99. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

227/2015 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Bikaintasunerako Nafarroako XV. Sarirako deia egiten duena, hots, 2015ekoa.

Nafarroako Gobernuak bere menpeko erakundeen kudeaketan bikaintasuna lortzeko prozesuetan sarturik dauden Nafarroako enpresa eta entitateak sustatu nahi ditu, eta, horretarako, urtero, Bikaintasunerako Nafarroako Saria antolatzen du, aurten XV. edizioa.

Prozesuaren oinarria da saria eskuratu nahi duten erakundeen azterketa egitea, kanpotik agente batek egina, European Foundation for Quality Management (EFQM) delakoaren Bikaintasun Ereduari jarraikiz.

Nafarroako Gobernuak, sari hau antolatzeko, entitate laguntzaile bat aukeratu du behar den kontratazio prozeduraren bidez. Horren ondorioz, eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak 2015eko apirilaren 24an emandako 191/2015 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioa da antolamenduaren esleipen-hartzailea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Bikaintasunerako Nafarroako XV. Sarirako deia egitea, hots, 2015ekoa.

2. Sari honen oinarri arautzaileak ezartzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 11n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

BIKAINTASUNERAKO NAFARROAKO 2015EKO SARIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Parte-hartzaileak.

Bere jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duen eta Bikaintasun Ereduaren osagai guztietan behar adinako kudeaketa autonomoa duen edozein enpresak, erakundek edo negozio-unitatek hartzen ahal du parte.

2. Hautagaiaren berri emateko dokumentazioa.

Hautagaiek “Bikaintasunerako Nafarroako 2015eko Sariaren aintzatespenak lortzeko hautagaien komunikazioa” izeneko inprimakia bete behar dute, eta entitate laguntzaileari bidali.

Hauek izanen dira ebaluazio motak:

a) EFQM diagnostikoa: Ebaluazio bilera eta hobekuntzarako txostena.

b) Ebaluazio prozesu osoa: Ebaluazioaren memoria.

Eskabidea eta ebaluazio motak www.qnavarra.com-en daude eskura.

3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Ebaluazio mota guztietan aurkeztu beharreko dokumentazioa, horretarako jarraibideak eta formatuak www.qnavarra.com-etik deskargatzen ahal dira.

4. Ebaluazio prozesua.

Behar den dokumentazioa aurkeztu duten hautagaiek ebaluazio prozesu bat pasatu beharko dute, horretarako kanpoko aztertzaile batzuek egina. Antolatzaileek taldeen osaeraren berri emanen die. Hautagaiek, bestetik, proposatu zaizkien aztertzaileak onartzen dituztela adierazi beharko dute.

4.1. Ebaluazio prozesua:

4.1.1. EFQM diagnostikoa.

EFQM diagnostikoa egiteko jardunaldian, hautagaiak kudeaketaren zer arlo landu nahi dituen azalduko du, eta nola aritzen den, eta ebaluazio taldea, aztertu eta gero, zalantzak argitzen saiatuko da elementu horien kudeaketa hobetzeari begira.

4.1.2. Ebaluazio prozesu osoa.

Fase hauek izanen ditu:

1.–Memoriaren ebaluazio pertsonala, ebaluazio taldeko kide bakoitzak egina.

2.–Ebaluazio taldeko kideen bilerak, adostasunera ailegatzeko.

3.–Bisita, eskatzailearen erakundera.

4.–Azkeneko erabakia hartzeko bilera, eta Ebaluazio Txostena egitea.

5.–Ebaluazio Txostena bidaltzea erakunde eskatzaileari.

4.2. Ebaluazio txostena:

4.2.1. EFQM diagnostikoa.

Ebaluazioaz arduratzen den taldeak hautagaiari buruzko ikuspegi orokorra jasotzeko dokumentu bat eginen du, indarguneak eta hobetzeko arlo nabarmenenak adierazten dituena.

4.2.2. Ebaluazio prozesu osoa.

Atal hauek izanen ditu:

–Egoera globalari buruzko laburpena, EFQM ikusmoldearen arabera.

–Indarguneen eta hobetzeko arloen deskribapen zehatza.

–Puntuazioa azpi-irizpideka eta irizpideka, eta puntuazio osoa.

–Aintzatespen-proposamena, erdietsitako puntuazioaren arabera.

4.3. Erreklamazio prozesua:

Hori baino lehen, ebaluazio prozesuaren hasieran, antolatzaileek Apelazio Batzordea izendatuko du, ebaluazio taldeen eta aztertutako hautagaien arteko desadostasunak ebazteko. Ebazpen horiek apelaezinak izanen dira.

5. Aintzatespenak.

Ebaluazio txostenak ikusirik, aintzatespen maila hauek emanen dira:

5.1. Bikaintasuneranzko konpromisoa.

Hautagaiei aurrera egiteko bultzada emateko eta egindako ahalegina aintzat hartzeko, EFQM diagnostikoa egin eta gero, Bikaintasuneranzko Konpromisoaren Diploma emanen zaie kudeaketa aurreratua erdiesteko egindako lanaren lehenbiziko aintzatespen gisara.

5.2. Nafarroako Bikaintasunaren 300+, 400+ eta 500+ diploma.

Memoria aurkeztu eta, hurrenez hurren, 300, 400 edo 500 puntutik gora lortzen duten hautagaiei emanen zaie.

Erdietsitako aintzatespenek 3 urteko balioko dute.

6. Bikaintasunerako Nafarroako Saria.

Antolatzaileek epaimahai bat izendatuko dute, bere ustez garrantziagatik egokiak iruditzen zaizkion entitateen ordezkariek osatua. Bikaintasunerako Nafarroako 2015eko Saria zein hautagaik merezi duten adieraziko du epaimahai horrek.

Antolatzaileek epaimahaiaren erabakiaren berri emanen die hautagaiei.

7. Prozesuaren agenda.

Lehenbizi, Bikaintasunerako Nafarroako XV. Sarirako 2015eko deialdiaren oinarriak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

EFQM diagnostikoa.

–EFQM diagnostikoa egiteko eskaera edozein momentutan egiten ahal da, 2015eko irailaren 30a baino lehen betiere.

–EFQM diagnostikoa egin duten hautagaiei bikaintasunerako konpromisoaren aintzatespena emanen zaie Bikaintasunerako Nafarroako XV. sariaren ospakizunean.

Ebaluazio prozesu osoa:

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik 15 egunera bukatuko da “Bikaintasunerako Nafarroako 2015eko Sariaren aintzatespenak lortzeko hautagaien komunikazioa” izeneko inprimakia aurkezteko epea.

–Antolatzaileek egutegi bat erabakiko dute, eta hura argitaratu, komunikazioa aukeztu duten hautagaiek memoria aurkez dezaten eta beste tramite hauek ere finkatzeko: noiz diren ebaluazio taldeen bisitak, noiz bidaliko den azken Ebaluzio Txostena, noiz bidal daitezkeen erreklamazioak eta Apelazio Batzordeak noiz ebatziko dituen erreklamazio horiek.

Egutegi hori www.qnavarra.com helbidean egonen da interesatuek kontsultatzeko.

2015eko azaroa:

–Bikaintasunerako Nafarroako Sariaren epaimahaiaren bilera, 2015eko aintzatespenak eta sariak erabakitzeko.

–Bikaintasunerako Nafarroako XV. Eguna ospatzea, eta, bertako ekitaldi publiko batean aipatu aintzatespenak banatzea eta hedabideetan behar adinako zabalkuntza ematea.

8. Ohar osagarriak.

Nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidego bateko erakunderen baten bitartez EFQM ereduaren araberako aintzatespen bat lortzen duten hautagaiei aintzatespena ematen ahal zaie Bikaintasunerako Nafarroako XV. Saria emateko ekitaldian, eta, ondorioz, baita publizitatean eta komunikazioan ere.

Prozesuaren edozein momentutan, hautagaiek beren proposamena erretiratzen ahal dute. Antolatzaileek, orduan, ez aurkeztutzat hartuko dute ondorio guztietarako.

9. Konfidentzialtasuna.

Antolatzaileek konfidentzialtasunez jokatuko dute hautagai eskatzaileen izenari, Kanpoko Ebaluazioaren Txostenari eta ebaluazio prozesu osoari dagokienez. Informazio hori ebaluazioan zuzeneko inplikazioa duten aztertzaileek eta koordinazio lanetan edo lan administratiboan parte hartzen duten antolatzaileek baizik ez duten izanen.

Ebaluazioan parte hartzen duten guztiei konfidentzialtasunerako konpromisoa adierazten duen agiri bat sinatzeko eskatuko diete antolatzaileek. Sinatzaileek, bertan, ebaluazio prozesuan duten informazioa ez zabaltzeko hitza emanen dute.

Iragarkiaren kodea: F1507302