97. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da “Enpresa digitalak Nafarroan 2015ean sustatzeko diru-laguntzaren” deialdia.

2014-2016 aldiko Nafarroako Agenda Digitalean aurreikusitako ekintza batzuk garatzen dira “enpresa digitalak Nafarroan 2015ean sustatzeko diru-laguntzaren” deialdiaren bidez, eta bi proiektu motetarako diru-laguntzak hartzen ditu bere baitan: batetik Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak mikroenpresetan, enpresa txikietan eta enpresa elkarteetan sartzeko diru-laguntzak eta bestetik IKT berritzaileko konponbideetarako elkarlana egitekoak.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzaturik egonen dira laguntza hauek, %50eko tasan, Nafarroako Foru Komunitateko EGEF 2007-2013 Programa Eragilearen bitartez.

Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartutako erabakiaren bidez, baimendu zen diru-laguntzak banakako ebaluazioaren prozeduraren bidez ematea, zeina Diru-laguntzei buruzko 17. artikuluan jaso baita.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresa digitalak Nafarroan 2015ean sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2 Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3 Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

–370.000 euro IKTak sartzeko proiektuetarako.

–130.000 euro IKT berritzaileko konponbideetarako elkarlan proiektuetarako.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

125005-16420-7709-467900 [PEP: E-10/000029-01]: ETEen, mikroenpresen eta autonomoen digitalizazio proiektuetarako diru-laguntzak. EGEF 2007-2013 Programa Eragilea

5047

2015

370.000,00

125005-16420-7709-467900 [PEP: E-10/000029-01]: ETEen, mikroenpresen eta autonomoen digitalizazio proiektuetarako diru-laguntzak. EGEF 2007-2013 Programa Eragilea

5050

2015

130.000,00

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baten gastu baimenduan soberakinik izanez gero, bestearen gastu baimenduan erabiltzen ahalko da.

4 Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 8an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea:

Laguntza hauen xedea honako hau da:

–Mikroenpresetan, enpresa txikietan eta enpresa elkarteetan IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) tresnak sar daitezela sustatzea. Ahal dela, kalitatezko eta kostu txikiko tresnak erabiliko dira.

–Enpresarako IKT aplikazioak garatzeko, enpresen arteko elkarlana sustatzea. Gaur egun etorkizuneko joerakoak diren proiektuak lehenetsiko dira, eta Nafarroako IKTen sektorea babestuko.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak bi motatakoak izan daitezke:

A. Mikroenpresetan, enpresa txikietan eta enpresa elkarteetan IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) tresnak sartzeko proiektuak.

B. IKT berritzaileko proiektuetarako elkarlana.

2. Honako jarduketak izanen dira A motako proiektuak:

a) Web orri berriak, eduki estandarrak kudeatzeko sistemadunak, kudeaketarako mugarik gabeak.

Ondorio horietarako, “web orri berriak” izanen dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Web oirriaren domeinua 2015eko urtarrilaren 1a baino geroago kontratatuko da, eskatzailearen izenean.

–Web orria 2015eko urtarrilaren 1a baino geroago sortu eta igoko da Internetera.

–Eskatzaileak ez du presentziarik izan behar Interneten 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen.

–Web orriak gailu mugikorretara egokiturik egon behar du.

–Web orriak ez du jatorria izanen beste domeinu batzuen berrelbideratzean.

b) Web orrien eguneratzea.

Ondorio horietarako, “web orrien eguneraketatzat” joko dira web orriak baldin, 2014ko abenduaren 31 baino lehenagokoak izanik, eduki estandarren kudeatzailerik ez badute eta beren eguneraketan baldintza hauek betetzen badituzte:

–Domeinua eskatzailearen izenean egonen da.

–Eguneraketa 2015eko urtarrilaren 1a baino geroago sortu eta igoko da Internetera.

–Eduki estandarrak kudeatzeko sistemadunak izanen dira web orri eguneratuak, kudeaketarako mugarik gabeak.

–Web orriak gailu mugikorretara egokiturik egon behar du.

c) Merkataritza elektronikoko aplikazioak, sistema estandarren bidez garatuak.

d) Merkataritza elektronikoaren integrazioa, kudeaketa sistemarekin (hemendik aurrera, ERP: Enterprise Resource Planning).

e) Zerbitzuak hodeian (cloud computing), erabiltzearen truke pagatzekoak.

3. B motako proiektu bat hau izanen da: IKTak garatzen duen enpresa batekin elkarlanean ari den entitatea, IKT berritzaileak helburu, entitate horren arazo bat konpontzeko edo negozio aukera bat sortzeko.

Elkarlan proiektua nahitaez “Mugikortasuna” eremuan, “Gauzen Internet” eremuan edo bietan arituko da.

3. oinarria.–Onuradunak.

1 Laguntza hauek jaso ditzakete helbide fiskala Nafarroan duten eta baldintza hauek betetzen dituzten entitateek:

a) A motako proiektuetarako laguntzen eskatzaileak honako hauek izanen dira, egin beharreko jarduketaren arabera:

JARDUKETA

ESKATZAILEA

Web orri berria

Mikroenpresa edo enpresa elkartea

Web orriaren eguneraketa

Mikroenpresa edo enpresa elkartea

Merkataritza elektronikoa

Mikroenpresa edo enpresa txikia

Merkataritza elektronikoa sartzea ERP bidez

Mikroenpresa edo enpresa txikia

Hodei bidezko zerbitzuak

Mikroenpresa edo enpresa txikia

Enpresen tamaina zein den zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 1. eranskina. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) B motako proiektuen eskatzaileak honako hauek izanen dira:

–Entitate bezeroa izan daiteke enpresa bat edo enpresa elkarte bat, eta egindako proiektua ezartzeko betebeharra izanen du.

–Garatzen duen enpresa IKTen sektorekoa izanen da. Enpresa horrek hirugarren batzuk azpikontrata ditzake, gehienez ere diru-laguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren %50.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute enpresek, hala behar denean, arau honekin bat: Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua.

d) Nafarroako Gobernuko Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatuta egon behar dute enpresa elkarteek.

e) Halaber, eskatzaile guztiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2 Ez dira laguntza hauen onuradunak izanen arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak, izan ere sektore horiek salbuetsirik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

3 Eskatzaileek erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatuko dute 1. ataleko a) c) eta e) letretako baldintzak betetzen dituztela. Laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa izanen da agiri hori.

4 Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea honetarako:

a) Gizarte Segurantzari kontsulta egitea eskatzailearen betebeharrei eta hartan lanean ari diren langile kopuruari buruz.

b) Departamentuan eskatzaileari buruz dauden datu fiskalak eskuratzea, egiaztatzeko ea oinarri honetako baldintzak betetzen ote diren.

c) Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein informazio.

4. oinarria.–Diruz lagun daitezkeen gastuak eta burutzeko epea.

1 Honako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) A motako proiektuetan, IKTak garatzen dituen enpresak fakturatutako gastuak izan daitezke diru-laguntzaren xede.

b) B motako proiektuetan, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Bezeroa den entitatearentzat: IKTen garatzaileak fakturatutako gastuak eta proiektuarekin zuzenean lotutako kanpoko beste gastu batzuk.

–IKTak garatzen dituen enpresarentzat: proiektuari lotutako kanpoko gastu teknologikoak (kanpoko elkarlanak, prestakuntza espezializatua, etab.).

2 Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

–Langileria gastuak, barneko gastuak eta zeharkako gastuak.

–Inolako hardwarerik ez, ezta horien instalazioa ere.

–Enpresaren funtzionamendurako erabiltzen den inolako softwarerik (kudeaketa sistemak, lizentziak, migrazioak, etab.), ezta horien instalazioa ere.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko urriaren 20ra bitartekoa da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa epe horren barrenean denean. Gastu horien ordainketa egunari dagokionez, 11. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-lagutnzaren xede izan daitezkeen gastuen laguntza-ehunekoa, eta eman daitekeen gehienekoa, ondoren azaltzen dira, proiektuaren eta onuradunaren arabera:

1 A motako proiektuak.

JARDUKETA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

Web orri berria

%50

1.500 euro

Web orriaren eguneraketa

%40

1.000 euro

Merkataritza elektronikoa

%60

3.600 euro

Merkataritza elektronikoa sartzea ERP bidez

%60

2.400 euro

Hodei bidezko zerbitzuak

%50

2.000 euro

2 B motako proiektuak.

ENTITATE BEZEROA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

Mikroenpresa

%50

15.000 euro

Enpresa txikia

%40

12.000 euro

Enpresa ertaina

%30

9.000 euro

Enpresa handia

%20

6.000 euro

Enpresa elkartea

%70

21.000 euro

IKTAK GARATZEN DITUEN ENPRESA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

Mikroenpresa

%40

4.000 euro

Enpresa txikia

%30

3.000 euro

Enpresa ertaina

%20

2.000 euro

6. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1 Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko ekainaren 21ean bukatuko da, egun hori barne.

2 Telematikoki aurkeztuko dira eskabideak, ziurtagiri digital baliodunarekin, deialdi honen fitxan dagoen inprimaki elektronikoaren bidez (aurrerantzean, “laguntzen fitxa”). Fitxa Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, www.navarra.es helbidean.

3 Laguntza eskatzeko, beharrezkoa da ondoko dokumentazioa aurkeztea, fitxategi bereizietan eta behar bezala beren izenarekin identifikaturik (esaterako, “Datuen inprimakia”, “Erantzukizuneko aitorpena”, etab.). Laguntzen fitxan badira eredu bat baino gehiago, eta agiriak horietara egokituko dira:

a) Enpresaren eta diru-laguntza jasoko duen proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) 3.3, 12. eta 13. oinarri arautzaileetan eskatzen diren datuen erantzukizuneko aitorpena.

c) Proiektua azaltzen duen memoria, ereduko gidoiaren araberakoa.

d) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehakatuekin batera.

e) Diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 euro baino handiagoa bada (BEZa kanpo), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta “hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan dagoena.

f) Eskabidea ordezkari baten bidez aurkezten bada, ahalordetze-eskritura, edo entitatearen agiri pribatuaren kopia, ordezkariari eskabidea aurkezteko baimena ematen diona.

g) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren agiri guztiak.

4 A motako proiektuen kasuan, eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztu beharko du, eta hartan sartuko ditu diru-laguntzaren xede diren jarduketa guztiak.

5 B motako proiektuetarako, entitate bezeroak eta IKTak garatzen dituen enpresak bereiz aurkeztuko dituzte eskaerak. Baina bigarrenaren kasuan, 4.1.b) oinarriaren arabera diruz lagun daitezkeen gastuak izanez gero aurkeztu beharko du soilik.

7. oinarria.–Banakako ebaluazioa.

1 Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da; hortaz, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak 8. oinarriko irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebaluazio horren araberako tamainan esleituko du diru-laguntza.

Espedienteak eskabideak telematikoki aurkezten direneko hurrenkerari jarraituz tramitatuko eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Hurrenkera bereiz eginen da, 2. oinarrian definitutako proiektu mota bakoitzerako. B motako proiektuetan, laguntza bi entitateek eskatzen dutenean, sarrera datatzat hartuko da lehenik sartu den eskaerarena.

2 Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira. Nolanahi ere, emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, behar adina kreditu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1 A motako proiektuak ebaluatuko dira egiaztatzeko 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla.

2 B motako proiektuak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Nafarroan garatutako IKT aplikazioak izanen dira proiektuak.

b) Nafarroan, sektore horretan berritasuna izanen dira, eta sektoretzat hartuko da 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren hirugarren digituan definitutako sektorea.

c) Teknologiaren ikuspuntutik izanen dira berritzaileak, edo produktu edo zerbitzu bati aplikatzearen ikuspuntutik.

Kide anitzeko organo batek eginen du ebaluazioa, honako hauek osatutakoak:

–Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Informazioaren Gizartea eta Enpresa Sektoreak Sustatzeko Ataleko burua.

–Informazioaren Gizartea eta Enpresa Sektoreak Sustatzeko Ataleko teknikari bat.

–Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzua ordezkatuko duen pertsona bat.

–ATANA (Nafarroako IKTen enpresen elkartea) ordezkatuko duen pertsona bat.

9. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1 Enpresa Sustapenaren Zerbitzua, eskaerak ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaeretako bakoitza ebaluatu ondoren, eta ikusirik 8. oinarriko kide anitzeko organoak zer erabaki hartu duen B motako proiektuei buruz, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2 Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendaria da diru-laguntzen ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publiko ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1 Diru-laguntzen onuradunek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluko betebehar orokorrez gainera, ondoko hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko proiektuak.

c) Diru-laguntza jasotako proiektuei eustea, hasten direnetik hiru urtez bederen.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diru-laguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

e) 14. oinarrian ezarritakoa betetzea, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) %50 kofinantzatutako laguntza izateagatik.

2 Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezean, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1 Diru-laguntzaren xede den proiektua egin eta gero, onuradunek egindako proiektua eta gastu eta ordainketa guztiak justifikatu beharko dituzte, 2015eko urriaren 31 (hori barne) baino lehen.

Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da 2015eko urriaren 20rako fakturatu dena, kobratzeko egon badaiteke ere. Kasu horretan, onuradunak justifikatu egin beharko du, eta aurreikusitako ordainketa egutegiaren berri eman beharko du.

2 Telematikoki eginen da justifikazioa, honako agiriak aurkeztuz laguntzen fitxaren bitartez:

a) “Jarduketen eta gastuen justifikazioa”, behar bezala betea.

b) Ordainketen fakturak eta frogagiriak (bankuko agiriak onartuko dira bakarrik).

c) Egindako proiektuaren justifikazio memoria, eskura dagoen ereduaren arabera.

3 Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, 10.1.a) oinarriko gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

4 Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak enpresa onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu noiznahi, diru-laguntzak jaso dituzten proiektuak zenbateraino ezarri diren egiaztatzeko.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen edonolako beste diru-laguntzekin.

Baina jarduera bera egiteko beste entitate batzuek emandako diru-laguntzekin bateragarriak izanen dira. Dena dela, zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Ondorio horietarako, eskatzaileek erantzukizuneko aitorpen batean adieraziko dute zer diru-laguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, zergaldi honen eta aurreko bien artean.

Horretarako, onuradunek beste erantzukizuneko aitorpen batean azalduko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

14. oinarria.–Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kofinantzaketa.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatuko ditu laguntza hauek, Nafarroako Foru Komunitateko EGEF 2007-2013 Programa Eragilearen bitartez. Hortaz, onuradunek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Enpresaren web orrian, iraunkorki, EGEFen ekarpena aipatzea, honako esaldi hau paratuz: “Web hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 konfinantzatua dago, Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez”. Esaldi horrekin batean logotipo bat jarriko da, deialdiko fitxan eskuragarri egonen dena, honako hauek izanen dituena: EBren ikurra, ezarritako arau grafikoekin bat, EBren aipamena, EGEFen aipamena eta “Europa egiteko modu bat” lema.

b) Europar Batasunaren Egitura Funtsak ongi erabili daitezen erantzukizuna duten arduradunek (Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegia), kasua bada, egiten dituzten finantza kontrolak onartzea, eta auditoria horiek egitearen ardura duten pertsonei laguntza ematea, horiek ongi gauza daitezen.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek –ez administrazio publikoek–, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, araudia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1 Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Halaber, Batzordeak abenduaren 8an emandako 1828/2006 EE Erregelamenduaren 6. artikulua betez, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko dira (minhap.es), hura baita Nafarroako EGEF 2007-2014 Programa Eragileko agintaritza kudeatzailea.

Iragarkiaren kodea: F1507082