140. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ekainaren 6an emandako 1299/2016 Ebazpenaren bidez onetsia. Honen bidez, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren hautagaien zerrenda bat hautaproba baten bitartez osatzeko deialdi murriztua onesten da, gero Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko izendatzeko bitarte baterako.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 1299/2016 Ebazpenaren bidez, deialdi murriztu hau onetsi zen: hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadunak edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatu eta, geroago, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko izendatzeko deialdia, bitarte baterako, gertatzen diren premien arabera, honako oinarri hauei jarraikiz.

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea

1.1. Hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunak diren izangaien zerrenda bat osatzeko deialdi murriztua iragartzen da, gero Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko izendatzeko bitarte baterako, gertatzen diren premien arabera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak eta hura garatzen duten gainerako arauek ezartzen dutenari jarraikiz.

1.2. Bitarte baterako izendatzen direnak aholkulari juridiko lanetan ariko dira Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaproban onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioa izatea.

b) Lanpostuan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo gradudun titulua eta ez bertzerik eskatzen den A mailako lanpostu batean behin betiko aritzeko izendatua izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Oinarri honetako baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta bitarte baterako izendapenak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean, eta 2015eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 29an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera baliabide telematikoak erabiliz aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoa eta gainerako agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Interneten bidez lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren aiputik abiatuta: “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”.

Parte hartzeko eskabidean adierazi beharko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Baldintza horiek hautapen prozesua bukatu bitarte eta bitarte baterako izendapenak iraun bitarte mantendu beharko dira.

3.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak luzatua. Egokitzapenak eskatzeko bada eredu bat interesdunen eskura www.navarra.es web orrian, “Menua”, “Tramiteak”, “Zerbitzuak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa eta sustapena” atalean, deialdiaren aipuan.

4.–Eskabidea aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko du, deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6.–Epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Edurne Eginoa Antxo andrea, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.

Ordezkoa: Olga Artozqui Morrás andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Mahaikidea: M.ª Belén Cilveti Gubía andrea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Afera Penalen Ataleko burua.

–Mahaikidea: José Fulgencio Larumbe San Martín jauna, Administrazioarekiko Auzien Ataleko burua.

Ordezkoa: José Antonio Razquin Lizarraga jauna, Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoa.

–Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

–Mahaikide-idazkaria: Francisco José Negro Roldán jauna, Zerga Aferen Ataleko burua.

Ordezkoa: José Contreras López jauna, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.–Hautaketa prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

7.1. Hautapen prozedura 2016ko azarotik aurrera hasiko da.

7.2. Proba praktiko baten bidez eginen da hautaketa. Idazki prozesal bat prestatu beharko da (demanda, demandaren erantzuna, ondorioak, eta abar), lau orduko epean gehienez, epaimahaiak aurkeztutako kasu praktiko bati buruz, I. eranskineko gaitegiko gaiei dagokienez.

Proba praktikoa bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den legeriarekin.

Proba hori egiteko, legezko testuak erabiltzen ahalko dituzte izangaiek.

Izangaiei deituko zaie beren ariketa epaimahaiaren aurrean irakurtzeko. Ekitaldi horretan, erantzuna eman beharko zaie ahoz epaimahaiak kasu praktikoaren gaineko edozein alderdiri buruz egiten dituen galdera substantibo edo prozesal guztiei. Galdera horiek, halaber, 39/2015 Legean, 40/2015 Legean eta 7/2015 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenean alderdi horiei buruz jasotzen den erregulazioaren gainekoak izan daitezke.

Proba praktikoa eta epaimahaiak egiten dituen ahozko galderak osorik hartuta baloratuko dira; gehienez ere, 100 puntu lortzen ahalko dira.

Dena kontuan harturik gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

7.3. Proba praktikorako eta azalpenerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo beren nortasuna arestian aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak baztertu eginen dira.

Zozketa bidez zehaztuko du epaimahaiak zer izangairekin hasiko den jendaurreko azalpena.

7.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es), proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberakoa, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari hura helaraziko dio, bai eta espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketak zozketa bidez ebatziko ditu epaimahaiak. Ukitutako izangaiei ekitaldi horretara joateko deia eginen zaie.

9.–Behin betiko zerrendak eta deia.

9.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da bitarte baterako izendapenerako izangaien zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es).

9.2. Lortzen duten puntuazioaren arabera deituko zaie oinarri honetan aipatzen den zerrendan dauden izangaiei.

Aholkulari juridikoaren lanpostuetarako premiak aldi baterako betetzeko, funtzionarioa bitarte baterako izendatuko da, indarreko araudian ezarritakoarekin bat.

9.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak baztertuak geldituko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko ekainaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidearen iturburuak: jatorrizko Zuzenbidea eta Zuzenbide eratorria. Erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Zuzeneko ondorioa. Lehentasuna.

2. gaia.–Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: aipamena, antolaketa eta printzipio eratzaileak. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Konstituzioa arau juridiko gisa. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak Konstituzioan. 149., 150. eta 155. artikuluak.

3. gaia.–Konstituzio Auzitegia. Konstituziokontrakotasun errekurtsoa. Konstituziokontrakotasun-auzia. Konstituzioko babes errekurtsoa. Gatazka konstituzionalak.

4. gaia.–Nafarroako foru araubidea. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta hori garatzen duen araudia.

5. gaia.–30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

7. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

8. gaia–15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

9. gaia.–Kontratazio publikoa. Foru Komunitatearen eskumenak. 6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

10. gaia.–Administrazio publikoen diru-laguntzen araubide orokorra. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

11. gaia.–Enplegatu publikoak. Printzipio konstituzionalak. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan duen eskumen historikoa. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Hura garatzen duen araudia, batik bat, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuena.

12. gaia.–Toki entitateak. Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

14. gaia.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzkoa. Uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoaren (Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuena) azken xedapenetako hirugarrenak kasazio-errekurtsoaz egindako aldaketa nagusiak.

15. gaia.–1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilari buruzkoa: xedapen orokorrak frogaren arloan, administrazio publikoei aplika dakizkiekeen espezialitateak (381. art.); epaia, barneko baldintzak, gauza epaitu formala eta materiala; jarduketen deuseztapena; kostuak, haien tasazioa; judizio arrunta eta ahozko judizioa. Adingabeei egiten zaizkien prozesuak.

16. gaia.–15/2015 Legea, uztailaren 2koa, Borondatezko Jurisdikzioari buruzkoa: Atariko Titulua (xedapen orokorrak), borondatezko jurisdikzioaren espedienteak familiaren arloan. 52/1997 Legea, azaroaren 27koa, Estatuari eta Erakunde Publikoei Laguntza Juridikoa ematekoa: jakinarazpenak, zitazioak, epatzeak eta jakinarazpen prozesalaren gainerako egintzak; gordailuen eta kauzioen salbuespena; autoen bidea etetea, lurralde forua, laugarren xedapen gehigarria.

17. gaia.–1/1996 Legea, urtarrilaren 10ekoa, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa: I. eta IV. kapituluak.

18. gaia.–36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duena: jarduketa prozesalak, prozesu arrunta, kaleratze prozesua, zehapenak aurkaratzeko prozesua.

19. gaia.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea: prozesu penala hasteko bideak (salaketa, kereila, ofiziozko hasiera); prozedura laburtua, zenbait delituren auzitaratze azkarreko prozedura, delitu arinen judizioko prozedura.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin. 39/2015 Legeari, 40/2015 Legeari eta 7/2015 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenari dagokienez, deialdi hau argitaratzen den egunean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoari jarraituz eskatutako da, indarra hartu ez badu ere.

II. eranskina

Eskabidea (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1608217