160. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1710/2016 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizain izateko 172 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian María Garrido Gil andrea izendatu eta lanpostua esleitzen diona.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 24ko 836/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan erizain izateko 172 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Deialdi hori 2012ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatuta, epaimahaiak proposamena egin zuen deitutako lanpostuetan sartzen ziren izangaiak izendatzeko.

Proposatutako izangaiek deialdiaren 8. oinarrian eskatutako dokumentazioa behar den epean aurkezturik, denen izendapena eta lanpostu guztien esleipena egin zen, desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txandakoa izan ezik, Cristina Turrillas Fonseca andrearena izan ezik, desgaitasun mailari buruzko betebeharra ez betetzeagatik. Ebazpen horiek 2014ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 29an, eta 2015eko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 20an, argitaratu ziren.

Geroago, Lan arloko 2. Epaitegiak 1197/2014 prozeduran emandako epaiaren bitartez, baietsi egin zen Cristina Turrillas Fonseca andreak Gizarte Politiketako Departamentuaren kontra jarritako demanda, eta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ekainaren 25ean emandako 3003/2015 Ebazpenaren bidez, betearazi zen aipatu epaia, eta, hortaz, erizain izendatu zen 2015eko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 17an.

Bestetik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 14ko 2963/2015 eta abenduaren 21eko 3060/2105, 3061/2015, 3062/2015, 3063/2015, 3065/2015 eta 3066/2015 ebazpenak onetsi zituen. Horien bidez, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1., 2. eta 3. Epaitegiek emandako epai irmo batzuk hitzez hitz betetzeko agintzen zen. Hortaz, errekurtso egileak erizain izendatu ziren 2016ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 10ean.

Azkenik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 21eko 675/2016 Ebazpena onetsi zuen. Horren bidez, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak emandako epai irmo bat hitzez hitz betetzeko agintzen zen, hain zuzen ere deialdiko lehiaketaldiaren behin betiko emaitzei dagokienez María Garrido Gil andreak sustatutako 226/2014 prozedura laburtuari dagokion epaia.

Hortaz, 2016ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, María Garrido Gil andrea, txanda irekiko izangaia, izendatzeko proposamen osagarria argitaratu zen.

Interesdunak eskatzen zaion dokumentazioa aurkezturik, eta behar diren betebeharrak betetzen dituela frogaturik, bidezko da hura izendatzea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. María Garrido Gil andrea, txanda irekiko izangaia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzea erizain lanetan aritzeko, eta plantilla organikoko 70758 lanpostu hutsa esleitzea, Tuterako Osasun Barrutiari atxikia.

Lanpostua behin-behinekoz esleitzen zaio, eta Gil andreak erizainaren lanpostuak betetzeko egiten den lehenbiziko lekualdatze lehiaketan parte hartu beharko du, behin betiko destinoa lortzeko. Ondorio guztietarako, 2014ko urriaren 30a da lanpostuaz jabetzeko data.

2. Ebazpen hau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura (Tuterako Osasun Barrutiko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzara eta Kudeatzailetza-Zuzendaritzara) eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzura igortzea, eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan; orobat, adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.

3. Izendapena eta lanpostuen esleipena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 8an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F1609483