96. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 10ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Ribaforadako Aperitivos y Extrusionados SA enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusirik Ribaforadako Aperitivos y Extrusionados SA entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31000392011998), Erregistro honetan sartu zena 2015eko urtarrilaren 23an eta enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2014ko abenduaren 16an izenpetu eta 2015eko martxoaren 31n eta 2015eko apirilaren 1ean zuzendu zutena. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

APERITIVOS Y EXTRUSIONADOS SAU SOZIETATEAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua.–Eremu funtzionala.

Hitzarmen honek arautuko ditu fruitu lehorrak eta zizka-mizkak fabrikatu eta merkaturatzen dituen Aperitivos y Extrusionados SAU enpresaren berariazko lan-harremanak.

2. artikulua.–Lurralde eremua.

Hitzarmen honek Ribaforadako (Nafarroa) lantokian izanen du indarra.

3. artikulua.–Langile eremua.

Hitzarmen honetan ezarritakoaren eraginpean egonen dira enpresako produkzio eta biltegi ataletan jarduten duten eta lan kategoria hauek dituzten langileak: produkzio unitateko arduraduna, peoi espezializatua (makinista), peoia (laguntzailea) eta prestakuntzan den peoia.

4. artikulua.–Iraunaldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean ondorio guztietarako. Bi urte iraunen du eta 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra arte izanen ditu ondorioak, kontzeptu ordainduei dagokienez. Hitzarmen honen testu artikuludunak ez du epemugarik. Hortaz, urtero automatikoki luzatuko da eta ez zaio aldaketarik eginen alde sinatzaileak berariaz ados jarri ezean.

5. artikulua.–Hitzarmenaren salaketa eta luzapena:

Hitzarmen aldia iraungitzean amaitutzat hartuko da.

6. artikulua.–Konpentsatzea eta irenstea:

Hitzarmen honen baldintzak, oro har, legeak ezarritako gutxienekoak baino hobeak dira. Beraz, irentsi eta konpentsatuko dituzte hitzarmenaren indarraldian aginduzko xedapenen bidez ezar daitezkeen bestelako baldintzak, zeinek eraginkortasun praktikoa izan baitezakete baldin eta orokorrean, urteko konputuan, hitzarmenaren maila osoa baino hobeak badira.

7. artikulua.–Berme pertsonalak:

Itundutako baldintzak osorik aplikatuko dira lehendik ezarritakoen gainetik, baina enpresak lehendik onartutako hobekuntza ekonomiko guztiak errespetatuko dira.

Langileren batek, orokorrean eta urteko konputuan, kualifikazio bereko langileentzat hitzarmenean ezartzen diren baldintzak gaindituko balitu, errespetatu eginen litzaizkioke pertsonalki. Neurri hori egoera horretan dauden langileei baino ez zaie aplikatuko.

8. artikulua.–Osotasunarekiko lotura.

Itundutako baldintzek osotasun organikoa osatzen dute. Praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.

II. KAPITULUA

Langileen sailkapena

9. artikulua. Lanbide kategorien definizioa.

Hitzarmen honen eraginpean dauden APEX SAko langileak lanbide kategoria hauetan sailkatuko dira;

A.–Produkzio unitateko burua.

Lanbide kategoria: produkzio unitateko arduraduna.

Hierarkian goragokoa: produkzio zuzendaria.

Eginkizun nagusiak: salmenta departamentuak behar duen produktua garaiz eta eskatutako kalitate eta kopuru estandarrak betez ekoiztearen arduraduna da. Produkzio zuzendariari ataletik ahalik etekin handiena ateratzen laguntzen dio. Atalaren aurrekontuak eta helburuak betetzearen arduraduna da.

Mendekoak: atalaren arabera, bertan aritzen diren langile guztiak: estrusionatzaileak, txigortzaileak, ontziratze makinako langileak (horizontalak edo bertikalak), artoaren eta frijiketaren langileak eta produkzioan ari diren langile guztiak.

Eginbehar zehatzak:

Egunero:

–Biltegiko arduradunari jakinarazten dio zein lehengai behar diren, makinetaraino eraman ditzan.

–Mantentze-lanetako buruari arazo teknikoen berri ematen dio. Hainbat konponketa egin behar badira, lehentasunak ezartzen ditu.

–Txandako produkzioa programatzen du.

–Bere txandako produkzio prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du.

–Bere atalaren kalitate kontrolak egin edo egiaztatzen ditu, eta estandarrak betetzen ez badira kalitate departamentuari oharra egin eta horrekin batera proposatzen du desbiderapenak zuzendu daitezela eta fabrikazio loteak berrikusi.

–Kopuruari dagokionez estandarrekin dauden aldeak aztertzen ditu eta horiek zuzentzeko behar diren doikuntzak proposatzen ditu.

–Bere ataleko eguneroko produkzio parteetan azaltzen diren gorabeherak konpontzen ditu produkzioko administrazioarekin bat.

–Bere ardurapeko langileak zuzentzen ditu.

–Bere ataleko langile berriak laguntzen ditu bereziki.

–Kalitatea eta produktibitate hobetzeko aldaketak, zuzenketak eta hobekuntzak proposatzen ditu bere ataleakn.

–Bere atalean higiene arauak betetzearen, ordenaren eta garbitasunaren arduraduna da.

–Lanaren plangintzan aldaketaren bat dakarten matxurak, bajak edo bestelako arrazoiak direla eta, langileak tokiz aldatu edo lanak berriro esleitzen ditu.

–Langileei buruzko edozein gertakari jakinarazten dio langileen administrazio departamentuari (bajak, atzerapenak, gertakariak...).

Hilerokoak:

–Hobekuntzak eta aldaketak gomendatzen ditu bere atalean kalitatea ziurtatzeko eta elikagaien segurtasuna eta produktibitatea hobetzeko.

–Aurrekontuan dauden diferentziak aztertzen ditu, helburuenak eta estandarrenak, kausei buruzko txosten arrazoitua ematen du eta zuzenketarako behar diren doikuntzak proposatzen ditu.

–Garbiketa plana nola betetzen den gainbegiratzen du eta hobekuntzak eta aldaketak proposatzen ditu.

–Badaki zein diren bere atalari atxikitako aktiboek behar dituzten prebentziozko mantentze-lanak eta garaia denean behar bezala egiten direla egiaztatzen du.

–Bere ardurapeko langileak ebaluatzen ditu.

Urtero:

–Fabrikazio-estandarrak zehazten parte hartzen du eta bete daitezen arduratzen da.

–Atalaren funtzionamendua hobetzeko behar diren inbertsioak proposatzen ditu.

B.–Lineako burua.

Lanbide kategoria: makinista.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna.

Mendekoak: bere eremuko langileak.

Eginkizun nagusiak: makinen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu onaren arduraduna da produkzio aldian; bere arloko langileek kontrolak egiten dituztela egiaztatzen du, azken produktuaren kalitatea ziurtatzeko (estandarrak, hitzartuak). Produkzio unitateko arduradunari ataletik ahalik etekin handiena ateratzen laguntzen dio. Atalaren aurrekontuak eta helburuak betetzearen arduraduna da.

Eginbehar zehatzak:

Egunero:

–Produkzio unitateko arduradunak emandako fabrikazio aginduak betearazten ditu.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, Produkzio unitateko arduradunari jakinarazten dio.

–Eskatutako fabrikazioa egiteko behar diren materialak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, Produkzio unitateko arduradunari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu, honako hauei dagokienez: papera, poltsak markatzeko eta zigilatzeko zintak etab.

–Poltsak eta kaxak behar bezala bete, markatu, zenbatu eta zigilatzearen arduradun subsidiarioa da.

–Makinak eta inguruak garbitu eta zaintzeko aginduak ematen ditu eta lan horiek gainbegiratzen ditu.

–Jasotzen dituen lehengaien sarrera ikus-onesten du.

–Produktu burutuen biltegira bidaltzen dituen salgaiak ikus-onesten ditu.

–Bere arloko makinen produkzio parteak egiten ditu.

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan antzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

Hilerokoak:

–Bere arloko makinetan prebentziozko mantentze-lanak ezarrita dagoen planari jarraituz egin direla egiaztatzen du.

C.–Estrusio lanetako ofiziala:

Lanbide kategoria: ofiziala.

Hierarkian goragokoa: Produkzio unitateko arduraduna.

Mendekoak: bonboetako langileak.

Eginkizun nagusiak: makinen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu egokiaren arduraduna da produkzioaldian; azken produktuaren kalitatea ziurtatzeko behar diren kontrolak egiten ditu (hitzartutako estandarrak). Produkzio unitateko arduradunari ataletik ahalik etekin handiena ateratzen laguntzen dio. Atalaren aurrekontuak eta helburuak betetzearen arduraduna da.

Eginbehar zehatzak:

Egunero:

–Produkzio unitateko arduradunak emandako fabrikazio aginduak betearazten ditu.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, produkzio unitateko arduradunari jakinarazten dio.

–Eskatutako fabrikazioa egiteko behar diren materialak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, Produkzio unitateko arduradunari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu, produktu bakoitza prestatzeko behar diren zehaztapen teknikoei dagokienez.

–Bere arloan fabrikatzen diren produktuen pisu espezifikoa, zaporea ematea eta ontziratzea egokiak izan daitezen arduratzen da.

–Makinak eta inguruak garbitu eta zaintzeko aginduak ematen ditu eta lan horiek gainbegiratzen ditu.

–Jasotzen dituen lehengaien sarrera ikus-onesten du.

–Produktu burutuen biltegira bidaltzen dituen salgaiak ikus-onesten ditu.

–Bere arloko makinen produkzio parteak egiten ditu.–

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan antzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

Hilerokoak:

–Bere arloko makinetan prebentziozko mantentze-lanak ezarrita dagoen planari jarraituz egin direla egiaztatzen du.

–Makinen garbiketaz eta tratamenduaz mantentze-lanetako buruak ematen dituen arauak betearazten ditu.

D.–Lineako burua (eskorga gidaria).

Lanbide kategoria: peoi espezializatua.

Goragokoa: logistikako burua.

Mendekoak: zamalanetako langileak.

Funtsezko eginkizunak:

–Makina eta zinta jasotzaileen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu onaren arduraduna da produkzio aldian.

–Produktu burutuen biltegiko salgaien txandaketa egokia egiten du.

–Produktu burutuen sarrera-irteerak parteetan ageri diren berak direla egiaztatzen du.

–Bere lan arloa eta hari atxikitako makina, erreminta eta tresnak garbitu eta zaintzearen arduraduna da.

–Stock-en jarraipen eta kontrol sistema eraginkorra administratzen laguntzen du.

–Logistikako buruari arlo horretatik ahalik etekin handiena ateratzen eta arloaren aurrekontu eta helburuak betearazten laguntzen dio.

Eginbehar zehatzak:

Egunero:

–Logistikako buruak emandako karga-programazioa betearazten du.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, logistikako buruari jakinarazten dio.

–Eskatutako karga-programazioa egiteko behar diren produktuak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, logistikako buruari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu.

–Produktu burutuak jasotzen ditu, eta biltegiratzeko ardura duen pertsonari zein biltegitara eraman behar dituen adierazten dio.

–Produktu burutuak kargatu eta jaso izanaren parteak egiten ditu eta horietan errealitatea ageri dela ziurtatzen du.

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan antzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

E.–Peoi espezialista.

Txigortzailea, frijitzailea eta zuritzailea.

Eginkizun nagusiak:

–Prozesua zuzena izatearen arduraduna da, bere zereginen deskripzioan definitutako gune kritikoetako bakoitzean.

F.–Peoia:

Lanbide kategoria: laguntzailea.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna + lineako burua.

Eginkizun nagusiak:

–Langile horrek batik bat ahalegin fisikoa eskatzen duten lanak egiten ditu, lan praktiko erraza, kasu bakoitzean beharrezkoa den arreta jarriz.

–Zorrotxoak behar bezala bete, zigilatu eta kodetzearen edo dagokien erdi-bukatzearen arduraduna da.

G.–Peoia prestakuntzan.

Lanbide kategoria: laguntzailea.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna + lineako burua.

Eginkizun nagusiak:

–Peoiak dituen berak.

Kategoria honetan egonen dira enpresara lehenbiziko aldiz peoi kategoriarekin sartu eta lehenengo bi hilabeteetan kategoria horrekin aritu diren langileak. Epe hori igarota, eta langileak enpresan jarraitzen badu automatikoki peoi kategoria lortuko du.

10. artikulua.–Mugigarritasuna eta talde funtzionalez aldatzea.

Mugigarritasun funtzionala enpresaburuaren eskumena da, baina ez ditu galaraziko langilearen eskubide ekonomikoak, hau da, zerbitzuengatiko guztizko prestazio ekonomikoak.

Mugigarritasun funtzionala gorabehera, langileak betiere bere lanbide taldekoa izaten segituko du.

11. artikulua.–Sarrera eta probaldia:

Lan kontratuek probaldia izanen dute, gehienez ere hiru hilabetekoa teknikari tituludunentzat eta 15 egunekoa gainerako langileentzat.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).

Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagozkion ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.

12. artikulua.–Kategoriaz igotzea:

Igoeren araubidea langileen gaitasunari lotuko zaio beti (lanbide prestakuntza, merezimenduak, antzinatasuna), bai eta enpresako zuzendaritzaren antolamendu-ahalmenei ere.

Enpresak lanpostuen %2 gordeko du minusbaliatu gisa erregistraturik dauden langileentzat, abuztuaren 22ko 2.531/1970 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. artikulua.–Lana uztea eta likidazioa:

Enpresa uzten duten langileei, dagozkien ordainsari guztien likidazioa emanen zaie, zehatz azalduta, kontzeptuak zer diren eta zenbatekoa zein den argi ikus dezaten. Interesdunak enpresa batzordeko kide baten edo delegatu sindikal baten presentzia eskatu ahal izanen du.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako gutxieneko 15 eguneko epea betez. Langileak, aurrez abisatzen ez badu, ezin izanen du lana uzteagatik edo dimititzeagatik dagokion likidazioa jaso, harik eta enpresak langile guztiei hurrengo ordainsaria ematen dien arte.

14. artikulua.–Lan kontratuak.

2/1991 Legean xedatutakoa aplikatuz, goi zuzendaritzako lan kontratu berezietan izan ezik, enpresak 10 eguneko epean emanen die langileen ordezkariei egiten diren lan kontratuen oinarrizko kopia.

Langileen ordezkariek agiri hori sinatuko dute jasotzen dutenean, enpresaburuak agiria eman izana egiazta dezan.

Aldi baterako kontratua: merkatuko inguruabarrek, lan metaketek edo eskabide gehiegi izateak zehazten dute halako kontratuen iraupena (Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 15. artikuluko 1. zenbakiko b) atalean eta maiatzaren 16ko 8/1997 Errege Dekretu Legean arautzen dira kontratu horiek). Gehienez ere 12 hilabetekoak izanen dira 18 hilabeteko tartean, aipatu diren arrazoiak sortzen direnetik hasita.

III. KAPITULUA

Lanaldia, oporrak eta lizentziak

15. artikulua.–Lanaldia:

Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean benetako lanaldia honakoa izanen da:

Aldia: 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra: 1.746 ordu urteko.

Aldia: 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra: 1.746 ordu urteko.

Lanaldi etengabean, benetako lanaldiaren barnean, ogitartekoaren atsedenaldia izanen da, lanaldi bakoitzean 15 minutukoa. Lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da oro har. Biltegietan lanaldia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da.

16. artikulua.–Aparteko orduak:

Enpresako lan egutegian ezarritako lanaldiaz kanpo edo lanaldiaz gain egiten diren orduak aparteko ordutzat hartuko dira.

Ikusirik dagoen langabezia, eta enplegua sortzeko asmoz, hitzarmen hau sinatu duten bi aldeek erabaki dute komeni dela ahalik eta aparteko ordu gutxien sartzea.

Horrekin bat, irizpide hauek ezarri dira:

1.–Ohiko aparteko orduak kentzea.

2.–Ezbeharrak izan edo aurreikusteagatik, ohiz kanpoko kalteengatik edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskuagatik egiten diren aparteko orduak egitea.

3.–Lanaren egitura eta antolakuntzan ohiz kanpoko egoerak sortzeagatik (lanera ez agertzea, txanda aldaketak, ohiz kanpoko lanak, lan pilaketa handiak, etab.) aparteko orduak egitea, behin-behineko langileak kontratatzerik ez dagoenean. Aparteko orduak txandaka eginen dira, ahal dela, eta atal honetakoak, berriz, norberaren borondatez.

17. artikulua.–Aparteko orduaren balioa:

Aparteko orduak egiten direnean, ondoko balioa izanen dute:

a) Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan egiten diren aparteko orduen prezioa:

2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte: banakako orduaren %62.

b) Larunbat arratsalde, igande eta jaiegunetan egiten diren aparteko orduen prezioa:

2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte: banakako orduaren %87.

18. artikulua.–Lan egutegia:

Lan egutegian jasoko dira enpresaren zerbitzuan lan egiteko era guztiak. Bertan lanaldiaren hasierako eta bukaerako orduak zehaztuko dira.

Enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak urtero adostuko dute lan egutegia urriaren 31 baino lehen, eta iragarki oholean jarriko da.

19. artikulua.–Oporrak:

Hitzarmen honen eraginpeko langileek 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte.

Oporrak hartu eta banatzerakoan kontuan hartuko da enpresaren jarduera etengabeari eusteko gutxieneko langile beharrak bermaturik egon behar direla.

Gutxieneko langile kopurua bermaturik, oporrak honela banatuko dira:

Langileek 15 egun natural jarraian hartzeko eskubidea dute uztailaren 15etik irailaren 15era bitartean, hitzarmenak indarrean dirauen urteetan. Astebete gehiago hartu ahal izanen dute, enpresako zuzendaritzari eskatu eta hark onartuz gero. Hautaturiko oporraldian langileari bajaren bat suertatzen bazaio, baja egunak ez dira opor eguntzat joko eta gerora hartu ahal izanen dira.

Halaber langileek 5 opor egun hartu ahal izanen dituzte urtean zehar (hauetako 3 langileak aukeratuko ditu eta beste 2 enpresak), udako opor garaian izan ezik, enpresari eskatu eta hark onartuz gero. Enpresak baiezkoa emanen du baldin eta eskaeren edo opor egunen metaketak ez badu eragozten enpresaren ohiko jarduera. Opor egunak hartu ahal izateko gutxienez 7 egun lehenago jakinarazi beharko da.

Abenduaren 24an eta 31n goizeko lanaldia eginen da, 6etatik 14tara, eta horrela opor egun bat osatuko da.

20. artikulua.–Lizentziak:

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute lizentzia ordainduak hartzeko zenbait arrazoi tarteko, aurrez abisatu eta justifikaturik. Lizentzia hartzeko arrazoiak honakoak izanen dira:

1.–Langilea ezkontzeagatik, 15 lanegun (hitzarmen honetan izatezko bikoteak ezkondutako bikoteen parekoak dira).

2.–Emaztearen erditze naturalagatik, 3 lanegun. Zesarearen bidezko jaiotza bada, 5 lanegun hartu ahal izanen dira.

3.–Ezkontidearen edo seme-alaben heriotzagatik, 6 lanegun.

4.–Ezkontidearen edo seme-alaben heriotzagatik, 4 lanegun.

5.–Bigarren graduko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasun arteko ahaideen eritasun larriagatik edo heriotzagatik, 2 lanegun.

6.–Zortzi urte arteko seme-alabak ospitaleratzeagatik, 4 lanegun, ospitalean 24 ordu edo gehiago irauten badute. Ospitaleko egonaldia 24 ordutik beherakoa bada, behar den denbora hartuko da.

Eritasuna larritzat joko da eria ospitaleratzen baldin bada.

7.–Lanegun bat ohiko bizilekuz aldatzeko.

8.–Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora, boto ematekoa barne.

9.–Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

10.–Urtean 32 ordu ordaindu hartu ahal izanen dira medikuaren edo espezialistaren kontsultara joateko, aurrez justifikaturik.

11.–Artikulu honetako 2, 3, 4 eta 5. puntuetan jasotako kasuetan, langileak bere bizilekutik 75 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu, baimenak bi egun natural gehiago izanen ditu, eta errespetatuko da egun bat laneguna izatea.

21. artikulua.–Lanaldiaren murrizketa:

Legepeko zaintza dela eta, langileren batek hamabi urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen gorputz edo adimenaz ezindutako norbait bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.

Halaber langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute bigarren graduko ahaideak zaintzeko, 2 urtean.

22. artikulua.–Erditzea prestatzeko baimenak:

Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora hartuko da, lanorduetan egin behar badira.

23. artikulua.–Bularra emateko baimena:

Bederatzi hilabetetik beheitiko seme-alabari bularra edo esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete.

Eskubide horren ordez, emakumezko langileak ohiko lanaldia ordu erdiz murriztu dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimen hau amak edo aitak hartzen ahalko du, biak lanean ari badira.

Edoskitze aldian dauden amak amatasun bajaren bukaeran metatzen ahal dituzte beren orduak, aldez aurretik enpresari ohartaraziz. Metaketa 15 egunekoa izanen da.

24. artikulua.–Ikasteko lizentziak:

Langileek, ikasketak edo lanbide karrera bat egiteko ikastetxe ofizial batean matrikulatuta badaude eta azterketaren batera aurkeztu behar badute, baimena eskatuko diote enpresari, eta enpresak behar duten denborarako baimena emanen die, urtean hamar egunez gehienez. Baimen denboraren ordainsaria hitzarmeneko soldataz eta antzinatasunaz osatuko da. Aurretik behar bezala frogatu beharko da azterketara joan izana.

Baimen horietatik kanpo daude gidari azterketak, eta langileak Administrazioan edo lantoki ez duen enpresa batean sartzeko egiten dituen azterketak.

Langileak lanaldi arrunta egokitzeko eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joan behar badu, edo lanbide prestakuntza edo hobekuntzarako baimena lortzeko lanpostua gordeta.

25. artikulua. Prestakuntza:

Prestakuntza planak enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio eta hark txostena emanen du. Joan-etorrietako gastuak enpresaren kontura izanen dira eta lanorduetan eginen dira.

26. artikulua. Soldatarik gabeko lizentzia:

enpresan gutxienez urtebete daramaten langileek soldatarik gabeko lizentziak eskatu ahal izanen dituzte, gutxienez 7 egunekoak eta gehienez 150 egunekoak hitzarmen honen indarraldiko lehen urtean, eta gutxienez 7 egunekoak eta gehienez 180 egunekoak bigarren urtetik aurrera. Eskatu eta hurrengo astean emanen zaie lizentzia hori, presaz hartu beharra behar bezala frogatzen duten kasuetan izan ezik, halakoetan eskatu eta berehala emanen baitzaie. Betiere enpresako zuzendaritzak erabakiko du lizentzia ematea, zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute eta eskaeraren arrazoiak behar bezala justifikatzen badira.

Lizentziak irauten duen denboran enpresak langilearen baja emanen du Gizarte Segurantzan.

Ezin izanen dute beste lizentzia bat eskatu azken lizentziatik bi urte iragan arte.

27. artikulua.–Eszedentziak:

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eszedentzia hauek hartzeko eskubidea izanen dute:

Borondatezkoa: Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskatzen ahalko dute borondatezko eszedentzia.

Baldintza hauek ezinbestekoak dira eszedentzia emateko:

1.–Idatziz eskatzea, arrazoiak azalduz.

2.–Langileak konpromiso formala hartzea eszedentziaren denboran ez duela enpresan egiten zuen bezalako jarduerarik eginen, ez bere kontura ez inoren kontura. Baldintza hori ez betetzeak lan harremanaren amaiera eta lortutako eskubideen galera ekarriko ditu.

Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta 15 eguneko epean ebatziko dira. Zerbitzuaren beharrak kontuan hartuko dira erantzuna ematerakoan.

Eszedentzia gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bost urtekoa izanen da.

Lanpostua lehenbiziko urtean gordeko zaio eszedentzian den langileari. Itzulera aurretiaz eskatu beharko du, eszedentzia amaitu aurreko 30 egun naturalen barnean; bestela, langileak enpresarekiko lan harremanari uko egin diola ulertuko da.

Lehen graduko ahaidea zaintzeko eszedentzia: gehienez 3 urte hartzen ahal dira, lanpostua gordeta.

Nahitaezkoa: lanpostua gordeko da eta eszedentziaren denboran antzinatasuna kontatuko da. Baldintza hauek biltzen dituzten langileei emanen zaie.

1.–Estatu, autonomia erkidego, udalerri edo Europa mailako kargu publiko baterako aukeratu edo izendatua izatea, hauteskunde prozesu egokiaren bidez, izaera orokorreko esparru guztietarako edo haietako bakoitzerako.

Estatu, udalerri edo Europa mailako kargu publiko baterako izendatua izatea, izendapena ministroen kontseiluan edo kasuan kasuko administrazioko organoetan onetsi izanik, eta aldizkari ofizialean edo administrazio ebazpen egokiaren bidez argitaratua.

2.–Beren estatutuei jarraikiz eskualde barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

Ordezkaritza-kargu publikoan edo eskualde barneko nahiz esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzeagatik eszedentzia ematen denean, langileak kargua edo eginkizuna utzi eta 30 egun natural igaro baino lehen itzuli beharko du enpresara.

Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eszedentzian dagoen langileak ez du eskubiderik izanen ordainsaririk jasotzeko, ez eta eszedentzian emandako denbora ezein ondoriotarako kontatzeko ere, salbu eta antzinatasunerako, nahitaezko eszedentziaren kasuan.

Familia eta lana uztartzea: hitzarmen honetan jasorik ez dauden gaietan indarra duen legeria aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

28. artikulua.–Ordainsariak:

Soldatak dira, hots, urteko eta eguneko lansari gordinak. Zergak eta karga sozialak, edo langileen ordainsariak nahitaez kargatzen dituen oraingo eta geroko beste edozein kenketa, legearen arabera dagokionak ordainduko ditu, behar den eran eta moduan.

Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean honako hauek izanen dira eguneko oinarrizko soldatak, kategoria guztietarako:

2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2013ko KPI erreala, gutxienez ere %0,30.

2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2014ko KPI erreala, gutxienez ere %0,30.

Lanpostuko osagarria eta hitzarmenaren plusa:

Lanpostuko osagarria edota hitzarmenaren plusa jasotzeko eskubidea duten langileek hurrengo igoerak izanen dituzte aipatu kontzeptuetan:

2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2013ko KPI erreala, gutxienez ere %0,30.

2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2014ko KPI erreala, gutxienez ere %0,30.

Soldatak, lanpostuko osagarriak eta hitzarmenaren plusa IV. eranskineko lansarien taulan zehaztutakoak dira.

Aldi baterako kontratua duten langileek hitzarmeneko urteroko igoerei dagozkien soldata-atzerapenak kobratuko dituzte enpresan alta emanda egon diren denboragatik, baita hitzarmena sinatzen denean kontratua amaitua badute ere.

29. artikulua.–Antzinatasuna:

Hitzarmen honen eraginpeko langileek oinarrizko soldataren %6ko igoera izanen dute betetzen duten hirurteko bakoitzeko, gehienez ere 10 hirurteko bete arte.

30. artikulua.–Neke, toxikotasun eta arriskuaren plusa:

Lan arloko agintaritza eskudunak enpresan egiten den lanen bat nekagarri, arriskutsu edo toxikotzat sailkatzen badu, enpresak ahal diren neurri guztiak hartuko ditu plus horren eragile diren baldintzak ezabatu edo arintzeko. Sailkapen horrek dirauen artean langileak plusa jasoko du, bere kategoriako oinarrizko soldataren %10 hain zuzen, agintaritzak lanpostua katalogatzen duenetik egoera zuzentzen den arte.

31. artikulua.–Gaueko lanaren plusa:

Hitzarmen honen eraginpeko langileetatik gaueko hamarretan hasi eta goizeko seiak arte lan egiten dutenek gaueko lanaren plusa jasoko dute 2014. eta 2015. urteetan: oinarrizko soldataren %25.

Gauez eta jaiegunez lan egin behar izanez gero, plusa kalkulatzeko ordu arruntari jaieguneko orduarekiko aldea gehituko zaio.

32. artikulua.–Aparteko eskersariak:

Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko hiru eskersari jasoko dituzte, uztailekoa, Eguberrietakoa eta mozkinen paga. Horietako bakoitzean 30 eguneko oinarrizko soldata, antzinatasuna eta hitzarmenaren plusa kobratuko dituzte. Sorrarazpenari dagokionez, enpresak hilabeteka hainbanatu ahal izanen ditu.

33. artikulua.–Laneko istripuak edo lanbide eritasunak:

Lan istripu edo lanbide eritasunengatik bajan dauden langileen soldatak, %100eraino berdinduko dira lehenbiziko egunetik hasita.

34. artikulua.–Aldi baterako ezintasuna:

Enpresak langile finko guztiendako indarrean mantenduko du aseguru bat. Aseguru horren bidez %100ean osatuko da hileko soldata (oinarrizko soldata - hitzarmenaren plusa - lanpostuko osagarria) aldi baterako ezintasuneko bajan dauden laginleendako bajako 51. egunetik aurrera.

35. artikulua.–Malgutasunaren eta lan taldeen ziozko prima berezi gordina:

Hurrengo hauek izanen dira atal honetan enpresak ordaindu beharreko zenbatekoak:

2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 bitarte: 1.000,00 euro.

2015eko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31 bitarte: 1.000,00 euro.

Ekainetik azarora bitarteko primak abenduko nominan ordainduko dira, eta abendutik maiatzera bitartekoak ekaineko nominan.

Ordainketa egiten den hilaren aurreko seihilekoan honako baldintzak betetzen dituzten langileek bakarrik jasoko dute prima hori:

–Malgutasuna: konpromisoa hartzen dute urtean 3 larunbatean lan egiteko gertu egonen direla, enpresak hala eskatzen badie.

–Kalitatea eta produktibitatea hobetzeko edo kostuak murrizteko lan taldeetan parte hartzen dute.

–Seihilekoaren azken egunean gutxienez 9 hilabete daramatzate lanean Aspil-en.

36. artikulua.–Soldata ordaintzea:

Soldatak banku transferentziaren bidez ordainduko dira, ordaindu beharreko hilabetea amaitu eta hurrengoaren lehen bost egun baliodunen barnean.

Aparteko orduak aurretiaz itxiko dira nominak prestatu ahal izateko, gehienez ere hamabi egun lehenago; sartu ez diren egunak hurrengo hilabetean gehituko dira.

37. artikulua.–Lanaldi irregularra aplikatzea:

Hitzarmen honek irauten duen bitartean, enpresak uko egiten dio urteko lanaldiaren %9 modu irregularrean banatzeari, nahiz eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluak aukera hori jaso, eta, horren ordez, urteko lanaldiaren %1 erabili dezake aipatutako artikuluan ezarritako baldintza berberetan.

%1 hori ez da erabiliko larunbat arratsaldeetan, jaiegunetan, igandeetan edo ezarritako zubietan.

38. artikulua.–Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzea.

Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu, hitzarmen hau ez aplikatzeko, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako prozedurari, eta mugaeguna iritsi aurretik negoziatzen saiatu beharko du, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

V. KAPITULUA

Onura sozialak

39. artikulua.–Erretiroa 64 urterekin hartzen dutenek:

Langile batek erretiro aurreratua hartu nahi badu, 1194/85 Errege Dekretuaren arabera, 64 urte betetzean eta bere eskubideen ehuneko 100 gordeta, enpresak langile erretiratuaren tokian beste bat jarriko du, enplegu bulegoan inskribatua, gutxienez urtebete iraunen duen kontratua eginez.

Tramiteak hasi baino lehen, enpresak eta langileak ados jarri beharko dute goian esandakoa egin ahal izateko.

40. artikulua.–Erretiro partziala.

Langile batek erretiro partzial aurreratua hartu nahi badu, enpresak nahitaez eman beharko dio.

41. artikulua.–Erreserbarako eskubidea:

Langile bati askatasuna kentzen badiote, epai irmoa eduki arte enpresak lanpostua gordeko dio eta lan kontratua etenik geldituko da bitarte horretan.

VI. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

42. artikulua.–Lokaletako higienea:

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi edukitzeko baliabideak izan; langileen betebeharra izanen da enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak betetzea.

43. artikulua.–Botikina:

Enpresak botika gela izanen du plantillako langile guztiak iristen ahal diren tokian. Botika gela ongi zainduko da, eta larrialdiko lehen sendaketak egiteko behar diren tresna eta baliabideak edukiko ditu.

44. artikulua.–Jantokiak:

Enpresak lokal bat atonduko du jantoki gisa erabiltzeko. Indarra duen legerian eskatzen diren gutxieneko baldintzak beteko ditu. Jantokian mahaiak, aulkiak eta mikrouhin labea jarriko dira, langileek erabil ditzaten.

45. artikulua.–Gaitasuna gutxitua:

Laneko istripuagatik edo lanbideko gaixotasunagatik gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektualak murriztuak) duten langileek lehentasuna izanen dute lanpostu egokiak betetzeko, enpresan dauden baldintzen arabera. Halakoetan, lanbide kategoria berri horri dagokion lansaria jasoko du langileak.

46. artikulua.–Osasuna zaintzea:

Enpresak osasun egoera zaintzeko aldian behingo azterketak bermatuko dizkie langileei, lanak dituen arriskuen arabera. Langilearen adostasuna beharko da azterketa horiek egiteko.

Salbuespenez, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, azterketa nahitaez onartu beharko da hura ezinbestekoa denean lan baldintzek langileen osasunean duten eragina ebaluatzeko edo langile baten osasun egoera berarentzat, gainerako langileentzat nahiz enpresarekin zerikusia duten beste pertsona batzuentzat arriskutsua izan ote daitekeen ikusteko. Azterketa nahitaez onartu beharko da, halaber, berariazko arriskuetarako babesa eta arrisku bereziko jarduerak arautzen dituzten legezko xedapenetan hala ezartzen denean.

Nolanahi ere, langileari ahalik eragozpen gutxien sortu eta arriskuaren araberakoak diren azterketa edo probak hautatu beharko dira. Osasun azterketaren gastuak enpresaren kontura izanen dira.

Osasun azterketaren gastuak enpresaren kontura izanen dira. Azterketa lanaldiaren barnean eginen da, edo bestela enpresak ordaindu eginen du hartan ematen den denbora.

47. artikulua.–Zerbitzuak eta higienea.

Lantokian edateko uraren hornidura behar adinakoa izanen da, eta aldagela egonen da, behar adina armairu, komun eta zerbitzurekin.

48. artikulua.–Lanpostua aldatzeko eskubidea:

Haurdun dagoen emakumeak, medikuaren txostena izanik, eskubidea izanen du lanpostua aldatzeko haurdun dagoela jakiten duenetik aurrera, laneko bere tokia arriskutsua baldin bada amarentzat edo haurrarentzat. Eta betiere antolamenduak aukera ematen baldin badu.

49. artikulua.–Laneko arropa:

Enpresak urtean behin, urtarrilean, langileei laneko arropa egokiak emanen dizkie, langile bakoitzaren lanpostuaren ezaugarriak edo jarduera mota kontuan hartuta. Zehazki, jantzi hauek emanen zaizkie:

Fabrikazio lantegiko emakumezko langileak:

–Galtza zuriak, bi pare.

–2 kamiseta zuri.

–Hotzaren kontrako txaleko bat.

–Buruko bat.

Enpresak lanpostu bakoitzerako oinetako egokiak banatuko ditu. Eskularruak behar dituzten langileei enpresak behar adina pare emanen dizkie, eta haien erabilera kontrolatuko du.

Fabrikazio lantegiko eta biltegiko gizonezko langileak:

–Galtza zuriak, bi pare.

–2 kamiseta zuri.

–Hotzaren kontrako txaleko bat.

–Txano bat.

Enpresak lanpostu bakoitzerako oinetako egokiak banatuko ditu. Eskularruak behar dituzten langileei enpresak behar adina pare emanen dizkie, eta haien erabilera kontrolatuko du.

VII. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

50. artikulua.–Hutsegiteak:

Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, bereziki, itun honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak.

Garrantziaren arabera, hutsegiteak honela sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak.

51. artikulua.–Hutsegite arinen sailkapena:

1.–Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.

5.–Bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketa egin eta 10 eguneko epearen barnean.

6.–Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

7.–Noizean behin mozkortuta agertzea.

8.–Lanarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.

9.–Arropak edo gauzak gordetzeko tokietatik kanpo uztea.

10.–Elikagai enpresa bati dagokion segurtasun eta higieneko araudia behin edo bitan ez betetzea, jabea den enpresaren kalitate arauei jarraikiz.

11.–Enpresak lanerako emandako bitartekoak ez baina beste batzuk erabiltzea, laneko arropa barne.

52. artikulua.–Hutsegite larrien sailkapena:

1.–Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, 30 egun naturaleko epearen barnean.

2.–Hogeita hamar eguneko epean lanera 2 egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.–Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzako prestazioetan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea.

4.–Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.

5.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

6.–Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.

7.–Lan orduetan norberaren lanak egitea, baita enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

8.–Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri nagusiei berehala ez ematea.

9.–Norberaren akatsak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.

10.–Elikagai enpresa bati dagokion segurtasun eta higieneko araudia 3-5 aldiz ez betetzea, jabea den enpresaren kalitate arauei jarraikiz.

53. artikulua.–Hutsegite oso larrien sailkapena:

1.–Lanera behin eta berriro berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

a) Lanera 8 aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, 30 egun naturaleko epean, eta lanera 16 aldiz berandu iristea arrazoirik gabe, 180 egun naturaleko epean.

b) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera 3 egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik eman gabe, 30 eguneko epean.

2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean ebastea edo lapurtzea.

3.–Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5.–Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

6.–Nagusiei edo lankideei kolpez edo hitzez erasotzea.

7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

8.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9.–Enpresak seinalatutako esparruetatik kanpo erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

Kontratuko onustea haustea da, besteak beste, lantokitik irtetean paketeek edo bildutako gauzek barruan zer duten erakutsi nahi ez izatea zeregin horretako langileek eskatzen dutenean, Langileen Estatutuaren 18. artikuluan ezarritako bermeekin beti.

11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

54. artikulua.–Zehapenak:

Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

1.–Hutsegite arinengatik:

a) Hitzezko kargu-hartzea.

b) Kargu-hartze idatzia.

c) Enplegu-soldaten etenaldia: egun bat.

2.–Hutsegite larriengatik:

a) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

b) 2-15 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Kategoriaz igotzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.

3.–Hutsegite oso larriengatik:

a) 16-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea 5 urterako gehienez.

c) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

d) Lanetik bidaltzea.

55. artikulua.–Zehapenak betearaztea:

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

Orain arte azaldutako hutsegiteak izendatu baino ez dira egin eta ez daude mugatuak, beraz, aurreikusi ez den orotan indarra duen laneko legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

56. artikulua.–Preskripzioa:

Langileen hutsegite arinak 10 egunen buruan preskribatzen dira, larriak 20 egunen buruan eta oso larriak 60ren buruan, enpresak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta 6 hilabeteren buruan.

VIII. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

57. artikulua.–Eskubide sindikalak:

Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, eta onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin ditzaketela, aurrez enpresari jakinarazita, eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela.

Enpresak ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik langilea kaleratu nahiz beste modu batez kalte egin langileari.

Sindikatuek informazioa bidali ahal izanen dute lantokira, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eragotzi gabe.

58. artikulua.–Iragarki ohola:

Enpresak iragarki ohola jartzeko erraztasunak emanen ditu, enpresan behar bezala ezarritako sindikatuek informazioa eta mezuak jar ditzaten.

59. artikulua.–Ordu sindikalak metatzea:

Enpresa batzordeko kideek legean ezarritako ordu ordainduak izanen dituzte hilean.

Hileko ordu ordainduak metatzeari dagokionez, sindikatuetako kideek zilegi izanen dute beren ordu guztiak sindikatu bereko kide bati edo gehiagori lagatzea.

Orduen metaketa gutxienez 10 egun lehenago jakinaraziko zaio enpresako zuzendaritzari.

60. artikulua.–Sindikatuen kontrako jarduketak:

Aldeetako baten batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.

61. artikulua.–Arau erreferentzia:

Aurreko artikuluetan jaso ez den orotarako, Langileen Estatutuan, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan eta indarra duten gainerako lege arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea

Hitzarmen kolektibo honetan, gai honen garapenak hiru oinarri nagusi izan behar ditu:

a) APEX enpresako langileen osasunaren eta segurtasunaren babes egokia bermatuko duen prebentzio politika diseinatzea, atal bakoitzaren egoeratik abiatuta, egungo legearen erregelamenduzko garapenaren hutsuneak betetzeko.

b) Langileek beren ordezkarien bidez arriskuen prebentzioan eta ezabaketan eraginkortasunez parte hartuko dutela bermatzea.

c) Enpresan araudia hobeki aplikatuko dela ziurtatzea.

Beraz, hiru alderdi nagusi horiek garatzeko, hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeek ondoko neurriak hartzea erabaki dute:

1.–Segurtasun eta osasun batzordea eratzea eta prebentzio plan eta programak diseinatu eta aplikatzea. Langileen ordezkariek lan horretan parte hartuko dute.

2.–Lanpostuetan ezin saihestu diren arriskuen ebaluazioa egitea, prebentzio neurri egokienen lehentasunak zehaztea langileen ordezkariekin batera, eta langileen osasuna zaintzea lanpostu bakoitzaren arriskuak kontuan izanik.

3.–Toxiko eta arriskutsutzat jotzen diren lanpostuen ondorioz, plusak behin-behineko neurriak izanen dira. Arriskua kendu arte iraunen dute baina ez dira arriskua gutxitzeko traba izanen.

II. ERANSKINA

Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegia

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan. Beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jartzeko.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, L.E.ren 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasuneko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresa eta banakakoa egitea, arbitrajea borondatezkoa baita, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

ELAk ez du eranskin hau sinatu, ez delako Lan Auzitegiko kide.

III. ERANSKINA

Batzorde Paritarioa

Hitzarmen honetako Batzorde Paritarioa sortuko da. Hitzarmen honetako negoziazio batzordeko kideek eta horiek izendatzen dituzten aholkulariek osatuko dute.

Langileen legezko ordezkariek eta horien aholkulariek osatuko dute Batzorde Paritarioa une oro.

1.–Batzorde Paritarioaren eginkizunak:

a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze-lana egitea.

b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

2.–Akordioak:

Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak Lan arloko Agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3.–Funtzionamenduko erregelamendua:

a) Bilerak.–Batzorde Paritarioa aurreko artikuluko 1 a) eta b) atalean aipatu eginkizunak betetzeko bilduko da, esku hartzeko eskatzen zaionean.

b) Deialdiak.–Batzorde Paritarioa biltzeko deia erakunde sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.

Epe horretan batzordea biltzen ez bada, Batzorde Paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesdunak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.

c) Quoruma-Aholkulariak.–Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean.

d) Akordioen balioa.–Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren %60ren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkariek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.

Helbidea.–Jakinarazpen eta deialdietarako, Batzorde Paritarioak enpresaren lokaletan izanen du helbidea, Ribaforadan (232 errepide nazionala, 104. kilometroa).

4.–Men egitea:

Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra. Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.

IV. ERANSKINA

Aseguruen poliza

APEX SA enpresak indarrean edukiko du hitzarmen honen eraginpeko langileentzako aseguru poliza orokorra, gertakizun hauek estaliko dituena: laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko heriotza, eta laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko baliaezintasuna. Zenbatekoa honako hau izanen da:

2014. urteko urtarrilaren 1etik 2015. urteko abenduaren 31 bitarte: 25.000,00 euro.

V. ERANSKINA

Enpresak konpromisoa hartu du hitzarmen kolektiboaren indarraldiaren amaieran gutxienez behin-behineko 4 kontratu mugagabe bihurtuko direla. contratos fijos.

Enpresak konpromisoa hartzen du aldi horretan gutxienez ere 0,5 milioiko inbertsioa egiteko.

VI. ERANSKINA

APEX SAUko lansarien taulak

2014. urteko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 bitarte

LANBIDE KATEGORIA

SOLDATA, EGUNEKO

HITZARMEN PLUSA

LANPOSTUKO
OSAGARRIAREN PLUSA

Produkzio unitateko arduraduna

30,45

112,90

172,17

Estrusio lanetako ofiziala

30,45

112,90

132,45

Lineako burua

30,45

112,90

88,30

Peoi espezialista

30,45

112,90

44,15

Peoia

30,45

115,41

0,00

Peoia prestakuntzan

27,94

0,00

0,00

VII. ERANSKINA

Edozein lege aldaketak hitzarmen honen edukia hobetzen badu, argitaratzen den unetik aplikatuko da.

VIII. ERANSKINA

Hurrengo asteko laneko zerrenda jendaurrean jarriko da, gutxienez ere astebete lehenago.

IX. ERANSKINA

Hitzarmen hau Bateragarritasunari eta Berdintasunari buruzko Legearen mende jarriko da.

Iragarkiaren kodea: F1505831