129. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Udal ordenantza, Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituena Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2016ko apirilaren 12an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2016ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2016ko ekainaren 7an.–Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

UDAL ORDENANTZA, EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Artzibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 22. artikuluak dio ezen Artzibarko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko dituela euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

Horrenbestez, Artzibarko Udalak onartu du laguntzak ematea ibarreko herritarrek euskara ikas dezaten, honako oinarri hauekin bat:

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da matrikula gastuetarako laguntzen kontzesioa arautzea, Artzibarko bizilagunak izanik euskara ikastaroren bat egiten ari direnei.

2.–Onuradunak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsonak baliatzen ahalko dira laguntza hauetaz:

a) 16 urtetik goitikoa izatea.

b) Artzibarren erroldatua egotea, urtebetez gutxienez ere, kontuan izanik laguntza noiz eskatu den, eta diru-laguntzaren xede den jarduerak irauten duen bitartean.

c) Egiaz udalerrian bizitzea gutxienez urtean 9 hilabetez (salbuesten dira, kasu honetan, ikasketak eta eritasuna direla-eta izaten diren nahitaezko absentziak).

d) Euskaltegi bateko ikastaroren batean matrikulaturik egotea, zer ikastarotarako eskatzen den diru-laguntza, horretan, eta matrikularen kostua ordaindu izana.

e) Euskaltegiak frogatzea gutxienez ere ikastaroaren %80ko aprobetxamendua izan dela. Autoikaskuntza programa batean ikasten dutenek ere ziurtagiri hori aurkeztu beharko dute.

f) Artzibarko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

3.–Diruz lagundutako ikastaroak.

3.1. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, intentsiboak, barnetegian egindakoak, autoikaskuntzakoak, etab. (gutxienez ere 10 eguneko iraupena izanen dute).

3.2. Ez da diruz lagunduko maila bereko ikastaro bat baino gehiago. Hau da, ez da laguntza ekonomikorik emanen, ez deialdi berean ez hurrengoan, diru-laguntza jaso duen ikastaro baten maila bereko beste ikastaro bat egiteagatik.

3.3. Garraioaren eta materialaren gastuak ez dira inola ere hartuko diruz lagundu daitezkeen gastutzat.

4.–Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Matrikularen kostuaren %50 izanen da laguntza, eta gehienez ere 250 euro.

4.2. Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz Udalak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean gehienez ere har ditzakeen obligazioek badute muga; aurrekontuan horretarako dagoen diru esleipena, alegia. 2016. urterako, 1.000 euroko kontsignazioa ezartzen da, 2016. urteko aurrekontuko 3200 4820003 kontu-sailaren kargura.

4.3. Diru-laguntzen zenbateko osoa aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Artzibarko Udalean:

a) Diru-laguntzarako eskabidea (Udalean eska daiteke, edo web orritik deskargatu).

b) Ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, ezaugarriak zehazten dituena: maila, iraupena, matrikularen kostua, eta diru-laguntza eskatzen duen ikaslearen bertaratze portzentajea.

c) Matrikularen ordainagiria edo entitate antolatzailearen ziurtagiria, azaltzen duena ikastaroaren kostuaren %100 ordaindu dela.

6.–Eskaerak aurkezteko epea

Udalaren erregistroan aurkeztuko dira eskabideak, ekainaren 1etik 30era.

7.–Ebazpena, komunikazioa eta ordainketa.

Artzibarko alkateak hartuko du laguntzak emateko erabakia, edo eskuordetzen duen pertsonak edo organoak, behin aldeko txostena ikusirik. Erabaki hori interesdun guztiei igorriko zaie, eta laguntzak ordainketa bakarrean emanen zaizkie.

8.–Aplikatzeko araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1607193