza gehiago sartzeko I. eranskinean edo ezaugarriak aldatzeko II. eranskinean. Hauxe da eranskin horien edukia, gaur egun indarra duena:

Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

I. ERANSKINA

–Pit bull terrierra.

–Staffordshire bull terrierra.

–American staffordshire terrierra.

–Rottweilerra.

–Dogo argentinarra.

–Fila brasildarra.

–Tosa inua.

–Akita inua.

–Bi aldiz hozka egiten duten zakurrak.

II. ERANSKINA

Ezaugarri hauen guztien edo hauetako gehienen jabe dira xedapen honen eraginpeko zakurrak:

–Gihar sendoak, itxura indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

–Aiurri handikoa eta adoretsua.

–Ile motza.

–60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

–Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

–Lepo zabala, gihartsua eta motza.

–Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

–Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

III. ERANSKINA

Zehapen araubidea, arriskutsuak izan daitezkeen
animaliekin egindako arau-hausteei buruz

Ordenantzan jaso den moduan, 50/1999 Legearen III. kapituluko 13. artikuluan zehazten dira arau-hausteak eta zehapenak, eta ondoren adierazten den goi mailako araudi honek aginduko du, nahitaez, ordenantza honen gainean:

50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzkoa.

13 artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste administratibo oso larriak honako hauek izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein zakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai agindu bezala identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere lagunik gabe badoa.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

d) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsua izan daitezkeen animaliak heztea.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

2.–Arau-hauste administratibo larriak honako hauek izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak garraiatzea lege honen 10. artikuluan xedatutakoa urratuz.

f) Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

3.–Aurreko ataletan tipifikaturiko arau-hausteek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo akabatzea, establezimendua ixtea eta arrikutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo hezitzaile izateko gaitasun agiria aldi baterako edo behin betiko etetea.

4.–Arau-hauste administratibo arintzat hartuko da lege honetan ezarritako betebeharretatik edozein ez betetzea, non ez diren artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatuak.

5.–Aitzineko 1., 2. eta 3. zenbakietan sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste arinak, 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarte.

–Arau-hauste larriak, 300,01 eurotik 2.400,00 eurora bitarte.

–Arau-hauste oso larriak, 2.400,01 eurotik 12.300,00 eurora bitarte.

6.–Gobernuak aldian-aldian gainbegiratu eta eguneratzen ahalko ditu aitzineko atalean ezarritako zenbatekoak.

7.–Zehatzeko ahalmena erabiltzea kasuan kasuko autonomia erkidegoetako eta udaletako organo eskudunei dagokie.

8._Arau-hausteen erantzule izanen dira esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea edo, hala behar denean, gertakaria jazo den establezimendu, lokal edo garraiobidearen titularra eta, azken kasu horretan, bai eta garraioaz arduratu dena ere.

9-–Artikulu honetan izaera administratiboko erantzunbeharra aurreikusten da; horrek ez du erran nahi bide penal eta zibiletan ere eskatzen ahal ez denik.

10–Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia konfiskatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

Iragarkiaren kodea: L1608515